Taxiak

Erabiltzailearentzako informazioa eta ibilgailuaren konforta, gehien hobetzekoak

Taxilarien profesionaltasun egokia eta 13 hirietako tarifen desberdintasunak, ondorio garrantzitsuak horiek ere
1 maiatza de 2005
Img temap 227

Erabiltzailearentzako informazioa eta ibilgailuaren konforta, gehien hobetzekoak

/imgs/20050501/tema01.jpg
Eskuarki udalak erabakitzen du herri bakoitzean zenbat taxi baimen ematen den eta zer tarifa ezarriko den, baita ere funtzionamendua arautzeko eta zerbitzuaren kalitatea bermatzeko beste alderdi batzuk ere. Pentsatzekoa da neurri horien helburua oreka bilatzea dela hiritarrek garraio eraginkorra izateko exijentziaren eta taxilariek beren ogibidean behar besteko errentagarritasuna lortu beharraren artean.

Espainiar Estatuko zerbitzuaren kalitatea eta tarifak aztertzeko helburuarekin, CONSUMER EROSKIk tokian tokiko azterketa bat egin du, 13 hiritan: Madril, Bartzelona, Valentzia, Sevilla, Malaga, Bilbo, Coruña, Alacant, Iruñea, Gasteiz, Donostia, Murtzia eta Oviedo.

Ondorio nagusia da taxien zerbitzua bereziki bi alderditan hobetu behar dela: bat, erabiltzaileei eskaintzen zaien informazioa, eskasa baita, batez ere tarifak erakusteari dagokionez, eta bestea, ibilgailuen konforta eta garbitasuna, kasu gehiegitan ez baitzen bidaia atsegina egiteko behar bezain egokia. Onena taxi gidarien profesionaltasuna izan da, horien jokamolde eta jarrera oso ona izan baita gehien-gehienetan.

Okerrena erabiltzaileei emandako informazioa izan zen, aztertu ziren taxien %31 suspenditu egin baitziren. Gabeziarik ohikoenak izan ziren tarifei buruzko informaziorik ez ematea, taximetroa ongi ikusteko moduko lekuan ez izatea eta taxistaren nortasunari buruzko datuak ez erakustea.

Ibilgailuaren garbitasun eta konfortari buruz, aztertutako bost taxitik batek proba suspenditu zuen (zikin zeudelako, utzita zeudela ematen zuelako edo deserosoak zirelako).

Taxilarien profesionaltasuna izan zen onena: aztertutakoen erdiek nota bikaina atera zuten, nahiz eta hamarretik batek alderdi funtsezko honetan suspenditu zuen. Motiboak? Nabarmenenak hiru izan ziren: erabiltzaileak helmuga jakinarazi aurretik taxilariak bandera jaistea, gehiegizko abiadura, eta bezeroak eskatutako helmugara iristeko behar baino ibilbide luzeagoa egiteko trikimailu ezaguna.

Prezioei dagokienez, ez da erraz ulertzen hiri batzuen eta besteen artean hain alde handiak egotea, berez, zerbitzua antzekoa baita guztietan. Hiri gehienetan bandera jaitsiera erabiltzen da (Iruñean eta Donostian izan ezik). Tarifa 1,02 euroren (Sevilla) eta 1,30 euroren artean dago. Tarte horretan sartzen dira Coruña, Malaga, Alacant, Valentzia, Oviedo eta Bartzelonako taxien bandera jaitsiera. Bilbon eta Madrilen 1,6 euro kobratzen dute, eta Gasteizen bandera jaitsierak 3,14 euro balio du, baina barnean sartzen dira lehenengo bi kilometroak eta 5 minutuko itxaronaldia.

Gutxieneko ibilbidea (edo taxi batean ibiltzeak balio duen gutxieneko gastua) hamahiru hirietatik hamarretan dago indarrean: salbuespena Gasteiz, Bartzelona eta Madrilen dago, izan ere, erabiltzailearen mesedetan, ez dute gutxieneko gasturik eskatzen. Baina gutxieneko ibilbide horretan ere desberdintasun nabariak daude: Donostian 3,49 euro kostatzen da, (lanegunetan, egunez), eta Sevilla, Coruña, Alacant, Malaga, Oviedo, Valentzia eta Iruñean, berriz, gutxieneko gastua 2,8 eta 3 euro bitartean dago. Azkenik, Bilbon 3,15 euro ordaintzen da.

Azterketa nola egin zen

/imgs/20050501/tema02.jpg
CONSUMER EROSKIko teknikariek azterketan sartu diren 13 hirietako bakoitzean 12 bidaia egin zituzten, guztira 156 ibilbide egin arte, betiere ibilgailu desberdinetan. Ibilbideak bisitariarena egiten zuten pertsonek egin zituzten -nahiz eta hiri bakoitza oso ongi ezagutzen zuten-. Aukeratutako ibilbideak taxi erabiltzaileek erabili ohi dituztenak izan ziren, joanekoak zein etorrikoak: hirigunetik ospitale batera, hiriguneko hotel batetik aireportura, erdialdeko geltoki batetik tren edo autobus geltoki batera eta merkataritzagune batera, baita bi ibilbide motz ere, bandera jaitsieragatik baino kobratu ezin direnak.

Halaber, bi bidaia egin zituzten gauez (larunbatetik igandera arteko goizaldean), ordu horietan taxiak noraino erabil daitezkeen ikusteko, hainbat erabiltzaile kexu egoten baitira horri dagokionez. Aireportutik hirigunera itzultzeko bidaietan CONSUMER EROSKIko teknikariek atzerritarrarena egin zuten.

Taxi gidariaren profesionaltasuna

Profesionaltasunari dagokionez, soilik 10 taxilaritik 1ek izan zuen eskas edo desegokitzat kalifika daitekeen jokamoldea, eta gainerakoek profesionaltasun ezin zalantzazkoa erakutsi zuten.

Bandera jaitsiera: erabiltzaileak taxilariari helmuga jakinarazi eta gero egin behar da (betiere taxia ez denean telefonoz eskatu, hau da, geltokian edo kalean hartzen denean). Halere, taxia geltokian edo kalean hartuta egindako hamar bidaiatik bitan baino gehiagotan bandera behar baino lehenago jaitsi zen, eta hori erabiltzailearen kaltetan doa.

Taxilariaren garbitasuna: taxi gidarien %4 ez zuten garbitasun eta higiene pertsonal egokia erakutsi. Janzkera desegokiak ikusi ziren (kiroleko txanoa, txandala, alkandora zimurregiak, elastikoak, utzikeri arrasto nabarmenak, eta abar), edo garbitasun eskasa (bizarra egin gabe, orraztu gabe, usain desatseginekin eta abar).

Adeitasuna: adeitasuna aztertzeko, CONSUMER EROSKIko teknikariak maleta batekin joan eta etorri ziren aireportutik. Taxilari guztien jokamoldea bikaina izan zen: ibilgailutik jaitsi eta maleta maletategira sartzen eta ateratzen lagundu zioten erabiltzaileari.

Taxilariaren jarrera eta manerak: egindako ibilbideen %14tan taxista etengabe kexatzen zen gainerako gidariengatik eta hizkera desegokia eta are gordina erabili zuen, erabiltzaileak molestatzeraino.

Zirkulazio seinaleak errespetatu: ibilbideen %5etan taxilariek ez zituzten zirkulatzeko seinaleak errespetatu eta bideko segurtasuna arriskuan jarri zuten maniobrak egin zituzten.

Abiadura: ibilbideen %15etan ez ziren abiadura mugak errespetatu.

Taxian erre: udal arautegietan debekatuta dagoen arren, hiru hiritan taxilariek erre egin zuten bidaian zehar. Hiri batean, gainera, taxi gidarien %25ek erre zuten.

Ahalik eta biderik motzena egin: taxi gidariek biderik motzena aukeratu behar dute (bai denboran, bai egin beharreko distantzian). Halere, bidaien %10 ez zen egokiena edo gomendagarriena izan trafikoaren gorabeheren arabera. Bidaiaria helmugara iristeko motzenak ez ziren bideetatik eraman zuten, edo trafikoaren intentsitateagatik edo obrak egiten ari zirelako egokienak ez ziren bideetatik.

Ibilgailuaren garbitasuna eta konforta

/imgs/20050501/tema03.jpg
Ia 10 taxitik 8k gainditzen dute azterketa, amaierako notak aldeak begin bistakoak diren arren: erdiak “oso ongi” (taxien %6) eta “ongi” (%43) artean dauden arren, taxien %9k “oso gaizki” edo “gaizki” atera dute garbitasun eta konfortari dagokionez.

Garbitasuna: ibilgailuen %15etan garbitasun gabeziak zeuden, orbanekin (batez ere alfonbratxoetan, tapizerian eta kristaletan), edo aireztapen falta zegoen.

Kontserbazioa: taxien %11 hobeto zaindu beharrean daude: autoaren kanpoko itxura, zikinkeria, mailatuak, arrastoak, txapa zati herdoilduak eta abar.

Bidaiarien erosotasuna: taxien %15 deseroso gertatu zitzaien bidaiariei, zaharregiak zirelako eta hainbat gabezia zituztelako (atzeko eserleku estuak, motelgailuak egoera txarrean, gehiegizko zaratak, eserleku deserosoak eta abar) eta, horrenbestez, ibilgailua hobeto zainduta zegoen besteren batekin ordezkatu beharra iradokitzen zen.

Ordainketa elektronikoa: taxien %10ek ematen du txartel elektronikoarekin ordaintzeko aukera, eta horrek erabiltzaileak behartzen ditu beti diru xehea eramatera. Salbuespena: Murtziako taxiak (hartutako %92k txartelaz ordaintzeko mekanismoren bat dute instalatuta).

Aire egokitua: erabilitako taxietatik %l5ek ez zuten aire egokiturik. Gainera, hamar ibilgailutik seik zuten klimatizagailua.

Su itzalgailua erabiltzailearen bistan: azterketan ikuskatutako taxien 510etan bakarrik zegoen su itzalgailua erabiltzaileak ikusteko moduan, larrialdi batean behar izanez gero erabil dezan. Horri dagokionez, udal arautegiek behartu egiten dute taxian su itzalgailua egon dadin, baina begien bistakoa dirudi erabiltzaileak ere ikusteko moduko lekuan jartzeak abantaila dakarrela.

Leihatila elektronikoak: aldizkari honetako teknikariek aztertutako taxien erdiek baino gehiago ez zuten leihatila elektronikorik, alegia, zerbitzu hau eskaintzen duten autoen antzinatasuna nabarmena da.

GPS: %17k baino ez dute kokatzeko sistema hau, zeina orientatzeko oso baliagarria den. Salbuespena: Gasteizko taxiak (erabilitako guztiek zuten GPS).

Prentsa edo aldizkariak: taxien %3tan zegoen prentsarik edo aldizkaririk bidaiarien eskura.

Bereizteko manpara: azterketa honetarako hartu ziren taxietatik %5etan baino ez zegoen horrelakorik.

Hiriari buruzko informazioa: soilik ibilgailuen %2tan ikusi zen hiriari buruzko informazio praktikoa ematen zuen eskuorri edo argitalpenik.

Erabiltzaile- arentzako infor- mazioa

Zerbitzu honetan dago hankamotzen gure hirietako taxien zerbitzua: taxien %31tan aurkitutako informazioa guztiz eskasa izan zen. %29k nahiko antzeko nota ateratzen du, eta %22k ongi atera du. Taxien %18k soilik atera zuten nota ona: zehazki, %13k oso ongi atera zuen, eta soilik %5ek lortu zuen atal honetan bikain.

Tarifak: informazio hori derrigor ematekoa da, baina taxien %55etan tarifak ez zeuden ikusgai, eta %9tan ez ziren garbi ikusten, gaizki ikusten ziren (letra txikia zelako) edo bidaiariak nekez ikusteko lekuetan jarrita zeuden. Hau da, CONSUMER EROSKIko teknikariek ez zekiten zein prezio kobratu behar zieten (bandera jaisteagatik, gutxieneko ibilbideagatik…), eta erabili zituzten taxien %64tan ez zekiten gehigarrien kostua zein izango zen.

Taximetroa: erraz ikusteko moduan jarrita egon behar du, bidaiariak erraz ikusteko moduan, eta argi eta garbi adierazi behar du ordaindu beharreko kopurua zein den. Ibilgailuen %12tan ez zen ongi ikusten taximetroak markatzen zuena, bai martxa aldatzeko palankak edo taxilariaren eskuak berak taximetroa ezkutatzen zuelako, bai horren zati bat estaltzen zuten eranskailuak edo beste elementuren bat zegoelako. Haatik, taxi batzuek sabaian zintzilik zeramaten (%10), errazago ikuste dadin.

Gidariaren baimenaren zenbakia edo nortasun txartela: hiru taxitik batean baimenaren zenbakia ez zegon erabiltzailearentzako ikusgai, eta horrek oztopatu egiten du identifikazioa.

Ibilgailuaren matrikula: taxien %48k ez zuen barrualdean ibilgailuaren matrikula erakusten.

Bidaia baten prezioa

/imgs/20050501/tema04.jpg
Hirigunetik aireportura
Prezioen arteko aldeak handiak dira, batez ere hiri batzuetan aireportua beste batzuetan baino gertuago dagoelako. Ibilbideak lanegunean egin ziren, 10:30 eta 12:00 artean.

  • Karrerarik garestienak: Oviedo eta Murtzia, 40 eta 45 euro artean.
  • Merkeenak: Malaga (9 euro batez beste), Iruñea (10 euro) eta Alacant (12 euro).
  • Bide bera eginda alderik handiena: Valentzia. Hirigunetik aireportura egindako bidaiak 19,65 euro balio zuen taxi batean, eta beste batek, berriz, 27 euro kobratu zituen bidea alderantziz egiteagatik. Gainerako hirietan prezioen arteko aldeak 2 euro baino handiagoak izan ziren kasu guztietan.

Hiri barruan
Sei bidaia ohiko egin ziren hiri bakoitzean, joan-etorrikoak, betiere ibilgailu desberdinetan. Helmugak izan ziren ospitaleak, autobus edo tren geltokiak eta merkataritzaguneak. Helburua zen jakitea taxista bakoitzak egiten zuen ibilbidea bera ote zen joateko eta itzultzeko. Ondorioa garbia da: egindako 78 karreretan soilik 7 ez ziren egokienak izan. Horietako 2 Sevillan egin ziren, eta Iruñea, Valentzia, Coruña, Alacant eta Malagan bana.

  • Prezioak: aztertutako hirietan bidaia bat egiteak batez beste 4 eta 9 euro artean balio du, betiere orduaren, zirkulazioaren gorabeheren eta helmugara iristeko distantziaren arabera. Desplazamendurik merkeenak hiri hauetan egin ziren: Malaga, Coruña eta Bilbo. Aldiz, Valentzia, Bartzelona eta Madrilen gehiago ordaindu behar izan zen.

Gauez ibili Larunbat gauetan taxia noraino erabil daitekeen jakiteko (kexu hau ohikoa izaten baita erabiltzaileen artean hainbat hiritan), larunbat gaueko ordu batetatik hiruretara artean taxi bat lortzen saiatu ziren teknikariak, hiri barruan oso bide motza egiteko. Emaitzak onak izan ziren hiri gehienetan, baina Iruñean ezinezko gertatu zen goizaldeko 1:00 eta 3:00 artean taxi bat lortzea, bi orduz telefonoz saiatuta ere.

  • Prezioak: 3 eta 6 euro artean ordaindu zen (merkeenak Coruña, Oviedo eta Sevilla). Gainera, hiri gehienetan leku berera joaneko eta etorriko prezioen arteko aldea ez zen euro bat baino handiagoa izan (taxi desberdinean). Salbuespenak izan ziren Valentzia eta Donostia: joaneko eta etorriko bidearen arteko diferentzia 1,45 eta 1,90 euro izan ziren, hurrenez hurren.

Ibilbide motzak
Bidaia hauen helburua zen egiaztatzea taxista prest ote zegoen ibilbide motz bat egiteko. Gidariak ezin dio uko egin zerbitzua emateari, oso egoera jakinetan izan ezik (pertsona kopurua baimendutakoa baino handiagoa izatea, poliziak jarraitzen dien pertsonak izatea, janzkera, ekipaje edo animaliaren baten kalte egiteko arriskua izatea edo zerbitzuak tarte ibiltezina egin beharra exijitzea). Taxi gidari bakar batek ere ez zuen ezezkorik adierazi ibilbidea egiteko, nahiz eta helmuga jakiterakoan baten baten erreakzio oso adeitsua ez izan.