Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Oinezkoentzako alderdiak: hamahiru hiritako oinezkoentzako 57 kale bereziren azterketa : Erdiek baino gehiago ez dute proba gainditu

Sarri gertatzen dira ibilgailuei ezarritako murrizketen aurkako lege hausteak, seinaleztapen eta irisgarritasun alorrean huts egin dute gehienek, eta kale askotan ekipamendua urriegia da

Zamalanak egiteko ordutegia

/imgs/20040501/img.tema-portada04.jpg
Hiri batetik bestera zamalanak egiteko ordutegiak arras aldatzen badira ere, zabalak dira, oro har (egunean hiru ordu gutxienez; kasuren batean goizean lauzpabost edo gehiago eta arratsaldean beste hainbat); horrek esan nahi du alderdi hori egunean nahi baino ordu gutxiagotan dela oinezkoentzat hutsa (hau da, kamioi, automobil, motor edota furgonetarik gabea). Interesen gatazka ikusten da bertan: alde batetik, oinezkoek -erosotasun eta segurtasunagatik- alderdi hori trafikorik gabea nahiago dute; bestetik, trafikotik at utzi dituzten kale horietako establezimendu eta bestelako eraikinetan gaiak kargatu eta deskargatu behar dituzten profesionalen iritzia. Bartzelona, Murtzia, Almeria eta Alacanten permisibitatea neurriz kanpokotzat jo da, aipatutako lau hirietan goizean zamalanak egiteko ezarrita dagoen ordutegi zabala izateaz gainera, ibilgailu profesional horiei arratsaldeko zortziak arte ere zabaltzen zaizkielako ateak. Iruñean, ordutegi horien diseinua “hala moduzko” gisa kalifikatu dute: zamalanak arratsaldeko ordu bietatik lau eta erdiak arte bakarrik egin daitezkeelako; tarte horretan oinezkoen intentsitatea ez da arratsaldeko seietatik aurrerakoa bezain trinkoa, jakina. Konponbide egokiena Malagakoa da, aztertzaileen iritziz: ibilgailuak ezin dira oinezkoentzako alderdietan sartu eta zamalanak esku-karroen bidez egin behar dira. Bilboko egoera ere ona da: alderdietako batean (Gran Vía) ezin daiteke zamalanik egin eta beste lauetan goizeko zortzietatik hamaikak arte bakarrik daude kaleak zabalik horrelakoak egiteko. Amaitzeko, Coruña, Oviedo, Gasteiz, Donostia eta Madrilgo ordutegiak onartzeko modukoak baizik ez dira: lau ordutik gora, goizean bakarrik. Madrilen bereziki, Carmen eta Preciados kaleetan zamalanak gauez bakarrik egiten dira.

Trafikoaren murrizketa-arauak urratzea

/imgs/20040501/img.tema-portada05.jpg Oinezkoentzako alderdia eta hiriko beste zeinahi karrika bereizten duen faktore nagusia, bertan ia ibilgailurik ez ikustea da, ez geldirik, ez martxan. Dena den, teoria eta praktika hemen ere ez dira gauza bera: aldizkari honetako teknikariek ederki nozitu zuten hori oinezkoentzako 57 kale horietako egunerokotasunari egunean hainbat orduz so zeudenean eta trafikotik bereizitako zona horietan ibilgailuarekin sartu nahi izan zutenean; baita, lortutakoan, ibilgailua bertan aparkatu zutenean ere. CONSUMER-ek eginiko txostenak egiaztatzen duenez, oinezkoentzako hiru kaletatik batean baziren ibilgailuak aparkaturik zamalanak egiteko ordutegietatik kanpo. Coruña, Oviedo, Bilbo eta Murtzian bisitatu ziren oinezkoentzako alderdietan bakarrik ez zen ikusi ibilgailu aparkaturik baimendutako ordutegitik kanpo. Proba praktiko honetan, bidezkoa den bezala, baimendutako ibilgailuak ez ziren kontuan hartu: taxiak, polizien automobilak, obretakoak, garbiketa lanak egiten dituztenak, anbulantziak, ezinduen ibilgailuak, etab.

Valentzian azterturiko kale guzti-guztietan zeuden ibilgailuak aparkaturik; Gasteiz eta Bartzelonako kaleen %60tan ikusi ziren eta Almeriakoen eta Donostiakoen erdietan. Oinezkoentzako kaleetan hauteman ziren ibilgailu aparkatuen kopurua asko aldatzen da hiri batetik bestera baina denetan nabarmentzekoa da Donostiako Getaria kalea (17 ibilgailu aparkatu) eta Valentziako Monduber kalea (6 ibilgailu). Gainerakoetan ibilgailu gutxi zegoen aparkaturik, gehienetan, oinezkoen ibilera normala eragotziz. Aipa dezagun, bukatzeko, kale horietan gaizki utzitako ibilgailu haietatik bakar batek ez zuela isunik jarrita.

Nolako kontrola zegoen atzemateko helburuz, CONSUMER-eko teknikariak oinezkoentzako kale horietan guztietan sartzen ahalegindu ziren (zamalanetarako ezarrita dagoen ordutegitik kanpo, ondorioak harik eta nabarmenagoak izan zitezen) eta, sartu ondoren, ibilgailua kale berezi horietan 15 minutuz aparkatu zuten. Proba praktiko horren emaitzak frogatu duenez, kasuen erdietan ibilgailuan sartu ahal izan zen, hura galarazteko polizien presentziarik edota bestelako inongo eragozpenik (pibot altxagarriak, hesiak, lorontziak, etc.) ez baitzuen gidariak topatu. Atal honetan okerren baloratu diren oinezkoentzako kaleak Bartzelona eta Valentziakoak dira, azterturiko gehien-gehienetan inolako eragozpenik gabe ibilgailua sartu ez ezik aparkatu ere ahal izan zutelako gure teknikariek. Oviedo, Bilbo eta Gasteizen azterturiko kaleen %60tan sartu eta aparkatu ahal izan zuten. Gasteizko hiru kaletan automobila utzi ahal izan zuten eta beste bitan ez zuten sartzerik izan, zoruan pibotak edota bolardoak zeudelako. Donostia, Almeria eta Alacanten ibilgailua sartu eta aparkatu ahal izan zuten oinezkoentzako kaleen erdietan. Coruña, Iruñea eta Malagan bisitaturiko oinezkoentzako kale bakar batean sartu ahal izan zuten ibilgailua. Hoberenak, azkenik: Madril eta Murtzian azterturiko oinezkoentzako kale bakar batean ez zuten sartzerik izan. Murtzian bereziki, azterturiko kale guztietan sarrera udaltzaingoak galarazi zuen. Amaitzeko nabarmen dezagun sartzerik izan ez genuen oinezkoentzako 10 kaletatik 6tan, berariazko baimena ez zeukan ibilgailuari sarbidea debekatu ziona. udaltzaingoa izan zela.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak