Familiaren ekonomia desorekatzen duen erosketa

Eskola materiala, zertan den, zer kostatzen den

Batez ere irailarekin lotzen den arren, eskolako materialaren gastua ez da bukatzen ikastaroaren hasieran
1 iraila de 2001
Img temap

Eskolara doazen umeen guraso askok, familiaren ekonomia “ukituko” duten testu-liburu eta gainerako gaiak eskuratzeko egin beharreko gastua irailarekin lotzen dute, ezinbestez, nonbait.

Eskola materiala, zertan den, zer kostatzen den

Lehen edo Bigarren Hezkuntzan (DBH) ikasten ari den seme-alabarik izateak -testu-liburu, koaderno eta material osagarrietan (hiztegiak, atlasak eta antzekoak) bakarrik- 30.000 pezeta inguru ordaindu beharra esan nahi du. Horrez gainera, umeak eskolaz kanpoko jardueretan (judoa, dantza, igeriketa, etab.) esku hartu nahi duela adierazten badu, esandako sei mila duro horiei beste lau bat mila pezeta erantsi beharko zaizkio jarduketa bakoitzeko, oinarrizko ekipamendua erosteko. Eta ikasketak uniformea erabiltzea derrigorrez xedatua duen zentro pribatu batean egiten baditu, oraino beste 48.000 pezeta gaineratu beharko zaizkie aurreko gastuei, arropa guztia erosi behar baldin bada -oso litekeena da hori, adin horretan umeak hazi eta hazi ari baitira, etengabe-.

Lehen edo Bigarren Hezkuntzan (DBH) ikasten ari den seme-alabarik izateak -testu-liburu, koaderno eta material osagarrietan (hiztegiak, atlasak eta antzekoak) bakarrik- 30.000 pezeta inguru ordaindu beharra esan nahi du.

Horrez gainera, umeak eskolaz kanpoko jardueretan (judoa, dantza, igeriketa, etab.) esku hartu nahi duela adierazten badu, esandako sei mila duro horiei beste lau bat mila pezeta erantsi beharko zaizkio jarduketa bakoitzeko, oinarrizko ekipamendua erosteko. Eta ikasketak uniformea erabiltzea derrigorrez xedatua duen zentro pribatu batean egiten baditu, oraino beste 48.000 pezeta gaineratu beharko zaizkie aurreko gastuei, arropa guztia erosi behar baldin bada -oso litekeena da hori, adin horretan umeak hazi eta hazi ari baitira, etengabe-.

Horrenbestez, patrikatik atera beharreko guztirako munta 34.000 pezetaraino igo daiteke aise asko, ikastegi publiko batean diharduen eskolaume bakoitzeko; kopuru hori 82.000 pezetaraino joango da, uniformea derrigorrez erabiltzea xedatua duen pribatu batean baldin badabil. Diru kopuru horietan ez daude sarturik eskolaz kanpoko laguntza-eskolak (5.000 pezeta inguru hilean, haur bakoitzeko) ezta ordenagailua ere (aurki ezinbesteko lanabes bihurtuko den arren).

Testu-liburuen doakotasunaz zer iritzi duten, eskolarako materiala eskuratzeko nola antolatzen diren eta antzeko kontuez gurasoengandik ahalik eta informazio zuzenena jasotzeko helburuz, CONSUMEReko teknikoek Estatu espainiar osoan Lehen eta Bigarren Mailako Hezkuntzan diharduten ikasleen 302 gurasori inkesta egin zieten. Galdategia erantzun zutenen %40k adierazi moduan, eskola materialean nolako gastua egin beharko duten aurretiaz ez zaie jakinarazten. Informazio hori biziki baliagarria gertatuko litzaieke, eskolarako itzulera behar bezala prestatzeko, udako oporraldietan patrikak hondamendia nozitzen baitu. Dena den, inkestak nabarmen erakusten du eskolarako materialeko gastua aurreikustea arras zaila dela. Joan den ikasturtearen hasieran gurasoen %58k kurtso osoan nolako gastua izango zuten kalkulatzean motz geratu ziren, batenaz beste %28 gehiago ordaindu baitzuten. Bestela esatearren, seme-alaben oinarrizko eskolarako materiala erostera bideratuko zuten 31.625 pezeta hartatik, azkenean, 40.500 pezetaraino iritsi behar izan zuten.

Umearen eskola materiala eskuratu ahal izateko gurasoek gastatu behar dituzten dirutza horiek, derrigorrezko irakaskuntzaren doakotasunari buruzko eztabaidaren egokiera jarri dute mahai gainean. Espainian, Gaztela-Mantxa erkidegoa aitzindari da alderdi horretan, bertako Hezkuntza Administrazioak curriculum-materialen doakotasun programa progresiboa martxan jarri du eta. Proiektua osorik 2033-2004 ikasturtera arte oso-osoko errealitate izango ez den arren, joan den ikasturtean doakotasun hori DBHko Lehen Zikloan gorpuztu zen. Beste hainbat erkidego ere hasiak dira eredu hori imitatzen.

Eskola materiala zertan den

Eskolako materialtzat jotzen da ikastegiek ikasleen eskura jartzen dituzten ondasunak (ikasmahaiak, arbelak, proiektoreak, etab.) eta gurasoek seme-alabentzat erosten dituztenak (liburuak, arkatzak, koadernoak, etab.). Ikasleen hezkuntzaren lanabes eta euskailu gisakoak dira material horiek.

  • Testu-liburuak eta curriculum-materiala: bai ikasleak baliatu beharreko materialak, baita irakasleak baliabidetzat erabili beharrekoak ere. Inprimatuak izan daitezkeen arren, bestelako euskailuen gainekoak ere ohikoak dira gaur egun.
  • Bestelako materialak: hiztegiak, atlasak, irakurketa-liburuak, erregelak, ikus-entzunezkoak, lanabes eta gai zientifikoak… Osagarri edo laguntzaile didaktiko gisara baliatu ohi dira. Atal honetan, era berean, bestelako tresna osagarriak ere sartzen dira, hala nola motxila, kutxatila, arkatzak, bolalumak, margoak…
  • Arropa eta oinetakoak: soineko guztiak, hau da, bai “kalekoa” baita eskolan bertan berariaz erabiltzeko erosten den uniformea bera ere. Eskolarako materialaren atalean kalerako arropa sartzeaz jendeak hamaikatxo iritzi ditu, izan ere, nahitaez egin beharreko gastu begi bistakoa den arren, bere baliagarritasunaren mugak ezartzerik ez baitago.
  • Eskolaz kanpoko jarduerak: horrelakoak (judoa, dantza, saskibaloia, igeriketa…) burutzeko beharrezkoa den materialaren erosketak eraginiko gastuak.

Testu-liburuen erosketa ikastetxeetan nola antolatzen den

Era bat baino gehiagotako antolamenduak daude:

  • Testu-liburuen salmenta ikastetxeek antolatzen dituzte sarri, gurasoen elkarteek gestionaturik. Liburu-kopuru handiak direnez, elkarte horiek editorialetatik deskontuak erdiesten dituzte eta, horrenbestez, tarte komertziala ikastegian inbertitzen da (eskolaz kanpoko jarduerak, erreformak, etab). Guraso asko materiala eskuratzeko modu horren aurka daude, liburuak beren kabuz erosita lor litzaketen deskontuak galtzen dituztelako horrela. Beste hainbat, aitzitik, jarduteko era horren aldeko dira, biziki erosoa gertatzen zaielako.
  • Ikasturtea hastean, ikasgai bakoitzak beharrezkoak dituen liburuen tituluak jasotzen dituen zerrenda ematen diete ikastetxeek ikasleei.
  • Ikastetxe zenbaitek liburu denda bat edo gehiagorekin elkar hartzen dute, testu-liburuen salmenta egiteaz.
  • Hainbat iturri kontsultatuz, bere material akademikoa lantzen duten irakasleen kopurua ugalduz doa. Horrelakoetan, testuak ikastegian erosi beste biderik ez dago.

Nolanahi ere, seme-alaben ikastegiak eskolako materiala eskuratzeko xedatua duen modua edozein dela ere (adierazitako azken kasuan izan ezik, noski), liburuak eta gainontzekoak nahiena duten tokian erosteko inongo eragozpenik ez dagoela jakin behar dute gurasoek.

Eskolaz kanpoko jarduerak

Bai ikasturtearen hasieran, bai sasoi osoan zehar ere, patrikatik dirutza atera beharra agintzen dute hauek ere, eskolaz kanpoko jarduerak gauzatzeko ezinbestekoak diren tresna eta gainontzeko gauzak eskolako materialtzat ez hartzeko joera nagusitzen ari den arren. Halaz ere, ikasleen proiektu kurrikularra horrelako jarduerekin osatzen da: horien bidez ere ikasi egiten da eta horiei esker, hain zuzen, geroz eta garrantzi handiagoa hartzen ari den beste curriculum hori (soziala, alegia) aberastu egin daiteke. Musika, dantza, hizkuntzak, informatika, antzerkia, jolasak, ikasteko teknikak eta kirolak dira horietako batzuk, horien kostuak ere biziki desberdinak diren arren. Antzerkia egin, jolasetan aritu edo hizkuntzak ikasteko ordaindu beharreko diru-kopurua koaderno edo liburu baten prezioa baizik ez den bitartean, kirol jardueretan inbertsioa areagotu egiten da.

Ikastetxeek erabateko askatasuna dute bai horrelako jarduerak antolatzeko, baita ordutegiak eta prezioak finkatzeko ere. Hona hemen kirol jarduera batzuek ondorioztatzen dituzten elementuen prezioak:

  • Futbola:
    • Botak: 1.800 pta
    • Berna-babesak: 685 pta
    • Guztira: 2.485 pta
  • Saskibaloia:

    • Zapatilak: 2.150 pta
    • Eskutur-babesak: 325 pta
    • Guztira: 2.475 pta
  • Igeriketa:
    • Bainujantzia: 1.295 pta
    • Txanoa: 295 pta
    • Betaurrekoak: 895 pta
    • Sandaliak: 995 pta
    • Guztira: 3.480 pta
  • Arte martzialak:

    • Kimonoa: 4.200 pta
    • Gerrikoa: zuria 430 pta, bi kolorekoa 710 pta, kolore bakarrekoa 610 pta
    • Guztira: 4.780 pta
  • Dantza:

    • Elastikoa: 2.850 pta
    • Galtzerdiak: 600 pta
    • Zapatilak: 1.240 pta
    • Guztira: 4.690 pta

Gure inkesta

CONSUMEReko teknikoek inkesta egin diete Espainia osoko lehen eta bigarren mailako hezkuntzan diharduten seme-alaben 302 gurasori. Joan den urtean eskolarako materialean zenbat gastatu zuten, seme-alaben testu-liburuak ordaintzeko formula egokiena zein iruditzen zaien, ordaindu beharko duten diru-kopurua aurretiaz ezagutzen ote duten, seme-alaben ikastetxean testu-liburuen erosketa nola antolatzen den… eta beste hainbat galdera egin zitzaien.

CONSUMERek eginiko inkestaren emaitzak:

  • Erantzun duten gurasoen %40k dioenez, oporraldien ondotik nolako gastua egin beharko duten ez zaie aurretiaz jakinarazten.
  • Joan den ikastaroaren hasieran, urte osoan eskolako materialean gastatuko zuten diru-kopurua kalkulatzean, gurasoen %58 motz geratu zen: azkenean, batez beste, aurreikusitakoa gehi %28 ordaindu zuten.
  • CONSUMERek galdaturiko gurasoek seme-alabentzako eskolako materialean batez beste gastatzea espero zuten diru-kopurua 31.625 pezeta zen bitartean, 40.500 pezeta ordaindu behar izan zuten azkenean.
  • Liburuek doakoak izan beharko lukete, eta ikastegi bakoitzeko ikasleek hainbat urtetan partekaturik erabili ahal izateko modukoak, gainera, galdategi honi erantzun zioten gurasoen %62aren iritziz.
  • Guraso horien %88,7k onartu egingo luke bestek utziriko liburuak beren seme-alabek baliatzea.
  • Testu-liburuak edo eskolako materiala erostean gehiegikeriak gertatzen direla uste dute erantzule horien %59k. Lau gurasoetatik baten iritziz, gehiegikerien lehen erantzuleak editorialak dira.
  • Kontsultatutako aita-amen %64k testu-liburuak beren kabuz eskuratu behar izaten dituzte.

Dirua aurrezteko hainbat aholku

*Testu-liburuak eta curriculum-materiala

  • Berriro erabiltzea: ohitu zure haurrak eskolako materiala zain dezaten, era horretan beraiek edo beste norbaitek hainbat urtetan baliatu ahal izango dutelako.
  • Eskuratu beharreko liburu batek, aurreko argitaraldiaren aldean aldaketarik nozitu badu, erabilitako alea baztertu aurretik bota iezaiozu begiratu bat. Balioetsi ezazu zenbat eta nolako aldaketak dakartzan berriak eta, dudarik ez izan, dagokion irakaslearekin jorra ezazu erabilitako liburua alboan uztea merezi duen ala ez.
  • Bila ezazu deskonturik handiena egiten duen establezimendua. Horrela batenaz beste testu-liburuen prezioan %25erainoko aurrezkia egin ahal izango duzu hipermerkatu batean erosten badituzu, %10ekoa biltegi handietan eskuratuz gero edota %7, baldin eta liburu dendatik ekarriaz.
  • Irakurketa- edo laguntza-liburuak baliatzeko ikastetxeko zein udaleko liburutegira joateak bi abantaila ditu, bederen: liburu horiek erosteko premiarik ez izateaz gainera, informazioa bere kabuz bilatzeko bidean abiaraziko ditu haurrak (aztura hori benetan mesedegarria izango du ikasleak, gerora).

*”Bestelako materialak” erostean

  • Erosi aurretik, bila ezazu etxean Erostea aurreikusia zenuen material horren parte bat etxean bertan izango duzu, seguruenik: urterik urte ezaugarri berdintsu edo berdinak dituzten gauzak eskuratu behar izaten dira eta.
  • Alderatu kalitate eta prezioak hainbat establezimendutan. Oso litekeena da gauza guztiak denda berean erosterik komeni ez izatea.
  • Egokitu materialen kopuruak (margoak, plastilina, bolalumak, etab.) unean uneko premietara: eros ezazu margo-kutxa bakarra, haurrak ikasturte honetan beste baten premia izango duela badakizun arren. Alferrikako xahuketei saihets egingo diezu horrela.
  • Kalitate eta prezioaren arteko erlazio hobezina eskaintzen duten artikuluak erosteari esker, aurrezkia birritan egin ahal izango duzu, material horiek gerora senideek, lagunek edo auzokoek baliatzean.
  • Zure seme-alabak beharko duen eskolako materialaren ezaugarriez xehekapenezko informazioa jasotzeko jo ezazu, dudarik gabe, irakasleengana. Horrela, ikaslearen egiazko premien arabera egokituko duzu gastua (hiztegi soil bat, adibidez, oraindik erabiltzen jakingo ez duen beste mardulago baten ordez).

*Arropa eta oinetakoak

  • Hainbat establezimendutako prezioak alderatuz, osa ezazu zeure ekipamendua abantaila handienak eskaintzen dizkizuten tokietan erosiz.
  • Egin tarteka erosketak, azkeneko unera arte itxaron gabe.
  • Umeak biziki azkar hazten direla kontuan izanda, erosi arropa zabal samarra (ez horrela oinetakoak, noski) azken orduko ezustekorik ez izateko.
  • Uniforme, galtza eta horrelakoetan, sartu dobladilloa zentimetro batzuk, lehenagoko zaharrek ohi zuten bezala, berriro ere ateratzeko aukera utzirik.
  • Hautatu banatzailearen markak (lehenago “marka zuriak” deitzen ziren haiek): horrela, arropa batzuetan %50erainoko deskontua lortuko duzu.

Seme-alaben kontsumismoa dela eta, gurasoentzako aholkuak

  • Adin jakin batetik aurrera bereziki, imitatzaile hutsak dira umeak. Kontsumo zuhurraren balioak igorri nahi badizkiezu, aplika iezazkiozu zeure buruari lehenik: eredua funtsezkoa izaten da beti.
  • Arrazionaliza ezazu haurren gastua. Ez diezu onartu behar dirua, begiratu gabe, ezertan ere (gozokiak, jostailuak, eskolako materiala…) gastatzea.
  • Dirua jasotzen dutenean, eragotz iezaiezu berehala gastatzea: horrela aukera hobe baten zain egoten ikasiko dute.
  • Eguneroko hamaika egoera baliagarri ditugu umeei kontsumo zuhurreko azturak irakasteko: elikagai eta arroparen hautaketa eta erosketa, oparien aukeraketa, erosketa egin aurretik katalogoa aztertzea, publizitate iragarkiez iruzkin egitea, famili aurrekontuaren banaketa aztertzea, etab.
  • Irakats iezaiezu gauzarik garestiena ez da beti hoberena. Marka ezaguneko kirol zapatilek baliteke ospe gutxiago eta prezio txikiago beste batzuek bezain emaitza onik ez eskaintzea.
  • Hitz egin zure seme-alabekin, gauza bat zergatik erosi behar den edo ez den erosi behar, hobe ote den itxarotea edo beste bat erosi ahal izateko aurreztea eta horrelako kontuez gogoeta egin dezaten ahaleginduz.
  • Ez eman eskatzen dizuten guztia. Azal iezaiezu gauza batzuk erosi ahal izateko ahalegin handia egin behar dela; saia zaitez haiek ere ahalegina egin dezaten eta aurrezten ikas dezaten. Horrela, daukatena hobeki balioetsiko dute.
  • Eman, pixkanaka, umeei autonomia beren erosketak egin ditzaten: lagunen urtebetetzeko opariak, beren denbora-pasaz gozatzeko materialak, etab. Pittinka-pittinka, beren aurrekontua doitzen ikasiko dute horrela.

Bekak eta laguntzak eta konparaketako taula

*Eskolako materiala eskuratzeko Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak ematen dituen dirulaguntzak

2001-2002 ikasturte akademiko honetarako, Espainiako Hezkuntza, Kultura eta Kirol Ministerioak 650.000 dirulaguntza izendatu ditu, bete beharreko hezkuntza-mailetako (Lehen Mailako eta Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako) liburuak eta material didaktikoa eskuratzeko.

Laguntzen kopurua: 12.500 pezeta ikasleko.

Norentzat diren laguntza horiek:

  • 2000-2001 ikasturtean hala eskatu zituzten ikasleen familientzat
  • Lehenago horrelakorik eskatu ez badute ere, Ministerioak xedaturiko gehienekoa (kide bakarreko familiak, 1.072.000 pezeta; bi kidekoak, 1.759.000 pezeta; hiru kidekoak, 2.295.000 pezeta; 4 kidekoak, 2.722.000 pezeta) baino gutxiago irabazten duten familientzat.

Laguntzak emateko unean kontuan hartu beharreko lehentasunak:

  • Lehendabizi, aurreko ikasturtean eskatu eta eskuratu zituztenei ematen zaizkie.
  • Horien ondotik, ondorengo baldintzetako bat betetzen dituztenek dute lehentasuna, hurrenez hurren: erabateko umezurtz direnek, legez kalifikaturiko ezintasuna nozitzen duen kide baten familiako kide direnek, euskailu nagusia langabezian egon edo pentsioduna den familiako kide direnek, familia ugariko kide direnek, euskailu nagusia alargun, guraso ezkongabe, edota legez edo izatez dibortziatu nahiz banandua dutenek.
  • Hortik aurrerakoak, eskatzailearen familiaren per capita errentaren atzekoz aurrerako ordenan emango dira.
  • Horrelako laguntzak ematea dela eta, ez da kontuan hartuko eskatzailearen etekin akademikoa.

Aurkezteko toki eta epeak: aurtengo urriaren 1era arte, eskatzaileak 2001-2002 ikasturterako matrikula egin duen ikastetxean aurkeztu beharko da.

Ebazpena emateko epea: eskariak aurkezteko epea agortu denetik hurrengo sei hilabeteak.

* Euskal Autonomi Erkidegoak, unibertsitatez bestelako mailetako ikasleentzat deialdi orokorra egin ohi du. Haurren Hezkuntzako bigarren zikloko, Lehen Mailako Hezkuntzako, DBH-ko lehen zikloko, Heziketa Bereziko eta gainontzeko mailetako material didaktikoa eskuratzeko laguntzak xedatzen dira bertan.

* Valentziako erkidegoko Hezkuntza Administrazioak fondo publikoetatik finantzaturiko ikastetxeetan derrigorrezko hezkuntzan ari diren ikasleei testu-liburuak eskuratzeko diru-laguntzak eskaintzen dizkie.

* Horrez gainera, hainbat Administrazio Lokalek testu-liburuak eskuratzeko laguntza-programak antolatuak dituzte, egoera sozial, pertsonal edo ekonomikoak direla medio, kaltetutzat har daitezkeen kolektiboetako kideentzat.

Testu-liburuak, Europan

  • Norvegia: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan (6 urteetatik hasita, 16 urteak arte), Gobernu Zentralak finantzaturik.
  • Finlandia: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan.
  • Islandia: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan (6 urteetatik hasita, 16 urteak arte), Gobernu Zentralak finantzaturik.
  • Suedia: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan, udaletako gobernuek finantzaturik.
  • Danimarka: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan (6 urteetatik hasita, 16 urteak arte), udaletako gobernuek finantzaturik.
  • Austria: familiak liburuen kostuaren %10 baizik ez du ordaintzen; gainerako %90 Estatuak finantzatzen du.
  • Belgika: doakoak lehen hezkuntza osoan (6 urteetatik hasita, 12 urteak arte); bigarren mailako hezkuntzan familiak liburuen %20 eta %40 bitarteko portzentajea ordaindu behar izaten du.
  • Luxenburgo: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan; derrigorrezkoa ez den bigarren mailako hezkuntzan, laguntzak ematen dira.
  • Holanda: Lehen mailako hezkuntzan: doakoak, Gobernu Zentralak finantzaturik. Bigarren mailakoan: gurasoek ordainduak. Nolanahi ere, ikastegiek liburuak alkilatu edo, bestela, bigarren eskuko liburuen azoka antolatzen dute.
  • Erresuma Batua: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan (mailegua, gerora itzuli beharrekoa), Gobernu Zentralak finantzaturik, udaletako gobernuek ekarpenik egiten badute ere.
  • Frantzia: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan, Gobernu Zentralak finantzaturik.
  • Italia: doakoak derrigorrezko hezkuntza osoan (6 urteetatik hasita, 10 urteak arte). Bigarren mailako hezkuntzan, familiaren egoera ekonomikoaren arabera, liburuen kostuaren osoko edo zatikako murrizketak xedatzen dituzte udal agintariek.
  • Alemania: errepublika federala denez, bera osatzen duten estatuek dauzkate eskuduntzak alor horretan. Horietako askotan testu-liburuak doakoak dira (mailegua eta itzulera); bestetan, maileguen sistema ezarrita dago indarrean, horien kostua ordaintzean familiak ere esku hartzen duelarik eta, azkenean, hainbat estatutan txartel edo bono sistemak dirau: metodo honetan familiaren diru-sarrerak ere kontuan hartzen dira.
  • Grezia: doakoak, Gobernu Zentralak finantzaturik.
  • Portugal: ez dira doakoak, baina bertako Gobernuak arestian azaldu duenez, lehen mailako hezkuntzako testu-liburuak doakoak bihurtzeko asmoa du.