Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Tatuajeak eta 'piercing'-ak egiten dituzten 160 zentro aztertu ditugu 18 hiriburutan : Ezinbesteko informaziorik gabe egiten dira oraindik ere tatuajeak eta 'piercing'-ak

Higiene eta garbitasun baldintzak hobetu dira, baina ez behar adina

Informazioa eskas

Ikerketa honetan gu laguntzen aritu diren dermatologia adituek berebiziko garrantzia eman diote informazioari. Tatuaje edo piercing bat egin aurretik, ahalik eta informazio osoena eduki behar da, erabaki horren alde onak eta txarrak zein izan daitezkeen jakiteko. Sarri, ordea (gehiegitan!), askorik pentsatu gabe egiten dugu urrats hori. Eta zentro horietan ematen diguten informazioa ere oso eskasa izaten da; halaxe ikusten da, gainera, emaitzetan (‘txarra’ dela ondorioztatu dute teknikariek). Beraz, gauzak ez dira asko aldatu 2004ko azterketa egin genuenetik.

Guk bisitatu ditugun zentroen % 54tan, ez dugu inon ikusi hango profesionalak zer prestakuntza duen (agiriren bat edo jendearen bistan jarritako diplomaren bat). Higiene eta osasun baldintzen berri ematen duten oharrak ere ez ditugu aurkitu zentroen % 69tan, ez egoitzak berak bete beharrekoei buruzkoak, ez tatuatze-guneetan zaindu beharrekoei buruzkoak, eta osasun informaziorik ere ez dute eduki agerian. Hamarretik zazpitan, ez da egon eskuorri, triptiko edo txosten bat bera ere, adibidez, zer produktu erabiltzen dituzten azaltzeko, piercing-a edo tatuajea egiteko zer prozesu egin behar den adierazteko, edo gero nola zaindu behar diren jakinarazteko. Zentroen % 87tan, berriz, ez daukate arriskuei edo ondorioei buruzko informaziorik agerian, eta % 91tan, ez dugu aurkitu saldu ondorengo bermeari dagokion aipamenik.

Tatuajeen arloan, zentroen % 80tan ez dute preziorik jarri. Hamarretik bederatzitan, berriz, ez dute ohartarazi komeni izaten dela aurrez proba bat egitea, guk hautatu dugun pigmentu jakin horri alergiarik badiogun edo ez jakiteko. Eta % 65etan ez digute jakinarazi hobe dela alkoholik eta drogarik ez hartzea tatuajea egin aurreko bi egunetan, eta baraurik joateko gomendiorik ere ez digute egin zentroen % 72tan, nahiz eta hala joatea komeni den.

Oro har, zentroen % 21etan soilik adierazi digute xehe-xehe nola egiten diren tatuajeak. Arriskuei buruzko informazioa, berriz, hamarretik lautan izan da egokia.

Behin tatuajea eginda nola zaindu behar den ere jakin beharrekoa da, baina guk aztertu ditugun zentroen ia % 20tan nahiko informazio gutxi eman digute, eta hamarretik seitan ez digute adierazi tatuajea gasa batekin tapatzea komeni dela. Eguzkitik eta UVA izpietatik babestu beharra dagoela bai, hori zentroen % 73tan jakinarazi digute (bi hilabetez eduki behar genukeela babestuta tatuajea daraman eremua), eta tatuajea egin eta astebetera, krema hidratatzailea ematen komeni dela, hilabete batez.

Piercing-en arloan, materiala zaindu behar da, batik bat, horrek zerikusi zuzena baitu alergiekin eta zuloa orbaintzeko sor daitezkeen arazoekin. Profesional gehienen iritziz, titanioa eta altzairu kirurgikoa dira materialik onenak, batez ere piercing-a lehenengoz jartzen dutenentzat, material horiek eragiten baitute alergia eta infekzio arazo gutxien. Guk aztertu ditugun zentroetan, titanioa erabiltzeko gomendioa eman dute % 48k, altzairu herdoilgaitza % 30ek eta altzairu kirurgikoa % 13k. Materialaren gaineko azalpen horiek zentroen % 44tan soilik eman dizkigute xehetasun osoz.

Prezioen berri jakitea ere komeni izaten da, baina zentroen % 56k ez dute piercing-en preziorik agerian, % 38k bai, eta % 6k, erdiena bakarrik.

Beste zenbait alderdi ere kontuan hartzekoak izaten dira; adibidez, piercing-a jartzeko zenbat denbora behar izaten den, edo anestesia erabiltzea beharrezkoa den, besteak beste. Zentroen % 53tan ez digute zehaztasun handirik eman, eta 9 zentrotan, ezertxo ere ez digute esan, nahiz eta teknikariek galdetu (Donostian, Gasteizen, Iruñean, Madrilen, Murtzian eta Oviedon gertatu da hori).

Piercing-a nola zaindu behar den azaltzeko orduan ere, gorabeherak ikusi ditugu; % 45ek soilik eman digute horren inguruko informazio xehe eta osatua.

'Piercing'-a edo tatuajea egitearen arriskuak

/imgs/20081001/temaportada5.jpg‘Gorputz artea’ deitu izan dena boladan jarri da gazteen artean, eta gazte izanen artean ere bai. Gorputza zulatzea edo marrazki harrigarriz apaintzea ez da atzo goizeko kontua, oso antzinakoa baizik. Lehen bezala orain, ordea, azala urratu behar da, gorputzak duen babes hesi nagusietakoa, alegia, eta, ezinbestean, horrek handitu egiten du infekzio arriskua. Baina azala ez ezik, odola ere ukitzen da, eta gaixotasun batzuk odolaren bidez transmititzen dira. Beraz, piercing-ak eta tatuajeak egiteko erabiltzen dituzten tresnak kutsatuta badaude, gaixo dagoen pertsonaren baten odolak kutsatu dituelako, adibidez, arriskua ez da nolanahikoa, gaixotasun horien artean badaudelako oso-oso larriak ere. Besteak beste, giza immuno-eskasiaren birusa (GIB), hepatitisaren birusa (B eta C hepatitisak adibidez, eta neurri txikiagoan, A hepatitisa), tuberkulosia edo tetanosa.

Arrisku horiek hor daude, baina ez dira bakarrak; piercing-ek eta tatuajeek, izan ere, bestelako kalte batzuk ere sor ditzakete: urradurak, hemorragiak edo hanpadura kronikoak ager daitezke, toki jakinak infektatu, alergia erreakzioak sortu, esmalte edo hortzak apurtu… Zauria gaizki orbaintzen denean gertatzen dira halakoak, edo bakterioren batek infekzioa eragiten duenean, edo hortzetako nahasmenduren bat agertzen denean, edo tinduak edo materialen batek erreakzio txarren bat sortzen dutenean.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak