Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

287 finantza-produktu aztertu ditugu 32 finantza-erakunderen 100 sukurtsaletan : Erakundeek gordailuak, zor-agiriak eta inbertsio-funtsak gomendatzen dizkiete nagusiki inbertsiogile txikiei

Zor-agiriak ere gorantz ari dira, bankuek eta kutxek kapitala behar dute eta

Kontu atxikiak

Azterketa egiteko, EROSKI CONSUMERek teknikari bat bidali du finantza-erakundeen bulegoetara, ohiko kontsumitzaile bat izango balitz bezala. Kontsumitzaile hori une horretan ez zen banku edo kutxa horietako bezeroa. Hori dela eta, bisiten % 93tan, aurrezki-produktua eskuratzeko, kontu-korronte bat irekitzera behartu dute bezeroa. Zazpi sukurtsal baino ez dira izan halakorik eskatu ez dutenak: horietako bitan jakinarazi dutenez (BBVA eta Nafarroako Rural Kutxa, Iruñean), kontratatzen den aurrezki-produktuaren interesak ordaintzeko bakarrik balio du kontuak, eta gainerakoetan, beharrezko baldintza gisa ez jarri arren, behin eta berriz adierazi dute komeni litzatekeela kontua irekitzea (Banco Santander, Sabadell, Caixa Bank eta CAN).

Oro har, finantza-produktu bat kontratatzeko, kontu-korronte bat irekitzea da baldintza nagusia. Hori egiteak, ordea, beste baldintza batzuk betetzera behartzen du bezeroa, finantza-erakundera are gehiago lotuko dutenak. Kontu-korronte gehienek, izan ere, mantentze-gastuak izaten dituzte edo komisio batzuk (azken horiek saihestu daitezke soldata kontu horretan helbideratuz gero, eta zenbait zerbitzu ere bai batzuetan, argia, ura eta gasa, adibidez). Komisioak aurrezteko beste aukera bat izaten da diru pixka bat sartzea, 300 eurotik 1.000 euro bitartekoa, edo diru kopuru txiki bat edukitzea (1.000 euro eta 2.000 euro artekoa), edo hilean behin edo sei hilez behin diru-ekarpen bat egitea (BBVAn, adibidez, 12 euro sei hilez behin; BBKn, berriz, 30-40 euro hilean).

Zer gomendatzen dute erakundeek?

Gordailuak dira, duda gabe, finantza-erakundeek gehien gomendatzen dituzten produktuak. Gure teknikarien bisiten erdietan gomendatu dizkigute. Bi arrazoi nagusi eman dituzte horretarako: errentagarritasuna eta segurtasuna. Caixa Banken kasuan bisita guztietan eskaini zizkigu funtsak; Banestok, berriz, bostetik lautan; Sabadellek zazpitik lautan eta BBVA eta Banco Santanderren hamalautik bostetan.

Komeni da zor-agiria kontratatu baino lehen finantza-erakundearen rating delakoa ezagutzea

Gordailuen ondoren, finantza-erakundeek gehien gomendatzen duten produktua inbertsio-funtsak dira. Proportzioa, ostera, askoz txikiagoa da: seitik bisita batean gomendatu dizkigute. Errentagarritasun polita eta zerga-onurak dira funtsak gomendatzeko eman zaizkigun arrazoi nagusiak. Hirutik finantza-erakunde batek gomendatu dizkigu. Honako hauek: BBVA, Banesto, Banco Popular, Caja Madrid, Banco Santander, Bankinter, Caixa Galicia, Sabadell, Bankoa, Banco Guipuzcoano, Kutxa eta Caja España-Caja Duero. Kasu aipagarrienak BBVA eta Sabadell dira: lehenak 14 bisitatik 4tan gomendatu dizkigu funtsak eta bigarrenak 7tik 3tan.

Hirugarren produktu gomendatuena, baina besteen nahiko atzetik (100 bisitatik 12tan soilik gomendatu dizkigute) zor-agiriak izan dira. Bost finantza-erakundek eskaini dizkigute: Banco Santanderrek (bost bisitetan); Unicajak eta BBVAk (bina bisitatan); eta Banesto, Caixa Catalunya eta Caja Madridek (bisita banatan).

Zein dira nire eskubideak eta betebeharrak?

Legeak babestu egiten du kontsumitzailea bankuen aurrean. Kontsumitzaileak, beraz, jakin egin behar du zer eskubide dituen eta zeri erreparatu behar dion finantza-produktu bat kontratatzean:

Informatzerakoan…

  • Eragiketa edo finantza-produktua ongi ulertzeko informazio zehatz eta beharrezkoa eman behar du erakundeak.

Kontsumitzaileak aztertu eta alderatu egin behar ditu kreditu-erakundeek eskaini dizkioten produktuak, eta zalantzarik badu, horiek argitzeko eskatu behar du.

  • Funtsezkoa da norberaren aukerei eta beharrei ongien egokitzen zaien produktua bilatzea.
  • Arretaz erreparatu behar zaio interes-tipoek eta epeek osatzen duten konbinazioari (epe jakineko gordailu bat hartuz gero, ikusi egin behar da zer-nolako likidezia duen; hau da, diruaren zati bat edo diru guztia ateratzerik izango den epea amaitu aurretik, eta zenbateko zigorra ordaindu beharko den); horretaz gain, arreta jarri behar zaie bankuek ezartzen dituzten komisioei edo sor daitezkeen gastu guztiei.

Kontsumitzaileak aukera du erakundeek eskaintzen dioten eragiketaren edo produktuaren kontratu-ereduak zein diren jakiteko.

Produktu jakin bat kontratatu nahi bada…

Bezeroak kontratuaren kopia eskatu behar du, eta ongi gorde, uneren batean beharko balu ere.

Kontratatu ondoren…

  • Kontsumitzaileari hainbat agiri iritsi behar zaizkio: kontuaren laburpena ageri dutenak eta interesen eta banku-komisioen likidazioari dagozkion dokumentuak.
  • Finantza-erakundeak interes-tasak, komisioak edo eragiketen gastuak aldatzea erabakitzen badu, bezeroari jakinarazi behar dio aldez aurretik.
  • Kontsumitzaileak arretaz aztertu beharko luke erakundeak aldian behin bidaltzen dion informazioa ongi dagoen edo ez.
  • Bankuak edo kutxak prozedura bat eduki behar du bezeroen erreklamazio, kexa eta galderei erantzuteko, hark, uneren batean, desadostasuna agertu nahi balio ere eragiketaren baten inguruan edo beste zernahi zalantza argitu nahi balu.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak