Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Hamabi aireporturen hainbat alderdi aztertu dira: sarbideak, zerbitzuak, segurtasuna, erosotasuna, aisia, antolamendua, garbitasuna eta mantentzea : Erosotasun eta komunikazioei dagokienez, Espainiako aireportu nagusi gehientsuenek hobera egin behar dute

Seguruak dira, garbi eta egoera onean daude eta aireportu batek eduki behar dituen zerbitzu guztiak eskaintzen badituzte ere, badira hobetu beharreko hainbat kontu

Mugikortasun eta antolamendua

Mugikortasun eskaseko pertsonen premietara daude egokiturik aireportu guztiak, baina ez ikusmenean arazo larriak dituzten edo erabat itsu diren pertsonenetara. Aireportuen erdiak hartu duen neurri bakarra, zenbakiak braille sistemaz ere adierazita dituzten igogailuak jartzea izan da (Alacant, Valentzia, Kanaria Handi, Bilbo, Santiago eta Sevillan halaxe daude). Bartzelonako Prateko aireportuan, aldiz, aparkaleku berriko igogailuak bakarrik daude itsuentzat egokiturik.

Seinaleez ari garela, instalazioetako ordutegiaren kartel adierazlerik ez zen ikusi oraingoan aztertutako aireportuetako bakar batean ere. Espainiako aireportuek bi ordutegi-mota dituzte: H12 edo H24; horrek esan nahi du bertako zerbitzuak (ez gara komertzioaz edo ostalaritzaz ari) egunean 12 edo 24 orduz daudela erabilgarri. Aireportuko gune batetik bestera errazkiago joatea eta zerbitzu guneak aiseago aurkitzeko gezi edo argibideei dagokiela, gune horiek denetan daude ongi adierazita. Horri esker, Alacant, Valentzia, Malaga, Iruñea, Madril, Kanaria Handi eta Santiagokoak harro egon daitezke bertako orientazio-erraztasun handiaz; gainerakoetan ona da alderdi horrek merezi duen kalifikazioa. Helduera eta irteeren informazio-pantailak badiren, nolakoak diren eta non kokatuta dauden kontuan izaki, hiru aireportutik bitan kokapen hobezina dute pantaila horiek eta behar adinakoak dira. Horrela gertatzen da Valentzia, Malaga, Iruñea, Madril, Bartzelona, Palma, Donostia eta Sevillako aireportuetan. Gainontzeko aireportuak nekez iristen dira “erdipurdiko” batera, pantailen kopurua aski ez delako eta, gainera, aireportuko hainbat gune garrantzitsutan ez daudelako.

Malaga, Madril eta Loiuko (Bilbo) aireportuetan megafoni sistema ez da argi aditzen toki guztietatik. Informazioa (karteletan, idatzizkoa, megafoni bidezkoa) eskaintzeko baliatzen diren hizkuntzen atalean, berriz, sekulako ahalegina hauteman da aireportu guztietan: den-denetan informazio gehiena bi, hiru edo lau hizkuntzatan ematen da. Mintzaira nagusiak ingelesa eta espainiera diren arren, aireportu askok informazioa hizkuntza lokalean, alemanez edo frantsesez eskaintzen dute.

Erosotasun eta aisia

Adierazitako ordua baino geroago hegazkina hartu behar duten bidaiariek eta, era berean, garaiz iritsiko ez diren bidaiariei harrera egitera etorri diren erabiltzaileek, itxaronaldi luzeak denek jasaten dituzte aireportuan, maiz jasan ere. Berez aspergarriak direlarik, deseroso eta neketsu ere bihur daitezke egonaldi luze horiek. Erosotasuna dela eta, funtsezkoa da aireportuek komertzio edo ostalaritzako establezimenduen jabetzakoak ez izanik, aulki, besaulki eta antzekoez hornitutako atseden-guneak eskaintzea. Ez bidaiariek, ez bere bila joan direnek ere, ez dute zertan aparteko dirurik gastatu gutxieneko erosotasunez itxarotearren: txartelaren prezioan sarturik beharko luke, berez, zerbitzu horrek. Valentzia, Malaga, Iruñea, Madril, Kanaria Handi, Palma, Santiago eta Donostiako aireportuetan badira nahikoa atseden gune eta behar bezala banatuta daude; gainera, erabiltzailearentzat eroso gertatzen dira. Gainontzekoetan -Alacanten izan ezik: bertan, gune batekoak soilik dira eroso- horien kopurua urria izateaz gain, ez dira erosoak edota eskasak dira. Horregatik atseden guneei buruzko kalifikazioa “erdipurdi” gordinean gelditu da gehienetan. Hegaldien zain, kanpora doan bidaiaria laguntzen edo kanpotik datorrenaren zain dauden erabiltzaile eta bisitarien egonaldia atsegin bihurtzeko eginiko ahaleginari dagokiola, hobetzeko modukoa da egungo panorama, inondik ere. Proba gainditu dutenak Malaga (pintura erakusketa bat ez ezik, txikientzako jolastoki bat zegoen), Donostia (koadro eta zeramiken erakusketa, batetik, automobilena bestetik) eta Madrilgo (haurrentzako aisi gunea du) aireportuak baizik ez dira. Sevillakoak “Andaluzia eta hegazkintza” erakusketari esker “erdipurdiko” kalifikazioa jaso du atal honetan. Gainerako zortzi aireportuek ez dute gainditu itxaronaldia atsegin bilakatzeko aukeren proba.

Aireportuko zerbitzuak

Erabiltzaileez arduratzeko pertsonala instalazioetan zehar behar bezala banatuta eta behar bezainbestekoa dute aireportu denek (txikiak direnean, Informazio zerbitzuan bakarrik). Jendeaz arduratzeaz, behintzat, Alacant eta Sevillako aireportuetako pertsonalak agerturiko adeitasuna eta emaniko informazioaren kalitatea, behintzat, ez ziren nabarmen agertu. Palma eta Santiagokoetan, aldiz, AENA-ko pertsonalak gure teknikoa lagundu zuen galdetutako tokiraino (nahiz eta hori, erabiltzaileekin AENA-k gogo onez harturiko konpromiso hutsa baizik ez zen).

Valentziakoan iradokizunak egiteko postontzi bat ageri-agerian zegoen eta erreklamazio-orriak inolako eragozpenik jarri gabe ematen zituzten. Dena dela, gainerako aireportuek, postontzi hori toki ikusgarrian ez bazuten ere, erreklamazio orriak inolako oztoporik jarri gabe eman zituzten. CONSUMER-eko teknikoek egin zuten kontsultan eskainitako arreta eta zerbitzua onartzeko modukoak ez zirela ikusi zen Alacant eta Sevillako aireportuetan; Valentzia, Iruñea, Madril, Canarias eta Bilbokoetan eginikoek, aldiz, adeitasun eta jendearenganako arreta izan zuten bereizgarri. Aireportu guztiek ageri-agerian eduki beharko luketen Europar Batasuneko Bidaiarien Eskubideen Kartari dagokiola, ez zeukaten Santiagokoan (bertako pertsonalak argudiatu zuenez, ezagutu ere, ez zuten ezagutzen agiri hori).

Madril eta Donostiakoak bakarrik daukate kontsigna-zerbitzua aireportuan; gainerakoek ez diote erabiltzaileari ekipajea aldi batez gordetzeko aukerarik ematen. Aireportu baten beste alderdi kritiko bat, ekipajea garraiatzeko karrotxoa da: behar bezainbeste eta behar den tokietan ote dauden, alegia. Aireportuen erdietan (Alacant, Iruñea, Bartzelona, Bilbo, Sevilla eta Donostiakoan) karrotxo horiek ez ziren behar adinakoak edo bestelako gabeziaren bat agertzen zuten. Haurtxoei fardelak aldatzeko zerbitzua, berriz, Donostiakoak bakarrik eskaintzen du. Malaga, Madril, Bartzelona, Palma, Bilbo eta Sevillakoan bakarrik ahalbideratzen zaio aitari eginkizun hori betetzea; aireportu horietan, bietako bat, edo bada haurtxoak aldatzeko tresneria emakume zein gizonezkoen komunetan, edo zerbitzu hori berariaz betetzeko toki berezia dute. Gainontzekoetan, emakumea izango da nahitaez haurraz arduratuko dena.

Ostalaritzako prezioetan berebiziko aldeak hauteman ziren, batetik bestera. Iruñea, Madril, Kanaria Handi eta Palmako aireportuetako kafetegien garestitasuna nabarmendu zen bitartean, merkeenen artean agertzen dira Alacant, Malaga, Bartzelona, Bilbo eta Santiagokoa. Freskagarri garestiena Kanaria Handikoan hartu zen (2,10 euro) eta merkeena Bilbon (1,25 euro). Kafearen muturreko prezioak Palman (1,32 euro) eta Santiagon (0,85 euro) ordaindu ziren. Makina edari-saltzaileez ari garela, prezio garestiena Iruñean ordaintzen da (lata bat freskagarri 1,95 euro kostatzen da) eta Bilbokoak du denetan merkeena (1,05 euro baizik ez koladun freskagarria latan). Alacant eta Palmako aireportuetan ez zen aurkitu makina edari-saltzailerik. Zerbitzuen ugaritasunean Madrilgoa nabarmentzen da: gutxienekoak (informazioa, bidaiariaren arreta, moneta trukea, kutxazain automatikoa, jatetxe eta kafetegia, komun arruntak eta ezinduentzako berariazkoak eta ibilgailuen alogera) ez ezik, haurtzaindegia, ekipajeen kontsigna, banka bulegoak, erlijio zerbitzuak eta beste hainbat eskaintzen ditu. Zerbitzu gutxien eskaintzen dituztenak Alacant, Valentzia eta Iruñekoa dira.

Aireportuko aparkalekuan ibilgailua ordubetez uztea euro bat baino gehixeago kostatuko zaigu, batez beste. Adiera honetan garestienak Madril eta Bartzelonakoa izan ziren (1,30 euro orduko), Santiago (1,20 euro) eta Malaga (1,14 euro). Merkeenak, aitzitik, Valentzia (0,80 euro), Palma eta Bilbo (0,82 euro) dira. Gainerakoak batez besteko horren ertzean dabiltza. Ibilgailua egun osoa uztea baldin bada kontua, berriz, aldeak handiak dira. Bilboko aireportua (ordubetez uzteko merkeenetako bat izaki) bigarren garestiena dugu, egunean 9,75 euro kostatzen delarik. Horren aurrean Madrilgoa bakarrik dago: 11,35 euro, hau da, hamar aireportuen batez bestekoa (8,17 euro eguneko) baino hiru euro garestiago. Iruñea eta Donostian aparkalekua dohainekoa da. Madril eta Bilbokoaren ondotik Bartzelonakoa dator (9,10 euro). Ibilgailua egun osoa uztearren gutxien kobratzen dutenak Valentzia, Palma eta Sevillakoak dira (6,50 euro eguneko, hauetan denetan).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak