Baztertu sozialak hiriz hiri

Etxerik gabeko pertsonentzako bitartekoak, urri

Behartsuenen birgizarteratze laboral edo soziala gauzatzera baino laguntza gehiago bideratzen da lojamendua, mantenua eta higiene alorrera
1 abendua de 2005
Img temap 246

Etxerik gabeko pertsonentzako bitartekoak, urri

Pobrezia gorria urrutian bakarrik gertatzen den gaitza dela sinesten duena oker dabil. Familia edo pertsona behartsua, Europar Batasunaren definizioaren arabera, herrialde horretako per capita errentaren %60 baino diru gutxiagorekin bizi dena da. Espainian familien ia %20 (8,5 milioi lagun) daude egoera horretan. Pobreziaren barnean ere badira gradu edo klaseak. Caritas erakundearen arabera, milioi erdi bat lagun baino gehiago bizi dira Espainian “muturreko pobrezian”: batez besteko oinarrizko errentaren -oinarrizko premiei buru ezin egin diezaiokeenari erakundeek ematen dioten biziraupenerako gutxieneko soldata, alegia- %15 edo gutxiago daukate. Are eta okerragoa da, erakunde horren datuen arabera, 300.000 pertsonaren egoera tamalgarria, kale gorrian eta udalek ipinitako harrera zentroetan ozta-ozta bizi baitira.

Antza denez, gizarte zerbitzuek eskaintzen dituzten oinarrizko prestazioen erdiak baino gehiago tokian tokiko udalek finantzatzen dituzte, alor horretara urteko aurrekontuen %6 – %10 bitartean bideratzeari esker. Horrelako prestazio sozialak 20.000 biztanle baino gehiago dituzten udalek eman behar dituztela xedatua du 7/85 Legeak.

/imgs/20051201/portadag.jpg
Espainian politika sozial horiek ez daude prebentzio eta gizarteratze alorrera bideratuta, artapenera zuzenduak baizik, kolektibo jakin batzuetarako jardueretan gorpuztuak. Pobreziaren ondorioak arintzera bideratzen diren diru baliabideen eskasiak, gainera, jarduera gehienetan jarraipena egitea galarazten du. Horra horren froga nabarmen bat: Espainian babespen sozialean eginiko gastua, 2003 urtean, BPG-aren %20 baizik ez zen izan (Europako kaskarrenetako bat, alegia: Suedia, Frantzia, Alemania eta Danimarkan %30 ere bideratzen da horretara, Espainiako pobrezia europar batez bestekoaren gainetik dabilen arren).

Kolektibo jakin batzuek (pertsona adinduak, emakumeak, langabetuak, familiak, etab.) premia gorriak badauzkate ere, udalek gizartetik bazterturiko pertsonei (behartsu, pasadizoko eta familia gabeko baztertuei, inmigranteei, etc) eskaintzen dizkieten prestazio eta zerbitzuei so egin die aldizkari honek: gutxiengo horrek, izan ere, prestazio sozialetan gastatzen denaren %1 baizik ez du jasotzen. CONSUMER EROSKI-k, eginkizun horretan, Espainiako 16 hiritako (A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Burgos, Kordoba, Granada, Madril, Malaga, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Valentzia, Valladolid, Gasteiz eta Zaragoza) politika sozialeko jarduera eta ekimenak aztertu ditu.

Deigarriak gertatzen dira, lehenik eta behin, udalek eskaintzen dituzten gizarte zerbitzuen aniztasun eta heterogeneotasuna: konparazioa eragotzi baina datu harrigarri batzuk agerian uzten ditu horrek. Toki baten tamainak eta biztanleen kopuruak ez omen dute balio bi hiriren prestazioen arteko aldeen zergatia esplikatzeko. Valentziako aterpetxe hitzartuetan erabilgarri dauden ohe kopurua, esate baterako, Madril eta Bartzelonakoaren bi halako da. Kordoban Burgosen baino bost plaza gehiago baizik ez dago, lehen hiria bigarrenaren bikoitza den arren, biztanle kopuruaz ari garela. Gizarte Gaietarako aurrekontuek ere alde nabarmenak erakusten dituzte. Gasteizen, Esku-hartze Sozialeko Departamentuak iaz 34 milioi euro gestionatu zituen, Malagako Gizarte Ongizate Departamentuaren bederatzi milioietatik arras urruti, nahiz eta hiri andaluziarreko biztanleak Gasteizkoaren bikoa diren. Bartzelonan, Gizarte Ongizateko Zerbitzuen Zuzendaritzaren aurrekontua 2004 urtean 21 milioi euro ziren, ozta-ozta, eta Bilboko Udalaren Gizarte Ekintza Arearena, aldiz, 29 milioi, Bilboko biztanle bakoitzeko Bartzelonak bost dituelarik. Adieraz dezagun, dena den, Bartzelonako 2005 urterako Birgizarteratzeko Udal Planaren zuzkidura ia 56 milioi euro dela.

Biziraute hutsa

Kolektibo horiek jasotzen dituzten prestazioek pertsonaren biziraupena bermatzea dute xedea, batik bat: informazio, mantenu, lehen harrera, lojamendu edota higiene zerbitzuak, adibidez, pertsona lanean sartzeko, hezteko, prestatzeko, gizartean txertatzeko edo artapen psikologiko eta sanitarioa eskaintzekoak baino dezente hedatuagoak daude. Adituen iritziz, eginkizun horietara bideratzen diren diru-baliabideen eskasiak determinatzen du laguntzaren artapen-izaera nabarmena. Gizarte zerbitzuetako gehienak, jarduera horretan aritzeko herri administrazioetatik dirulaguntzak jasotzen dituzten Caritas, Gurutze Goria eta antzeko gobernuz kanpoko erakundeekin hitzartuak daude edo erakunde horiek ematen dituzte; bitarteko ekonomikoen gabeziak jota, dena dela, erakunde horietako askok boluntarioen bitartez jardun behar dute, ezinbestean.

Udal aterpetxeak

INE-k plazaratutako datuen arabera, etxerik gabeko pertsonez artatzeko Espainian dauden 600 zentroen lautik hiru pribatuak dira eta gehien-gehienak erlijio-erakundeek kudeatuak daude; guztien urteko gastua 118 milioi euro da. Ia udalerri denetan zentro horiek pribatuak diren arren, tokian tokiko Udalaren eta irabazi asmorik gabeko erakundeen artean hitzartuak daude. Madrilek 254 plazako udal aterpetxe bat, eskakizun apaleko zentro bat – berariazko baldintzarik bete gabe eman daiteke gaua bertan – eta bestelako ekipamenduak dauzka negu parteko gauak igarotzeko; Bartzelonak 237 plaza ditu, Zaragozakoak 176 ohe, Murtziakoak 147, Gasteizkoak 115 eta Malagakoak 100 plaza.

Azterturiko gainerako hiriek ehun plaza baino gutxiago eskaintzen dituzte baina toki gehienetan badira bestelako zentro edo instalazioak ere (negu aldeko harrerakoak, adibidez, Donostia, Madril, Bartzelona eta Bilbon). Beste zenbaitek, berriz, lojamendu pribatuetan hitzarturiko ohe edo plazak dauzkate, gobernuz kanpoko erakundeek kudeatuak; zenbaitek, azkenik, plazak ostatu edo hoteletan kudeatzen eta ordaintzen dituzte.

Aterpetxe gehien-gehienak egunero daude zabalik, hogeita lau orduz, eta ohiko zerbitzu eta prestazio zenbait ematen dituzte: lojamenduaz gainera, jantoki, dutxa eta higiene, arropa, kontsigna, posta eta antzeko zerbitzuez ere hornituak daude. Zerbitzu eta prestazio horiek bezain ohikoak ez dira, ordea, osasunari dagozkionak, artapen psikologikokoak, aisialdiko aretoak, haurtzaindegiak, ile-apaindegia, bibliotekak edota artapen juridikoa, esate baterako.

Toki batzuetan gau emateak debora-muga izaten du: hiru egun edo astebetea dira ohikoenak. Bartzelona, Granada, Malaga, Oviedo eta Iruñeko aterpetxeetan ez dago horrelakorik baina Burgosen pertsona bera ezin egon daiteke hiru hilean behin bi egun baino gehiagotan (egonaldi luzeko egoeran dauden pertsonak izan ezik: horiei aterpetxea muga gabe erabiltzea onartzen zaie), Zaragozan hiru hilean sei egunekoa dute muga, Kordoban zazpi egun, Donostian eta Gasteizen hiru egun, aparteko salbuespenetan egonaldia muga gabe luza daitekeen arren. Egonaldi horietarako mugak ezartzen badira ere, osasuna, lana eta beste hainbat faktore direla medio, egonaldiak luzatu egin daitezke, tokian tokiko udalaren zerbitzu sozialek igorritako txostenak aintzat jota.

Aterpetxe batzuek erabiltzaileei baldintza jakin batzuk bete ditzaten eskatzen diete: 18 urtez gorakoa izatea (adin txikikoak, guraso edo tutoreek lagunduta egon behar dute), identifikazio-agiriak edukitzea (Iruñean, adibidez, erroldatzea aholkatzen dute), baliabide ekonomikorik ez edukitzea eta, zentroko funtzionamendu-arauak errespetatzeaz gainera, alkohola eta bestelako drogak ez kontsumitzea eta bortizkeriarik ez agertzea.

Beste zentro batzuetan, berriz, pertsonari berez baliatu ahal izatea (Donostia, Granada eta Valentzia) edo lan-plangintza batean sartzeko konpromisoa har dezan (Bartzelona) eskatzen zaio. Valentziako aterpetxeak larrialdi kasuetan (uholdeak, etxe eraispenak, etc.) soilik baliatzen dira; erakunde pribatuen lojamenduetan plaza hitzartuak ditu Udalak.

Jantoki sozialak

Diru-baliabide urri dituzten pertsonentzako jantoki sozialetan 20.000 – 24.000 plaza daude Espainian. Bertako erabiltzaileak dira, gizartetik bazterturiko pertsonak ez ezik, bere etxebizitza duten arren, badira arazo ekonomiko larriak nozitzen dituztenez, horietara jo beste erremediorik izan ez dutenak ere. Horrelako jantoki gehienetako artapenaz ongintzako elkarte, gobernuz kanpoko erakunde eta fundazioak arduratzen dira eta jarduera hori kudeatu ahal izateko dirulaguntzak jasotzen dituzte, itun, hitzarmen eta antzekoen bidez.

Valentziak zazpi jantoki sozial ditu (lau, Udalarenak eta hiru, pribatuak), Bartzelonak sei (hiru eta hiru), Iruñea eta Granadak hiru (denak ere hitzartuak, bi hirietan) eta Malaga, A Coruña eta Zaragozak bi. Gasteiz, Donostia, Valladolid, Kordoba eta Oviedok jantoki sozial bakarra daukate. Bartzelonak bere sei jantokietan (Udalarenak eta hitzartuak) 750 plaza baino gehiago dauzka, Valentzia eta Granadak 400 plaza, Malaga eta Oviedok 200 inguru eta azterturiko gainerako hiri espainiarrek, berriz, 50 eta 160 artean.

Horrelako jantoki gehienak doakoak dira, Gasteizen (bazkaria lau euro kostatzen da eta afaria hiru, baina hamar erabiltzailetik zazpik dohain jateko udal txartelak dauzka), Valentzian, A Coruñan (hiru euro janari bakoitzeko) eta Oviedon izan ezik (honetan prezioa sinbolikoa da: euro erdia zerbitzuko, baina ordaintzea ez da ezinbesteko baldintza jantokian sartzeko).

Eskaintzen diren zerbitzuetan alde nabariak hautematen dira, hiri batetik bestera: A Coruña, Bartzelona, Kordoba eta Valentziako jantokietan bazkaria bakarrik ematen dute; Gasteiz, Valladolid, Murtzia eta Oviedokoetan bazkari eta afaria zerbitzatzen da eta osatuenetan (Bilbo, Burgos, Malaga eta Donostiakoetan) gosari, bazkari eta afariak ematen dituzte. Burgosen, Caritasekin hitzarturiko jantoki sozialean merienda ere ematen da. Iruñean gosaria eta bazkaria har daitezke, eta Granadako bi jantokitan bazkaria bakarrik eta hirugarrenean bazkari eta afaria zerbitzatzen dituzte.

Bartzelona, Gasteiz, Burgos, Malaga eta Valentziako jantoki sozialetan erabiltzaileek otordua aukeratu ahal izaten dute (badira bestelako kultura batzuetako pertsonentzako berariazkoak eta sendagilearen preskripzioz dieta egiten duten pazienteentzakoak ere). A Coruña, Bartzelona, Malaga, Oviedo, Kordoba, Burgos eta Gasteizkoetan otordu bereiz ematen dute Eguberri egunean, jai tradizionaletan eta tokiko festa-buruetan.

Hiri gehienetan jantoki sozialaz baliatzeko inongo baldintzarik betetzea eskatzen ez den arren, Bartzelonan Udaleko Gizarte Zerbitzuen Departamentuarekin hitzarturiko lan-plangintza egitea eskatzen zaio erabiltzaileari; Malagan, aitzitik, ezin joan daiteke 15 egun baino gehiago jarraian.

Bartzelona, Burgos, Kordoba, Malaga eta Donostiako jantokien ateak egunero-egunero irekitzen dira; Iruñekoak sanferminetan, A Coruñakoak abenduaren 25ean eta urtarrilaren 1ean eta Gasteizkoak eta Malagako jantoki pribatukoak, berriz, abuztu osoan itxita daude. Artapen-defizit hori arintzeko hainbat neurri hartu ohi dira: Gasteiz eta Iruñean kafetegi edo jatetxeren batean bazkaltzeko txartelak ematen zaizkie erabiltzaileei, eta Kordoba eta Murtziako jantokiak betetakoan, plazari gabe geratu diren pertsonei egunero ogitartekoak eta janari hotza banatzen zaizkie.

Gizarteratze tailerrak

Proiektu eta programa horietako gehienen helburua, gizartearen baitatik bazterturiko pertsonak lan munduan eta gizartean txertatzea denez, helmuga horretara gerturatzeko ikastaroak, tailerrak, programak eta antzeko ekimenak antolatzen dira (horrelako gehienak, elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeen bidez.), gizartetik jaurtiriko pertsonak lan merkatuan eta gizartean ostera sar daitezen.

Ikastaro eta tailerretan irakasten diren gaien artetik azpimarra ditzagun enplegua bilatzeko teknikak, lanbide-orientaziokoak, jarduera okupazionalak, lanbide-prestakuntzazkoak (sukaldaritza, esku-lanak, soldadura, etc.), hezkuntza tailerrak (hizkuntzak inmigranteentzat, alfabetatzea), auto-estimua hobetzeko tailerrak eta auto-enplegura orientatzeko ikastaroak. Gizarteratzeko programa eta tailer horietan jardun ondoren gizartean edo lan munduan sartu diren pertsona baztertuen egiazko kopurua adierazten duten zifrak oso Udal gutxik dauzkate.

Zuzeneko laguntza ekonomikoetan ere hamaikatxo ekimen eta programa daudenez, konparazioa egitea ez da kontu erraza. Udal batzuek berariazko laguntzak ematen dituzte, hala nola gizarteratzeko gutxieneko errentak eta larrialdiko diru-laguntzak. Horiek erregulatzen dituzten arautegi autonomikoek berariazko izenez bataiatu dituzte (gizarteratzeko gutxieneko errentak, soldata soziala, elkartasunezko gutxieneko diru-sarrera, gizarteratzeko gutxieneko diru-sarrera, oinarrizko erreta, etab.) baina denak bat datoz funtsezko alderdi batean: neurri horien helburua baliabide eta ondarerik ez daukaten eta premia egoeran dauden famili unitateei gutxieneko diru-sarrera bermatzea da, hutsune horiek Gizarte Segurantza, langabeziagatiko prestazioek edo antzekoek betetzen ez dituzten guztietan. Laguntza horiek emateko, eskatzaileari autonomi erkidegoan gutxienez urtebete bizi izatea eta erroldaturik egoteaz gain, adin jakin bat edukitzea ere (25 urtetik 65 urtera artekoa, eskuarki) exijitzen zaio. Laguntza horiek eskatu ahal izateko baremoak eta irizpideak ere finkatuak daude, dena dela.

Udalerrietan gizarte ekintza alorrean diharduten elkarte eta gobernuz kanpoko erakundeei ere ematen zaizkie dirulaguntzak. Egiten duten gizarte ekintza alorreko eginkizunak betetzeko laguntzak -ekonomikoak, batez ere, eta espazio-lagapenekoak eta antzeko laguntza materialak- jasotzen dituzten erakunde pribatuekin kolaboratzen dutela ere azpimarratzen dute udal gehien-gehienek. Udal bakoitzak dagozkion erakundeekin elkarlanean diharduenez, gehientsuenek Caritas, Gurutze Gorria, ijitoen kolektiboa laguntzeko hainbat elkarte, erlijio-kongregazio eta fundazioak aipatzen dituzte, maizen.

Bestelako ekipamendu eta zerbitzuak

  • Dutxa eta higiene-zerbitzuak. Hiri gehienetan zerbitzu hauek aterpetxe eta gizarte lojamenduetan daude erabilgarri; sarrera librekoak dira eta eskaera egiten duen edonork erabil ditzake, aterpetxean alokatua egon edo ez. Arropa garbitzeko eta aldatzeko zerbitzuak ere eskuarki eskaintzen dira horietan.
  • Eguneko zentroak. Bartzelona, Iruñea, Burgos, Granada, Kordoba, A Coruña, Gasteiz eta Valentzian dituzte horrelakoak, etxerik ez daukaten pertsonentzat, bereziki. Hauen eginkizuna, bazterturiko pertsonen gizarteratzea eta harremanak hobetzea da. Zentro askotan ateak zabalik garatzen dira jarduerak, tailerrak eta tankera horretakoak (telebista aretoak, irakurtzeko, jolasteko gelak eta antzekoak) eta egonaldiak antolatzen dira, pertsonak zentroan egon daitezen.
  • Zainpeko pisuak, larrialdi sozialekoak. Hauen helburua, familien gizarterapena erraztea da. Maiz euskarri sozio-hezkuntzazkoa daukate eta baliabide ekonomikorik gabeko pertsonek etxebizitza duina izan dezaten balio dute.
  • Eskakizun apaleko zentroak. Horrelako lojamenduetan pasadizoko pertsonak eta gizarteratze alorrean arazo larriak dituztenak sartzen dira. Bertan gaua emateko berariazko baldintzarik (tramite burokratikoak, identifikazio-eskakizunak, etc.) ez, baina zentroko arautegia bete beharra dago. Kalean bizi diren pertsonentzako zentro hauetan, lojamenduaz gainera, osasun alorreko artapena, arropa, higiene eta elikadura alorreko zerbitzuak ematen dira.
  • Neguko aterpetxeak. Urteko egunik hotzenetan gaueko lojamendua emateaz gainera, bestelako zerbitzu eta prestazioak ere eskaintzen dituzte, hala nola afaria, gosaria, edari beroak, garbiketa, etab.
  • Informazio eta orientazio zentroak. Hauexek dira hiri gehienetan, gizarte zerbitzuen artapenaren premian dauden pertsonentzako lehen atea. Laguntzen kudeaketaz eta tramitazioaz ez ezik, gizarteratzeko proiektuen diseinuaz ere arduratzen diren zentro horietan, erabilgarri dauden baliabide sozialen berri eta aholkularitza jasotzen dute bertara doazenek.

Sabai gabekoaren profila

Espainian zortzi milioi eta erdi behartsu diren arren, gradu bat baino gehiagotako pobreziak daude. Egoerarik latzena, berriz, txirotasun gorrienean bizi diren etxerik gabeko 30.000 lagun baztertuek nozitzen dute. Espainian sabai gabekoek, nolanahi ere, multzo ugariagoa osatzen dute (Europako gainerako herrialdeetan egin ohi den modura, txabola edo infra-etxebizitzetan bizi direnak ere bertan sartzen badira): horrela, muturreko pobrezian hiru milioi pertsona bizi direla aitortu beharko genuke.

Txiro-txiroak diren pertsona horien profila hau da: eskale diharduen 40 – 50 urteko gizasemea, droga-mendekotasunen morroi, diru-.sarrerarik gabe, kale gorrian lo egin ohi duena. Gehien-gehienak langabetuak dira eta Gizarte Segurantzan behin ere kotizaziorik ordaindu ez dutenez, langabeziagatiko prestaziorik ez dute jasotzen. Osasun egoera larria dute nabarmen: maiz depresioak, gaixotasun mentalak eta mendekotasunak nozitzen dituzte. Biztanleri multzo honek ohiko kontuak ditu analfabetismoa, toxikomaniak, delinkuentzia eta era guztietako arazoak.

Dena dela, profil hori aldatzen hasia dago. Caritas-en datuen arabera, kolektibo horren %15 – %20 emakumeak dira orain eta gazteak %25. Gazte horietako gehientsuenak alkoholikoen edo drogaren menpekoen seme-alabak dira, haurtzaroan tratu txarrak nozitutakoak dira edota nerabezaroan etxea utzi behar izan dute. Langile inmigrante gazteen presentzia, era berean, geroz eta nabariagoa da. Ezkongabeak ugarienak badira ere, banandu eta dibortziatuen kopurua egunik egun areagotuz doa.