Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

"Arrisku" motako bizi aseguruak : Ezbeharrak babesteko hamaikatxo modelo

Aseguruen aniztasuna

/imgs/20041201/informe02.jpg
Bizi aseguru ohikoenak “aldi baterakoak” eta “bizitza osokoak” dira. Bi mota horiek aseguru konpainia guztien katalogoetan agertzen dira; hortik aurrera, zeinek bere xehetasunak eskaintzen ditu. Horrelako aseguru baten oinarrizko estaldura heriotza da. Titularra hiltzen denean, inguruko familiartekoek indemnizazioa kobratzen dute, aseguratuaren heriotzak ekar litzakeen balizko arazo ekonomikoei aurre egin ahal izateko. Nolanahi ere, era askotakoak izan daitezke bizi aseguruak: plegu “hutsa” (arrisku bakarra) edo formula mistokoa izan daiteke (hainbat arriskuren estaldura konbinatuz). Prestazioak eta tarifak konparatzen hasita, gogoan izan behar da bi pertsona berdin-berdinak sekula ez diren neurrian, bizi aseguruak ere desberdinak izaten dira.

Aldi baterako aseguruak

Heriotzagatiko aldi baterako aseguruek aseguratua tarte jakin batean babesten dute: egun batzuetan (bidaia egiten duen bitartean), urte batzuetan (10 eta 20 bitartean) edo adin jakin batera arte (65 edo 75 urte, aseguru konpainien arabera). Aseguruak indarrean dirauen bitartean pertsona hiltzen bada, kontrataturiko munta onuradunak jasoko du baina, bestela, inongo kalterik nozitu ezean, aseguru konpainiak ez du zertan indemnizazioa ordaindu.

Aseguru horien bereizgarria kostu merke samarrean kapital altua kontratatu ahal izatea da. Bermaturiko kapitalak aseguratuaren premiak (aldatu egin daitezke, denbora igaro ahala) betetzeko bestekoa izan behar du. Aldi baterako aseguruak hiru motakoak dira: iraunkorra, behetik gorakoa eta goitik beherakoa. Lehen horrek kapitala aseguruaren iraupen osoan aldatzeke mantenduko du, behetik gorakoan kapitala handituz doa familiaren premien arabera (seme-alaba gehiago, etxebizitzak erosteko kredituak, etab.) eta goitik beherakoan, denbora pasatu ahala, kapitala urrituz doa, banka mailegua bermatzen duten aseguruak bezala.

Primak, berriz, berriztagarriak izan daitezke (aseguruaren urteko primak aldatuz doaz, aseguratua adinean aurrera doan heinean, hilkortasun tasaren bilakaeraren arabera) edo iraunkorrak (asegurua hartzen duenak hasierako urteetan adinagatik legokiokeena baino prima handiagoa ordaintzen du baina atzenean, asegurua garestitzearren, legokiokeena baino txikiagoa).

Bizitza osoko asegurua

Honelako aseguruen helburua, onuradun izendaturiko familia edo pertsonari, herentziaren gainerakoa ukitu beharrik izateke, aseguratuaren heriotzak ondoriozta lezakeen diru sarreren galera konpentsatzeko moduko kapitala, eta herederoei ondasunen transmisioen gastuak ordaintzen edo zorrak nahiz hipotekak ordaintzen lagunduko dien diru kopurua ematea da.

Aseguraturiko kapitala (polizan adierazitako gertakaria -honetan, aseguratuaren heriotza- jazotzen denean indemnizazio gisa ordaintzea adosten den diru kopurua) aseguratua hil eta berehala ordaintzen zaie, heriotza zeinahi egunetan gertatzen dela ere.

Primak bizitza osorakoak izan daitezke, hil artekoak, edo aldi baterakoak; primen ordainketak ere epe mugatua (20 edo 30 urte) duen arren, aseguruaren estaldura heriotza jazo arte luzatzen da.

Aukeratzean nola asmatu

  • Hartu pazientziaz, baliozta itzazu alderdi guztiak: produktua eskaini dizun konpainia, kaudimena, kudeatzeko ahalmena, prezioa, bermeak, baldintzak, etab.
  • Lehendabizi, bila ezazu zure premien araberako asegurua; ondoren, konpara itzazu aukera guztiak.
  • Aseguratu behar duzun diru kopurua erabaki aurretik, kalkula itzazu babestu nahi dituzun gastuak.
  • Prezio merkeenean ahalik estaldura handiena lortu nahi baduzu, kontrata ezazu aldi baterako asegurua. Aseguratutako pertsona gehienek bizi aseguruaren epe laburreko premia izaten du, 20 urte ingurukoa (aski, adibidez, seme-alabak heldu eta beren buruaren eskuko izan daitezen). Ia bezero gehienek norbaiten heriotzak ekar dezakeenaren aurrean familia babestearren egiten du asegurua baina, seme-alabek beren familiak osatu ahala, premia horiek polizatik suntsituz doaz.
  • Gaztea bazara, ez zaizu komeni urteko aseguru berriztagarririk kontratatzea: urterik urte prima garestituz doa eta, gainera, urtea amaitzean konpainiak asegurua ez berriztatzeko eskumena izaten du. Gerora, denbora pasatu eta arriskua handituz doala, prima azkarrago garestitzen da. Askoz ere komenigarriagoa da, beraz, prima finkoko aldi baterako asegurua hartzea, aurreneko urteetan garestiago gertatzen bazaizu ere.
  • Heriotza edo baliaezintasun absolutuagatiko bermeekin batera, maiz, bestelako estaldura osagarriak kontratatzeko aukera ematen dute aseguru konpainiek (ohikoena: istripua izatekotan, kontratatu dugun kapitalaren bikoa; horren hiru halako, berriz, trafiko ezbeharrengatikoa). Azter itzazu patxadaz: zenbaitetan apur bat gehixeago ordainduz oso kontuan izan beharreko arriskuak babes daitezke.
  • Irabazpidezko erregimenez ezkondutako aseguru hartzaile bazara, zerga-ikuspegitik hobe duzu asegurua bi ezkontideen dirua ez den horretatik ordaintzea, zergak arinduko baitituzu horrela.
  • Onuradunei dagokien klausulan hobe da haietako bakoitza izen-abizenez aipatzea, tradiziozko “ezkontidea eta seme-alabak” horren ordez. Horrela eginez gero, aseguratutako kapitala heredero-adierazpenak egin arte itxaron gabe kobratu ahal izango dute.
  • Ohiko kontua da, indemnizazioa kobratzera doazenean, onuradunek ustekabe bat topatzea: hasieran aseguratutakoa baino txikiagoa da kapitala. Horrelakorik jazo ez dadin, garrantzi handikoa da poliza kontratatzean daturik ez ezkutatzea, oso litekeena baita, konpainiak egia jakin balu, kobratuko zukeen primaren proportziozko murriztapena aplikatzea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak