101 kanpin ikuskaturik

Erdiak ez daude elbarrientzat egokiturik

Iritsi da uda eta udarekin eguraldi ona. Eguzkiak berotu egiten du eta oraindik oporrik hartu ez duena, ilusioz beterik izango da urte guztiko lanak eta errutinak pilatutako nekea astintzeko aukeraren zain.
1 uztaila de 1999
Img temap

Erdiak ez daude elbarrientzat egokiturik

Alojamendu-eskaintza ez da hotel eta apartamenduena bakarrik; naturatik hurbilago bizi izateko aukera ematen digute kanpinek. Ostatu mota ohikoenen erosotasunetatik urruti daude itxuraz oraindik, baina kanpin denda jarri edo karabana edo movil-home izenekoa gozatzea turismo egiteko beste modu bat da, aurtengo udan estatu espainiarreko kanpinak bisitatuko dituzten lau milioi eta erdi lagunentzat.

CONSUMER aldizkariak aurtengo maiatzean irekita zeuden lehen, bigarren eta hirugarren kategoriako 101 kanpin bisitatu ditu. Aldizkari honetako teknikariek 2 kanpaleku bisitatu dituzte Araban, 14 Alacanten eta Cantabrian, 13 Bartzelonan, 7 Gipuzkoan, 3 Errioxan, 8 Madrilen, 11 Malagan, 9 Murtzian, 7 Nafarroan, 9 Valentzian y 4 Bizkaian. Azterketa honek hartzen duen eremu geografikoan 333 kanpin daude, eta beraz, txostenetik ateratzen diren datuek kanpalekuen %30a ordezkatzen dute gutxi gorabehera. Ondorio garrantzitsuenen artean, kanpin baten kategoriak eta prezioak ez duela beti zerbitzuen kalitatea adierazten (erabiltzaileak iruzurra senti dezake, txostenean ikusi denez, kasu bat baino gehiagotan). Bestalde, kanpinen %20aren ekipamenduak ez ditu erabiltzaileen oinarrizko beharrak asetzen, kanpinen erdiak ez daude elbarrientzat egokituta (%18k baino ez ditu baldintza guztiak betetzen) eta azaleran sekulako aldeak daude: Gipuzkoa, Bizkaia, Alacant eta Cantabrian erabiltzaile bakoitzarentzako batezbesteko lekua ez da 50 metro karratura iristen.

Hamarretik bik, suspentso

Kanpinen ebaluaketa ponderatua egin ondoren, (CONSUMERen irizpide bereziak jarraitu dira: kalitate-prezio erlazioa, ekipamendua eta segurtasuna abiapuntu hartuta, baina alojamendu mota honen berezitasunak ahaztu gabe) lortutako batezbesteko nota nahiko apala izan zen: 10etik 5,8 puntu baino ez. Onenak Madrilen eta Nafarroan daude (ia 7 puntuko batezbestekoa). Errioxa, Murtzia, Bizkaia, Araba, Bartzelona, Kantabria, Gipuzkoa, Valentzia, eta Alacantekoak ere aprobatura iritsi ziren (batezbestekoan), 6,2 eta 5,3 puntu bitarte atera baitzituzten, beherazko ordenan. Kalifikaziorik txarrena Malagakoek erdietsi dute, batezbeste 4,9 puntu besterik ez baitute atera. Pisuzko beste ondorio bat: kanpinen %20ak CONSUMERek oinarrizkotzat jotzen duen prestaziorik ez duelako suspenditu du. Beste muturrean, honako hauek dira 17 kanpin onenak: El Teularet (Valentzia); Itxaspe (Gipuzkoa); Angosto (Araba); La Puerta eta Las Torres (Murtzia); Internacional La Marina eta Armanello (Alacant); Canto de la Gallina, Pico de la Miel eta Ardilla Roja (Madril); El Molino, Azedo, Riezu eta Lizarra (Nafarroa); eta Santa Marina, Molinos de Bareyo eta Playa Joyel, Kantabriakoak.

Segurtasuna kanpinean

Oraindik orain gertatu den zenbait hondamendik zalantzan jarri du kanpinetan erabiltzaileen segurtasuna bermatzeko nahikoa neurri hartzen ote den. Aztertu diren zentru guztiek diote betetzen dutela gai honetan legeak ezartzen duena. Segurtasun arloko espezialisten aholkuarekin, CONSUMEReko teknikariek kontsulta egin zuten 101 kanpinen artean eta horren arabera, Nafarroan kanpin guztiek dute larrialdi plana (estatu guztiko kanpinen artean, berriz, hamarretik lauk baino ez). Emaitza ez zen hain ona izan Murtzian eta Errioxan (lurralde bietan %66), ez eta Madril, Bizkaia, Araba eta Kantabrian ere, kanpinen erdiak besterik ez baitu larrialdi plana. Gainerako probintzietan gutxiengoa da neurri hauek hartzen dituena. Beste hainbeste gertatzen da ebakuazio-planei buruz ere eta Nafarroa da kontsultaturiko kanpin guztietan horrelakorik duen herrialde bakarra. Madrilen eta Bizkaian hirutik bitan daukate egina. Batezbesteko orokorra %45ekoa da. Suterik izanez gero, suitzalgailuek (azterturiko kanpin guztietan daude) eta ur-hartuneek erraztu egiten dute suhiltzaileen lana. Madril, Nafarroa, Bizkaia eta Arabako guztiek dituzte ur-hartuneak eta gainerakoen artean, lautik hirutan, Errioxan eta Malagan izan ezik, %66 eta %54an baitituzte hurrenez hurren. Larrialdiko argiteria funtsezkoa da arazoak gauez sortzen direnerako. Ia hamar kanpinetatik batek ez du prebentzio neurri hau eta Bartzelonan %30 dago larrialdiko argirik gabe. Aztertutako bestelako kontu batzuetan, Bartzelonako kanpinak ez daude perimetro guztian itxita (araudiaren arabera derrigorrezko izan arren) eta Valentziako batek eta Alacanteko beste batek ez dute zainketa zerbitzurik. Kanpinen %65ak bakarrik ematen die bezeroei larrialdi edo alarma egoeretarako neurrien berri. Alde positiboari begiratuta, ia kanpin guztietan kable elektrikoak lurpetik doaz, zati batean bada ere.

Prezioek ezer gutxi adierazten dute

Kanpin baten kategoriak ez du beti zerbitzuen kalitatea adierazten eta kasu batzuetan, erabiltzaileek iruzurra senti dezake, espero zutena aurkitu ez dutelako. CONSUMERek balizko lau kasu jarri ditu, kanpamendurik merkeenak zein probintziatan dauden eta kategorien artean prezioan zein alde dagoen jakiteko (ikus koadroak). Kanpinen erabiltzaileen adibiderik adieragarriena hauxe litzateke: senar-emazteak eta bost urteko umea, oporrak abuztuko lehen hamabostaldian; autoa eta kanpin-denda eramaten dute (alojamenduaren kostuan, denda jartzeko eta autoa aparkatzeko eskubidea sartzen dira; horrez gain, argindarra hartzeko eskubidea eta guztiari dagokion BEZa gehituta). Familia horrentzat kanpinik garestienak Alacantekoak dira, batezbesteko prezioa 56.600 pezetatik gorakoa baita. Tarifa merkexeagoak aurkitu genituen Bizkaia, Bartzelona eta Kantabrian, eta Valentzia, Madril, Errioxa, Malaga eta Gipuzkoan, berriz, prezioa 47.200 eta 43.800 pezeta bitartekoa izan zen, garestienetik merkeenerako ordenan. Murtziak eta Nafarroak eskaintzen dituzten familia eredu horrentzat preziorik merkeenak. Izan ere, bertako kanpinetan batezbeste 40.000 pezeta inguru ordaindu beharko bailuke hamabost eguneko kanpaldiaren truke. Araban maiatzean zeuden kanpin biak bigarren kategoriakoak dira. Batezbesteko prezioa (41.650 pezeta adibide honetako familiarentzat) normaltzat har daiteke maila horretako kanpinetarako. Gehietan, ordaindu beharreko kopuruak adierazten dio kontsumitzaileari zerbitzuaren kalitatea, baina kanpinetan ez da beti hala izaten. Adibidez, eta beti ere familia hori adibide hartuta, Nafarroako bigarren kategoriako kanpinetan batez beste 41.400 pezeta kobratzen da, Nafarroan aztertutako lehen kategoriakoetan baino 2.000 pezeta gehiago.

Elbarriak, marginaturik ia kanpinen erdietan

Kanpin askoren kalifikazioan eragin negatiboa izan dute elbarrientzako egokituta dauden ala ez begiratzean aurkitu diren hutsuneek. Panorama etsigarria dela erakusteko, hona hemen bi datu: Kanpinen %45ak ez du minusbaliadunentzako instalazio edo sarbide berezirik eta 18 kanpin baino ez dira zerbitzu guztiak egokituta dituztenak. Edo bestela esanda: kanpinen ia erdiak ez ditu minusbaliadunak ezertarako kontuan izan. Egoerarik onena Madrilen aurkitu dugu, izan ere, bisitaturiko zortzi kanpinetan hobekuntza-lanak eginak dituzte elbarrien egonaldiak errazteko (%37ak egokituta zituen instalazio guztiak, %62ak komun-bainugelak bakarrik eta %28ak kanpineko hainbat gune). Gainerako herrialdeetan oso inpresio kaskarra jaso genuen, Valentzian eta Kantabrian bereziki, bisitatutako kanpinen %70 ez baitzeuden bat ere egokituta. Errioxan eta Alacanten akanpalekuen %67ak eta %42ak hurrenez hurren, ez ditu kontuan hartzen elbarriak; egoera apur bat hobea da Bizkaian eta Araban, kanpinen erdian prestaturik baitzituen berariazko sarbide eta intalazilazioak erabiltzaile berezi horientzat.

Hutsune handiak zenbait kanpinetan

Madrilgo bi kanpinetan (San Juan eta Piscis-en), Gipuzkoako beste bitan (Saturraran eta Aritzetan) eta Kantabriako batean (San Juan Canalen) 25 eta 100 pezeta bitarte kobratzen dizkiote erabiltzaileari dutxan ur beroa baliatzeko. Baina prezioaren barruan sartu beharko luke eguneroko dutxak (are gehiago udan eta oporretan), gaur egun oinarrizko beharra baita. Dutxa kopuruari buruz, batezbesteko onena Alacanten dago (20 erabiltzaile dutxa bakoitzeko) eta eskasena Errioxan: 38 pertsonako dutxa bakarra. Kanpin guztiek zuten ur beroa gutxienez dutxa batzuetan. Norbere garbitasunarekin lotutako zerbitzuekin jarraituaz, Alacantekoak dira konketarik gehien duten kanpinak (14 erabiltzaile bakoitzeko bat) eta Errioxan ageri da, berriz ere, proportziorik eskasena (30 lagun, konketako). Ekipamendu mota honetan aipagarriak dira Gipuzkoa eta Aarabako kanpinak. Azkenik, komunetan ere Alacantek erakutsi du kopururik handiena ( 17 plazako komun bat), baina Kantabriakoetan bakarrik aurkitu da batezbesteko desegokia: 41 plazako komun bat. Beste hutsune bat arropa garbitzeko aukeretan aurkitu dugu. Latsarria edo harraska kanpin guzti-guztietan izan arren, kanpinen %15ak ez du ikuztegirik edo ikuzgailu automatikorik; horietako bat, Caravaning Marbella Playa, lehen kategoriakoa da. Beraz, kanpin askotan bezeroek ilaran itxoin edo harraskak erabili behar izaten dituzte arropak garbitzeko. Egoera larriagotu egiten da gainera, akanpalekuetan ez baita behar adina berariazko harraska izaten (40 plaza iturri bakoitzeko). Errioxan eta Malagan are proportzio txarragoa aurkitzen da: harraska bat 73 eta 54 pertsonako, hurrenez hurren. Halaber, ur berorik ez dago Malagan, Gipuzkoan eta Valentzian bisitaturiko kanpinen erdietako harrasketan eta Errioxa da ikuskaturiko zentru guztietako harrasketan ur beroa duen leku bakarra. Telefono publikoak ere urri dira kanpinetan, batezbeste telefono bakarra 336 laguneko (428 Madrilen, egoerarik txarrena, beraz; eta 175 Araban, onena). Deniako bigarren kategoriako Los Pinos kanpinak ez du telefono publikorik.

Taberna, denda, aparkalekua…

Taberna izatea balio erantsia da edozein kanpinentzat; ikusi besterik ez dago aztertutako 101 kanpinetatik bi direla zerbitzu hori falta dutenak: El Abogado (Malaga), hirugarren kategoriakoa, eta Los Pinos (Alacant), bigarrenekoa. Nafarroa, Bizkaia, Murtzia, Valentzia, Araba eta Malagako guztiek eskaintzen dituzte jatorduak eta Madril, Bartzelona, Gipuzkoa, Errioxa, Alacant eta Kantabriako gehietan ere bai. Jatetxea duten kanpinen proportzioa txikiagoa da (lautik hiru), zerbitzu hori derrigorrezkoa baita lehenengo kategoriako kanpinetan. Hala ere, Fuenmayor-eko kanpinak, Errioxan, ez du arau hori betetzen. Interesgarria izaten da kanpinetan erosketak egiteko supermerkatua edo denda izatea. Zabaldurik dago zerbitzu hori (kanpinen %90ak eskaintzen du). Hamarretik bederatzik autoa alokatutako partzelaren barruan edukitzeko aukera eskaintzen diote erabiltzaileari. Bestalde, kanpamenduen %62ak bakarrik du igerilekua. Errioxan, bisitaturiko hiru kanpinek dute eta Malaga, Valentzia, Madril eta Nafarroan ere zentrurik gehienek eskaintzen diete bezeroei igerilekua. Euskal Autonomia Erkidegokoak dira igerilekutan eskaintzarik eskasena dutenak: Bizkaian bisitaturiko lau kanpinetatik bakarrak dauka, Gipuzkoan 7tik bik eta Araban (kostarik eduki ez arren) batak ere ez du igerilekurik.

Osasun-laguntza, balio erantsia

Bisitatu ditugun 101 kanpinetan dago lehen laguntzetarako botikina bezeroen eskura baina osasun-laguntza ez da guztietan eskaintzen (lautik hirutan bakarrik). Zerbitzu hori oso garrantzitsua gerta liteke osasun-zentrua urruti duten kanpinetan. Osasun-laguntza kanpinen %75ak aipatzen du zerbitzuen artean, baina hamarretik batek baino ez du zerbitzu iraunkorra; kontsultaturikoen artetik %13tan puntualki eskaintzen da eta kanpinen erdia baino gehiagotan hitzartutako zerbitzua da. Aipagarria da Araba, lurralde horretako bi kanpinetako batean, Angostokoan, mediku-zerbitzu iraunkorra baitago. Notarik txarrena Nafarroarentzat da, kanpinetako batek ere ez baitu etengabeko mediku-zerbitzurik.

Birziklapena, eskas

Kanpinetan ez da erraza papera, beira eta pilak aparte botatzeko edukiontzirik aurkitzea. Hutsune horren arduradun nagusiak kanpinen jabeak dira, baina noren errua da jabeek administrazioari hiru edukiontzi horien eskaera egina badiote? Kexa horixe azaldu digu kanpinetako gestioaz arduratzen den zenbaitek. Kanpalekuen %18k bakarrik dauka papera jasotzeko edukiontzia eta Madril eta Arabakoak daude horretan egokien (bitik batek dauka) eta Bizkaia, Murtzia eta Errioxakoak okerren: ez dago papera biltzeko edukiontzirik kanpin batean ere. Pilak eta beira biltzeko untziak ere urri dira, baina %32 eta %42 dira, hurrenez hurren, turismorako zentru hauetan. Errioxa eta Bizkaikoak eskasen berriz ere, kasu batean ere ez baitzaie bezeroei beira apartatzeko aukerarik ematen eta Bizkaian kanpin bakar batek (lau aztertu dira) dauka pilak biltzeko lekua (Araban ez dago horrelakorik). Nafarroan eta Gipuzkoan azterturikoak azpimarratu behar, gehienetan (Nafarroakoetatik seitan eta Gipuzkoako zazpietatik bostean) aukera eskaintzen baitute pilak biltzeko.

Banan banan, herrialdeak eta kanpinak

  • Madril Dagoen kanpin kopurua: 24. Aztertuak: 8 Batezbesteko nota: 6,9 puntu. Prezio-ekipamendu erlazioan eta instalazioetan onenak. Bigarren kategoriakoak oso merkeak dira. Guztiak daude elbarrientzat egokituta, gutxienez instalazioren batzuk. Nafarroekin batera, seguruenak. Oso zabalak dira: Plaza bakoitzeko 125 metro karratu dituzte. Guztiek dute kirol-instalazioren bat. Garbitasun eta zainketa egoera ona guztietan. Alderdirik txarrena: telefono publiko gutxien dutenak dira (bakarra 428 plazako). Bitan (San Juan eta Piscis izenekoetan) ordaindu egin behar da dutxan ur beroa izateko.
  • Nafarroa Dagoen kanpin kopurua: 22. Aztertuak: 7 Batezbesteko nota: 6,8 puntu. Seguruenak dira: guztietan dute larrialdi plana eta ebakuaziorakoa. Ongi hornituta daude eta merkeak dira. Gainera, “ekologikoenak” dira: papera, beira eta pilak berziklatzeko edukiontzi gehien dute. Garbitasun- eta zainketa-egoera ona. Alderdirik txarrena: Aztertuetako batek ere ez du osasun-laguntzarik eskaintzen, ez noizean behingorik, ez bertakorik, ez hitzartutakorik ere. Kanpinlarientzat leku gutxi: plaza bakoitzeko 56 metro karratu besterik ez.
  • Errioxa Dagoen kanpin kopurua: 9. Aztertuak: 3 Batezbesteko nota: 6,23 puntu. Ekipamendu ona eta prezio-ekipamendu erlazio egokia. Azterturiko lehen kategoriakoak gainerako herrialdeetan baino merkeagoak dira. Kanpinlarientzako lekua, ongi: 75 metro karratu plazako. Hiruetan daude kirol-instalazioak. Alderdirik txarrena: iturri, dutxa eta konketa kopuruan eskasenak. Hiruetan falta dira papera, beira eta pilak birziklatzeko edukinontziak.
  • Murtzia Dagoen kanpin kopurua: 18. Aztertuak: 9 Batezbesteko nota: 6,1 puntu. Ongi hornituak, baina ekipamendu-prezio harremana ez da onenetakoa. Segurtasunean bikain. Azterturiko bederatzi kanpinak urte guztian izaten dira zabalik. Kanpinlarientzako lekua, onargarri: 65 metro karratu plaza bakoitzeko. Murtzia da elbarrientzat egokitutako kanpinetan bigarren lurraldea (%11 bakarrik daude inolako egokitzapenik egin gabe). Garbitasuna eta zainketa egoera ona.
  • Bizkaia Dagoen kanpin kopurua: 6. Aztertuak: 4 Batezbesteko nota: 5,9 puntu. Ekipamendutan ongi, baina ekipamendu-prezio erlazioan ez da onenetakoa. Segurtasunean bikain. Lauetan daude bezeroen esku ikuzgailu automatikoak. Azpimarratzekoa da, seguruenik, lauak urte guztian zabalik izaten direla. Harraska kopuru handiena. Alderdirik txarrena: Kanpinen erdia baino ez dago elbarrientzat egokituta eta inon ere ez dute papera eta beira jasotzeko edukiontzirik. Erabiltzailearentzako lekua, gaizki: plazako 48 metro karratu bakarrik.
  • Araba Dagoen kanpin kopurua: 2. Aztertuak: 2 Batezbesteko nota: 5,7 puntu. Ezberdintasun handiak daude bi kanpinen artean: Ibaya-k (Gasteizen), ozta-ozta atera du aprobatua eta Angostokoak (Villanañek) 8,1 puntu lortu ditu. Txikiak dira biak (batezbeste 450 plaza besterik ez). Telefono publiko gehien (175 erabiltzaileko telefono bat). Kanpinlariarentzako lekua, ongi: 78 metro karratu plazako, batezbeste. Alderdirik txarrena: garbitasuna eta zainketa ez ziren egokiak Ibaya izenekoan.
  • Bartzelona Dagoen kanpin kopurua: 73. Aztertuak: 13 Batezbesteko nota: 5,7 puntu. Ongi hornituak. Kanpinlariarentzako lekua, ongi: 71 metro karratu plaza bakoitzeko, batezbeste. Ia guztiek dituzte kirol-instalazioak. Alderdirik txarrena: garestiak dira, batez ere bigarren kategoriakoak (azterketako garestienak). Aztertutako guztien artean bezeroari leku gutxien eskaintzen diona (12 metro karratu pertsonako) Bartzelonan dago.
  • Cantabria Dagoen kanpin kopurua: 53. Aztertuak: 14 Batezbesteko nota: 5,7 puntu. Lehen kategoriakoak besteak baino hobeto: ekipamendu-prezio erlazioa orokorrean hobea da bigarren eta hirugarren kategoriakoetan baino. Garbitasun eta zainketa aldetik egoera ona guztietan. Alderdirik txarrena: leku gutxi eskaintzen dute (50 metro karratu pertsonako) eta komunik gutxien bertan da (bakarra 41 plazako).
  • Gipuzkoa Dagoen kanpin kopurua: 13. Aztertuak: 7 Batezbesteko nota: 5,5 puntu. Bigarren kategoriakoak txosten honetako garestienak dira. Harraska, dutxa, konketa eta komun ugari. Alderdirik txarrena: aztertutako guztien artean batezbeste leku gutxien dutenak dira Gipuzkoakoak (pertsonako 46 metro karratu besterik ez). Oso gutxik (%14k) dute larrialdi plana.
  • Valentzia Dagoen kanpin kopurua: 36. Aztertuak: 9 Batezbesteko nota: 5,4 puntu. Kanpinlariarentzako lekuari dagokionez, onenak: 308 metro karratu plazako, batezbeste. Garesti samarrak dira, batez ere bigarren kategoriakoak, aztertu ditugun lehen kategoriakoak baino garestiago baitira, arraroa badirudi ere. Bat izan ezik, gainerako guztiek medikuaren zerbitzua dute hitzartuta kanpineko bezeroentzat. Alderdirik txarrena: minusbaliadun bezeroentzat egokitutako kanpin gutxien (lautik hirutan ez daude egokituta, ez sarbideak, ez instalazioak). Garbitasuna eta zainketa ez ziren oso egokiak kanpinen erdietan.
  • Alacant Dagoen kanpin kopurua: 46. Aztertuak: 14 Batezbesteko nota: 5,3 puntu. Behar adinako ekipamenduak dituzte, baina garestiak dira. Alacanteko kanpinetan aurkitu dugu kopururik handiena harraska (bat 26 plazako), dutxa (bat 21 laguneko), konketa (bat 14 bezeroko) eta komunetan (bat 18 erabiltzaileko). Alderdirik txarrena: Kanpinlariarentzako lekua, gaizki: 49 metro karratu plaza bakoitzeko, batezbeste. Garbitasuna eta kontserbazioa ez dira oso egoki aukitu zentruen erdietan.
  • Málaga Dagoen kanpin kopurua: 31. Aztertuak: 11 Batezbesteko nota: 4,9 puntu. Batesbekoak suspentso ateratzen duen leku bakarra da. Ekipamenduan ozta-ozta ateratzen dute aprobatua baina nahikoa garestiak dira, batez ere lehen kategoriakoak. Segurtasun arloan, txarrenetakoak: %9k bakarrik dauka segurtasun plana eta ebakuazio plana berriz %36k. Kanpinlariarentzako lekua, nahiko ondo: 63 metro karratu plazako, batesbeste.
Fitxa teknikoa
  • 101 kanpin aztertu dira (27 lehen kategoriakoak, 61 bigarrenekoak eta 13 hirugarrenekoak), estatu espainiarreko hamabi probintziatan: 8 Madrilen (3 lehen kategoriakoak eta 5 bigarrenekoak), 7 Nafarroan (2 lehen kategoriakoak eta 5 bigarrenekoak), 4 Bizkaian (1 lehen kategoriakoa, 2 bigarrenekoak eta beste bat hirugarrenekoa), 9 Murtzian (1 lehen kategoriakoa eta 8 bigarrenekoak), 13 Bartzelonan (3 lehen kategoriakoak, 6 bigarrenekoak eta 4 hirugarrenekoak), 9 Valentzian (2 lehen kategoriakoak eta 7 bigarrenekoak), 7 Gipuzkoan (2 lehen kategoriakoak, 1 bigarrenekoa eta 4 hirugarrenekoak), 3 Errioxan (2 lehen kategoriakoak eta 1 bigarrenekoa), 2 Araban (biak bigarrenekoak), 11 Malagan (2 lehen kategoriakoak, 7 bigarrenekoak eta 2 hirugarrenekoak), 14 Alacanten (4 lehen kategoriakoak eta 10 bigarrenekoak), 14 Kantabrian (5 lehen kategoriakoak, 7 bigarrenekoak eta 2 hirugarrenekoak).
  • Telefonoz inkesta egin zitzaien kanpinetako arduradunei eta bisita egiteko eguna jarri zen. 1999ko maiatzaren 22a eta 30a bitartean kanpin guztiak bisitatu ziren. Txostena egiteko instalazio publikoen segurtasuneko eta zuzenbideko adituen aholkularitza izan dugu.
  • Gainera, kanpinen erabiltzaileei inkestak egin zitzaizkien eta Kanpin eta Karabanineko Enpresarien Espainiako Federazioaren gomendioak ere kontuan hartu ziren.