Seme-alabengatiko zuzeneko laguntzak

Eskasak eta gorabehera handikoak, erkidego batetik bestera

Europan, familiagatiko prestazio sozialen kontuan, Espainia da atzena
1 maiatza de 2003

Eskasak eta gorabehera handikoak, erkidego batetik bestera

Espainian hiritarrek hobekien baloratzen duten instituzioa familia da: 10 puntutik 9,37 aitortzen diote. 2000 urteko Eurobarometro izenekoaren arabera, espainolen %97rentzat familiak balio behinena du. Hala eta guztiz, aitorpen sozial hori hutsaren hurrenean agertzen da administrazio publikoen aldetiko laguntzak jasotzeaz ari garela, atal honetara oso sos urri bideratzen dituztelako. Europar Komunitateko Estatistikaren Bulegoak (Eurostat) eginiko txostenaren arabera, Espainia da Europa osoan familiarentzat gastu sozial urrien eskaintzen duen herrialdea: 2000 urtean alor horretara Barne Produktu Gordinaren %2,7 baizik ez zuen bideratu, Europa osokoaren batez bestekoa %8,2 izaki.

Famili Politikarako Institutuak Europako hamar estatutan datuak bildu baditu ere, norberaren karguan seme-alabarik izateagatiko prestazioa errenta-mailaren arabera aldatzea Espainian bakarrik gertatzen da; beste bederatzi estatuetan prestazio horrek izaera unibertsala du: familia guztiei kopuru bera ematen zaie, diru-sarreren munta kontuan izan gabe.

Espainian familia batek 11 seme-alaba ekarri beharko lituzke, urtean 1,5 milioi pezeta baino gutxiago irabazita, Alemanian bi seme-alabako familiak (errenta maila zeinahi duela ere) jasotzen dituen prestazio berak eskuratzeko. Laguntza ekonomiko eskas horrek jaiotze-tasan duen eragina begi bistakoa da: Espainia da familia gutxien laguntzen duen estatua eta, aldi berean, jaiotze-tasarik apalenekoa (1,2 seme-alaba, belaunaldi-ordezkotza gauzatzeko 2,1 premiazkoa izaki).

Aurrerantzean familia ugariek errazago izango dute panorama, kolektibo horrentzako laguntzak gehitzeko balioko omen duen legea prestatzen ari delako Gobernua. Lege berri horren arabera, bi seme-alaba baino gehiago dituzten familiek hezkuntza eta etxebizitza alorretan onurak izango dituzte. Horrez gainera, laguntza horiek jasotzeko betebeharrekoak diren eskakizunak arindu egingo dira eta haurtzaindegietan beste laurehun mila plaza sortuko dira. Plana datorren urtean sartuko da indarrean eta, zerga-kontuetan, seme-alaba bakoitzeko %27rainoko kenketak egitea (egun, %16koa da) eta lanean dabilen ama-jendeari hilero laguntzak ematea ere aurreikusia du.

Erkidegoz erkidego

Espainian, familiarentzako laguntzak bi eratan jasotzen dira: zuzeneko laguntza gisa eta zerga-kenketa modura. Zuzeneko laguntzak Administrazioak famili unitateari diru-kopuru jakin bat (zatika edo osorik) ordaintzen dio; zerga-kenketak, berriz, errenta-aitorpena egitean famili buruek kontabilizatzen duten onura fiskalak dira.

Espainian, hamar erkidegok bakarrik dituzte zuzeneko eta bestelako laguntzak aurreikusiak eta bostek baino ez dituzte ematen laguntza horiek errenta-maila kontutan hartzeke. Andaluzia, Kantabria, Gaztela eta Leon, Katalunia, Galizia eta Nafarroan badira seme-alaben arabera aldatzen diren laguntzak eta erditze ugarientzako berariazkoak baina, dena den, kontzeptua ez dago argi, Kanariak, Aragoi eta Murtzian erditze ugaria hiru umetik aurrerakoa baizik ez delako. Nolanahi ere, zuzeneko laguntza horiek jasotzeko erraztasun gehien dauzkatenak Nafarroan eta Gaztela eta Leonen bizi direnak dira. Nafarroan, adibidez, badago hileko 330 euroko laguntzak eskatzea bigarren seme-alabatik aurrera (urtebetez jasotzekoak). Familia ugaldu egiten bada, kopuru hori hiru urtez jasoko dute gurasoek. Hirugarren umea ekartzekotan, Foru Komunitateak ordainketa bakarrean 1.985 euro entregatuko dio familiari. Eta erditze ugariak gertatzen direnean, azkenik, aukerak asko dira: urtebetean 72 euro hilekotik hasita, 10 urtez 60 euro hilean eta ume bakoitzeko jasotzeraino. Gaztela eta Leonek, berriz, urtean 21.035 euro baino diru-sarrera txikiagoak dituzten familiei ordaintzen dizkie 601 eurotik 1.803 euro bitarte, hirugarren umea jaiotzearren, ordainketa bakarrean, famili unitatearen urteko errenta 36.060 euro baino txikiagoa denean, bakarrik.

PFEZen tratamendua

Hamaika erkidegok aplikatzen dituzte zerga-kenketak hainbat kontzepturengatik. Balearrak bakarrik ez du PFEZen kenketarik xedatuta autonomi erkidegoz kanpo ikasketak egitearren, bera uharte-multzoa izaki, bertako Unibertsitate Barrutian ez dauden ikasketak egiten dituzten gazteentzako garraioa dezente garestiagoa den arren.

Seme-alabak norbere ardurapean izatearren famili buruak errenta aitorpenean ager dezakeen kenketek alde handiak dituzte, erkidego batetik bestera: lehen umeagatiko 36 euroetatik (kanarietan) Nafarroako 1.502 euroak arte. Valentziar Erkidegoan hirugarren seme-alaba jaio arte itxaron behar da 150 euroren kenketa lortzeko. Kenketen atal honetan familia ugariek ere aparteko kapitulua osatzen dute: apartekoa bai, baina ez oparoagoa. Kanarietan, Galizia eta Gaztela eta Leonen bakarrik egiten zaizkie zergetan kenketak horrelako familiei: 120 euroetatik (Galizia) 210 euroetaraino (Gaztela eta Leon). Galizian, umeak zaintzen dituen neskamea duen familia bat urtean 180 eurorainoko kenketaz onura daiteke.

Bai prestazioak, bai kenketak kontuan izaki (eta, bietatik aurrekoek garrantzi gutxiago dutela jakinik), Nafarroa, Gaztela eta Leon, Katalunia eta Euskadi familiekin eskuzabalenak direla esan dezakegu.

Espainiako Famili Politikarako Institutuak arestian Valentzian eginiko topaketetan ateratako datuen arabera, seme-alaba bakarra duen biote batek, urtean 9.000 euro irabazten baldin badituzte bien artean, laguntzarik jasoko du Gaztela eta Leonen (600 euroko ordainketa bakarra) eta Katalunian (hiru urtez, urtean 481 euro). Bigarren umea ekartzean, Euskadin, Katalunian, Nafarroan eta Gaztela eta Leonen bizi diren gurasoek izango dute laguntzarik jasotzeko eskubidea.

Administrazioak, dena den, aldaketak iragartzen ari dira. Gaztela-Mantxako Gobernuak, seme-alabak zaintzeko eszedentzia eskatzen duten gurasoei 900 euroko laguntza emango diela iragarri du; Kantabriakoak, berriz, hiru urte bitarteko haurrak dituzten amei hilean 100 euro ordaintzea erabaki du; Gaztela eta Leongoak familiei zergetan bestelako kenketak egin eta, eszedentziak saritzearren, dirulaguntzak ematea aurreikusia du; Valentziako Generalitatek 2003rako Aurrekontuak Laguntzeko Lege-Aurreproiektua onetsi du, bertan bigarren umea jaio edo adoptatzearren 150 euroko kenketa aurreikusirik.

Europan atzena

Espainia Batasun Europarreko azken postuan dabil oraino seme-alabengatiko famili laguntzetan. Hiru urte arteko ama langileei Espainiako Gobernuak ordaintzen dizkien hileko 100 euro horiek ez dute balio amatasunagatiko prestazioetan Estatu espainiarrak betetzen duen atzeneko postutik ateratzeko. Frantzian, adibidez, haurdunaldiko 4. hilabetetik umeak hiru urte bete arte emakumeak 158 euro hilean jasotzen ditu, besteren kontutik lanean dabilela edo etxekoandre dela. Horrezaz gainera, seme-alabak bi baldin badira, hilean 110 euro kobratuko dute gazteek 20 urte bete bitartean; hiru ume izatekotan hileko laguntza 250 euro da. Familiaren babesean sartzen da, era berean, 487 euroko dirulaguntza, aitak edo amak lana uzten baldin badu; seme-alaba haurtzaindegira badoa, laguntza hori 1.524 euroraino iritsiko da, hiruhilekoan.

Espainian, berriz, Famili Politikarako Institutuaren arabera, 100 euroko laguntza ehun familia espainiarretik seik bakarrik jasotzen dute, onuradunak baitira osoko jardunaldian hilean 15 egun edo gehiago lan egiten dutenak edo, jardunaldi erdian badabiltza, hilean 20 egun baino gehiago egiten dutenak. Lanean autonomo dabiltzan emakumeek eta langabezian daudenek ezin eska dezakete horrelakorik.

Laguntzetan ere, alde handiak

Familiarentzako laguntzak, oro har, seme-alaben aurreneko urteetan eta erditze ugariak izatean ematen zaizkie interesatuei eta, gainera, errenta-mailaren araberakoak izaten dira. Europako gainontzeko estatuetan, aldiz, jaiotako ume bakoitzeko entregatzen dira laguntzak, gurasoen irabaziak zeinahi direla ere.

Alemanian, adibidez, ume bakoitzeko jasotzen du laguntza familiak: Estatuak gurasoei, lehen eta bigarren seme-alabengatik hilean 132 euro ematen dizkie, 150 euro hirugarrenagatik eta ia 180 euro, laugarrenetik aurrera. Diru-sarrerez kanpo jasotzen dira laguntza horiek, onuradunak 18 urteak bete arte, baina kasu batzietan 27 urteak bete arte ere luzatzen dira. Hezkuntzagatiko famili laguntza gehienez ere hilean 300 eurokoa izan daiteke, baldin eta gurasoen diru-sarrerak urtean 59.000 euro baino txikiagoak badira. Italiako Gobernuak seme-alabagatiko kenketa fiskalak gehitu egin ditu, ezkontidearenen parean jarri arte: 542 euro urtean, alegia. Adopzioari buruzko legeak soildu eta haurtzaindegiak sustatu egin dituzte, aldi berean. Erantzukizuna esklusibo izatekotan lanera ez joateko gurasoen baimena hiru hilabeteraino luzatu da eta ama ezkongabeak ere laguntzak jasotzen ditu. Ipar Europako herrialdeak dira familiarentzako paradisua: lehen, bigarren eta hirugarren seme-alabarentzako laguntzak 10.200 eta 48.000 euro bitartekoak dira, familia horren ume-kopuruaren arabera. Lanera joan ordez, umeak zaintzea erabaki duten gurasoei ere aparteko dirulaguntzak ematen zaizkie.

Famili Ardurak dituen Enpresa

Guraso izateko garaian, bikoteei gaur egun aurkezten zaien kezka nagusietako bat, umeen premiak eta lanorduak elkargarri bihurtzeko zailtasuna da. Ikerkuntza Soziologikoen Zentroaren (CIS) arabera, lana eta famili bizitza elkarrekin egokitzeko zailtasunak dira seme-alabarik ez ekartzeko hirugarren argudioa. Mundu osoan jaiotze-tasa apaleneko estatua Espainia da: 1,2 ume ama bakoitzeko, belaunaldia berritzeko gutxienekoa 2,1 izaki. 2001 urtean Familia Laguntzeko Osoko Plana sortu zuen Espainiako Gobernuak baina egun bat ere garatzeke dago. Familia Ugarien Espainiako Federazio Nazionalak, beste hainbat erakunderekin batera, Famili Ardurak dituen Enpresaren egiaztagiria sortu du: horren bitartez, famili eta lan alorretako interesak bata bestearekin egokitzea ahalbideratuko duten politika aproposa eratu eta garatzen duten enpresak ezagutarazi eta sarituko dira. Hona eskatzen den kolaborazioa: enpresen aldetik, espazio eta ordutegian, malgutasun handiagoa, bizi-aseguruak, erretiro planak, ezkontide eta seme-alabentzako osasun-aseguruak eta haurtzaindegia enpresan bertan izatea.

Familiari buruzko Jardunaldien zuzendari izan den M. Carmen Mateu andrearen arabera, familian behar bezalako inbertsiorik ez izatea, egiazko famili politikarik ez egitearen ondorio da. Famili politika da “familiari eguneroko bizimoduari aurre egitea errazten diona, gurasoei nahi bezainbeste ume ekartzen laguntzea, horien lan, famili eta giza garapenerako alorrak modu eraikitzaile eta humanoan integratzea; krisi familiarrak gainditzen laguntzea, seme-alabak hezteko gurasoek duten eskubidea aintzat hartzea, gurasoen eta elkarteen partaidetza eragilea sustatzea eta, berariazko neurriak hartuz, premia jakinak dituzten familiak gogoan izatea”.

Seme-alabak dituzten familiei Administrazioak ematen dizkien bestelako laguntzak

Errentaren aitorpena

Aurten indarrean sartu den PFEZ berriak, elkarren baztertzaile ez diren (hau da, metatzeko modukoak diren) hiru laguntza-mota aurreikusten ditu:

  • Seme-alabak dituzten familientzako kenketak: bigarren umetik (ez hirugarrenetik, orain arte bezala) hasita, kenketa handiagoa izango da:

    • Ume bakarragatik: 1.400 euro
    • Bi umerengatik: 2.900 euro
    • Hiru umerengatik: 5.100 euro
    • Lau umerengatik: 7.400 euro
    • Hortik aurrera, ume bakoitzeko, beste 2.300 euroko kenketa gehitu behar.
  • Hiru urte bitarteko umeen amak: Espainiako PFEZ berriak, hiru urte bitarteko seme-alaba bakoitza zaintzearren 1.200 euroko kenketa egitea xedatzen du, osoko kenketari gehitu behar zaiona. Aitorpena egitean ez da premiazkoa izango umea zaintzeagatiko gastuak frogatzea. Laguntza hori ama guztiek jaso ahal izango dute, etxekoandre izan, langile izan.
  • Hiru urte bitarteko langile emakumeak: etxetik kanpo lanean dabiltzan eta 3 urte arteko umerik duten amek, adi horretarainoko ume bakoitzetik hilean 100 euro jaso ahal izango dute. Laguntza hau telefono eta Interneten bitartez ez ezik, Zerga Agentzian eta Erregistro Zibilean ere eskatu ahal izango da. Ez dago errenta-mugarik eta, beren diru-sarrerak halakoxeak izatearren, errenta-aitorpenik egin behar ez duten amek ere eska dezakete. Lanean ibili eta Gizarte Segurantzan alta emanik egotea aski da horretarako.
  • 65 urtetik gorako pertsonak dituzten familiak: kenketa 600 eurotik 800 eurora igaroko da. Era berean, 75 urtetik gorakoen asistentziagatik ere beste kenketa bat xedatu du PFEZ berriak, egiaztagiririk aurkeztu beharrik izateke.

Gizarte Segurantzako prestazioak

  • Familiaren kargura bizi diren 18 urte arteko seme-alabengatik: 291 euro urteko eskatu ahal izango dute bai familiek, bai seme-alaba horien zaintza bereganatua duten bananduriko gurasoek ere. Diru-sarrerak ez dira urtean 7.954 euro baino handiagoak izango.
  • Seme-alaba ezinduengatik: 582 euro urtean, seme-alaba ezindurik duen familiarentzat, horren ezintasun-gradua, gutxienez, %33 baldin bada eta 18 urte baino gutxiago baditu. Kopurua 3.012 euro izango da ezintasuna %65koa denean, ezindua adinez heldu bada.

Enplegu alorreko laguntzak

  • Asistentzi mailako langabeziagatiko prestazioa: langabezi egoera legala gertatzean, kontribuzio-prestazioa jasotzeko eskubidea irabazteko gutxieneko epean kotizatu ez duten arren, ekonomikoki beren ardurapean pertsonak dituzten langileei eskaintzen zaizkie, baldin eta:
    • ezkontidea beraren ardurapean baldin badago
    • 26 urte bitarteko seme-alabak
    • adinez heldu ezinduak
    • 18 urte bitarteko babestuak

Prestazio honen onuradun izateko, famili unitatearen osoko errentaren munta zati familia hori osatzen duten senideen emaitzak ez da Lanbide arteko Gutxieneko Jornalaren (LGJ) %75 baino handiagoa izan behar. Laguntza horren munta LGJ-ren %75 da eta tokian tokiko INERM bulegoan eskatu behar da.