Xafla bikoitzeko bizar-aitzurrak, erabili eta botatzekoak

Emaitzetan eragina banda labaingarriak du, ez buru kulunkariak

Erabili eta botatzeko xafla horien erdiek bakarrik agertu zuten onartzeko moduko zaharkitzea
1 urria de 2003
Img analisis 2 listado

Emaitzetan eragina banda labaingarriak du, ez buru kulunkariak

Erabili eta botatzeko diren zortzi bizar-aitzur aztertu dira oraingoan; horien prezioa 33 zentimotik (Bic Twin Easy) 63 zentimora (Gillette Blue II Plus Slalom) doaz. Emakume eta gizonezko batzuek depilatzeko erabiltzen badituzte ere, azterketa honetan bizar-aitzur horien eraginkortasuna aurpegiko bizarra moztean bakarrik balioztatu da. Azterketa egiteko aitzurrak hiru kategoriatan banatu dira: estrarik gabeko oinarri-oinarrizkoak, banda labaingarria daukatenak eta -banda hori ez ezik- buru kulunkari edo baskulantea daukatenak.

Gillette markako aitzurrek, denetan garestienak diren arren, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena eskaini dute hiru kategorietan. Gillette Blue II Plus laginak (banda labaingarria duena) ematen du kalitatea eta prezioaren arteko erlaziorik hoberena, aitzur denetan.

Erabili eta botatzekoak diren aitzur hauekin makina elektrikoekin baino mozketa hustuagoa erdiets daiteke baina xafla kamustu denean, burua ez ezik aitzurraren osagai guztiak alferrik galdu eta aparatu berria ekarri behar du erabiltzaileak. Zortzi laginok xafla bikoitza dute baina hainbat alderditan desberdinak dira: horietako zenbaitek plaka labaingarria dute, edo buru kulunkaria, edo kirtena ez labaintzeko sistema egokia.

Laborategiko proba

Oinarri-oinarrizko aitzurrak

Kategoria honetan, Wilkinson Extra II Precision laginaren buruaren zabalera txikiena da (9,8 milimetro): horrek erakusten du zergatik diharduen zehazkiago bibotean eta alderdi estuetan. BIC Twin Easy denetan arinena (4,4 gramo) eta maneiagarriena da. Gillette Blue II laginak dauzka xafla meheenak (82 mm; Bic eta Wilkinson laginek, 100 mm), baina horrek ez du eraginik xaflaren eraginkortasunean.

Ebakitzeko indarrari dagokionez, lehendabiziko hiru mozketetan ez da ia alderik atzematen hiru aitzurretan. Seigarren ebaketan, berriz, Wilkinson Extra II Precision laginak papera moztu ordez hautsi egin zuen. Beste biek hamar ebaketaraino egin zituzten baina dezenteko zaharkitzea agertuta: Gillette Blue II (% 70, hiruretan hoberena) eta BIC Twin Easy (% 91). BIC laginak mozketa-angelu txikienak (alderdi txarra) agertzen ditu eta, Gillette laginarekin bezala, mozketa egiteko eragin beharreko indarra handia da. Garbiketa errazteko sistema dute hirurek baina Gillette laginarenak lortu zuen balorazio hoberena.

Banda labaingarria daukatenak

Berriro ere Wilkinson (Extra II Sensitive) laginak dauka buru estuena eta, horri esker, erabiltzailearen aurpegiko alderdi estuetan zehatzen jardun dezake. Pisuari dagokionez, ostera ere Bic (Comfort Twin) nabarmentzen da, denetan arinena delako. Etiketek diotenez, banda labaingarrian hiru aitzurrek daukate E bitamina. Gillette Blue II Plus modeloak dauzka xafla meheenak (83 mm) baina horrek ez du eraginik eraginkortasunean.

Gillette eta Bic laginek eskatzen duten ebakitzeko indarra onargarria da, biek agertzen duten zaharkitzea bezala. Gillette Blue II Plus laginak zaharkitze proban % 26 erdietsi du Bic Comfort Twin laginak % 21; biek ere kalifikazio dezente apalagoak eraman dituzte, banda labaingarririk gabeko (eta marka bereko) laginen aurrean. Wilkinson markakoak ostera ere huts egin duen arren, oraingoan hobe samarra da, papera zortzigarren ebaketan hautsi duelako, seigarrenaren ordez. Hirurek dauzkate xaflak erraz garbitzeko sistema eraginkorrak.

Banda labaingarria eta buru kulunkaria daukatenak

Gillette Blue II Plus Slalom eta Bic Softwin laginen neurriak (xaflen lodiera izan ezik: 82 mm Gillette-k eta 100 mm Bic-ek) berdin-berdintsuak dira.
Banda labaingarriaren osaketan biek sartu dute E bitamina eta aloe bera, baina gai horiek Bic laginaren bandan bakarrik zeuden bereiz.

Papera ebakitzeko indar gutxien Gillette laginak eskatu zuen (dezente gutxiago Bic laginak baino) eta zaharkitze-proban biek ere emaitza onak erakutsi zituzten. Erraz garbitzen dira biak baina Gillette pittin bat nabarmentzen da, xafletan eta tarte-barran zulo ugari eta zabalak dituelako.

Laborategiko proba analitikoez gainera, zortzi aitzurrek gainditu behar izan dituzte kontsumitzaileen probak: hauek, bi egunean behin, baldintza berdinetan kendu zuten bizarra.

Erabiltzaileen proba

Oinarrizkoenak

Estetika hutsaz ari garela, Wilkinson Extra II Precision lagina da aldeko balioztapen gehienak erakarri dituena, ondotik Bic Twin Easy datorkiola. Gillette Blue II da atal honetan puntuazio apalena irabazi duena.

Wilkinson eta Gillette aitzurren buruak dira denetan erosoenak. Wilkinson, bere aldetik, kirtenaren okerdura egokiagatik nabarmentzen da, horrela ergonomikoago gertatzen delako. Bic da erabiltzaile gehienentzat eraginkorrena bizarra ebakitzean eta aurpegian ebakirik ez egitean, ondotik Gillette datorrela. Garbitzeko errazenak Gillette eta Wilkinson dira (xafla ureztatzeko botoia dauka). Bic izan zen atal honetan balio txarrenak jaso zituena.

Bizarra kendu ondoren, erabiltzaileek Wilkinson eta Gillette laginek larruazalean utziriko ongizatea (leuntasuna, ebaketa hustuagoa, eta narritadurarik ez izatea) lehenetsi zuten, Bic laginaren sentsazioa atzean utzirik.

Banda labaingarria dutenak

Estetika aldetik, bi xafla eta plaka labaingarria dituzten hiru aitzurrak berdintsuak dira. Erabiltzeko errazenak Wilkinson eta Gillette laginak dira eta, halakotzat, Bic markakoak baino kalifikazio hobea jaso zuten. Gillette laginaren burua nabarmendu zen, eroso-erosoa zelako. Ebaketaren eraginkortasunaz ari garela, berriz, Gillette da balorazio hoberenekoa, atzetik Wilkinson datorkiola. Bic laginak, hemen ere, kalifikazio kaskarrena eraman zuen “ebakirik gabe” atalean zuzen jokatu ez baitzuen. Banda labaingarriez hornituriko hiruen artean alderik atzeman ez zen arren, horrelako banda zeukaten aitzurren eta horrelakorik ez zeukatenen artean nabarmendu zen alderik, mekanismo horrek larruazalaren zainketa hobetzen duela frogatu baitzuen.

Garbitzeko unean, Gillette lagina (bai xaflan, bai tarte-barran zuloak dituelako) eta Wilkinson (xafla ureztatzeko botoiaz hornitua) Bic-en aurretik datoz, honek xaflaren gainaldean zulo bakarra duelarik. Larruazalean utziriko ongizate-sentsazioan (leuntasuna, mozketa hustuagoa eta narritadurarik eza) ere Gillette eta Wilkinson agertzen dira Bic-en aurretik.

Banda labaingarria eta buru kulunkaria dauzkatenak

Azterturiko bi aitzurren artean ere ez zen alde estetiko nabarmenik hauteman. Gillette Blue II Plus Slalom laginaren mozketaren eraginkortasuna eta banda labaingarriaren eraginkortasuna hobetu baloratu dituzte Bic Softwin laginarenak baino. Bizarra kendu ondoren, Gillette laginak larruazalean ongizate handiagoa uzten du.

Proba praktiko honen arabera, buru kulunkariak ez du erabateko eraginik mozketaren kalitatean. Buru finkoa daukatenekin dagoen alde bakarra, eskuturrari eragin gabe aitzurra aurpegiaren ingeradari egokitzea da; horregatik gertatzen dira erosoagoak bi aitzur horiek.

Laburbilduz eta oro har, hiru aitzur moldeetan Gillette laginak dira kalitate hoberena erakutsi dutenak. Wilkinson bi xaflakoa bere kategorian onena izango zen, xaflaren zaharkitze eskasagatik izan ez balitz (gogoan izan, probak aginduriko hamargarren ebaketa egin aurretik, papera hautsi egiten zuen, ebaki ordez).

Bi xafla duten aitzurren multzoan Bic laginak gainerakoek bezalako emaitzak jaso zituen arren, dezente okerrago gertatu ziren banda labaingarriaz hornituriko modeloa, baina banda labaingarriaz eta buru kulunkariaz hornitutakoa ere.

Mozketa hutsagoa

Erabili eta botatzeko diren aitzur hauen osagarrietako bat zati plastikoa (poliestirenoa) da eta bestea burdina herdoilezin ijetzizko bi xafla: hauek, plastikozko tarte-barra batek distantzia berean mantentzen ditu beti. Xaflen ahoa, beroz aberastutako elementu babesle batekin estalita daude. Ondoren, xaflaren ahoa sendotzen duten metalezko elementuen bonbardaketa elektronikoaren bitartez finkatzen da.

Bizarraren mozketa errazteko, azterturiko zortzi laginetatik bostek buruaren gainaldean banda labaingarria daukate: honek, bere aldetik, polietileno glikol (PEG) eta beste hainbat aditibo kontserbagarrik (BHT) osaturiko produktu kosmetikoa, bizarra leuntzen duten emolienteak (aloe bera, adibidez) eta E bitamina dauzka. Era horretan, bizarra kentzea erraztu eta narritadura sortzeko arriskua arindu egiten da, larruazala hobeki zaintzeko. Proba praktikoak egiaztatu duenez, banda labaingarri horrek bizarra kentzea kalitatez jantzi du.

Buru kulunkariak, bere aldetik, aitzurra aurpegiaren ingeradari zehazkiago egokitzea ahalbideratzen du. Nolanahi ere, horrek ez du bizarra moztearen kalitatean inonlako eraginik: horri esker erabiltzailearen erosotasuna baizik ez da erdiesten, begitartea ongi igurzteko beharrezkoa den eskuturreko mugimendua urritu egiten baitu.

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Erabili eta botatzeko (eta berriz kargatzekoak ez diren) bizarra mozteko zortzi aitzur aztertu dira: horietako hiruk bi xafla dauzkate, beste hiruk bi xafla eta banda labaingarria eta beste bi, azkenik, bi xafla, banda labaingarria eta buru kulunkaria. Horien prezioa 0,33 eurotik (Bic Twin Easy) 0,63 eurora (Gillette Blue II Plus Slalom) doaz. Bic markako hiru aitzurrak merkeenak dira eta Gillette markakoak, aldiz, garestienak kategoria guztietan.
  • Wilkinson markako bi modeloetako aitzurren xafletan zaharkitze arazoa hauteman zen. Laborategiko probak agintzen zuen hamargarren ebaketa egin aurretik biek ere papera hautsi egin zuten, ebaki ordez.
  • Banda labaingarriak bizarra moztearen kalitatea eta, batez ere, larruazalaren ongizatea hobetzen du. Buru kulunkariak, berriz, erosotasuna ematen duen arren (eskuturra gutxiago mugituz berdin-berdin mozten baita bizarra) bizarraren ebaketa ez du hutsago lortzen.
  • Gillette markako hiru modeloak izan ziren azterturiko hiru kategorietan emaitza hoberenak lortu zituztenak. Wilkinson markako bi laginak bigarren tokian agertzen dira (goizegi zaharkitzen diren arren) eta balorazio apalenak Bic markak jaso ditu.
  • Kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena, kategoria bakoitzean, Gillette markako modeloek eskaini dute: garestiago diren arren, kalitate hobea agertzen dute. Hiru horietan, berriz, Gillette Blue II Plus da aukera hoberena.
Maquinillas de afeitar desechables
MARKA / IZENDAPENA GILLETTE
BLUE II
WILKIN-
SON SWORD
EXTRA II PRECISIÓN
BIC
TWIN EASY
GILLETTE
BLUE II PLUS
Azalpena Xafla bikoitza Xafla bikoitza Xafla bikoitza Xafla bikoitza
Banda labaingarria
Prezioa (euro aleko) 0,54 0,50 0,33 0,61
Neurriak1 Egokiak Egokiak Egokiak Egokiak
Angeluak2 Egokiak Egokiak Egokiak Egokiak
Ebakera indarra3
Paperean (5 ebakiren ondoren) Handia Onargarria Handia Onargarria
Paperean (10 ebakien ondoren) Handia Desegokia Handia Onargarria
Zaharkitzea4 Azkarra Desegokia Azkarra Onargarria
Erabilera Proba Onargarria Ongi Onargarria Oso Ongi
Osoko kalitatea Onargarria Onargarria Onargarria Oso Ongi
MARKA / IZENDAPENA WILKIN-
SON SWORD
EXTRA II SENSITIVE
BIC
COMFORT TWIN
GILLETTE
BLUE II PLUS SLALOM
BIC
SOFTWIN
Azalpena Xafla bikoitza
Banda labaingarria
Xafla bikoitza
Banda labaingarria
Xafla bikoitza
Banda labaingarria
Buru kulunkaria
Xafla bikoitza
Banda labaingarria
Buru kulunkaria
Prezioa (euro aleko) 0,53 0,39 0,63 0,47
Neurriak1 Egokiak Egokiak Egokiak Egokiak
Angeluak2 Egokiak Egokiak Egokiak Egokiak
Ebakera indarra3
Paperean (5 ebakiren ondoren) Onargarria Onargarria Egokia Handia
Paperean (10 ebakien ondoren) Desegokia Onargarria Egokia Handia
Zaharkitzea4 Desegokia Onargarria Egokia Egokia
Erabilera Proba Ongi Onargarria Oso Ongi Ongi
Osoko kalitatea Onargarria Onargarria Oso Ongi Ongi

(1) Neurriak: bai aitzurrarenak (burua, barra eta kirtena), baita xaflenak ere

(2) Hona neurtu diren angeluak:

  • “Bizarra mozteko angelua”: xaflaren inklinazioa, larruazalarekiko.
  • “Burua/kirtena angelua”: buruaren inklinazioa, kirtenarekiko.
  • “Gontz-angelua”: buruaren inklinazioa, buru kulunkaria daukaten aitzurretan

(3) Ebakitzeko ahalmena: Whatman kalibreko paperezko orri bat ongi ebakitzeko behar den energia edo indarrari dagokio. Zenbat eta indar edo energia gutxiago eragin behar, orduan eta hobeki ebakitzen du xaflak, hau da, ebakitzeko ahalmen handiagoa du. Proba hau ezin dakieke aplika Wilkinson eta Gillette belaunaldi berriko produktuei, burutik kenduz gero xaflek ez baitute sendotasunik agertzen.

(4) Zaharkitzea: xafla zaharra denean (xafla berarekin 10 ebaketa egin ondoren) ebakitzeko indarraren areagotze-portzentajea, xafla berri (5 ebaketa) zegoen indarrarekiko.

Banan-banan

Zortzi aitzurrak, banan-banan

Gillette Blue II

  • 0,54 euro alea.
  • Osoko kalitatea: onargarria
  • Bere kategorian, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena. Xaflak mozteko eragin beharreko indarra, handia. Zaharkitzea, onargarria. Zulo asko eta zabalak, garbiketa errazteko.
  • Onargarria erabilera-proban: buru erosoa, garbitzeko erraztasuna eta bizarra kendu ondoren larruazalean uzten duen ongizatea ditu alderdi aipagarrienak. Itxurak, aldiz, puntuazio okerrena eraman du.

Wilkinson Sword Extra II Precision

  • 0,50 euro alea
  • Osoko kalitatea: Onargarria
  • Honen buruaren zabalera denetan txikiena denez, bibote aldean zehatzen jokatzen du. Xaflen zaharkitzea, gaizki. Xaflak mozteko eragin beharreko indarra, bere kategoriakoetan handiena. Xafla ureztatzeko botoiaz hornitua. Ongi erabilera-proban: estetika, buru erosoa eta bizarra kendu ondoren larruazalean uzten duen ongizatea ditu alderdi aipagarrienak.

Bic Twin Easy

  • 0,33 euro alea
  • Osoko kalitatea: Onargarria
  • Azterturiko zortzietan merkeen eta arinena. Xaflak mozteko eragin beharreko indarra, gainontzekoena baino handiagoa. Zaharkitzea, besteena baino azkarragoa. Onargarria erabilera-proban: bizarra kentzeko eraginkortasuna du alderdi aipagarriena baina garbitzeko erraztasunean emaitza eskasena eraman du.

GILLETTE Blue II Plus

  • 0,61 euro alea
  • Osoko kalitatea: oso ongi
  • Azterturiko zortzietan kalitate eta prezioaren arteko erlaziorik egokiena. Xaflak mozteko eragin beharreko indarra eta zaharkitzea, onargarriak. Zulo asko, garbiketa errazteko.
  • Oso ongi erabilera-proban: buru erosoa, ebakitzeko zehaztasun eta eraginkortasuna, garbitzeko erraztasuna eta bizarra kendu ondoren larruazalean uzten duen ongizatea ditu alderdi aipagarrienak.

WILKINSON SWORD EXTRA II Sensitive

  • 0,53 euro alea
  • Osoko kalitatea: Onargarria
  • Honen buruaren zabalera denetan txikiena denez, bibote aldean zehatzen jokatzen du. Marka honetako beste lagin batek bezala, xaflen zaharkitzea txarra da. Xafla ureztatzeko botoiaz hornitua.
  • Ongi erabilera-proban: zehaztapena, xaflak garbitzea eta bizarra kendu ondoren larruazalean uzten duen ongizatea ditu alderdi aipagarrienak.

Bic Comfort Twin

  • 0,39 euro alea
  • Osoko kalitatea: Onargarria
  • Arinenetako bat. Xaflak mozteko eragin beharreko indarra eta zaharkitzea, onargarriak. Gainaldean zulo bat dauka, garbiketa errazteko.
  • Onargarria erabilera-proban (baina balioztapen txarrena jaso zuen): “ebakirik gabe” proban eta bizarra kendu ondoren larruazalean uzten duen ongizatean, puntuazio kaskarrenak.

GILLETTE Blue II Plus Slalom

  • 0,66 euro alea
  • Osoko kalitatea: oso ongi
  • Denetan garestiena. Bere kategorian, kalitatea eta prezioaren arteko erlazio egokiena eta aukera polita, oro har. Xaflak mozteko eragin beharreko indarra eta zaharkitzea egokiak dira. Zulo asko, garbiketa errazteko.
  • Erabilera-proban hoberena: eraginkortasuna, garbitzeko erraztasuna eta bizarra kendu ondoren larruazalean uzten duen ongizatea ditu alderdi aipagarrienak.

Bic Softwin

  • 0,47 euro alea
  • Osoko kalitatea: ongi
  • Bi koloreko plaka labaingarria (E bitamina eta aloe bera) daukan bakarra izaki, ez ditu emaitza hobeak lortzen. Bizarra mozteko angeluak denetan txarrenak dira. Ahoaren zaharkitzea egokia den arren, xaflak mozteko eragin behar den indarra handia da. Erabilera-proban ongi: mozketaren eraginkortasunaz eta “ebakirik gabeko” probaz, iritziak ez zetozen bat.