Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

ELIKADURA ARLOKO SEGURTASUNA : ETA HAU, JATEKO MODUKOA OTE DA?

ASKOTAN, HOZKAILUA IREKI ETA ZALANTZA SORTZEN ZAIGU ELIKAGAIAK EGOERA ONEAN OTE DAUDEN EDO EZ. JAKI BATZUK ERRAZ SAMAR HONDATZEN DIRA, ADIBIDEZ HARAGIAK, ARRAINAK, FRUTAK ETA BERDURAK, ETA HORIEK ALFERRIK EZ GALTZEKO ETXEAN ASMATZEN DITUGUN ERREMEDIOEK HAINBATETAN ARRISKUAN JARTZEN DUTE GURE OSASUNA. PRODUKTUEI ITXURATIK ANTZEMATEN ZAIE NOLA DAUDEN. MEZU HORI IRAKURTZEN JAKITEA DA KONTUA.

Adi arrautzei

  • Kontuz tenperatura aldaketekin. Arrautzak oso sentiberak dira gorabehera horietara. Hori dela eta, saltokietan hozkailutik kanpo egoten dira, baina etxean hozkailuan gorde behar dira. “Hobe da giroko tenperaturan edukitzea hoztu arte, eta ez hotzetik atera, hotzetik kanpo garraiatu eta berriz hoztea”, azaldu du Del Cañok.
  • Nola gorde. Dendan zeukaten ontzi berean gorde behar dira (ahaztu arrautzontziak), eta hozkailuaren hondoan. Atean hozten dira gutxien, eta tenperatura aldaketen eragina ere hor sumatzen dute gehien.
  • Uraren trikimailua. Jateko onak ote dauden ez badakizu, sar itzazu urez betetako edalontzi batean: hondora joan behar lukete; gainean gelditzen badira, bota itzazu berehala. Eta kraskatzerakoan usain handia sumatzen baduzu, horiek ere bota egin behar dira.

GAZTEKIN, IKUSI EGIN BEHAR.

  • Guztiak ez dira berdinak. Gomendioak ez dira berdinak gazta mota guztietarako, batzuek eta besteek oso ezaugarri desberdinak baitituzte.
  • Kontserbatzeko moduak. Gazta fresko batek egun batzuk baino ez du iraungo hozkailuan ontzia irekitzen dugunetik, baina gazta ondu batek, aldiz, zenbait hilabete egin ditzake leku fresko eta hezean. “Horien ezaugarri fisiko-kimikoei esker (urak jarduera txikia izaten du, batez ere gatz eta gantz kontzentrazioaren eraginez), produktu nahiko seguruak dira, eta lizunak eta legamiak besterik ez zaie sortzen”, azaldu du Roblesek. Dena den, “mikroorganismo horietako batzuek -Fusarium, Aspergillus eta Penicillium – konposatu toxikoak sorraraz ditzakete (mikotoxinak), eta urdail-hesteetako sintoma akutuak eragin”, erantsi du.
  • Zer egin lizun zatiarekin. Gazta trinko eta lehorrak lasai jan daitezke zati hondatuak kenduta. Hala ere, Ameriketako Estatu Batuetako Nekazaritza Sailak ohartarazi du (USDA siglak ditu ingelesez), hori eginda, batzuetan toxinak arrastan eramaten direla labanarekin. Hori dela eta, ikertzaile batzuk harago joan ohi dira, eta lizuna duen produktu osoa baztertzea gomendatzen dute, berdin du zer-nolako testura duen edo zenbat ur daukan.

BERDURAK: SEGURTASUN TARTEA.

  • Beti zati handixeagoa kendu. Berdura trinkoetan (adibidez, azalorean) baldintza txarretan dauden zatiak bakarrik kendu ditzakezu, baina inguru guztian ere gainazal handi samarra kentzea komeni da, horiek ere kutsatuta egon daitezke eta. Hezetasun faltak, bestalde, bigundu egin ditzake hostoak eta zurtoinak.
  • Datak badu garrantzia. Poltsako entsaladak hotzean eduki behar dira beti, eta errespetatu egin behar da iraungitze-data. Data hori gaindituta, bota egin behar da, nahiz eta itxuraz ongi egon.

ARAZOAK BESTE ELIKAGAI BATZUETAN ERE.

Erosketa saskian ohikoak diren beste produktu askok ere zalantzak eragiten dituzte. Ezinezkoa litzateke guztiak zerrendatzea, baina komeni da aipagarrienak nabarmentzea.

  • Moldeko ogia. Xerra batek lizuna duela ikusiz gero, pakete osoa botatzea komeni da. Esporek sustrai asko izaten dute, eta poltsa guztian barreiatzen dira, nahiz eta ez ikusi.
  • Esnea (irekita). Freskoa denean, pare bat egunean hartu behar da. Uperisatuak, berriz (UHT), lau edo bost egun irauten du.
  • Fianbreak eta urdaiazpiko egosia. 48 ordu, behin irekita.
  • Patatak. Leku lehorrean gorde behar dira, argiak jotzen ez duen lekuan, akrilamidarik ez dadin sortu. Hotzak eta eguzkiak igoarazi egiten du akrilamida maila, almidoiak degradatu egiten direlako. Eta sekula ez dira gorde behar tipulen ondoan, gutxiago irauten dute eta.
  • Latako produktuak. Latak bonbortuta daudenean edo zuloren bat edo ageriko kalteren baten dutenean, berehala baztertu behar dira. Botulismoa eragiten duten bakterioak eduki ditzakete.
  • Haragi xehatua. Bi egun irauten du hozkailuan. Aurrez manipulatua egoten da, eta xehatua dagoenez, gainazal handiagoak jasaten du bakterioek erasan eta kutsatzeko arriskua.
  • Janari kozinatua. Sutan egin ondoren, elikagaiak hozkailuan eduki behar dira beti (sekula ez lau egun baino gehiago), ez dadin patogenorik sortu, adibidez E.coli, salmonella, listeria edo norobirusa (itsaskian), zeinak sukarra eragin dezaketen, beherakoa edo are ondorio larriagoak bereziki sentiberak diren herritarren artean (haurrak eta adinekoak). Listeria bidezko infekzio batek abortu bat eragin dezake edo meningitisa agerrarazi.

NOLA JOKATU LIZUNAK JOTAKO JANARIAREKIN

  1. Elikagai batek lizuna duela ikusten duzunean, ez usaindu gertutik.
  2. Sar ezazu paperezko poltsa txiki batean edo bil ezazu plastikoan, eta bota ezazu zaborraren edukiontzira estalita (konposta egiten baduzu, hara botatzea da irtenbiderik onena).
  3. Egiazta ezazu inguruan zeuden produktuak ongi daudela eta lizuna ez dela zabaldu haietara.
  4. Oro har, seguruagoa da lizuna duen janaria botatzea, baina gazta eta hestebete onduetan eta berdura trinkoetan (azenarioak edo piperrak, esaterako), aski izan daiteke zati hori kentzea.
  5. Azken horietan lizuna asko zabaldu bada, bota egin beharko dira. Zati lizundua kentzeko, moztu ezazu labanarekin, inguru guztian bi zentimetroko tartea uzten duzula.
  6. Ziurtatu ezazu labanak ez dituela ukitzen zati kutsatuak, eta bildu ezazu elikagaia plastiko garbi batean.
  7. Garbitu ezazu hozkailua edo biltegia, elikagaiak arrastoa utzi izango du-eta egon den lekuan.
  8. Lizunik agertu ez dadin, garbitu ezazu hozkailu barrena hilabete gutxi batzuen buruan, propio horretarako den garbigarri bat erabilita edo lixiba koilarakada bat ur litro batean disolbatuta. Ondoren, garbitu ezazu ur garbiarekin, eta lehortu gainazalak.
  9. Hozkailuko gomek ere lizuna badute, garbitu ezazu litro bat ur eta hiru koilarakada lixiba erabilita.

Iturria: Minnesotako Unibertsitatea (AEB).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak