Bidaiariak zer-nolako eskubideak dituen aztertu dugu bidaia zenbait garraiobidetan egiten duenean

Eskubideekin bidaiatzearekin bermea

Bidaiarien garraioak 2.000 milioi joan-etorri inguru izaten ditu urtero Espainian
1 iraila de 2016
Img tema de portada listado 205

Eskubideekin bidaiatzearekin bermea

Espainiako Estatuko bi herritarretatik batek udan bidaiatzeko asmoa zuen, halaxe dio Ipsos-ek Europ Assistance enpresarentzat egindako azterlan batek. Horretaz gain, Celetem behatokiak ekainean egindako kalkuluen arabera, udako oporraldian herritar bakoitza 1.010 euro gastatzekoa zen batez beste, eta diru horren zatirik handiena jatetxeetara joanez, erosketak eginez eta Espainian barrena bidaiatuz eta hoteletan eta apartamentuetan ostatu hartuz gastatzeko asmoa zuen.

Oporraldiek aukera ematen dute aisialdirako denbora hartzeko, lasai egoteko, hurbilekoekin edo bakarka, eta horixe dute alderdirik onenetakoa. Edozein gorabeherak okertu egingo lituzke urte guztian pilatu ditugun itxaropenak. Horixe gertatu zaie, hain zuzen, ekainean eta uztailean Vueling konpainiarekin hegan egin nahi zuten ehunka bidaiariri (IAG enpresarena da eta low cost hegaldiak eskaintzen ditu); konpainia horrek gorabehera asko izan ditu eta hegaldi asko atzeratu eta ezeztatu behar izan ditu “planifikazioa eta baliabideak” falta izan dituelako.

Bidaiarientzat funtsezko alderdia izaten da helmugaraino iristeko garraiobide jakin bat hautatzea. Bidaiarien garraioak 2.000 milioi joan-etorri inguru izaten ditu urtero Espainian. Gehienbat lurreko garraiobideak erabiltzen ditu jendeak (kasuen %90etan), eta airekoa ondoren.

Ildo horretan, EROSKI CONSUMERek aztertu egin nahi izan du bidaiariek zer-nolako eskubideak dituzten udako oporretan zenbait garraiobide erabiltzeko garaian, herritarrei funtsezko informazioa eskaintze aldera ustekabeko bat gertatuz gero ere erabakirik egokienak har ditzaten.

Horretarako, kontsumitzaileak babesteko zenbait erakundek argitaratu duten materiala erabili dugu: EBko herritarrei eta haien senitarteei aholkuak eta laguntza emateko “Tu Europa” on-line plataformak, Facua-Kontsumitzaileak martxan elkarteak, Kontsumitzailearen Europako Zentroak Espainian duen ordezkaritzak, eta Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundeak (OCU).

Leku batetik bestera joateko orduan, zenbait gatazka sor litezke garraiobideetan, eta horietan nola jokatu daitekeen aztertu dugu. Joan-etorri horiek ez ditugu hartu bidaia konbinatu baten zati balira bezala (zerbitzu konbinazio bat biltzen duten bidaiak izaten dira konbinatuak, 24 ordu baino gehiago irauten dutenak edo gau bateko egonaldia izaten dutenak); joan-etorria norberak kudeatu balu bezala aztertu dugu.

Hegazkina

Egoera gatazkatsuak eta turistaren/kontsumitzailearen eskubideak

Txartelak Internetez hartu ondoren, prezioaren barrenean aseguru bat sartu dutela ohartzea:

  • Aseguruari dagokion dirua itzul dezatela eskatzea, konpainiak bere web-orrian aukera hori edo besteren bat aurrez hautatutzat ematen badu.

Erabiltzaileak hegaldia bertan behera uztea:

  • Nahiz eta kudeaketa gastuak bidaiariaren gain geldi daitezkeen (konpainiaren araberakoa da hori), inoiz ez dira izango guztira ordaindu den prezioa baino handiagoak.
  • Ezinbesteak bultzaturik (istripuak, familia arazoak etabar) portzentaje bat itzuli behar denean, arrazoi hori frogatzen bada, beti ere. Itzulketa bidaiariari zein haren familiako kide zuzenei egin ahal zaie.

Konpainiak hegaldia bertan behera uzten duenean edo erreserba ez duenean gordetzen (overbooking-a) edo zerbitzuak duen gaitasun errealak baino plaza gehiago erreserbatzen dituenean:

  • Informazioa jasotzea.
  • Ordain ekonomiko bat: 250 eurokoa 1.500 km arteko hegaldietan, 400 eurokoa Europako Batasunean 1.500 km arte egiten diren hegaldietan eta 1.500 eta 3.500 km arteko gainerako hegaldietan edo 600 eurokoa gainerakoetan. Kilometroak kontatzeko, azken helmuga hartzen da kontuan. Kalte-ordainik ez da emango konpainiak jakinarazi egiten badu: 2 aste lehenago; 2 aste eta 7 egun bitarteko epean eta beste garraiobide bat jartzen badu ez 2 ordu baino gehiagoko aurrerapenarekin eta 4 ordu baino gehiagoko atzerapenarekin; 7 egunetik beherako epean, baina beste hegaldi bat jartzen badu ez ordubete baino gehiagoko aurrerapenarekin ateratzeko eta ez 2 ordutik gorako atzerapenarekin iristeko. Ordaina %50 murriztuko da beste hegaldi bat eskaintzen badute eta ordu diferentzia jatorrizkoaren aldean: 2 ordutik beherakoa bada 1.500 km-ko hegaldietan; 3 ordutik beherakoa EB barnean 1.500 km-tik gora egiten diren hegaldietan edo 1.500 eta 3.500 km arteko gainerako hegaldietan; 4 ordutik beherakoa gainerako hegaldietan.
  • Bidaiariak hasieran egitekoa zuen bidaiarekin zerikusirik ez duen hegaldi bat egiten bada, egin gabeko zatiari edo zatiei dagokien txartelaren dirua itzultzea, eta beharrezkoa balitz, abiapuntura iristeko hegaldia hartzeko aukera ematea lehenbailehen.
  • Azken helmugara ahalik eta azkarrena eramatea antzeko garraio baldintzetan edo, bestela, geroko data batean. Hegaldia beste aireportu batera joango bada (hiri batean bat baino gehiago dagoenean), konpainiak ordainduko ditu lehenbiziko aireporturako edo bidaiariarekin adostutako lekuren batera joateko garraio gastuak. Kasu horretan, ordain ekonomikoa %50 murriztu daiteke baldin eta ordu diferentzia 2 ordutik beherakoa bada jatorrizkoaren aldean 1.500 km-ko hegaldietan, 3 ordutik beherakoa EB barnean 1.500 km-tik gora egiten diren hegaldietan edo 1.500 eta 3.500 km arteko gainerako hegaldietan, eta 4 ordutik beherakoa gainerako hegaldietan.
  • Nahiko jateko eta edateko itxaronaldirako.
  • Hotel batean ostatu hartzeko aukera, gaua han eman behar bada (hotelerako garraioa ere sartzen da hor).
  • Telefonoz bi dei egiteko aukera, edo bi fax edo mezu elektroniko bidaltzekoa.

Atzerapenak bidaietan:

  • Bi alternatiba daude: 7 egunetako epean dirua itzultzea. Bidaiaria helmuga berera doan hurrengo hegaldian sartzea.

Irteteko jarria zegoen ordua atzeratzea: 2 ordu baino gehiago 1.500 km arteko hegaldietan, 3 ordu baino gehiago EB barnean 1.500 km-tik gora egiten diren hegaldietan edo 1.500 eta 3.500 km arteko gainerako hegaldietan, eta 4 ordu baino gehiago gainerako hegaldietan:

  • Nahiko jateko eta edateko itxaronaldirako.
  • Telefonoz bi dei egiteko aukera, edo bi fax edo mezu elektroniko bidaltzekoa.
  • Hotel batean ostatu hartzeko aukera, gaua han eman behar bada (hotelerako garraioa ere sartzen da hor).
  • Bidaiariak hasieran egitekoa zuen bidaiarekin zerikusirik ez duen hegaldi bat egiten bada, egin gabeko zatiari edo zatiei dagokien txartelaren dirua itzultzea, eta beharrezkoa balitz, abiapuntura iristeko hegaldia hartzeko aukera ematea lehenbailehen, atzerapena 5 ordutik gorakoa bada.

Aire konpainiak sarrera debekatzen die 14 urtez azpikoei Nortasun Agiririk ez dutelako:

  • EBko kide den herrialde bakoitzak badu Hegazkintza Zibileko Segurtasunerako Programa, eta hor zehazten da zer-nolako dokumentuak eskatuko diren ekipajea erregistratzean eta hegazkinera sartzeko atean. Espainian indarrean dagoen Segurtasun Planak esaten du gurasoekin doazen 14 urtez beherako espainiarrek Familia Liburua eraman beharko dutela Espainiako lurralde barrenean hegan egiteko, eta ez dela beharrezkoa Nortasun Agiria edo pasaportea eramatea.

Aire konpainiak bidaiariari ez ematea hark kontratatu zuen mailako lekua, goragokoa edo beheragokoa baizik:

  • Goragokoa bada, konpainiak ez du eskatuko ordain gehigarririk.
  • Beheragokoa bada, konpainiak 7 eguneko epea izango du bidaiariari txartelaren %30 itzultzeko 1.500 km arteko hegaldietan, %50 3.500 km artekoetan eta %75 gainerako hegaldietan.

Erregistratu den ekipajea eta erregistratu ez dena galtzea, kaltetzea hegazkinean edo aire konpainiaren esku zegoen bitartean, edo atzerapenarekin ematea:

  • Ekipajearen Irregulartasun Partea betetzea aireportutik atera aurretik.
  • Erreklamazio bat idatziz aurkeztea hegazkin konpainiari 7 egun pasatu aurretik.
  • Auzitara jotzea hegazkina iritsi zen egunetik hasi (edo iritsi behar zukeen egunetik) eta 2 urte igaro baino lehen.

Arropa erostea ekipaje galdua azaldu bitartean:

  • Kalte-ordaina eskatzea eragin dizkiguten kalte-galerengatik eta behar-beharrezkoak diren produktuak erosteko egin diren gastuengatik (higienea, barreneko arropa…).

Mugikortasuna murriztuta duten pertsonak:

  • Doako laguntza.
  • Laguntza jasotzeko arazoak izanez gero, jakinarazi egin behar zaio aireportua kudeatzen duen erakundeari edo hegazkin konpainiari.

Trena

Egoera gatazkatsuak eta turistaren/kontsumitzailearen eskubideak

Ordutegiak eta tarifak aldatzea:

  • Burdinbideetako enpresak informazioa ematea behar adina denborarekin.

Bidaiak atzeratzea eta bertan behera gelditzea:

  • Itxaronaldiak irauten duen bitartean informazio egokia jasotzea.
  • Kalte-ordaina.

Ordubete edo gehiagoko atzerapena (txartelean ageri den ordutegia kontuan hartuta):

  • Aukera hauek daude: bidaia bertan behar uztea eta txartelaren diru guztia berehala itzul dezatela eskatzea edo, bestela, bidaiariak oraindik erabili ez duen zatiari dagokiona (atzerapenak eragotzi egingo badio bidaiako asmoa gauzatzea, erabilitako zatiaren dirua itzultzeko ere eska dezake). Hasierako puntura eramango gaituen bidaia eskatzea, baldin eta atzerapenak eragotzi egingo badu bidaiako asmoa gauzatzea. Bidaiarekin azken helmugaraino jarraitu nahi dugula eskatzea, beste bideren batetik, lehenbailehen edo ongi datorren beste dataren batean. Bidaiarekin jarraitzea atzerapenak atzerapen, jatorrizko ibilbideari eutsita. Halakoetan, honako kalte-ordain hauek dagozkio: txartelaren %25ekoa trena ordubete eta bi ordu artean atzeratu bada, eta %50ekoa trena bi ordu baino gehiago atzeratu bada. Kalte-ordaina hilabete epean ordaindu behar da, eskaria aurkezten den egunetik hasita.
  • Zain egotea egokituko balitz: jatekoa edo edatekoa, itxaronaldiaren arabera. Ostatua, itxaronaldia hurrengo eguna artekoa bada.

Lesioak edo heriotza:

  • Kalte-ordaina eta aurrerapena jasotzea 15 eguneko epean norberak berehalakoan dituen beharrizan ekonomikoei erantzuteko edo norberaren ardurapean daudenek dituztenei erantzuteko.
  • Heriotza izanez gero, aurrerapena gutxienez 21.000 eurokoa izango da pertsona bakoitzeko.
  • Bidaiariek (edo haren ardurapean daudenek) eskubidea dute kalte-ordaina jasotzeko eskuko ekipajea (erregistratua edo ez) galdu edo hondatu zaielako (1.500 euro artekoa izango da).

Ekipaje erregistratua galtzea edo hondatzea:

  • Kalte-ordaina jasotzea, 1.300 euro artekoa, fardel bakoitzeko, baldin eta barrenean zeramanaren balioa frogatzen bada.
  • Barrenean zeramanaren balioa frogatzerik ez badago, gehienez ere 330 euroko kalte-ordaina izango du fardel bakoitzeko.

Mugikortasuna murriztuta duten pertsonak:

  • Doako laguntza.
  • Bidaian laguntza jasotzeko arazoak izanez gero, jakinarazi egin behar zaio geltokia kudeatzen duen erakundeari edo burdinbideetako konpainiari.

Burdinbideetako zerbitzuarekin sortzen den edozein:

  • Erreklamazio orri bat aurkeztea geltokian garraio enpresari.
  • Garraioko Arbitratze Batzordeetara jotzea edo Kontsumoko Arbitratze Batzordeetara, eta betiere, jurisdikzio arruntera.

Autobusa

Egoera gatazkatsuak eta turistaren/kontsumitzailearen eskubideak

Bidaiariak bidaia bertan behera uztea:

  • Autobusa atera aurreko 48 orduetan ezeztatzen badu txartela, ordaindu duenaren %90 itzuliko diote erabiltzaileari. Eta 48 ordu eta 2 ordu arteko tartearekin ezeztatzen badu, %80 itzuli beharko diote. Baina 2 ordutik beherako tartearekin baliogabetzen badu txartela, ez du izango dirua jasotzeko eskubiderik.

Konpainiak bidaia bertan behera uztea aurrez jakinarazi gabe eta halabeharrak eragin gabe:

  • Enpresaren errua edo utzikeria bada, egoera horrek eragindako kalteen ordaina eska dakioke, baina betiere agiri bidez frogatu behar dira kalte horiek. Bidaiariak egin behar izan dituen gastuen fakturak edo txartelak aurkeztu behar dira erreklamazioa egitean.

Bidaia atzeratu egin bada eta jadanik ez bazaigu interesatzen autobusa hartzea:

  • Halabeharrak eraginda bada eta garraiolariak ez badu horretan zerikusirik izan, txartelaren dirua itzultzera behartuta egongo dira, bidaiariak eskatzen badu, baina ez beste deusetara.
  • Ez bada izan halabeharrak eraginda, erreklamazioa jar daiteke norberak jasandako kalte-galerengatik, baina bidaiariak frogatu egin beharko zer-nolako kalteak izan dituen eta zenbateko eragin ekonomikoa izan duen, faktura eta agiri bidez.

Konpainiak bidaiatzeko debekua ezartzea:

  • Kasu berezi-berezietan baino ez dezakete hori egin, adibidez bidaiariak txartelik ez duelako, mozkorra dagoelako edo ordena publikoa nahasten ari delako.

Ekipajea eramateagatik kobratzea:

  • Bidaiari bakoitzak 30 kiloraino eraman ditzake doan, baina hori gutxieneko muga da. Enpresek aukera dute muga gorago jartzeko ere.
  • Leku asko hartzen duten elementuak badira, adibidez bizikletak edo surf taulak, konpainiari jakinarazi behar zaio eta zer-nolako baldintzak dituzten galdetu, gerta baitaiteke kopuru gehigarri bat ordaindu behar izatea.

Ibilgailu bat kontratatu eta bidaia beste batean egitea jaieguna delako eta autobusa egoera tamalgarrian dagoelako:

  • Kontratatu zen ibilgailuaren baldintza berdin-berdinak eduki behar ditu segurtasunaren, higienearen eta osasungarritasunaren arloan. Autobusek higiene eta segurtasun baldintza jakinak eduki behar dituzte: argiztapena, berogailua, botika kutxa, eta larrialdiko ateak eta leihoak. Hala ez bada, erreklamazioa jar dakioke garraio enpresari.

Zutik bidaiatzea:

  • Ibilbide motzetan bakarrik egin daiteke (30 kilometrotik beherakoetan) eta bidaiari kopuru jakin batek bakarrik (autobusean zenbat sartzen diren eta zenbat kilometro egin behar diren ikusi, eta ehuneko bat ezartzen da).

Eskuko ekipajea ez da sartzen autobuseko konpartimentuetan:

  • Erreklamazioa aurkeztea enpresari.

Ez dago haurren segurtasuna bermatzeko sistemarik:

  • Bederatzi leku edo gehiago dituzten ibilgailuetan bidaiatzen duten bidaiari guztiek, 3 urte edo gehiago izanez gero, ibilgailuek dituzten segurtasun elementuak erabili behar dituzte.
  • Betebehar horren berri eman behar dute gidariak, zaintzaileak, ikus-entzunezko bitartekoek edo ongi ikusteko moduan dauden afixek edo piktogramek.

Ez dago segurtasun uhalik:

  • Ibilgailu guztiek eduki behar dituzte segurtasun uhalak eserleku guztietan.

Bidaiak atzeratzea eta bertan behera gelditzea

  • Itxaronaldiak irauten duen bitartean informazio egokia jasotzea.

250 km-tik gorako bidaia luzeak bertan behera gelditzea edo 2 ordu baino gehiago atzeratzea:

  • Beste ibilbide bat egiteko aukera ematea diru gehiago kobratu gabe edo txartelaren dirua itzultzea. Halako aukerarik emango ez balute, bidaiariak erreklamazioa jar dezake txartelaren dirua itzul diezaioten eta txartelak duen balioaren %50a eska dezake kalte-ordainetan.

250 km-tik gorako ibilbidea eta 3 ordutik gorako iraupena izango duten bidaia luzeak bertan behera gelditzea edo 90 minutu baino gehiago atzeratzea:

  • Jatekoa edo edatekoa, itxaronaldiaren edo atzerapen denboraren arabera.
  • Bi gauerako ostatua, gehienez 80 eurokoa gau bakoitzeko (garraio enpresa ez dago behartuta osatua ematera atzerapena muturreko baldintza meteorologikoek edo hondamendi natural batek eragin badute).

Bidaian matxura bat gertatzea:

  • Aukera ematea bidaia beste ibilgailu batean jarrai dezagun, ibilgailu matxuratua dagoen lekutik bertatik, edo garraiobide bat jartzea ibilgailu hondatua dagoen lekutik itxaronleku edo geltoki egoki batera joan eta handik bidaiarekin jarraitzeko.

Gorputzeko lesioa eragitea honako egoera hauetakoren baten erruz: zerbait jotzea, iraultzea, errepidetik ateratzea, haustura, leherketa, su hartzea, erreakzioa, kanpoko kolpea edo ibilgailuari eragiten dion beste edozein matxura edo anormaltasun:

  • Beharrezkoa den osasun arreta (lehen sorospenak, jatekoa, arropa edo garraiobidea).
  • Kalte-ordainak gorputzean kalteak jasan dituzten erabiltzaileentzat, nahiz eta errua ez izan autobus gidariarena. Kasu bakoitzaren baldintzek eta larritasunak erabakiko dute zenbateko kalte-ordaina dagokion istripua izan duen pertsona bati: heriotza izan den, ezgaitasun iraunkorra (ohiko zereginak egitea galarazten duena) eta lan egitea edo ohiko jarduera egitea aldi batez galarazten duten lesioak. Europako Batasuneko kide diren herrialdeek heriotzagatik eta lesio pertsonalengatik ezarrita duten gehienezko muga ez da izango 220.000 eurotik beherakoa (hor sartzen dira ehorzte gastuak ere).
  • Ibilbide luzeetan (250 km-tik gorakoak), bidaiariak ostatua behar badu, gehienez bi gau igarotzeko aukera izango du, gehienez ere 80 euroko balioa duena bidaiari eta gau bakoitzeko.

Ekipajea kaltetzea edo galtzea:

  • Kalte-ordaina jasotzea, 1.200 eurokoa gehienez ere.
  • Gurpil aulkiak eta gainerako laguntza gailuak kaltetzen badira, kalte-ordainak osorik ordainduko dituzte.

Ekipajea lapurtzea:

  • Berehala aurkeztu behar zaio erreklamazio orria enpresari, eta salaketa bat jarri polizia etxean. Balio adierazpenik eta aseguru osagarririk ez bada egin, kalte-ordaina 14,50 eurokoa izango da kilogramo bakoitzeko, eta 30 kilogramo artekoa gehienez ere.

Mugikortasuna murriztuta duten pertsonak:

  • Doako laguntza.
  • Laguntza jasotzeko arazoak izanez gero, jakinarazi egin behar zaio geltokia edo terminala kudeatzen duen erakundeari edo autobus enpresari.

Mugikortasuna murriztuta duten pertsonak ibilbide luzeetan (250 km-tik gorakoak):

  • Laguntzaile batek doan bidaiatzeko aukera izatea, badin eta horrela konpontzen badira bestela bidaia galaraziko lioketen segurtasun arazoak.
  • Laguntza jasotzea zenbait geltokitan.

Itsasontzia

Egoera gatazkatsuak eta turistaren/kontsumitzailearen eskubideak

Bidaiak atzeratzea eta bertan behera gelditzea:

  • Itxaronaldiak irauten duen bitartean informazio egokia jasotzea.
  • Zerbitzua bertan behera gelditzen bada edo irteera 90 minutu baino gehiago atzeratzen bada: txartelaren dirua itzultzea eta, beharrezkoa balitz, itzulerako bidaia doan eskaintzea lehenbiziko irteera puntura adibidez, atzerapenak eragotzi egingo badu bidaiaren asmoa betetzea. Azken helmugarainoko garraioa eskaintzea antzeko baldintzetan, lehenbailehen eta kostu gehigarririk gabe. Jatekoa edo edatekoa, itxaronaldiaren arabera. Ostatua, itxaronaldia hurrengo eguna artekoa bada.

Itsasontzia ordubetetik gorako atzerapenarekin iristea helmugara:

  • Kalte-ordaina. Atzerapena zenbatekoa den, txartelak balio izan duenaren %25a edo %50a izango da.
  • Ez da kalte-ordainik izango atzerapena baldintza meteorologiko muturrekoek edo hondamendi naturalek eragin badute.

Itsasoko istripu batek eragindako lesioak edo heriotza:

  • Aurrerapen bat berehalako beharrizanei erantzuteko baldin eta itsasontzia urperatu egin bada, zerbait jo badu, hondartuta gelditu bada, leherketa edo sute bat izan badu eta ontziak gabeziaren bat badu.
  • Auzitegi bati kalte-ordaina eskatzea, garraiolariak egoitza nagusia edo iraunkorra duen herrialdean, abiatzeko edo iristeko lekuan, bidaiariak etxebizitza iraunkorra duen lekuan (baldin eta garraiolaria herrialde horretan finkatu bada eta hango jurisprudentziaren mende badago) edo bidaia kontratatu den lekuan (baldin eta garraiolaria herrialde horretan finkatu bada eta hango jurisprudentziaren mende badago).
  • Bidaiaria hil egingo balitz, haren oinordekoek jaso dezakete kalte-ordaina.

Ekipajea, ibilgailuak edo beste ondasun batzuk galtzea edo kaltetzea itsasoko istripu baten erruz:

  • Kalte-ordaina (idatziz aurkeztu behar zaio konpainiari ondasunak ematen dizkiguten unean edo eman behar lizkiguketen unean). Beranduenez, 15 eguneko epean egin behar da, itsasontzia uzten edo ekipajeak ematen dizkiguten egunetik hasita; hala egin ezean, galdu egingo da kalte-ordaina jasotzeko eskubidea.
  • Bidaiariak mugikortasuna mugatua badu eta gurpil aulkia edo mugikortasuna errazteko beste tresna batzuk galtzen edo kaltetzen bazaizkio, oso-osorik ordainduko dute horiek konpontzeak edo ordezkatzeak balio duena.
  • Bi urteko epea izaten da auzitara jotzeko, nahiz eta epe hori hasteko data aldatu egin daitekeen galeraren edo kalteen arabera.

Mugikortasuna murriztuta duten pertsonak:

  • Doako laguntza.
  • Bidaian laguntza jasotzeko arazoak izanez gero, jakinarazi egin behar zaio portua kudeatzen duen erakundeari edo itsas konpainiari.

Edozein gatazka:

  • Erreklamazioa aurkeztea garraiolariari bi hilabete epean, gertaera izan den egunetik hasita. Erreklamazioa jaso ondoren, garraiolariak hilabeteko epea izango du jaso duela jakinarazteko eta bi hilabetekoa behin betiko erantzuna emateko.

Arau hauek ez zaizkio ezartzen: 13 bidaiari baino gutxiago daramatzaten ontziei, eskifaian 3 kide baino gutxiago dituztenei, 500 metrotik beherako ibilbidea egiten dutenei, joanekoa bakarrik; ostatu hartzeko instalaziorik ez duten ontzi historiko gehienei eta ezaugarri horiek berak dituzten txango eta turismo ontzi gehienei, eta era horretako ontziak izanik, gaueko egonaldietan ontzian bi gau baino gehiago egiten ez dituztenei.

Ibilgailuak alokatzea

Egoera gatazkatsuak eta turistaren/kontsumitzailearen eskubideak

Norberarena ez den hizkuntza batean sinatzea kontratua:

  • Beharrezko ikusten den edozein argibide eskatzea.

Internetez auto jakin bat alokatzea eta, bila joandakoan, uzteko moduan ez egotea:

  • Erreklamazioa jartzea beharrezkoa balitz. Horretarako, garrantzitsua da idatzizko dokumentazioa gordetzea, nahiz eta Internetez egin harreman guztiak.
  • Kalteak jasan baditugu, eskubidea dugu kalte horri dagokion ordaina jasotzeko.

Kreditu txartela establezimenduan uzteko eskatzea:

  • Kontratua egiteko unean, enpresek kreditu txartela eskatzen dute, arazoren bat sortuko balitz ere. Txartela jaulki duen erakundeari baimena eskatzen diote kontratatu den zerbitzuak balio duena baino diru gehiagoko kopurua ateratzeko, bezeroak ordainduko duela bermatze aldera. Eta autoa itzultzen dutenean, bezeroaren kreditu txarteletik kobratzen da kopurua. Ez dakar inolako gasturik.
  • Ez da komeni kreditu txartela establezimenduetan uztea.

Erabiltzaileak ez du kreditu txartelik eta berme bat eskatzen diote:

  • Gehienean ez dute esku-dirurik eskatzen, eta egiten dutenean, neurriz kanpoko kopuruak izaten dira.

Ibilgailuak kolpatu izana egoztea, nahiz eta alokatu aurretik halaxe egon:

  • Enpresak frogatu egin beharko du bezeroak eragin diola kaltea (komeni izaten da ibilgailuari begiratu bat ematea alokatzeko unean eta uztean, kalteren bat baduen ikusteko eta ardurak argitzeko)
  • Alokatzeko unean autoak kalteren bat izango balu, komeni da kontratuan adieraztea.

Ibilgailua matxuratzea:

  • Harremanetan jartzea ibilgailua alokatu duen enpresarekin edo errepidean laguntza ematen duen konpainiarekin (enpresa horrek kontratatu duena).
  • Enpresa behartuta dago lehenbailehen ibilgailu bat uztera, ibiltzeko moduan dagoena, jakina.
  • Ez konpondu nork bere kabuz. Larrialdi egoeretan eta alokatzaileak berariaz baimendu duenean bakarrik onartzen da bezeroari ordaina ematea enpresak kontratatu duen laguntza konpainiak egin gabeko konponketengatik.

Istripua:

  • Enpresari jakinarazi behar zaio (kontratu batzuek esaten dute 48 ordu igaro baino lehen adierazi behar dela eta baldintza hori betetzen ez bada kontsumitzaileak izango duela ibilgailuari egin zaion edozein kalteren ardura).
  • Asegurua egitean frankiziaren bat kontratatu bada, bezeroak ordaindu beharko du kopuru hori gainditzen ez duen edozein konponketa. Autoa konpontzeak diru kopuru hori gainditzen duela kalkulatzen bada, aseguru etxeak ordainduko du.