Alokairuen merkatua

Ez da aukera erakargarririk

Alokairuzko etxebizitzaren merkatua: urria, garestia eta hiritarren beharretatik urrunduta
1 azaroa de 2004
Img temap 207

Ez da aukera erakargarririk

/imgs/20041101/tema00.jpg
1950. urtean Espainiako estatuko etxebizitzen erdia akuran ematen zen. 1981ean proportzio hori %16ra jaitsi zen eta 2001. urtean alokairuzko etxebizitza parkea Espainian guztira zegoen etxebizitzen %11koa baino ez zen. Baina eskaintza urria ez ezik, akura merkatua oso garestia ere bada, gainera: 75 metro karratuko erabilitako etxebizitza bat errentan hartzea 2000. urtean 359 euro kostatzen zen, Ekonomia eta Gizarte Kontseiluaren arabera. Eta erosteak, berriz, hileko 412 euroko kuota suposatzen zuen (hogei urterako hipoteka kreditua urteko %4ko interesarekin). Hau da, hilean kuota 54 euro gehiago soilik ordainduz, etxebizitza erosi egin zitekeen.

Gaur egun egoerak berdin jarraitzen du, eta are okerragoa ere bada. Eginiko konparazioa ez da guztiz zehatza, baina etxebizitza bat errentan hartzeko aukeraz hausnartu eta hautaketa hori etxebizitza bat erostearekin erkatzen duenak egin ohi duen kalkulua da. “Kreditu batek urte askotarako lotzen nau eta arrisku handia da, baina denboraldi baten buruan, jabetzako etxebizitza bat izango dut, eta etxea alokairuan hartuz, berriz, dena ordaintzea eta ordaintzea da, baina azkenean ez dut ezer izango”, horixe da milioika hiritarrek urtero erabiltzen duten argudioa etxebizitza erosi eta errentan hartzeko aukera baztertzeko.

Laburbilduz, erabiltzaileak ez du maizter bihurtu nahi -egungo merkatu baldintzak kontuan hartuta- eta jabeak ez du hutsik dagoen etxebizitza errentan jarri nahi. Nabarmena da, beraz, akurako etxebizitzen sustapena bultzatzeko ez dela oso testuinguru aldekoa.

Ulertzeko moduko arrazoiak daude

CONSUMER-ek Espainiako estatuan alokatzeko aukera zergatik baztertu den ia erabat eta “jabetzaren kultura” zergatik gailendu zaion ikertu du. Aldizkari honek elkarrizketatutako adituek adierazitako bi arrazoi aipatuko ditugu, beharbada, nahikoa ezezagunak: estatuan gertatzen den lan mugikortasun urria eta etxeak errentan jartzen dituzten jabeen defentsa juridiko gutxiegizkoa. Izan ere, jabeek nahiago dute etxeak hutsik mantendu auzitegian izapidetutako ez ordaintze geldien arriskuari aurre egin baino. Horrenbestez, 1991 eta 2001 urte bitartean hutsik zeuden etxebizitzen kopurua %25 igo zen. Gainera, horiei beste hiru faktore gehitu behar zaizkie: bat, etxebizitza errentan hartzean Administrazioak ematen duen laguntza urria (askoz ere dedukzio fiskal gehiago dago etxebizitza erosteagatik errentan hartzeagatik baino, Europan gertatzen denaren kontrako); bi, gaur egungo testuinguru ekonomikoan eskaintzen ari diren interesak oso baxuak dira (hipoteka maileguen kuotak hileko errentak baino pixka bat altuagoak baino ez dira); hiru, gizarte laguntzako etxebizitzak edo akurako etxebizitza babestuak oso urriak dira (hori dela eta, errekurtso gutxien duten taldeak ere beren baliabideen gainetik zorpetzera behartuta daude).

Espainiako estatuak, Europa mailan, eraikitako etxebizitza kopururik handiena izan arren (etxebizitza kopuru/biztanle kopuru indizerik handiena du), etxebizitza bat erostea beste herrialdeetan baino zailagoa da. Horrenbestez, estatuan etxebizitzen prezioa %17 igo zen 2003 urtean. Herrialde industrializatuetan etxebizitzen prezioek gorakada handia izan zutenen arteko portzentajeari begiratuz gero, hirugarren lekuan dago Espainiako estatua eta Europako Batasunaren esparruan lehenengoa. Aipaturiko etxebizitzaren prezioaren gorakada Frantzia (%12 inguruko igoera) eta Erresuma Batuko (%10) datuek erakusten dutenaren bestelakoa da. Espainia, Irlandarekin batera, 1977 eta 2004 bitartean etxebizitzen prezioak gehien igo ziren herrialdea da (Irlandan %174 eta Espainian %133). 2004rako espero diren zifrak, gainera, kideko dira, hau da, etxebizitzak garestitzen jarraituko du.

Alokatzeari ematen zaion laguntza publikoa ez da aski

Akurako etxebizitzak urriak eta garestiak izateko badago arrazoi nagusi bat: administrazio publikoek alokairuaren formula sustatzeko ez dute ia batere ekimenik bultzatzen. Espainian erabilgarri dauden etxebizitzetatik %11,4 baino ez dira errentan eskaintzen; Alemania, Holanda, Danimarka eta Frantzian, berriz, alokatzen ematen diren etxebizitzak portzentaje osoaren %40 edo gehiago dira. Espainiako administrazio publikoek etxebizitzei dagokienean, azkeneko hamarkadetan aurrera daramatzaten ekimenak ez dute, hain justu, alokatzea bultzatzen. Neurri horietako batzuk ondorengo hauek dira:

1. Pizgarri fiskal gehiegi etxebizitza erostean. Europako Batasuneko herrialde gehienetan gertatzen ez den bezala, Espainian etxebizitza bat alokatzeak ez du pizgarri fiskalik ekartzen. Etxebizitza erosten dutenek, aldiz, %15-25-eko dedukzio fiskalak izan ohi dituzte. Aukera hori ez da alokatzeetan ematen, salbu eta Euskal Autonomia Erkidegoan, Andaluzian, Balearretan, Katalunian, Madrilen, Nafarroako Erkidegoan, Valentziako Erkidegoan eta Galizian.

2. Ez dago ia etxebizitza sozialik. Espainiako estatua akurako etxebizitza sozialei dagokienez oso atzera dago, edota beste era batera esanda, ordaindu beharreko errentamendu kuota merkatzeko diru laguntza publikorik ia ez dago. Espainian etxebizitza parke osoaren %2 baino ez da akurako etxebizitza soziala; Europako Batasuneko bataz bestekoa %18-koa da. Akurako etxebizitza sozial portzentaje murritz hori etxebizitza baten beharra duten eta eragozpenik handienak dituzten taldeen eskariari aurre egiteko ez da aski, hau da, gazteak, langabeak, etorkinak, baliabide gutxiko familiak eta guraso bakarreko familiak, esate baterako. Askok zorpetu behar izaten dute, eta kasu batzuetan, kontserbazio egoera eskasean dauden etxeak erostera behartuta egoten dira.

3. Etxebizitzak errentan jarri zitzaketen jabeentzat defentsa juridikoa ez da aski. Administrazioek etxebizitzak errentan jartzen dituzten jabeei begirako babes juridiko eta legala ezarri behar dute. CONSUMER-ek zenbait adituri eginiko kontsulten arabera, errentan hartzeko etxebizitza eskari handia dago, halere, ondasun higiezinak dituztenak uzkur agertzen dira errentan jartzeko garaian eta merkatutik at mantentzen dituzte errenta ez ordaintzeak edo atzerapenak, etxeko kalteak eta abar bezalako arazoak saihestearren, izan ere auzitegian geldi eta arazo handiekin bideratzen diren auziak dira. Historikoki, errentei buruzko legezko araudiek maizterrei mesede egin izan die, errentatzailearen kaltetan. Errentatzailea, esate baterako, errenta kobratu gabe denbora luze egon zitekeen ezer egin ahal izan gabe. 2003ko Prozedura Zibileko Legean ezarritako hainbat erreformaren ondorioz, desahuzio prozedura eraginkorrago izan zedin saiatu ziren berankortasunaren aurka borroka egiteko eta akurako merkatua suspertzeko, baina xedapen horien emaitzak mugatuak izan dira: desahuzioa eraginkor izan dadin urtebete behar da bataz besteko. Horren ondorioz, 3 miloi baino etxebizitza gehiago hutsik daude, hau da, %22 guztira. Eta jabeak bere etxebizitza errentan emateko dituen kezkak gainditzen baditu ere, sarri hilabeteko fidantza baino gehiago eskatu ohi du edo baita errentaren balioko sei edo hamabi hilabeteko banku abala ere.

Hutsik dagoen etxebizitza parke izugarria murriztearren eta ahalik eta gehienak akurako merkatura eramateko asmoz, 2004ko Zerga Aitorpenean hutsik zeuden etxebizitzen jabeei mesede egingo dien neurri bat jarri zen indarrean (hurrengo urtean egingo den aitorpenenean): errenta zenbatekoaren %40 deduzituko dute, justifikatu ez diren gastuen %10eko dedukzio orokorrari gehituz. Desgrabazio hori kontratua 2002ko apirilaren 19 eta 2004ko abenduaren 31 bitartean sinatu bada hartuko da aintzat eta baldin eta aurretiko sei hilabeteetan etxebizitza hutsik egon bada. Beste neurrietako bat hutsik dauden etxebizitzei errekargu fiskalak ezartzea da, era horretan, akurako merkatura atera ditzaten. Halere, badirudi neurri hori praktikara eramateko asko falta dela.

Europan zer gertatzen ari da?

/imgs/20041101/tema02.jpg
Espainian etxebizitzen %83 beren erabiltzaileenak dira, errentan %11 daude eta gainerako %6 doan edo prezio baxuan utzitako etxebizitzak dira. Zifra hauek oso bestelakoak dira gure inguruko herrialdeetan, Alemania (%55 errentan), Holanda (%46), Danimarka (%45) eta Austrian (%40), esate baterako.

Horrenbestez, Europako Batasunean errentan dauden etxebizitzen batez bestekoa %32-koa zen 2002 urtean; kopuru hau Espainiako estatuan ez da %11ra iristen. Europako Batasunean akurako etxebizitza publiko gehiago dago, publikoa zein pribatua, eta horrek ahalbidetzen die diru sarrera gutxien duten hiritarrei etxebizitza bat erabili ahal izatea. Espainian gertatzen ez den bezala, Europako Batasunean jabetza erregimeneko etxebizitza parkea aski dirudun diren familiei zuzenduta dago, batez ere. Gainera, Europako herrialde gehienetan administrazio publikoek langileen mugikortasuna suspertzen dute, Espainiako estatuan ez bezala. Aditu gehienek diotenez, etxebizitzaren jabetza erregimena langileen mugikortasunarekin oso estu erlazionatuta dago. Biztanleriaren mugikortasunak akurako etxebizitzen eskaria areagotuko luke, Administrazioak arazoari konponbideren bat eman beharko lioke, eskaintza handitu egingo litzateke eta merkatua dinamizatu egingo litzateke.

Errentan hartu baino zergatik nahiago dugu erosi?

Akurako etxebizitzaren arazoaren arrazoia ez dago eskaintzan soilik, baizik eta baita eskarian ere: Espainiako estatuko familia gehienentzat etxebizitza baten jabe izateko nahia funtsezkoa da. Errentan bizitzea ez dugu gogoko; nahiago dugu hipoteka bat ordaindu eta horrela, poliki-poliki, higiezina erosi, nahiz eta etxebizitzen salmenta prezioak oso altuak izan eta lanaren ez egonkortasuna nahikoa handia. Gero eta erosahalmen handiagoak eta hipoteka kredituen interes tipoen murrizketak “jabetzaren kultura” areagotu egin dute, etxebizitzak garestitu eta akura merkatuaren garapena asko kaltetu dute. Gainera, etxebizitza errentan hartzea erabakitzen duten pertsona askok aldi baterako baino izango ez delakoan egiten dute, izan ere inork ez du dirutza handirik mugarik gabe ordaindu nahi, azkenean, norberarena izango ez den zerbaitegatik (eta hortxe dago arazoaren gakoa). Espainiako etxebizitzaren eskaintza erosketara zuzenduta dago, batez ere. Egoera horrek etxebizitzarako sarbidea zaildu egiten du eta, aldi berean, zurruntasun handia eragiten du merkatuan. Etxebizitza parke handiagoa izango lukeen akurako merkatu dinamikoak errenta baxuko familiei etxebizitza bat izatea ahalbidetuko lieke, hala nola, langileen mugikortasun geografikoa eragingo luke.

Gazteak eta etorkinak: etxebizitzara sarbide zaila

Printzipioz gazteek etxebizitza bat izateko biderik zuzenena alokairua da, erraza delako eta konpromiso finantzarioa ez delako oso handia. Halere, merkatu honetara sartzeak suposatzen duen kostuak, seguruak, fidantzak eta aurre ordainketak, hala nola eskari handiaren eta eskaintza urriaren artean dagoen aldeak gazteak akura esparru honetatik kanpo egotea ekartzen du. Gainera, etxebizitza jabeek gazteak arrisku handiko maiztertzat hartzen dituzte. Espainian akurako etxebizitzen gabeziak lana bilatzen ari diren gazteen mugikortasuna geldiarazten du eta bikote gazteak jabe bihurtzera behartzen. Bikote gazteek bi soldata bermatu behar dituzte etxebizitza bat erosi ahal izateko. Beraz, errazagoa da gurasoen etxean beste herrialdeetan baino denbora luzeago gelditzea eta 30 urte bete edo lanean nolabaiteko egonkortasuna aurreikusi arte emantzipazioa atzeratzea.

Etorkinen egoera are okerragoa da. Espainiako estatuko biztanleriaren %85 etxebizitza baten jabe da. Etorkinen artean kopuru hori %28ra jaisten da, horrenbestez, Estatuan 10 etorkinetatik 7 baino gehiago errentan bizi da. Beste ezberdintasun batzuk ere badaude: Espainiako estatuan etxebizitza jabeen %61eko portzentajeak guztiz ordainduta du higiezina; etorkinen artean, aldiz, etxebizitza ordainduta dutenen portzentajea %45ekoa da. Etorkinentzat etxebizitza libreak erosteko aukerak are murriztuagoak daude, prezioak altuak direlako eta etorkinen diru sarrerak, normalean, baxuagoak. Hori dela eta, alokairuzko etxebizitza jo behar izaten dute.

Errentarako aseguru berriak

Etxebizitza jabe batzuk beren maizterrak errenta ordainduko ez dien beldur dira, hori dela eta, aseguru etxeek alokairuen ez ordaintze eta maizterrek eragin ditzaketen kalte arriskutik babesten dituzten polizak merkaturatu dituzte. Gainera, Etxebizitza Ministerioak alokairuen merkatua suspertzeko planean aurreikusitako laguntzak jaso ahal izateko derrigorrezkoa da aipaturiko aseguruak kontratatzea.

Konpainiek merkaturatutako aseguruek eskaintzen dituzten garantietako batzuk ondorengo hauek dira:

  • Hileko 12 alokairu errenta ordainketa, zenbatekoa gehienez 1400-1500 euro/hil delarik, desahuzio epaia behin eraginkor izan ondoren.
  • Kalteen konpentsazioa baldin eta maizterrak higiezinean balizko kalteak eragin baditu.
  • Lapurretagatiko konpentsazioa 3000 euro arte.
  • Desahuzio kasuan, abokatu espezializatu baten legezko estaldura, gastuetarako 1.000 euroko mugarekin, jabeak etxebizitza lehenbailehen berreskuratzeko helburuarekin, eta
  • Polizaren baldintza hobekuntza baldin eta asegurua alokatze multzo baterako kontratatzen bada.

Akura aseguru poliza hauen prima edo kostua urtean 180-200 euro bitartekoa da.

Errentan hartzeko aholkuak
  • Etxebizitza bisitatu eta gure beharrak ongi babestuta egongo direla egiaztatu (etxebizitzaren tamaina, kokapena, egoera, etxebizitzak eta inguruak eskaintzen dituzten zerbitzuak, etab.).
  • /imgs/20041101/tema03.jpgErrentariarekin idatzizko kontratua formalizatzea mesedegarria da jabearentzat zein maizterrarentzat. Lehenengoak nolabaiteko babes juridikoa izango du ez ordaintzeen aurrean eta bigarrenak ez betetze kasuan erreklamatu egin ahal izango du. Gainera desgrabazio fiskalez onura aterako du.
  • Legezko kontratuetan derrigorrezkoa da fidantza bat, eskudirutan, hitzezko akordioetan ere erabili ohi dena. Fidantza hilabeteko errentamenduarenaren parekoa izan ohi da, nahiz eta batzuetan jabeek hilabete baino gehiagoko fidantza eskatu edo baita banku abal bat ere.
  • Etxebizitza bat errentan ematea erabakitzen duen errentariaren betebeharren artean azpimarratzekoa da jabeak etxebizitza kontserbatu eta konpontzeko duen betebeharra beharrezkoa denean, baldin eta kaltea maizterrak eragin ez badu behintzat. Halere, maizterrak etxebizitza erabiltzeagatik sorturiko gastuei aurre egin behar die.

Etxebizitza akura arautzen duen legeak dioena

Errentamendu kontratuak ze forma izan behar du?
Kontratuak idatzizkoa izan behar du eta bertan higiezinaren deskribapena, kontratuaren iraupena eta alokairuaren zenbatekoa adierazi behar dira. Kontratuak ez dio zertan eredu zehatz bati jarraitu behar; nahikoa da bi aldeek lortutako akordioak idatziz zehaztuta gelditzen badira. Halere, badago tabako dendetan saldu ohi den “kontratu mota” bat, harekin ondare eskualdatzeen eta egintza juridiko dokumentatuen gaineko zerga likidatzen da.

Kontratuaren iraupena
Bi aldeek akura kontratuaren iraupena aske ezarri dezakete. 5 urte baino motzagoa izanez gero, kontratuaren epemuga data iristen denean, kontratua derrigor urtebeteko epeetan luzatuko da 5 urte bete arte, salbu eta maizterrak errentariari etxebizitzan jarraitzeko asmorik ez duela adierazten badio. Kontratuaren epemuga data baino 30 egun lehenago, gutxienez, ohartarazi behar zaio errentariari. Errentaria kontratua 5 urte bete arte luzatzera derrigortuta dago, baldin eta kontratuan ez badago zehaztuta errentariak berak etxebizitza lehenago behar izango duela. 5 urteko epea igaro eta gero, jabeak kontratua berritzeari uko egin diezaioke baldin eta maizterrari hilabeteko aurrerapenarekin jakinarazten badio. Kontratuan iraupen eperik adierazten ez bada, kontratua urtebetekoa dela ulertuko da.

Fidantza
Kontratua sinatu ondoren, maizterra jabeari eskudirutan fidantza bat ematera derrigortuta dago, hilabeteko errentaren baliokide. Fidantzaren zenbateko hori kontratua amaitutakoan osorik itzuliko da, beti ere maizterrak etxebizitza egoera ezin hobean itzultzen badu. Fidantza eguneratu egin daiteke, errentaren kasuan bezala, kontratuaren iraupenaren lehenengo 5 urteak igaro eta gero.

Errenta
Maizterrak etxearen alokairuagatik errentariari ordaindu beharreko zenbatekoa bi aldeen artean aske hitzartzen da. Kontrakoa adierazten ez bada, hilekoa eta aurretikakoa izango da ordainketa hilabetearen lehenengo 7 egunen barruan. Bi aldeek erabakitako lekuan eta zehaztutako prozedura erabiliz egingo da: eskudirutan, banku helbideratze bidez, kontuan sartuz, etab.

Errentariak egiaztagiri edo errenta ordainketari dagokion ordainagiri bat emango dio, salbu eta beste prozedura batzuen bitartez ongi egiaztatuta ez badago, bankuko kontuaren sarrerako ordezkagiriaren bidez, esate baterako. Horrenbestez, legeak xedatzen du kontratuak dirauen lehenengo 5 urteetan alokairua urteko KPIren arabera garestitu edo merkatuko dela.

Zeinek ordaintzen ditu gastuak?
Higiezinaren erabilera arruntetik eratorritako gastu orokorrak jabeak ordaintzen ditu, esate baterako, jabekideen komunitateko kuotak, igerilekua, igogailua, garajea, zaintze zerbitzua; maizterrak bere gain hartuko ditu, baldin eta kontratuan hitzartzen bada soilik.

Maizterrari dagozkion gastuak: maizterrak egiten dituen gastuen kontsumoa, neurtu daitekeenean. Ohikoenak gasa, elektrizitatea, telefonoa eta ura dira.

Obrak etxebizitzan
Kontserbazio lanak: etxea bizigarritasun egoera onean kontserbatzeko beharrezkoak diren konponketak egitera behartuta dago, salbu eta kalteak maizterrak egin baditu edo jabea erantzule ez den arrazoiengatik desegin bada: sutea, uholdea, lurrikara, etab.

Ohiko erabilerak eragindako higatzeak eskatzen dituen konponketa txikiak maizterrak ordaindu behar ditu. Higiezinaren kontserbazio lanak ezin badira errentamendu kontratua amaitu arte atzeratu, maizterrak eraman egin beharko ditu; 20 egun baino gehiago luzatzen badira, alokairua murrizteko eskubidea izango du, erabili ezin duen etxebizitzaren atalari dagokion proportzioaren arabera.

Kalte larriak eta berehalakoak saihesteko lanak urgentziaz egin behar direnean, maizterrak egin ahal izango ditu, beti ere jabeari jakinarazten badio, eta obren zenbatekoa itzultzeko eskubidea izango du.

/imgs/20041101/tema04.jpg
Hobekuntza lanak higiezinaren eta bertako okupatzaileen higiene, osasungarritasun eta erosotasunari dagozkionak dira. Lanak ezin badira kontratua amaitu arte atzeratu, maizterrak eraman egin beharko ditu; 20 egun baino gehiago luzatzen badira, maizterrak alokairua murrizteko eskubidea izango du, erabiltzen ez den etxebizitzaren atalaren proportzioan. Kasu horietan jabeak hiru hilabete lehenago gutxienez jakinarazi beharko dizkio maizterrari lanen nondik norakoak, hau da, noiz hasiko diren, iraupena eta aurreikusitako kostua.

Eta maizterrak, errentatzailearen idatzizko adostasunik gabe, ezingo ditu etxebizitzaren itxura aldatu edo haren egonkortasuna edo segurtasuna murrizten duten aldaketarik egin.

Alokairuko etxebizitza saltzen bada

Jabeak etxebizitza saldu nahi badu, lehenengo eta behin maizterrari eskaintzera behartuta dago, prezioa eta gainerako baldintzak adieraziz. Maizterrak lehentasunez erosteko eskubidea izango du eta 30 egun izango ditu erabakitzeko. Jabeak ez badio maizterrari etxebizitza eskaintzen, edo esandakoa baino prezio baxuagoan saltzen badu, edo legez ezarritako baldintzak betetzen ez baditu, maizterrak erosketaren aurka egin ahal izango du eta etxebizitza jabeak saldutako baldintza berdinetan erosteko eskubidea izango du. Hori guztia etxebizitzaren salmentaren jakinarazpena egin eta 30 eguneko epean egin ahal izango da.

Noiz jo daiteke kontratua amaitutzat?
Jabeak kontratua ebatzi ahal izango du, baldin eta maizterrak alokairua edo fidantza ordaintzen ez badu, etxebizitza hirugarren bati berrakuratu edo lagatzen badio, jabearen adostasunik gabe, etxebizitzan kalteak nahita edo lanak jabearen adostasunik gabe egiten baditu edo etxebizitzan ekintza gogaikarriak, osasunaren kalterakoak, kaltegarriak, arriskutsuak edo legez kontrakoak egiten baditu. Eta maizterrak kontratua amaitutzat jo ahal izango du, baldin eta jabeak bizigarritasun baldintza egokirako beharrezko konponketak egiten ez baditu edo maizterra bertan bizi dela asaldatzen badu.

Subrogazioa errentamendu kontratuan
Subrogazioa errentamendu kontratuan pertsona batek beste bat ordezkatzen duenean gertatzen da, horrenbestez, subrogatzen duenak aurreko titularrak zituen eskubide eta betebehar guztiak hartzen ditu bere gain. Subrogazioa jabe edo errentariari zein maizterrari egokitu daiteke. Errentariak alokatutako etxebizitza hirugarren pertsona bati saltzen dionean subrogazioa jabeari dagokio. Kontratuak iraun bitartean errentamendu kontratuan indarrean dauden baldintzak errespetatzera behartuta dago jabe berria.

Maizterrari dagokion subrogazioan hainbat egoera gerta daitezke, esate baterako, maizterraren heriotza edo ezkontideen bereizketa, dibortzioa edo nulitatea.

Maizterraren heriotzak ez du zertan kontratuaren iraungitzea ekarri behar, izan ere kontratu horretan ondorengo pertsona hauek suboragatu daitezke: errentariaren ezkontidea edo heriotzaren orduan berarekin bizi zen izateko bikotea (azken kasu honetan 2 urteko bizikidetasun aldia eskatuko da edo seme-alabak elkarrekin izatea); heriotzaren orduan bere guraso agintearen edo tutoretza pean zeuden edo berarekin normalean heriotza aurretiko bi urtetan gutxienez bizi ziren seme-alabak; eta azkenik, %65eko edo minusbaliotasun handiagoa sufrituz errentariarekin hirugarren mailako albo ahaidetasun erlazioa zuten pertsonak, heriotzaren aurretik bi urtez gutxienez harekin bizi izan zirenak.

Errentariaren ezkontza bereizketa, dibortzio edo nulitate kasuan, titularitza izan gabe ere, ezkontideak alokatutako etxebizitza erabiltzen jarraitu ahal izango du, baldin eta epai batek hala adierazten badu, eta beti ere epaiaren jakinarazpen datatik kontatzen hasita errentatzaileari bi hilabeteko epean adierazten bazaio.

Errentamendu kontratuaren lagapena eta suberrenta
Kontratua lagatzeak maizterrak hirugarren pertsona bati bere errentamendu kontratuari dagozkion eskubide eta betebeharren transmisioa esan nahi du. Suberrenta maizterrak gozatzen duen etxebizitzaren zati baten errentamendua da, zati hori era berean etxebizitzaren jabeak errentan emandakoa izanik. Maizterrak etxearen zati bat soilik eman dezake suberrentan eta bere kontratuak irauten duen denbora tartean soilik. Suberrentaren zenbatekoak ezin du maizterra bera ordaintzen ari dena baino zenbateko altuagoa izan. Kasu bietan, lagatzean zein suberrentan, etxebizitzaren jabeak idatziz adierazi behar du bere adostasuna.