Organoak ematea

Elkartasunezko egintza batzuentzat, bigarren aukera besteentzat

1 maiatza de 2000

Elkartasunezko egintza batzuentzat, bigarren aukera besteentzat

Ontziratutako elikagaien etiketek oso informazio baliagarria ematen diote kontsumitzaileari: bertan azaltzen diren datuei esker, hartzen dituen produktuen ezaugarriak ez ezik, elikagai horren prezio eta kalitatearen arteko erlazioaz nolabaiteko ezagutza izan dezakeelako.

Kontsumitzaileak lehentasunez elikadura ekonomikoa bilatzen baldin badu, prezioa nagusituko zaizkio gainerako ezaugarriei. Dieta orekatu eta osasuntsuari jarraiki elikatzea aukeratu badu, ordea, behar baino gehiago ordaindu gabe, etiketa arretaz irakurtzea ezinbestekoa izango du.

Noski, produktuak dastatu eta, kontsumo-aldizkarien bitartez, norberak ezin har litzakeen (eta etiketak agertzen ez dituen) ezaugarri edo prestazioez informazioa biltzea ere garrantzi handiko kontua da.

Nolanahi ere, etiketak ematen digun informazioa balio duen hainbestean preziatu behar dugunez, arduraz irakurri behar dugu: bera da indarrean dagoen legeriak elikagai jakin bati ezarritako baldintzak betetzen dituen seinale, fabrikatzaileak kontsumitzailearen aurrean hartu duen konpromisoaren adierazgarria. Arauak, oro har, etiketa argia eta zorrotza izan behar duela xedatzen du, ezaugarri, osaketa, izaera, kopuru, jatorri edo fabrikatzeko moduari dagokionez, kontsumitzailea akatsera inola ere eroan gabe. Ontziratutako elikagaiei buruz bi informazio-mota ematen da: orokorra (denek agertu behar dutena) eta nutrizioari buruzkoa; honakoa aukerazkoa izanik, denek ez dute eskaintzen. Erosi duzunaren funtsezko ezaugarriak ezagutzeko balio dizu informazio orokorrak. Nutrizionalak -betebeharrekoa ez den arren, komenigarria da oso-, elikagaiaren nutrizio-ezaugarriak jakinaraziko dizkio kontsumitzaileari: kaloriak, nutrikariak, zuntz-kopurua, bitamina-mota eta kopuruak, mineral-gatzak, etab.

Funtsezko organoren baten konponezinezko hondamena nozitzen duten hamaika pertsonarentzat (epe ertain edo laburrera, heriotza mehatxu segurua dutelarik), transplantea da azken irtenbidea, bakarra. Horregatik du berebiziko garrantzia organoak emateari dagokion guztiak.

1999 urtean Estatu espainolean guztira eman ziren 1.334 organoei esker (kasuen %85ean, hildako pertsona berari organo bat baino gehiago atera zitzaizkion) ia 3.500 transplante egin ahal izan zituzten sendagileek. Urte osoan zehar, hildako senitarteen organoak emateari zortzi familiatik bik bakarrik uko egin zioten arren, emaileen kopurua oraindik ere ez da organo baten zain daudenen premiak asetzeko bezain bestekoa. Halaz ere, organoak emateaz ari garela, Estatu espainiarra da mundu osoan tasa garaienetako bat agertzen duena (milioi biztanleko, 33 emate: horren aurrean, EEBBek 22 dituzte, 16 Frantzia eta Portugalek, eta 15 Suitzak). Transplanteak egin eta teknologiaren inguruko guztian ere, askoz egoera egokiagoan daude bertako hiritarrak eta, gainera, aldez edo moldez, Estatuan ezin erabil daitezkeen organoak atzerrira igortzen dituzte. Horiek direla eta, munduak “eredu espainiarra” jarraitu behar duela esaten omen da, elkartasunezko ariketa den organoak emate hori atzeraka baitoa atzerrian.

Zergatik ematen dira horrenbeste organo?

Eredu horren arrakasta 1979an estrainekoz eman zen Transplanteei buruzko Legean eta 1980ko Errege Dekretuan garatu ziren ondorengo arautegietan datza: bertan, organoak emateko baldintza aurrerazaleak jasotzen ziren, hala nola doakotasuna, hildako emailearen ustezko adostasuna eta emaniko organoen hartzaileekiko berdintasun-printzipioa (ezin egin daiteke diskriminaziorik sexu, arraza, adin edo egoera sozioekonomikoagatik, alegia). Baina transplanteak egiteko premia gorantz zetorrela eta, medikuntzan eta biologian eginiko aurrerakuntzek erakusten zutenez, araudi haiek egun-eguneko panorama sozial eta biomedikora egokitzeko berrikuntza aplikatu beharra zegoen. Joan den urtarrilaren 5ean indarrean sartu den 2070/99 Errege Dekretu espainiarrak aurreko legeari erantsi dizkion hobekuntzetako bat, adibidez, organoen premiaz edo erabilgarritasunaz publizitatea egiterik debekatzea izan da. Bi berritasun nabarmenduko ditugu hemen: batetik, emaile biziak (hau da, bizirik dagoela, transplantea egiteko bere organoa -giltzurrunak edo bihotza, adibidez- ematen duena) organo hori emateko prest dagoela sinatuko du epailearen aurrean eta zeinahi unetan iritziz aldatu ahal izango da, organorik atera aurretik; sinatu duenetik 24 ordu igaro behar dira, gutxienez, organoa atera arte. Bestetik, bihotza gelditzeagatik hildako pertsonei ere organoak erauztea ahalbideratu da oraingoan; lehen, aldiz, heriotza entzefalikoa gertatzen zenean bakarrik erauz zekizkiokeen organoak hildakoari. Arau berriak, beraz, bihotza gelditzearren jazoriko heriotza diagnostikatzeko irizpide berriak ezarri ditu.

Organoak eman eta transplantatzea

Organoak ematea elkartasunezko ariketa da: horren bitartez, norbaitek organorik beste norbaiti ematea erabaki badu, premian dagoen beste pertsona bati laguntza eman ahal izango dio (hil ondoren, noski). Transplantea, berriz, emaileari erauzitako organoa hartzailearengan ezartzea da. Bi transplante mota bereiziko ditugu hemen: organoena (giltzurruna, gibela, birikak, area, bihotza, hezurrak, hesteak, etb.) eta ehunena (hezur-muina, zelula endokrinoak, kornea, larruazal edota hezur-tendoien ehuna). Bestetik, alotransplantea gertatzen da organoa espezie bereko beste izaki batengandik hartu denean, autotransplantea izaki bera emaile eta hartzaile denean eta xenotransplantea, azkenik, organoak beste espezie bateko animalia batengandik baldin badatoz.

Transplanteetan maizen gertatzen den arazo larrienetako bat, hartzaileak organo berriari errefus egitea denez, funts-funtsezkoa da errefusaren mekanismoak zehazki kontrolatzea. Helburu horrekin aztertzen dira emaile eta hartzailearen histokonpatibilitate-sistemak, ahalik eta bata bestearekin elkartzeko aproposen gerta daitezen. Errefus-erreakzioa murrizten laguntzen duten botika inmunosuntsitzaileak (ziklosporina, kortikoideak) ere erabiltzen dira gaur egun.

Organoen emaile, gizartearen onegile

Emailearen ezaugarriak ez dira aspaldiko berberak. Duela urte batzuk emaile guztien %80 trafiko-istripua jasaniko gazteak ziren bitartean, egun ugariago dira garuneko hemorragia edo infartuz hildako 40 edo 50 urteko pertsonak, Transplanteen Erakunde Nazional espainiarrak (ONT) adierazi duenez. Organoak emateko baldintza aproposetan ospitaleetan hiltzen diren pertsonak dira horiek baina, horrelakoetan ere, ehunetik bakar batek betetzen ditu organoak emateko baldintza guztiak: besteak beste, infekzio-gaixotasunik edo neoplasiarik (minbizia) ez nozitzea, alegia.

Baliozko emaileen proportzio urri-urri horrek argi eta garbi erakusten du baliorik izan dezaketen hilotza guztiei giza probetxua ateratzeko garrantzi berebizikoa; baita, noski, transplante bat edo gehiago egin ahal izateko organoak eman ditzaketen hildako pertsonen senitartekoekin adostasunera iristeko premia ere.

Oraindik orain eginiko inkesta batetik ondorioztatzen denez, berariazko agiridun espainiar emaileen erdiek organoak besterenganako elkartasunagatik eskaintzen dituzte. Hilez gero, organo horiek ezertarako balioko ez dietela onartua dute eta, eskuzabaltasunari esker, beste pertsona batzuek bizirik segitu ahal izango dutela dakusate, gainera. Borondatezko emaile horien %38k elkarrekikotasunez dihardu: bihar-etzi bera ere besteren organoen hartzaile bihur daiteke eta. Beste zenbaitek, zorroztasun handiz, organoak emateak osasun-sistema publikoari diru-aurrezkia eragiten diola uste du. Giltzurrunen kasuan, esate baterako, diru-kutxa publikoen ikuspegitik, transplantea askozaz ere merkeago gertatzen da hemodialisia baino.

Emaile-agiria

Bizirik dagoela emaileak betetzen duen dokumentu horretan, hil ondoren transplanteak egiteko baliozkoak gerta litezkeen bere organo eta ehunak erauz diezazkioten borondatea aldarrikatzen du. Esan gabe doa agiri hori betetzea ez dela nahitaezko baldintza emaile bihurtzeko, Estatu espainoleko hiritar guzti-guztiak baitira emaile, berez. Adinez heldu diren pertsonek eska dezakete emaile-agiria, baina hau indargabetu egiten da pertsona horrek hala adierazten duenean (dokumentua hautsi eta bere familiartekoei nahi berria jakinaraziz), agiria edukitzeak ez baitu izaera loteslea. Kasu guzti-guztietan hildako pertsonak nolako borondatea zuen senideekin kontsultatu ondoren, hauei onespena eskatzen zaie; hildako emailearen berariazko borondatearen kontra espreski familia ateratzea bakan-bakanetan baizik ez da jazotzen. Emaile-agiria doakoa da eta erakunde publiko (Osasun-Kontseilaritza, ospitalearteko transplante-koordinakunde, ospitale erabiltzaileen informazio zerbitzuak, osasun-zentro eta goian aipaturiko Transplanteen Erakunde Nazional espainiarrean) zein pribatuetan, hala nola giltzurruneko gaixoen elkarteetan, gibel-, bihotz edo birika-transplantatuenetan etab., eskura daiteke.

Hartzailea: amaigabeko itxaronaldia

Funtzionatzeari utzi dion organoa daukan gaixo larria izan ohi da hartzailea. Dagokion itxaron-zerrendan (giltzurruna, gibela, bihotza… hartzeko) sartzen da ezin eztabaidatuzko argudio baten baldintzapean: transplantea egin ondoren, haren bizi-kalitatea ikaragarri hobetuko da, inondik inora. Zenbaitetan, ebakuntza kirurgikoak espero den onura baino arrisku larriagorik sortarazten du (kontuan har dezagun dialisian ari diren gaixo batzuek bihotza ere gaizki dutenez, egoera horretan anestesiak sekulako arriskua duela). Organoa aldatzea agintzen duen patologiaz gainera beste gaixotasun larririk duten pertsonei ere ez zaie transplantea egiterik aholkatzen, horien bizi-kalitateak nekez egingo baitu hobera. Kasuan kasuko gorabehera guztiak aztertzen dituzte beti sendagileek, nolanahi ere.

ONT erakundeak emaniko datuen arabera, transplanteak egiteko itxaron-zerrenda laburrenak Estatu espainolak ditu. Zerrenda horretan, transplante-bidez organoak hartzeko zain dauden eskatzaile guztien izena eta izan beharreko informazioa agertzen dira: horrela, organo baliagarririk eskuratu bezain laster, espezialistek ezbairik gabe aukeratuko dute zein den pertsona egokiena transplantean organoa jasotzeko. Emaniko organo edo ehuna eta pertsona hartzailearen arteko bateragarritasuna faktore bat baino gehiagok baldintzatuko dute: odol-multzoa, neurri antropometrikoak, inmunologi arazo konplexuak eta, giltzurrunaren kasuan, esaterako, hainbat antigeno (hau da, organismoan sartuz gero, inmuno-erreakzioak sortarazten dituzten gaiak). Itxaronaldia ere aldatu egiten da, hartu beharreko organo edo ehuna zein den. Bihotzeko gaixoak batenaz beste pare bat hilabete itxaron behar izaten du; gibelaren transplantea egiteko, berriz, gaitzak jota dagoenak hiru eta erdi. Luze diruditen arren, epe horiek herrialde gehienetakoen erdi parean daude: EEBBetan (organoen emate-tasa garaienetako bat izaki) bihotza transplantatzeko batez beste zazpi hilabete eta gibelarena egiteko zortzi hilabete itxaron behar izaten du gaixoak. Europako herrialde askotan ere, antzeko itxaronaldiak bete behar izaten dira. Estatu espainiarrean bakarrik laburtu dira itxoin-zerrendak: horregatik, organoak emateari dagozkion kontuetan, espainiarrak munduko altruistenak direla diote, mundu zabaleko emate-proportziorik altuenaz harro egon daitezkeelarik: ia 34, milioi biztanleko. Erkidego autonomiko izenekoetan EAE eta Kantabria nabarmentzen dira, 34 horren ordez 50 inguruan baitabiltza. Ondotik Madril, Katalunia eta Valentziako Erkidegoa datozkiela (35 emaitza baino gehiago). Organo nagusien transplanteei goazkiela, Espainiak indize hauek ematen ditu: milioi biztanleko beti, 46 giltzurrun-transplante; gibel (20) eta bihotzari (8) buruzko zifrak apalagoak dira.

Espainiako Transplanteen Erakunde Nazionala

Osasun eta Kontsumo Ministerioko organismo den Transplanteen Erakunde Nazional (ONT) horren eginkizuna, era guztietako ehun, hezur-muin eta organoen emate eta transplantea erraztu eta koordinatzea da. Sortu zenez (1989) geroztik, ia ehun mila laguni egin zaie organo edo ehunen baten transplantea. Osasun-Sistema osoaren zerbitzu-agentzia gisa dihardu: transplantatzeko moduko organo eta ehunen erabilgarritasuna etengabe gora ekartzen ahalegindu ezezik, transplantegintza gidatu behar duten berdintasun-printzipio etikoen eta ezagutza teknikoen arabera, eragiketen banaketa egokiena egingo dela bermatu ere egiten du. ONT erakundearen helburu eta itxaropenetako bat aurten organo-emateak %15ean gehitzea da. Erkidego autonomiko batzuetan, transplanteen kudeaketa ere unitate autonomikoen kontukoa den arren, ONTk funtsezko betekizuna du informazioaren koordinazioan eta, zenbaitetan, emaniko organoen kudeaketan bertan ere. Esate baterako, Valentzia edo Sorian transplantatzeko moduko gibel bat baldin badute baina “zero larrialdi egoeran” -egun pare batean hil litekeena- dagoen gaixoa Caceresen baldin bada, transplanteari buruzko erabaki egokienak har daitezen beharrezkoa den informazioaren joan-etorria ONT horrek koordinatzen du.

Legea eta emaitzak

Ikuspegi juridikotik, beste norbaiten mesedetarako organo bat ematea justifikaturik dagoenez, zientziaren aurrerakuntza lagundu eta organoen diru bidezko trafikoa zein gehiegikeriazko esperimentuak egitea galarazi egiten du arauteriak. Transplanteei buruzko 1979ko Legeak planteatzen zituen funtsezko lau kontuak hurrengo Errege Dekretuak zehaztu zituen:

  • Erauzketaren helburua terapeutikoa izango da nolanahi ere.
  • Organoak ematea, beti, doako eta isilpeko ariketa da. Gizarte-sektore batzuek nozitzen dituzten premia ekonomikoek (herrialde txiroenetan ez oso minoritarioak, gainera) eta organoak saltzeraino irits litezkeen eskrupulurik gabeko artekarien ustezko irabazi-nahiak eraginik, legegileek argi eta garbi utzi behar izan zuten organoak dohain eman behar direla, hainbat alderdi nabarmenduz: gizakia kontratu-gai izaterik debekatzea, merkatuak halako prezioan edo, are eta okerrago, diru gehien ordainduko duenari giza organoak eskaintzeari ateak itxita. Sal-erosketa hori gizabidez kontrakoa litzateke, noski, eta diskriminatzailea, gainera: organoak Interneten enkantean jarriko balira, adibidez, nori egin lekioke transplanterik? aberatsenei bakarrik ote? Errege Dekretu berriak organoen trafikoa galarazi eta bi kontu seko debekatzen du: organoen aldez edo moldezko publizitatea eta, organoa ematearren, zeinahi eratako ordainketa edo saririk ematea (8. art.). Emaitza beti isilpean egingo da, eta bizirik edo hilik dagoen emailea eta senitartea anonimoak izango dira.
  • Bizirik dagoen emaileak (hezur-muin eta giltzurrunen transplanteetan, esaterako) onespena adieraziko du, askatasunez eta bere buruaren jabe izanik; adinez heldua izango da eta erabakiak izango dituen ondorioak jakinaraziko zaizkio, aldez aurretik. Organoa edo ehuna erauztea eta bizirik segitzea bateragarriak izango dira eta horren funtzioa organismoak egokiro eta segurantziaz orekatu ahal izango du. Errege Dekretu horrek ekarritako azken berritasuna: organo horren emaitza Erregistro Zibileko epailearen aurrean sinatuko du emaileak, hurrengo 24 orduetan iritziz aldatu ahal izango delarik. Dena den, hildakoen emaitzei lehentasuna emango zaie, bizirik dauden emaileen aurretik.
  • Hildakoen emaitzei dagokienez, hildakoa emailetzat hartzen da, bizirik zegoela hil ondoren organoen erauzketaren kontra azaldu ez baldin bazen behintzat. Hiritar gehientsuenek ezezagun duten irizpide horren ondorez -ustezko onarpena-, hain zuzen, agertu da Estatu espainola organoen transplante-kontuetan Europan aitzindari. Balizko emaitzei buruz, hildakoak bere borondatea hitzez edo idatziz utzi ez badu, elkartasun printzipioak erabateko lehentasuna duenez, onespena emandakotzat jotzen da. Teorian bederen, senideek ezin uka, ezin baimen dezakete emaitza, horien eskumenetik kanpokoa delako erabaki hori. Legearen letra eta izpirituari jarraiki, zendutakoaren borondatea ikertu behar dute sendagileek: hil aurretik gai horretaz zerbait esan ote zuen galdegin behar dio tratatu zuen pertsonalari eta, areago, bere gauza pertsonalen artean arakatu egingo du, kontu honi buruzko jarreraren berririk agertzen ote den egiaztatzeko. Adiera horretantxe egin beharko litzaieke senitartekoei kontsulta, hau da, zendutako ahaideak esan zuenaz, ez besterik. Legearen arabera, organoa emateari senideak ezin liezaioke uko egin. Are gutxiago idatzizko onespena baldin badago. Dena den, uko egiteko modu soil bat hauxe da: familiako kide batek, edozeinek, hildakoak ez zuela emaile izan nahi edo sinaturiko agirian azaltzen den jarrera ezeztatu nahi zuela berrestea. Ohikoa, nolanahi ere, senitartekoen borondatea nagusitzea da.

Garun-heriotza eta bihotz-gelditzea

Errege Dekretu horrek ekarritako beste berritasun bati esker, bihotza gelditzeagatik gertaturiko heriotzaren kasuan ere organoak erauzi ahal izango dira; lehenago, ordea, transplante-prozesuari hasiera ematea entzefalo-heriotza jazotakoan bakarrik zegoen baimendurik.

Legeak zehaztua duen bezala, zeinahi garun-erantzunik, berezko arnasketarik eta erreflexu zefalikorik ez izatea da entzefalo-heriotza. Hori berresteko, bidezko proba medikoak egin behar izaten dira eta, gainera, transplante-lanik egiten ez duten hiru sendagilek egiaztatu behar dute: neurozirujauak, neurologoak eta heriotza gertatu den ospitale-unitateko arduradunak, objektibotasuna ahalik eta zorrozkien bermatzeko.

Senitartekoek zendutakoaren organoak ematean ezartzen duten arrazoietako bat, erauzteko unean pertsonak izan dezakeen sufrimendua da, entzefalo-heriotzaren kontzeptua ez baitago oraindik ere oso argi. Pertsona bati bihotza geratzea eta behin betiko hilik geratzea elkartzen ohituak garen arren, pertsona hori hil ondoren odol-zirkulazioa organismoan mantentzeko aukera eta heriotza kontzeptua uztargaitzagoak dira. Bihotza eta arnasketa geratzeagatiko jazoriko heriotza-kasuetan, epailearen baimena erdiesteko bete beharreko prozedura jasotzen duen aipaturiko Errege Dekretuko 10.5 artikulua aplikatzen da. Epaitegiari jakinarazi ondoren, organoen zaintza bermatu behar du sendagileak: era horretan harik eta azkarrago jardun daiteke.

Transplanteen etorkizuna eta konparaketako taula

El trasplante, paso a paso

  • Balizko emailea identifikatzea. Entzefalo-heriotza edo bihotza geraturik hil da pertsona bat ospitaleko Zaintza Intentsiboko Unitatean. Historia klinikoa aztertu ondoren, transmititzeko moduko gaixotasunik ez duela izan egiaztatuko da, aurrenik.
  • Organoen ebaluazioa. Organoa emateaz kontradierazpenik ez badago, organo horien azterketa -ekografiez, radiografiez, etab- egingo da, nola funtzionatzen duten eta guztietatik, transplantatzeko egoera egokian zein dauden zehazteko.
  • Entzefalo-heriotza edo bihotza eta arnasketa gelditu direla berrestea. Transplanteetan ez diharduten hiru sendagilek egiaztatuko dute heriotza. Era artifizialean, zendutakoaren odol-zirkulazioa mantentzen da.
  • Familiarekin elkarrizketa. Trasplanteen koordinatzaileak senideekin hitz egingo du ondoren: haien esanetara jarriko da, ahal den guztian laguntzeko eta organoak emateko aukera planteatuko die (nahiz, batzuetan, eskaintza hildakoaren familiartekoek egiten duten). Senitartekoek onartzen badute, baimena idatziz emango da. Ondoren, Transplanteen Erakunde Nazionalari koordinatzaileak albistea jakinaraziko dio: bada emaile bat, prest.
  • Sendagile-taldea osatu eta hartzailea aukeratzea. Balizko hartzailea aukeratzeko hainbat irizpide hartzen dira kontuan: klinikoak (larrialdia), inmunologikoak (odol-multzoaren elkargarritasuna), antropometrikoak (tamaina), lurraldezkoak (organoa zein herritara igorri behar den) eta erauzitako organoaren zain balizko hartzaileek zenbat denbora eman duten.
  • Sendagile-taldea lekuz aldatzea. Eskuarki, sendagile-talde berak organoa erauzi eta transplantatu egiten du. Gibel-transplante batzuk bakarrik egiten dituzte eragiketa horiek bi sendagile-taldek.
  • Erauzketa eta azken balorazioa. Organoak erauzi dituen fakultatibo-taldeak bertan baloratuko du horren bideragarritasuna eta arterietako ebakiak egitean sor daitezkeen arazoak. Transplantea egiteko unera arte, organoa zaintza-disolbakin batean kontserbatzen da, 4° C-ko tenperaturan.
  • Organoa jasoko duen hartzailea prestatzea. Organoa balekoa dela jakinaraziko zaio gaixoa dagoen ospitaleko taldeari, zein ordutan iritsiko den zehazturik, hartzailea prestatzen has dadin.
  • Transplantea egitea. Kirurgi-taldeak -hiru espezialista bihotz-transplantean, bi giltzurrunenean eta lau gibelarenean, batez beste- egingo du, azkenik, ebakuntza eta eragiketa.

Emaile agiria lortzeko

  • Francisco izeneko gizonezkoari gibel eta bihotzaren transplantea egin zioten batera, organismoak bi giltzurrun-transplante errefusatu ondoren.
    Hamalau urtez dialisia egunero egin beharra nozitu eta gero, Franciscori giltzurrun bat transplantatu zioten, baina hamar egun besterik ez zuen iraun. Esan gabe doa epe laburregi hori igarota, giltzurrun ezarri berria ostera erauzi behar izan ziotela. Handik hiru urtera beste bat hartzeko aukera izan zuen: oraingo transplantearen emaitzak sei urte bakarrik iraun zion; orduan huts egiten hasi zenez, kendu egin behar izan zitzaion. Azkenean, transplante bikoitza egin zioten gizonari: giltzurruna ez ezik, gibela ere aldatu behar oraingoan, berea zirrosiak jota baitzegoen, potasio eta urea-desmailen, odol-transfusioen eta beste hainbat arrazoiren ondorioz.
  • Cristóbal Salvadorek55 urte ditu eta giltzurruna 1983an transplantatu zioten (berari egin zioten, arrakastaz egin ere, Espainiako hasiera-hasierako transplanteetako bat). Hungarian 1999ko irailean egin zen Transplantedunen Munduko Txapelketako 5.000 metroko lasterketan brontzezko domina irabazi zuen Cristobalek; 400 metrokoan laugarren sartu zen, eta 1.500 metroko proban seigarren tokian. Bartzelona’98 Transplantedunen Txapelketan ere hartu zuen esku, arrakasta handiagoz: brontzezko eta zilarrezko dominak eraman zituen. Kirolbidearen osagarri, sei maratoi eta hainbat lasterketa herrikoitan parte hartu izana. Cristobalek onartzen duenez, duela zortzi urte arte, kirolean batere jardun gabea zen. Bizia salbatu zion transplanteari esker hasi zen kiroletan -atletismoa, parakaidismoa, hipika eta senderismoa egiten-: orain, jarduera hori ezinbestekotzat jotzen du, transplantedun guztiek hil arteraino hartu behar izaten duten botika-kopuru eskerga nolabait orekatzeko.
  • Xabier Les Costa ere giltzurrun-transplantedun atleta da: bere iritziz, organo txertatua daukan jendea ez da besteak ez bezalakoa. Hori frogatzeko, Sydney’97 Transplantedunen XI. Txapelketan esku hartuta, urrezko hiru domina ekarri zituen etxera: 100 metroko lasterketan, 200 metrokoan (munduko marka hautsita, gainera) eta luzerako jauzian irabazle gertatu baitzen.
    Gibela, bihotza, birikak, giltzurrunak edo antzeko organoak gaixotasun kronikoak jota daudenean, gaixoak jarduera askori uko egin behar izaten dio, kirolari adibidez. Baina, organo salbatzailea hartu duenez geroztik osasuna hobetzen hasten da eta, horrekin batera, ebakuntza egin aurretik galarazi edo debekatuta zeukan guztia egiteko indar eta kemenak zuzpertzen zaizkio transplantedunari. Kirola biziki mesedegarri gertatzen zaie horrelako gaixoei, muskulu-tonu eta arintasunean aurrera egin dezaten eta, aldi berean, hainbat adierazle metaboliko eta funtzional (glukosa, arteria-presioa, kolesterola…) hobetu daitezen. Ziklosporinari (errefusa galarazten duen inmuno-suntsitzaileari) esker, gainera, organorik hartu duten gehientsuentzat gizartean berriro integratzea eta goi mailako kirolean aritzea, aukera ez ezik, errealitate ere bilakatzen da.