Aztertu egin dugu Espainiako Estatuko etxeek batez beste zenbateko errenta jasotzen duten eta zenbatekoa den pobrezia arriskuan daudenen tasa

Etxeko ekonomia: hobekuntza apala

2015. urtean, familiek 26.730 euroko diru sarrerak izan zituzten batez beste, zortzi urte lehenago baino %7 gutxiago baina aurreko urtean baino %2 gehiago
1 urria de 2017
Img tema de portada listado 249

Etxeko ekonomia: hobekuntza apala

Bost herritarretatik bat, %22,3a, pobrezia arriskuan dago

Ikasturte berria, erronka berriak eta, jakina, gastu berriak ere bai. Uda pasatu ostean, egunez eguneko zereginetara itzuli behar dute familiek, eta ekonomiari eragiten dioten kontuan egoki antolatu. Baina zer-nolako baliabide ekonomikoak dituzte Espainiako Estatuko familiek ikasturte berri honi aurre egiteko? Ba al dago gastu batzuei erantzuteko zailtasunak dituen familiarik?

Espainiako Estatistika Institutuak (INE) Bizi-baldintzen Inkesta argitaratzen du urtero, besteak beste herritarren bizi-baldintzak nolakoak diren aztertzeko. EROSKI CONSUMER makroinkesta horretan oinarritu da, hain zuzen, azterlan hau egiteko. Aurten argitaratu badute ere, 2016. urtean egina da, eta 13.000 etxe inguruk parte hartu zuten eta 35.000 pertsonari egin zizkioten elkarrizketak. Horko datuekin aztertu dugu, beraz, etxe bakoitzak batez beste zenbateko diru sarrerak izan dituen urtean eta pobrezia arriskuan daudenen tasa zenbatekoa den Espainian.

Etxe bakoitzeko baliabideak

2015. urtean, etxe bakoitzak 26.730 euroko diru sarrerak izan zituen batez beste, aurreko urtean baino %2 gehiago, baina zortzi urte lehenago baino %8 gutxiago; urte hartan, 28.787 eurokoa izan zen, batez beste, etxe bakoitzeko errenta. Diru sarrera garbi horiek hainbat alderdi biltzen dute: besteren kontura lan egiteagatik jasotakoa, nork bere kontura lan egiteagatik izandako irabaziak edo galerak, gizarte laguntzak, lanarekin zerikusirik ez duten pentsio pribatuetatik datozen errentak, kapitalaren eta jabetzaren errentak, etxebizitzen arteko transferentziak, adingabeek jasotako diru sarrerak, eta PFEZaren Aitorpenaren emaitza.

Ikus daitekeen bezala, etxeak oraindik ez dira iritsi krisiaren aurretik zituzten diru sarrerak izatera. Zortzi urte horietan, izan ere, 2008koa izan zen mugarria. Urte hartan, familiek batez beste 30.000 euroko baino gehiagoko diru sarrerak izan zituzten urtean. Ordutik, beherantz joan dira etenik gabe eta, amiltze horretan, 2014a izan zen urterik txarrena: etxe bakoitzak, batez beste, 26.092 euroko errenta jaso zuen. Urte horretatik aurrera, hobetzen hasi zen egoera.

Erosteko ahalmena galtzearen beste arrazoietako bat Kontsumorako Prezioen Indizean (KPI) bilatu behar da. Azken zortzi urteotan, familien irabaziek %7a behera egin duten bitartean, indize horrek %15,4 egin du gora eta horrek esan nahi du diru gutxiagorekin garestiago erosten dela.

Etxe bakoitzaren neurriak baldintzatu egiten ditu diru sarrerak, eta, adibidez, 3 kide edo gehiagokoek 31.000 eurotik gorako diru sarrerak izan zituzten, batez beste, 2015. urtean, bi kidekoek 26.000 eurotik gorakoak eta kide bakarrekoek 15.100 eurokoak baino gehiagokoak.

Krisia hasi eta hurrengo zortzi urteetan, ia etxe guztietan murriztu ziren diru sarrerak: %1 jaitsi ziren bi kideko etxeetan, eta %8 lau kide edo gehiagokoetan; salbuespena pertsona bakarreko etxeetan ageri da: %3 handitu zituzten diru sarrerak. Azken urtean, ordea, etxerik gehienek diru gehiago jaso dute urtearen buruan, %6 gehiago bost kide edo gehiagokoek eta %2 gehiago kide bakarrekoek. Hiru kideko etxeek bakarrik jarraitu dute aurreko urteko diru sarrera berdinekin.

Pertsona bakoitzeko diru-sarrerak

Pertsona bakoitzeko

2015. urtean, pertsona bakoitzak 10.708 euroko diru sarrerak izan zituen batez beste, aurreko urtean baino %3 gehiago, baina zortzi urte lehenago baino %0,3 gutxiago.

Urte horretan bertan, gizonezkoen batez besteko errenta %1 handiagoa izan zen emakumezkoena baino: gizonek urtean 10.700 euro jaso zituzten gutxi gorabehera, eta emakumeek 10.600 euro. Alde hori lau aldiz handiagoa izan zen 2008. urtean eta hiru aldiz handiagoa 2007an, krisiaren eragina sumatzen hasi gabea zen garaian. Bi urte horietan, emakumeek 11.000 euro pasatxoko eta 10.500 euroko diru sarrerak izan zituzten, eta gizonek, berriz, 500 euro gehiagokoa bi urteetan.

Atal honetan, komeni da oroitaraztea zer-nolako tartea dagoen gizonen eta emakumeen soldataren artean. INEk emandako datuen arabera, emakumeen urteko soldata gizonen soldataren %77 da batez beste, eta sekula ez da ibili zifra horretatik gora; 2008. urtetik hona, gainera, %78aren eta %76aren artean mugitu da beti.

Errenta handiagoak adinekoentzat

Adinari dagokionez, bestalde, 65 urte edo gehiago zituzten adineko pertsonek 12.400 euro baino gehiago jaso zituzten 2015ean, eta haien ondotik, 45 eta 64 urte artekoak ageri ziren kopuru handienarekin: 12.000 euro inguruko diru sarrerak izan zituzten. Maila bat beheragokoak, 30 eta 44 urte artekoak alegia, 10.500 euroan gelditu ziren eta 29 urtez azpikoak (16 urtez beherakoak ez dira sartzen), 9.300 euroan.

Nabarmentzekoa da, zortzi urtean, 65 urtekoei eta hortik gorakoei %14 handitu zaiela batez besteko errenta, eta gainerako guztiei murriztu: %4 inguru 30 eta 64 urte bitartean dabiltzanei eta %9raino 29 urtez beherakoei.

Ildo horretan, errenta aztertzen badugu pertsona eta jarduera bakoitza kontuan hartuta, hauxe ikusiko dugu: erretiratuek (gehienak 65 urtekoak edo gehiagokoak izaten dira, kotizazio urteen arabera) batez beste 13.700 euroko diru sarrerak izan zituzten 2015. urtean, lanean ari ziren herritarrek 12.500 eurokoak eta langabeek 6.600 eurokoak.

Azken zortzi urteetako bilakaeran badira aldeak hiru kolektiboen artean: lanean ari zirenen diru sarrerak %0,4 baino ez ziren handitu, erretiratuenak %17 eta langabeenak, aldiz, %21 apaldu ziren. Azken urtean, berriz, erretiratuen diru sarrerak %2 handitu ziren, eta lanean ari zirenenak %3, baina langabeen irabaziek beherantz jarraitu zuten, %4 hain zuzen.

Atal honetan, komeni da jakitea pentsioak %34 handitu direla zortzi urtean, soldatak %6 baino ez 2008. urteaz geroztik, eta 2013 eta 2015 urteen artean bakarrik langabezi saria batez beste %4 apaldu zela onuradun bakoitzeko.

Info eu

Pobrezia

Pobrezia atalasea

2015ean, Espainiako Estatuko herritarren %22,3 pobrezia arriskuan bizi zen, hau da, diru sarrera apalak zituzten, populazio osoarekin alderatuta. Eurostat erakundeak darabiltzan irizpideen arabera, pobrezia atalasea urtean 8.209 eurokoa da pertsona bakarreko etxeetarako, eta 17.238 eurokoa bi helduk eta 14 urtez azpiko bi adingabek osatzen dituzten etxeetarako.

Urtebetean, zifra hori bi hamarreneko baino ez da handitu, baina zortzi urtean nabarmen egin du gora, 2,5 puntu hain zuzen.

Sexuka, gizonek eta emakumeek antzeko pobrezia tasa pairatzen dute (puntu erdiko aldea baino ez dago): %22,1ekoa da emakumeena eta %22,6koa gizonezkoena. Atzerantz begiratuz gero, bi sexuen arteko alderik handiena 2007. urtean ageri da: 2,8 puntuko aldea zegoen gizonen alde, pobrezia tasa txikiagoa zuten-eta (%18,4koa) emakumeek baino.

Adinaren araberako aldeak

Adinak ere badu eragina pobrezia tasaren gorabeheretan. Adinez 16 eta 29 urte artean dabiltzanentzat adierazle hori %29,6koa zen iaz, eta 16 urtez azpikoen artean, berriz, %28,9koa. Eta 30 eta 64 urte arteko pertsonen multzoan, %21ekoa zen adierazle hori, eta %13koa 65 urtetik gorakoen artean. Aldea nabarmena da.

Azken zortzi urteetan izan duen bilakaerari dagokionez, 65 urte edo gehiago dituztenen artean, pobrezia tasa %25,5ekoa zen 2007. urtean. Urte horretatik aurrera, adierazlea beherantz egiten hasi zen eta 2012. urtean %14,8raino apaldu zen; joera horrek jarraitu egin du gaur egun arte.

Alderantziz gertatzen da 64 urtez azpikoen multzoan. 2007. urtean %15,2 eta %18,1 artean zebilen pobrezia tasa, eta hortik aurrera handitzen hasi zen, bereziki 2013. eta 2014. urteen artean.

Etxebizitza eta jarduera mota

Heldu bat eta haren mendeko haur bat edo gehiago duten etxeek jasaten dute pobrezia arriskurik handiena, %42koa zehazki. Atzetik datoz 2 heldu eta haien mendeko haur 1 edo gehiago bizi diren etxeak, %25eko arriskuarekin, eta pertsona bakarreko etxeak, %20koarekin. Azkenik, 2 heldu eta haien mendeko haurrik ez duten familiak ageri dira, %17ko pobrezia arriskuarekin.

Ildo horretan, Espainiako etxeek dituzten zailtasun nagusiak zein diren aztertzen du Bizi-baldintzen 2016ko Inkestak. Horrela, etxeen %15ek onartu zuten zailtasun handiz iristen direla hilabete bukaerara, eta %8k jakinarazi zuten atzeratu egin zirela etxeari lotutako gastuak ordaintzeko garaian (mailegua edo alokairua, gasaren faktura, argindarrarena, etxejabe elkarteko kuota…) INEren inkesta egin aurreko 12 hilabeteetan.

Horretaz gain, familien %38k ez zeukaten gaitasunik ustekabeko gastuei aurre egiteko, eta beste %39k ez zuten modurik etxetik kanpo oporretan joateko urtean aste batez, gutxienez.

Eta jarduera motaren arabera aztertuta, emaitzek erakusten dute langabeek pobrezia tasa handiagoa dutela gainerako kolektiboek baino: pobrezia arriskuan daude %48. Lanean dihardutenen artean, %14koa da tasa hori eta erretiratuen artean %11koa.

Azken 8 urteetako bilakaera aipagarria izan da talde guztietan, baina batez ere langabeen artean (%17 igo da) eta erretiratuen artean (%9 jaitsi da). Lan munduan daudenen artean, berriz, %2 egin du gora zortzi urtean, nahiz eta azken urtean ia %1 jaitsi den. Erretiratuen eta langabeen artean, berriz, pobrezia tasa %7 eta %4 igo zen, hurrenez hurren, 2014tik 2015erako tartean.

Autonomi erkidegoko bakoitzeko diru-sarrerak

Lurraldeka

Euskal Autonomia Erkidegoan, batez beste, 34.054 eurokoa izan zen etxe bakoitzeko errenta, eta Extremaduran, aldiz, 21.671 eurokoa, hau da, %36 apalagoa. Bi lurralde horietan, diru sarrera horiek %3 inguru handitu ziren.

Pertsona bakoitzak batez beste dituen diru sarrerak kontuan hartuz ere, Euskal Autonomia Erkidegoa ageri da denen buruan. Lurralde horretan, pertsona bakoitzak 14.345 euroko diru sarrerak izan zituen; beste muturrean murtziarrak ageri dira, 8.273 euroko diru sarrerekin. Bi lurralde horien arteko aldea %73koa da. Bi erkidego horietan herritarren irabaziak %4 inguru igo ziren aurreko urtearekin alderatuta.

Azkenik, pobreziari dagokionez, Andaluzian sumatzen da pobrezia arriskurik handiena: pertsonen %35,4 daude ataka horretan; txikiena, berriz, Nafarroan eta Euskal Autonomia Erkidegoan: %9koa da bietan. Aipagarria da ehuneko hori 8 puntu igo dela Andaluzian azken zortzi urteetan.

Mapa eu