Aztertu egin dugu Espainiako kontsumitzaileek zer-nolako jokabidea eta ikuspegia duten baliabideen eta hondakinen kudeaketaren inguruan

Ez da arduraz kontsumitzen

Erosketa egiteko orduan, kontsumitzaileek ez diote lehentasunik ematen ingurumena zaintzeko irizpideari
1 urtarrila de 2017
Img tema de portada listado 221

Ez da arduraz kontsumitzen

Ontzien ugaritasuna ez da arazo gisa ikusten harik eta hondakin bihurtzen ez diren arte

Krisiarekin, kontsumitzaileek neurtu egiten dute zenbat elikagai erosi, deus ere ez dadin alferrik galdu

Kontsumitzaileek beren esku dute egunero-egunero modu arduratsuan kontsumitzeko aukera eta, horrekin, ingurumena zaintzen lagundu dezakete, mundu bidezkoagoa lortzen eta dirua aurrezteko ere balioko die. Zazpi jarrera hartu behar dituzte kontuan: gogoetatu, baztertu, murriztu, berrerabili, birziklatu, birbanatu eta erreklamatu.

Hauxe dio, izan ere, Nazio Batuen Erakundeak 2002. urteko Lurraren Goi Bileran argitaratu zuen Adierazpen Ofizialak: “Kontsumo eta ekoizpen eredu jasanezinak dira, bereziki herrialde industrializatuetakoak, mundu osoan ingurumena hondatzen jarraitzeko arrazoi nagusietako bat”.

Herritarrak informatu, trebatu eta kontzientziatu egin behar dira, ohar daitezen garrantzitsua dela elikagaiak alferrik galtzeko joerari aurrea hartzea eta murriztea, kontsumo arduratsua sustatzea eta etxean sortzen diren hondakinak hobeto kudeatzea. Helburu horrekin, HISPACOOPek azterketa bat egin du (Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Kooperatiben Espainiako Konfederazioa da, eta bertako kide da EROSKI ere), ikusteko kontsumitzaileek zer-nolako jokabidea eta ikuspegia duten baliabideen eta hondakinen kudeaketaren inguruan.

Horretarako, bi teknika konbinatu ditu bere lanean: kualitatiboa eta kuantitatiboa. Lehenbizikoan, 3 eztabaida talde antolatu ditu (focus group), Madrilen, Valentzian eta Sevillan, 25 eta 65 urte arteko gizon-emakumeekin. Bigarrena gauzatzeko, berriz, telefono bidezko inkesta bat egin du Estatu osoan urriko hilabetean, eta adinez nagusi diren 2.000 kontsumitzaile galdekatu ditu.

Erosketa ohiturak

Erosketa egiteko irizpideak

Kontsumitzaileen bizimoduan, ohiko zeregina da erosketak egitea. Azterlanean ikusi denez, erosketa egiteko orduan erabiltzen diren irizpideetan oso leku gutxi du ingurumenaren alderdiak. Kontsumo garaian, hortaz, kontsumitzaile hutsak balira bezala jokatzen dute, eta kontsumitzaileek dituzten irizpideei jarraituz egiten dute.

Ikerlanean parte hartu duten hamar lagunetatik bederatzik beren beharrizanetara egokitzen diren elikagaiak erosten dituzte, eta alferrik galtzeko arriskurik izango ez dutenak. Beste %86k elikagaiari luzaroago fresko iraunarazteko modua bilatzen dute erosketa egitean eta %82k kontuan hartzen dute fruten eta berduren itxura perfektua den edo ez. Beste irizpide batzuek leku gutxiago hartzen dute. Adibidez, hondakinik ez sortzea, ontziek eta bilgarriek ingurumenean duten eragina, produktua irekitzeko eta ixteko sistema, garraiatzeko eta biltegiratzeko erraztasuna eta ontziaren edo bilgarriaren materialak.

Elikagai fresko ontziratuak erosteko garaian, kontsumitzaileek gehien aipatu dituzten abantailak hauek izan dira: erosoa eta azkarra dela alde batetik, eta formatu horretan hobeto kontserbatzen direla bestetik. Horrek esan nahi du lehentasuna ematen zaiola funtzionaltasunari eta elikagai freskoen kalitateari, beste alderdi batzuen gainetik.

Hirugarren lekuan ere abantaila funtzional bat nabarmendu dute, erosketa kontsumitzaileen beharrizanetara egokitzeko modua ematen duela, eta hein txikiagoan aipatu dituzte beste abantaila batzuk: higienikoagoa dela, halaxe saltzen dutela beren ohiko saltegian, prezioagatik eta kalitateagatik egiten dutela, edo etiketak ematen duen informazioagatik.

Bestalde, erosketak handizka egiteko arrazoi nagusien artean, bi hauek ageri dira: erosketa norberaren beharretara egokitzeko aukera eta prezioa. Horrela, inkestan parte hartu duten kontsumitzaileen %37k adierazi dute, handizka erosten dutenean, erosketa beren beharretara egokitzeko egiten dutela, eta beste %21ek aitortu dute merkeagoa delako hautatzen dutela formatu hori.

Nabarmentzekoa da, horrekin batean, erantzun duten herritarren %9k beste alderdi bat aipatu dutela handizkako erosketa egiteko arrazoi nagusi gisa: elikagaiak freskoagoak, osasungarriagoak edo naturalagoak direla. Oso gutxik nabarmendu dute (%8 inguruk) gisa horretan elikagai gutxiago galtzen dela alferrik, eta beste %6k kalitateari eta konfiantzari lotutako argudioak eman dituzte (produktua datorren lekua adieraztea, saltzailearekiko tratua, eta abar) eta beste hainbestek adierazi dute beren ohiko saltokian halaxe saltzen dutela.

Eu

Ontzia hautatzea: axola al du?

Ontzien ugaritasuna da, ikerlanean ageri denez, egungo kontsumo moduen bereizgarrietako bat. Gazteek ikusten diote arazo gehien joera horri, eta erantzunik ez zaiola ematen nabarmentzen dute.

Gaur egun, izan ere, ia pentsaezina da dena handizka erosten zen garaietara itzultzea, baita likidoak ere. Ondorioz, ia ezinezkoa da ontziratuta datozen elikagaiak saihestea (handizka edo pisura erosten direnak ere bildu egiten dituzte gero).

Ikerlanean egiaztatu denez, erosteko orduan, kontsumitzaileek garrantzi gehiago ematen diete produktu ontziratuaren beraren ezaugarriei, eta ez ontziek ingurumenarentzat ekar ditzaketen arazoei.

Horrela, inkestan parte hartu duten lau kontsumitzailetatik hiruk askotan edo hainbatetan nahiago dituzte elikagaiak luzaroago kontserbatuko dituzten ontziak eta baita erraz ireki eta manipulatzen direnak ere. Gehienek, bestalde (%70), ireki eta itxi daitezkeen ontziak hautatzen dituzte, eta beste %59k azpimarratu dute askotan edo hainbatetan hartzen dituztela kontuan ingurumenarekin zerikusia duten irizpideak erosketak egiteko garaian.

Kontsumo ohiturak

Etxeko kontsumoa

Etxean elikagaiak eta edariak kudeatzeko modua funtsezkoa da ulertzeko etxeetan nola alferrik galtzen diren elikagaiak. Horregatik da garrantzitsua etxean egiten den kontsumoaren berri izatea eta ontziekin, elikagaiekin eta horien ezaugarriekin zer-nolako lotura duen jakitea; zehazkiago, kontsumitzaileak nola jokatzen duen jakitea elikagaiak kontserbatzeko baldintzak eta biltegiratzekoak aintzat hartzeko orduan, eta prozesu horretan ontziek zer-nolako zeregina betetzen duten.

Inkestari erantzun dioten herritarren erdiek baino gehiagok adierazi dute askotan ateratzen dietela probetxua produktuei behin ontzia irekita, eta %45ek segurtatu dute aintzat hartzen dituztela ontzian edo etiketan ageri diren jarraibideak produktua biltegiratu eta kontserbatzeko. Baina ez da hain ohikoa produktua jatorrizko ontzian biltegiratzea eta, ondorioz, bota egiten dute ontzi hori eta, beharrezkoa denean, beste ontzi edo material batean jartzen dute.

Etxean kontserbatzen diren elikagaiak hondatzeari dagokionez, %35ek adierazi dute sekula edo ia sekula ez zaiela hondatzen, nahiz eta %57k esan duten batzuetan (gutxitan) gertatzen zaiela. Elikagaiak dezentetan edo askotan galtzen omen zaizkien herritarrak %7 baino ez dira izan inkesta honetan.

Elikagaiak hondatzen zaizkien herritarren artetik, %48k esan dute ahaztu egiten zaielako gertatzen zaiela, eta hamarretik hiruk diote denbora gehiegi pasatzen zaiela kontsumitzen duten arte eta, ondorioz, produktua galdu edo iraungi egiten da. Bigarren arrazoi hori lehenbizikoan ere sartzen dela pentsa liteke.

Horretaz gain, hamar kontsumitzailetatik batek adierazi du ez dakiela soberakinei probetxua ateratzen gero erabiltzeko edo beste plater batzuk prestatzeko. Beste %6k gaizki kontserbatzen direla diote eta %2 inguruk aipatu dute ez dakitela nola kontserbatu; beste arrazoi batzuk eman dituztenak ere %2 izan dira.

Ontziaren erabilera

Inkestan parte hartu duten kontsumitzaileek zer neurritan uste dute ontziek lagundu egiten dutela elikagai gutxiago alferrik galtzen eta elikagaiak hobeto garraiatzen? Hamarretik bederatziren iritziz, dezente edo asko laguntzen dute elikagaiak hobeto garraiatzen. Hamarretik zortzik baieztatu dute dezente edo asko laguntzen dutela elikagaiak hobeto kontserbatzen. Eta, azkenik, hamarretik seik esan dute dezente edo asko laguntzen dutela elikagai gutxiago alferrik gal daitezen.

Erantzunak ikusita, harrigarria da kontsumitzaileek zer-nolako ikuspegia duten ontzien funtzionaltasunaren inguruan, ez baitzaie iruditzen funtsezko elementuak izan daitezkeela elikagai ontziratu gutxiago alferrik galtzeko, horien bizitza erabilgarria luzatuz edo luzaroago fresko iraunaraziz.

Ildo horretan, %36k bakarrik adierazi dute ezagutzen dituztela elikagaien bizitza luzatzen duten ontziak edo entzun dutela zerbait horien inguruan. Baina %68k interesa izango lukete elikagaiaren freskotasunaren inguruko informazioa ematen duten ontzietako produktuak kontsumitzeko, adibidez, freskotasuna galdu ahala kolorea aldatzen zaion ontzi batean datozenak edo antzeko sistemaren bat darabilten ontzietakoak.

Azkenik, ikerlanean parte hartu dutenei galdetu zaie ea nola izozten dituzten elikagaiak. Hamarretik zazpik beste ontzi bat erabiltzen dute etxean elikagaiak izozteko, ez elikagaiak berez dakarrena, eta %24k, aldiz, berezko ontzian egiten dute.

Kontsumitzaileen artean ohikoa da elikagai freskoak erostea (haragia edo arraina), zatitzea eta ondoren izoztea, bai izozteko poltsak erabiliz eta bai plastikozko bilgarriak. Aitzitik, elikagaia saltzen duten ontzian bertan izozteko joera txikiagoa da, kontsumitzaile askoren iritziz ontzi hori elikagaia saltokian biltegiratzeko eta erakusgai jartzeko baita, eta etxeraino eramateko. Inola ere ez elikagaia han bertan izozteko.

Eu

Birziklatzeko ohiturak

Nola birziklatzen da etxeetan

Ikerlan honetan ageri denez, kontsumitzaile guztiek badakite birziklatzea zein garrantzitsua den ingurumenaren alde egiteko. Egin behar delako birziklatzen da, jendea jabetu delako, gutxiago edo gehiago, giza jardueraren eraginak neurriz kanpoko bihurtu ditugula.

Egiaztatu dugunez, inkestan parte hartu duten herritarren %85ek daukate etxean beirazko ontziak, papera eta kartoia bereizteko joera. Ontzien hondakinak -latak, plastikoak, brik-ak…- birziklatzeko joera ere jende askok dauka, %78k, eta antzeko proportzioan dabiltza (%76) pilak, olioak, etxetresnak eta birzikla daitezkeen beste hondakin batzuk bereizten dituztenak.

Hondakin organikoei dagokienez, jende gutxiagok bereizten ditu gainerako hondakinetatik (%55) edo gainerako hondakinekin batean (%53), eta hori gertatzen da materia organikoa biltzeko sistema (edukiontzi marroia) ez dagoelako ezarrita autonomia erkidego guztietan.

Baina erosoa iruditzen al zaie etxean birziklatzea? Horretan badute eragina etxearen ezaugarriek eta edukiontzi kopuruak. Ildo horretan, parte hartu dutenen hitzetatik ondorioztatzen da etxean edukiontzi kopurua handitu ahala gero eta deserosoagoa gertatzen zaiela.

Inkestan parte hartu duten herritarren %50ek hiru edukiontzitan jarri dute deserosotasunaren muga, eta %74k lau edukiontzitan. Horrela, baieztatu egiten da jende kopuru handi eta adierazgarri bati edukiontziak pilatzeak arazoak eragiten dizkiola hondakinak bereizteko eta birziklatzeko garaian.

Hain zuzen, etxean sortzen den hondakin bakoitza bere edukiontzian bereizi beharrarengatik, etxe askotan aukeratu egiten dute zein hondakin birziklatu eta zein ez, ingurumenari eta etxean duten lekuari lotutako irizpideak erabiliz. Etxe batzuek, adibidez, beira birziklatzen dute, nahiz eta beti leku gehiago hartzen duen plastikozko ontziek eta latek baino, iruditzen zaielako guztiz birziklagarria dela eta ingurumenean eraginik ez duela. Beste batzuetan, utzikeriagatik, etxeko edukiontzietan sartzen dituzte Garbigune batera eraman beharrekoak liratekeen objektuak.

Baina etxean sortzen diren hondakinak irizpiderik gabe uzten baditugu edukiontzietan, horiei dagokien baino material gehiago pilatuko da hor, eta horrek zaildu egingo du ondoren eman beharreko tratamendua. Horixe gertatu da, esaterako, errefusaren edukiontziarekin: egiazko zabortegi bihurtu ditugu.

Jendeak oraindik ere zalantzak izaten al ditu?

Galdekatu ditugun herritarren erdiek argi dute nola birziklatu behar den. Horrela, %51k adierazi dute sekula edo ia sekula ez dutela zalantzarik izaten etxean sortzen dituzten hondakinak bereizteko orduan edo bakoitza zein edukiontzitan utzi behar duten erabakitzeko garaian. Hamarretik hiruk diote gutxi batzuetan izaten dituztela zalantzak, eta %15 baino ez dira zalantza dezente edo asko izan ohi dituztenak.

Nolanahi ere, birziklatzeko orduan agertzen den zailtasunik handiena edukiontziei lotuta dago: herritar guztiek ez dute argi zer utzi behar den bakoitzean, eta, ondorioz, etxean dituzten edukiontziak objektu desegokiz betetzen dituzte, berez beste edukiontzi batean joan behar luketen objektuz.

Hortaz, ikerlanean ikusi denaren arabera, oraindik ere badago hobetzeko tartea etxean sortzen diren hondakinak bereizteko eta birziklatzeko erabiltzen diren sistemetan.

Zalantzak SIGen inguruan

Hondakinak Kudeatzeko Sistema (SIG) gauza ezaguna da guztientzat. Baina hondakinak kudeatzeko eredu hori aspaldi samarretik erabiltzen den arren, oraindik ere badira zenbait zalantza.

Ikerlanean egiaztatu dugunez, gehienek ez dakite zein eragilek esku hartzen duten prozesuan, ezta zer-nolako harremana duten ere haien artean; ondorioz, azkenerako ez dute argi Administrazioak onuraren bat ateratzen duen birziklatzetik edo ordaintzaile hutsa den.

Zikloa zein den ere ez daki ongi jendeak (azaletik baino ez), eta ez daki, halaber, egiaz zer-nolako eraginkortasuna duten banaka egiten diren ahaleginek eta sistema hori antolatzeko egiten direnek. Beren zatia betetzen dute, zentzu kolektibo bat duela ulertzen duten neurrian, batetik birziklatzeak arrazoizko helburua duela iruditzen zaielako eta bestetik ingurumenaren aldeko kontzientzia ere aipatzen dute. Dena den, banakako ahalegin hori “konpentsatzeko” edo “saritzeko” eskariak agertu dira, azken batean herritarrek ez baitakite zehazki zer-nolako mesedea dakarkien birziklatzeko egiten duten ahaleginak.

Funtzionamenduari dagokionez, jendeak gutxiago edo gehiago ulertzen du oraindik ere asko gelditzen dela etxeko hondakinen %100 birziklatzera iristeko.

Hala ere, egungo sistemak hutsegitek batzuk badituela iruditzen zaie. Edukiontzien banaketa aipatu du hainbatek, ez daudelako modu berean barreiatuta eremu guztietan eta batzuetan falta izaten direlako; hori da muga nagusia herritarrek birziklatzeko zereginean laguntzeko. Sistemak uzten duen lekuraino iristen omen da banakako ahalegina, eta sistemak huts egiten badu, gizakiok ere huts egiten dugu: inork ez ditu hondakinak bueltan etxera eramaten edukiontziak beteta daudelako.

Eta SDDR deposito bidezko sistemaren inguruan? Deposito eta Itzultze Sistemarekin (SDDR), gehigarri bat ordaindu behar izaten da erosteko unean eta ontzien %9ri eragiten die. Gehigarri hori berriz eskura daiteke kontsumitzaileak ontzia saltokira itzultzen badu egoera onean: zapaldu gabe, hutsik eta etiketa ukitu gabe.

Azterlan honetan hiru elementu desegoki antzeman dira SDDRaren inguruan. Lehenik, etxean edukiontzi gehiago jarri beharko liratekeela, eta horrek kalte egiten die errentarik txikienak dituzten etxeei eta hiri eremuetan daudenei. Bigarrenik, ontziak egoera onean itzuli behar direla. Eta, azkenik, erosteko uneari lotzen zaiola hondakinak itzultzeko zeregina, eta, hortaz, merkataritzako ordutegietara mugatzen da.

Kontsumitzaileek ez dute oso argi beharrezkoa ote den bi ereduak izatea, SIG eta SDDR, biltzen den produktuaren azken helmuga bat eta bera baita, birziklatzea alegia, eta ez ontzia berrerabiltzea.

Ondorioz, kontsumitzaileei iruditzen zaie eredu aldaketa horrek neurri hertsagarriak lehenesten dituela eta ez ingurumenaren aldeko sentsibilizazioa, eta zigortu egiten dituela lehendik birziklatzen dutenak, eta, gainera, ez duela bermatzen sekula birziklatu ez dutenak ere hasiko direla horretan.