Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Kalefakzio sistema aukeratzea : Etxebizitza eta eskualde geografikoaren arabera hautatu behar

Etxeko energi kontsumo guztiaren %64 kalefakzioa den arren, gastu hau murritz daiteke, sistema egokiena instalatuz gero

Kalefakzio motak

Kalefakzio elektrikoa. Metagailuak

Bero-metagailuak, itxura aldetik, estufa edo erradiadore tankerakoak dira; berotasuna sortu eta metatzeko, energia elektrikoa kontsumitzen dute gauean, gaueko tarifaren abantaila -egunekoa baino %53 merkeago baita- baliatuz. Metagailuari egunean zehar beroa “dario”, kalefakzio premiak eskatu ahala.

Bi metagailu mota daude: estatikoak eta dinamikoak. Aurrenekoak, kalefakzio premia iraunkorra duten gela txikietarako dira egokiak, tenperatura zehatz-mehatz kontrolatzea ezinbesteko ez denean. Dinamikoen deskarga-erregulazio hobea dutenez, horrelakoak instalatzea komeni da espazio handiagoetan eta tenperatura-erregulazio zehatzagoa edo berotasun-ezartze azkarragoa lortu nahi den tokietan.

  • Aldekoak. Aparatu hauen mantenua hutsaren hurrengo izaki, etekin handia ateratzen zaie. Gaueko tarifaren kostua gasarena baino merkeago da. Etxebizitzan hainbat tenperatura desberdin erregulatzeko aukera ematen du eta nonahi instala daiteke, obrarik egin gabe. Ekoizpen-gunean ez du oxigenorik kontsumitzen, ezta ke nahiz gas kutsatzailerik ere, eta gasa eta elektrizitatea elkarren ondoan egotearren arriskua murrizten du.
  • Kontrakoak. Prezio altua, aparatu elektriko tradizionalen aldean. Nolanahi ere, galdara eta ur-zirkuituz osaturiko sistemekin konparatuz gero, pare-parera hurbiltzen dira kostuak. Bero-deskargaren erregulazioa aparatu elektriko konbentzionaletan baino okerrago da, metaturiko berotasun parte bat erabiltzaileak esku hartu gabe deskargatzen baita. Instalazio elektriko eskasa duten etxebizitza zaharretan, instalazio elektrikoaren erabateko erreforma egin behar izateak azken prezioa dezente garestitzen du. Horrez gainera, orduko kilowattaren prezioa, egunez, %3an garestiago izaten da.
  • Aholkatua: klima hotzetan.
  • Prezioa: 1.700 eurotik gora.

Kalefakzio erradiatzailea

Kalefakzio erradiatzailea beroa igortzeko sistemarik naturalena da. Lurpetik barrena doazen hodiek ur beroa daramate. Bero-azalera handiagoa da eta gorputzak ez du nozituko ez berorik ezta hotzik ere, berezko tenperaturan (35ºC – 36ºC) mantenduko baita. Sabaian, paretetan eta zoruan integra daitekeen arren, lehen bietan eraginkorragoa da, energia erradiatzailea espazioan barrena baitoa espazioa bera berotu gabe: azalera hotzago batekin kontaktu egitean bakarrik bihurtzen da berotasun.

  • Aldekoak. Ikusezin eta konfortagarria izanik, bero osasuntsuagoa ematen du, eguratsa ez du lehortzen eta. Epeltasuna etxe osoan barrena berehala eta uniformeki barreiatzen da, zeinahi tokitan tenperatura homogeneoa lortuz. Zoru erradiatzaileak beroa espazio barrenera zuzentzen du eta kanpoko paretetako zein sabaietako gehiegizko tenperaturak murriztu edo suntsitzen ditu. Sistema honek energi kontsumoaren %10 eta %30 bitarteko aurrezkia eragin dezake. Zoru erradiatzaileko sistemek giroa freskatu ere egin dezakete, ur beroaren ordez ur freskoa bideratuz gero.
  • Kontrakoak. Instalatzeko eta balizko matxurak atzeman eta konpontzeko etxebizitzako zorua altxatu beharra dago. Ez da komeni honelakoa jartzea etxe txikietan, ezta klima epelekoetan ere. Alternatiba garestia da, urtean bizpahiru hilabetez baizik erabiliko ez bada.
  • Aholkatua: klima hotzetan.
  • Prezioa: 3.000 eurotik gora.


Bero-punpak

Aire egokituko aparatuen antzekoa izaki, sistema honi esker ere urte osoan tenperatura egokia goza dezakegu: kalefakzioa neguan, aire egokitua udan eta hezetasun-suntsiketa tarteko sasoietan, aparatu bakar batekin. Hotz nahiz beroa emateko aukera horri esker, bero-punpako aparatua egokiena da eskualde epel edo beroetan. Ahalik eta konfort handiena erdiesteko, premiazko frigoria eta kalorien kalkulua behar bezainbesteko sinesgarritasunaz egitea ezinbestekoa da. Adibide bat eman dezagun, logela bat hoztu nahiz berotzeko, 1.750 frigoriako/kaloriako aparatua ezarri behar dela esaten da; 25 metro karratuko sala egokitzeko, berriz, 3.000 frigoria edo kaloriakoa.

  • Aldekoak. Bero-punparen abantaila nagusia, kalefakzioan lortzen duen eraginkortasun energetikoan datza, kontsumitzen duen energia baino (bizpahiru aldiz) gehiago emateko gauza delako. Efektu bera erdiesteko, beste kalefakzio aparatu edo sistema zenbaitek baino energia gutxiago kontsumitzen du (%30 eta %65 bitartean) eta gutxiago kostatzen da, gainera. Aparatu eta instalazio bakar batekin bi zerbitzu emateak inbertsioak murriztu eta instalazioak soildu egiten ditu. Sute edo leherketaren arriskurik ez dago, erregaien metaketarik edo hoditeriarik nahiz su-garrik ez baitago. Toxikatzeko arriskurik ez dago, ke-irteerarik ez baitu.
  • Kontrakoak. Neguko eguraldia benetan latza duten eskualdeetan edo kanpoko tenperatura hotz-hotza denean, sistema honek zailtasunak izan ditzake behar den berotasun guztia emateko. Bero-punpa konduktuen bitartez instalatzen bada, inbertsioa dezente igotzen da (6.000 euro ingurura), hainbat lan egin behar direlako: etxebizitzako sabaiak jaitsi, konduktuak instalatu, etab.
  • Aholkatua: klima epeletan.
  • Prezioa: 1.200 eurotik gora.

Gas naturala

Kalefakzio sistema hau dugu erabilienetako bat, gas naturala garbia eta eraginkorra izateaz gainera, kutsatzen ez duelako. Gas naturalezko kalefakzio indibidualak etxe osoan barrena sakabanaturiko erradiadoreen bidez berotzen du etxebizitza. Erregai erosoa da, banakuntza eta metaketa ez baititugu kezka bide. Instalatuz gero, bai kalefakziorako, bai ura berotzeko zein elikagaiak kuzinatzeko erabil daiteke.

  • Aldekoak. Beroa erraz erregulatzeaz gainera, erregaia ez da deposituetan bildu behar: beraz, ez da zertan aldian behin mantenua, ikuspenak eta eskaria egin beharrik. Etxe osoa tenperatura berean eduki daiteke, gela batetik bestela igarotzean hozbero-jauzi deserosorik nozitu gabe. Erradiadoreak estrategikoki ipintzen badira, etxe guztian tenperatura homogeneoa izango dugu. Erradiadore sistemak berotasun osasuntsua, gehiegikeriarik gabea, uniformea eskaintzen digu, arnasketa edo alergi arazoak nozitzen dituen pertsonarentzat biziki kaltegarri diren aire-sistemak bazterturik, gas kutsatzaileak igortzen dituzten errekuntzak bezala.
  • Kontrakoak. Herri guzti-guztiek ez dute gas naturalik. Instalazioa (galdara, hodiak, erradiadoreak, etab.) jarrita ez dituzten etxebizitzetan izugarri igotzen da kostea.
  • Aholkatua: klima hotzetan.
  • Prezioa: 2.400 eurotik gora.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak