Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

170 osasun etxetan izan da EROSKI CONSUMER, Espainiako 18 probintziatan, eta aztergai izan ditu kontsultak zenbat iraun duen, itxaronaldia zenbatekoa izan den eta 4.250 erabiltzailek zer iritzi dioten zerbitzuari : Erabiltzaileak gustura daude mediku-arretarekin, baina hitzordua lortzeko erraztasunik eza nabarmendu dute gehien

Txukun eta ongi zainduta egoten dira osasun etxeak, baina informazio gutxi ematen diete erabiltzaileei. Kontsulta bakoitzak hamar minutu irauten du, batez beste

10 minutuko kontsultak

EROSKI CONSUMERen teknikariek osasun etxeetan bertan ikusi ahal izan dutenez, kontsulta bakoitzak, batez beste, hamar minutu iraun du (kronometroarekin neurtu dute denbora, erabiltzailea sartu denean hasi eta irten denean bukatu). Ikerketa hau egiteko aintzat hartu diren 4.250 erabiltzaileen ia erdiek, gutxienez 10 minutu egin dituzte kontsultan. Hala ere, alde handiak antzeman ditugu probintzia batzuetatik besteetara. Bartzelonan aztertu ditugu osasun etxeetan, adibidez, batez beste 13 minutu eskaini dizkiete medikuek gaixoei (12 minutu A Coruñan eta Araban, eta 11 Errioxan eta Nafarroan); Kordoban eta Valentzian, aldiz, 6 minutu eskas iraun du kontsulta bakoitzak. Osotara, 4.250 erabiltzaileen % 10 irten dira kontsultatik 5 minutu igaro baino lehen, eta % 11 inguruk eman dute han ordu laurden baino gehiago.

2006an egin genuen ikerketarekin alderatuta, Araban eta Bizkaian luzatu da gehien arreta-denbora: hurrenez hurren, bost eta lau minutu gehiago egin dituzte erabiltzaileek kontsultan, eta, aldiz, Madrilen, Valladoliden eta Granadan, 6 eta 4 minutu artean laburtu dute kontsulta-denbora.

Bost minutuko itxaronaldia Errioxan, ordu erdikoa Zaragozan

Erabiltzaileei hitzordua emanda ere, sarri gertatzen da atzerapenen bat. Batez beste, 15 minutuko atzerapenak izan dira osasun etxeetan, baina probintzia guztiak ez dabiltza berdin horretan ere. Zaragozan, esaterako, 30 minutu atzeratu dira, eta 20 minutu Malagan, Sevillan eta Valladoliden. Errioxan, aldiz, bost minutuko itxaronaldia egin behar izaten dute erabiltzaileek, behin kontsultara sartzeko ordua iritsita (Zaragozan baino 6 aldiz gutxiago); Gipuzkoan, Murtzian eta Bizkaian, 10 minutu eskasekoa izan da itxaronaldi hori. 2006an egin genuen ikerketarekin alderatuta, kontua ez da hobetu, egia esan: orduko hartan, batez beste, 14 minutuko atzerapena pilatzen zuten medikuek.

Oraingo azterketan kontrolatu ditugun 4.250 erabiltzaileetatik, % 2,6 soilik sartu dira kontsultara ordua iritsi baino lehenago (ehuneko hori % 7,7koa izan zen 2006an). Ia % 10, agindutako orduan sartu dira, eta % 49k, berriz, ordu laurden edo gutxiago egon behar izan dute zain; beste % 14ri, ordea, ordu erdi atzeratu zaie sartzeko ordua (eta % 2,4k, ordubeteko itxaronaldia egin behar izan dute).

Nola egin eraginkor medikutarako bisita

Zenbat bider nahiago izaten dugu osasun azterketarik ez egin, deseroso zaigulako?, edo zenbatetan geratzen gara gauza guzti-guztiak medikuari kontatu gabe, lotsa ematen digulako? Egoera horiek eta bestelako batzuk saihesteko, zenbait gomendio eman nahi ditu EROSKI CONSUMERek, medikutara joatea eraginkor gerta dakigun eta probetxuko:

Osasun etxera iritsitakoan:

  • Garaiz joan: ez da komeni denboraz larri joatea; hobe da lehenago iristea, eta, era horretan, denbora izango dugu berokia kendu, komunera joan eta informazio guztia eskuratzeko.
  • Arropa erosoa eraman: medikuak, agian, miaketa fisiko bat egin nahiko digu, eta arropa egokiarekin bagaude, ez dugu denborarik galduko eranzten eta janzten.
  • Osasun etxera lehengoz joan bagara, aurrekari medikuen berri eman behar dugu: gureak eta familian izan ditugunak, egungo osasun-arazoak eta lehen edukiak.
  • Pentsatuta eraman behar da zer esango dugun: zerrenda batean idatz ditzakegu kezka zaizkigun gai guztiak, baita hartzen ari garen sendagaien eta osagarrien izenak ere. Zenbat eta informazio gehiago eman medikuari, orduan eta errazagoa izango zaio gaitzaren diagnostikoa egitea. Horregatik, bitaminak hartzen ari bagara, bestelako osagarriren bat edo erremedio homeopatikoren bat, hori ere jakinarazi behar zaio medikuari.

Medikuaren kontsultan:

  • Irekiak eta zintzoak izan behar dugu medikuarekin: oso garrantzitsua da hori, zeren informazio zehaztugabe emanez gero, gerta bailiteke okerreko diagnostikoa egitea edo sendabide desegokia jartzea.
  • Arazoa ongi azaldu: sintomei buruzko xehetasun guztiak ematea komeni da (non dugun min, zer sentitzen dugun eta noiz hasi zen arazoa). Egia esan behar dugu beti, guri geuri komeni zaigu eta.
  • Miaketa fisikoa: eskubidea dugu jakiteko zer egingo diguten. Normala izaten da deseroso samar sentitzea, eta hala bada, medikuari aitortu behar diogu, badira-eta moduak hain deseroso ez egoteko.
  • Zalantza guztiak argitu: gauzaren bat argi geratu ez bazaigu, medikuari galdetu behar diogu, eta ziurtatu behar dugu dena ongi ulertu dugula.

Kontsultatik aterata:

  • Dokumentazio guztia bildu: osasun etxetik atera aurretik, ziurtatu egin behar dugu paper eta dokumentu guztiak hartu ditugula.
  • Hurrengo hitzordua finkatu: baldin eta espezialistarengana joateko ordua hartu behar badugu eta proben emaitzak hartzera joan behar badugu.
  • Jarri diguten sendabidea bete eta zintzo jarraitu: garrantzitsua da medikuak jarri digun sendabideari jarraitzea.

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak