Banantzea eta dibortziatzea, geroz eta ohikoago

Elkarrekiko arazoak amaituta, elkarrengandikoak hasi

Dibortzioaren Legea duela 18 urte ezarri zen indarrean Estatu espainiarrean, harrezkero milioi bat pertsona banandu dira eta kopurua gorantz doa oraindik
1 martxoa de 2000

Elkarrekiko arazoak amaituta, elkarrengandikoak hasi

Hemendik hamar urtera, urtero-urtero bikoteen erdien banantzea nozitzen duten Estatu Batuak, Ingalaterra eta antzeko herrialdeen parean jarriko da espainola ere. Ezkontzari amaiera emateak, bide horretatik jotzea erabaki duenari sekulako tentsioa eta makina bat buruhauste ondorioztatzen dizkio. Baita berebiziko diru-xahuketa ere: banantze eta dibortzioen negozioak Espainian urtearen buruan 50.000 milioi pezetarainoko huskeria mugiarazten du.

Bi banantze- edo dibortziatze-mota onartzen ditu Kode Zibilak: konbentzionala (senar-emazteek, elkar hartuta, banantzea erabaki dutelarik, aitzakia zehatzik argudiatzearen premiarik ez dago) eta bide kontentziosokoa: haustura eragin duten kausak frogatzea agintzen du honek. Banantze nahiz dibortzioa gestionatzeko abokatu bat eta prokuradore bat (honek, senar-emazte ohien ordezkaritza agertuko du epaiketan) behar dira.

Zenbat kostatzen da banantzea?

Elkar harturiko banantze- eta ondoko dibortziatze-prozesua, epai eta guzti, 150.000 eta 300.000 pezeta bitartean kostatzen da bikoteko (hauek dira Madrilgo Abokatuen Kolegioak gomendatzen dituen prezioak), bi ezkontideek abokatu bera dutenean. Ondasun ganantzialen kitapena egitea erabaki baldin badute, tarifa horri likidatzen diren ondasunen balioaren araberako portzentaje bat gehitu behar zaio. Bata bestearekin fidatzen ez direnez, maiz, ezkontide bakoitzak aukeratzen du bere abokatua, bere interesak defenda ditzan. Estatu espainolean ordainsariak 1996tik legearen uztarpetik libre daudela, abokatu matrimonialisten minuta aldatu egiten da kasuaren konplexutasunaren, negoziazioan aritzeko zailtasunaren eta bestelako zertzeladen arabera (herri batetik beste batera bidaiatzeko beharra, eskatzaileek hala agindurik, jarri behar diren errekurtso eta erreklamazio kopurua eta beste). Abokatu bati auzi bat prestatzeak nolako zailtasun eta kostuak eragiten dizkion kalkulatzea dezente konplexua da, hamaikatxo faktore aldatzen baitira kasu batetik bestera. Dibortzioa edo banantzea bide kontentziosotik betearazi nahi bada, bi alderdietako bakoitzak prokuradore baten ordezkaritza eta abokatu baten defentsa agertuko du. Ezkontideak letratuaren lanagatik 185.000 pezetatik 300.000 pezetaraino ordainduko du; prokuradoreari, berriz, beste 50.000 edo 60.000 pezeta.

Ordainsari horiek, aferaren konplexua dela medio, igo egin daitezke, behin-behineko neurriak hartzea planteatzen baldin bada (gutxien-gutxienez, beste 50.000 pezeta), alderdietako batek errekurtsorik aurkezten baldin badu edo, prozesuan zehar, gastuak eta itxaronaldia areagotzen dituzten gorabeherak sortzen baldin badira. Prozesuaren guztirako kostua 300.000 pezeta ingurukoa ohi da ezkontideko, bikoteek dituzten ondasunen eta xedatzen diren pentsioen arabera. Bi ezkontideen diru-sarrerak batuta, lanbidearteko gutxieneko soldataren (LGS, Estatu espainolean gaur egun 70.680 pezeta hilean) bi halako ere jasotzen ez dituzten bikoteek, doaneko asistentzia juridikoa jasotzeko eskubidea erreklamatu ahal izango dute, bi alderdiak elkar harturiko prozesua denean. Kontentziosoa baldin badago, baremoa (LGS) ezkontide bakoitzari aplikatuko zaio.

Pentsioa, desadostasun-iturri

Dibortzio-epaia emateko unean epaileek zehaztasun osoz baloratzen duten aspektuetako bat, hausturaren ondoriozko kalte handiena nozitu duen alderdiari eman beharreko babesa izaten da. Bide kontentziosora jotzen denean, kasuen %90etan emakumeak hartzen du seme-alaben zaintza, elikatze-pentsioa eta familiaren etxebizitza. Nabarmentzekoa da pentsioa seme-alabei ematen zaiela, ez horien zaintza bereganatu duen ezkontideari, dirua administratzeko ardura berak daukan arren. Diru kopuru horren munta epaileak zehaztuko du, seme-alaben premien eta ohiko gastuen arabera, gurasoen egoera ekonomikoa eta pentsioa zenbat senideri eman behar zaien ahantzi gabe. Seme-alaben elikatze-pentsioaren munta, ordaindu behar duen gurasoaren diru-sarreren %30erainokoa izan daiteke. Beste kontu bat, oso bestelakoa, banantze edo dibortzioaren ondorioz desoreka ekonomikoa jasan duen ezkontideari -emazteari, gehienetan-ordaindu beharreko pentsio berdintzailea da.

Diru kopuru hori kalkulatzeko, ezkontzaren iraupena, emakumeak agertutako familiarengatiko entrega, adina, lan-merkatuan sartzeko aukera, osasuna eta erabilgarri dituzten ondasunak hartzen dira kontuan: beraz, nekez eman daiteke batez besteko kopururik, orientazio gisa. Nolanahi ere, dibortziatu edo banandutako ezkontide-ohiak, seme-alabak mantentzeko eta beste ezkontideari pentsio berdintzailea entregatzeko ordaintzen duena eskuarki diru-sarreren %45 baino gehiago ez dela izaten esan dezakegu, orokorki.

Artekaria, irudi berria

Azken urte hauetan, banantze- eta dibortziatze-prozesua erraztu eta bideratzen duten famili artekaritzarako zentroak sortu dira Estatu espainolean, EAE, Madril, Katalunia eta Balearetan. Administrazioak interes publikoko gunetzat harturiko zentro pribatuak direnez, erkidego batzuetan diru laguntza ofizialak jaso bai, baina pribatu segitzen dute, nolanahi ere. Euskal Herri-Administrazioak eskaini zuen aurrena zerbitzu hori, 1996 urtean. Gaur egun, artekaritza-zerbitzuak hainbat erakunde pribatuk eskaintzen dizkiete banantzea erabaki duten bikote guztiei: banantze-prozesuari ekin diotenei, hastear dutenei, dibortziatutakoei, legez bananduta egonik ere, hitzarturiko neurriak ez betetzearren (pentsioak ez ordaintzea, bisita-erregimena ez betetzea, etab) krisialdia oraino bizi dutenei eta, lege-prozedurarik hasi nahi ez duten arren, harremana arautzeko laguntzaren premia dutenei.

Bikoteak bide kontentziosoa bazterturik, adostasunezko banantze edo dibortzioa bideratuko duen kontsentsura iristea da artekaritza-zerbitzu horren helburua: horrela, legezko prozesuak ondorioztatzen duen kostu ekonomikoari eta eragin emozionalari saihets egingo zaie. Adostasun horiek oinarrizko bost alorretakoak izan daitezke: elkarte ganantzialaren bereizketa, baliabiderik gabeko ezkontidearen pentsioa, seme-alaben zaintza, bisita-erregimena eta seme-alabentzako elikatze-pentsioa. Eragindakoekin bilerak eginez negoziatzen dira bost puntu horiek. Azken itunera iritsiz gero, adostasunez banantzeko demandari erantsiko zaion hitzarmen modukoa izenpetuko dute ezkontideek. Horrek guztiak prozesuaren iraupenean du zuzeneko eragina eta, xedapen-epeak zehaztea zaila den arren -epaitegi batetik bestera eta lan-muntaren arabera, alde handiak hautematen dira-, prozesua nabarmen arintzen da, bide kontentziosoari itzurita, arazoa adiskidantzaz bideratzen denez, epeak murriztu egiten baitira.

Artekarien lana ez da hor bukatzen, ordea: hitzarmenek bere horretan segitzen duten ezagutzeko eta, premiazkoak izanez gero, balizko aldaketak negoziatzeko jarraipena egiten dute. Doaneko zerbitzuek aholkularitza juridiko eta psikologikoa eskaintzen dute baina lege-bidera jo nahi duen bikoteak abokatu eta prokuradorearen zerbitzuak kontratatu beharko ditu. Dena den, bikoteak artekaritza-zerbitzu pribatua aukeratzen badu, hitzarmenaren lege-alderdiez aholkularitza eman dien abokatu bera arduratuko da epaitegi aurreko legezko prozesuaz ere.

Agur luzea, luzatua

Adiskidantzazko banantze-prozesuko lehen urratsa, bi ezkontideak banandu bitarteko bizitza arautuko duen hitzarmena xedatzea da (seme-alabak zaindu eta bisitatzeko erregimenaren baldintzak, ezkontideen etxebizitzan nor biziko den, pentsioak zenbatekoak izango diren, etab): prozesuari hasiera eman zaionetik hilabetean berretsiko da hori dena, epailearen aurrean. Banantzea kontentziosoa baldin bada -ezkontideetako batek eskatuta, beraz-, baliteke prozesua izugarri luzatzea, demanda jarri duen alderdiak ezarri nahi dituen baldintzak eta gainerako eskakizunak direla bide. Eskaera hori eta beste alderdiko eskaria behin ere ez datoz bat. Beraz, banantze-prozesuan zehar senar-emazteen bizitza arautuko duten behin-behineko baldintzak epaileak xedatuko ditu. Neurri horiek banantze-epaian berretsi edo aldatu egingo ditu, azkenean.

Adiskidantzazko banantzea egiteko eskakizuna tartejarri denetik urtebetera, bikote-elkarbizitza egiaz eten denetik (elkarrengandik apartatzea bi ezkontideek askatasunez onartu baldin badute) bi urte jarraian igarotakoan edo, senarrak nahiz emazteak eskatuta, bikote-elkarbizitza egiaz eten denetik bost urtera eska dezakete banandutakoek dibortzioa. Ezkontide, aitzineko edo ondorengoen biziaren kontra atentatzearren, behin betiko epaian emaniko kondenagatik ere eska dezake ezkontideak dibortzioa; baina dibortziatzeko erabakira elkar hartuta iritsiz gero, epaia bizpahiru hilabetean jasoko da (Bizkaian, adostasunez hitzarturiko banantze-epaiak azkarrago ematen ari dira); bide kontentziosotik baldin bada, litekeena da behin betiko epaia urte batzuk ere atzeratzea.

Kalte handiena, seme-alabentzat

Gurasoen banantze edo dibortzioaren ondorio latzenak seme-alabek nozitzen dituzte; are gehiago, zenbaitetan gertatutakoaren nolabaiteko erruduntzat dute beren burua. Horretaz gainera, prozesua ez baldin badute bi gurasoek elkar hartuta bideratu, seme-alabak ere banatzeko ondasun huts bezala hartzen dira.

Legearen arabera, ez banantzeak ez dibortzioak salbuesten du gurasoa seme-alabekiko obligazioak betetzetik. Beraz, bi ezkontideen artean adostasunik ez bada, umeen zaintza eta heziketa bermatzeko behar diren xedapenak epaileak emango ditu. Adin txikikoaren mantenua segurtatzeko guraso bakoitzak zenbat ordaindu behar duen zehaztea eta gurasoen banantzearen ondorio ekonomikoak ahalik eta era arinenean paira ditzaten neurriak onestea ere magistratuaren eginkizunak dira. Familiaren etxebizitzan adin nagusiko seme-alabarik edo berezko baliabideak ez dituen emantzipaturik baldin bada, elikatze-pentsioak ere epaileak zehaztuko ditu.

Adin txikiko edo ezindutako seme-alaben zaintza lortu ez duen gurasoak, haiek bisitatzeko, haiekin komunikatzeko eta haien laguntza gozatzeko eskubidea izango du. Eskubidea noiz, nola eta non gauzatu behar den, epaileak erabakiko du eta, era berean, eskubidea murriztu edo indargabetu egin ahal izango du, gora-beherek hala agintzen baldin badute edo ebazpenak ezarritako obligazioak larriki edo maiz urratzen baldin badira.

Nola eman amaiera ezkon-bizitzari

Banantzea gertatzekotan…

  • Banantzeak ezkontideen elkarrekiko bizitzari ematen dio amaiera, ez ezkon-lokarriari, honek indarrean irauten baitu.
  • Haustura, adostasunez edo legezko kausagatik (etxea abandonatzea, desleialtasuna, jokaera iraingarri edo laidogarria, ezkontide edo seme-alabekiko obligazioak ez betetzea, alkoholismoa, toxikomania, asaldura psikikoak etab) erabaki daiteke, baldin eta beste ezkontidearen edo familiaren interesak elkarrekin bizitze horri uztea agintzen baldin badu.
  • Adostasunezko banantzea eskatzeko, ezkontza izan zenetik urtebetea behintzat igaro behar da. Famili etxebizitzaren erabilera, gastu eta pentsioen banaketa, ondasunen banaketa, seme-alaben zaintza eta bisita-erregimena arautuko dituen hitzarmena erantsi behar zaio banantze-eskariari.
  • Banantzea adiskidantzaz erabaki ez baldin bada, ez da zertan itxoin urtebetea ezkontza egin zenetik. Horrelakoetan epaitegietara jotzen da, ezkontideetako batek hala eskaturik, bestea aurreikusiriko legez kanpoko egoeran dagoen epaileak erabaki dezan. Eskakizunari, ezkontideek itundutako akordioak jasotzen dituen hitzarmen arauemailearen proposamena gehitu behar zaio. Estatu espainoleko Kode Zibileko 90 artikuluaren arabera, hitzarmen horrek hurrengo alderdiez informatu behar du:
  • Seme-alabekin biziko ez den gurasoak, beraiei bisita egin eta beraiekin egoteko erregimena.
  • Familiaren etxebizitza eta gainontzeko ondasunen (altzariak, autoa, etab) erabilera nori dagokion.
  • Familiaren mantenu eta kargak ordaintzeko, ezkontide bakoitzak zenbat ordaindu behar duen.
  • Senar-emazteen erregimen ekonomikoa likidatzea, bidezkoa bada.
  • Ezkontide batek besteari ordaindu behar dion pentsioa, bidezko bada.
  • Banantzea kontentziosoa baldin bada, ondasunak banatu eta pentsioak xedatzeko, ezkontide bakoitzaren egoera ekonomikoa ezagutu ahal izateko agiri eta frogak aurkeztu beharko dituzte alderdiek. Beste horrenbeste egin behar da banantze hori ezkontideek elkar harturik erabaki dutenean, seme-alabengan eragina duten hitzarmenak ministerio fiskalak ezagutu eta onetsi behar dituelako, berau baita umeen zaintza daukana.

Dibortzioa gertatzekotan…

  • Ezkontzaren baliogabetzea eta bere eragin guztien erabateko indargabetzea ondorioztatzen du dibortzioak.
  • Dibortzioa ez da berehalakoa: aurretiazko pausoa izatezko banantzea (hau da, bost urtez elkarrekin ez bizitzea) edo zuzenbidezko banantzea (epaiaren ondoriozkoa, erruzko dibortzioan izan ezik: ezkontideetako batek bestearen, bere aitzinekoen edo bere ondorengoen biziaren kontra atentatzearren, kondenaturik gertatzen denean) izan daiteke.
  • Dibortzio kontentziosoan, banantzean harturiko neurri berak -edo horiek berrikustea- eskatu ahal izaten da.
  • Hurrengo epeak igarota du ezkontideak dibortzioa eskatzeko aukera: adiskidantzazko banantze-demanda aurkeztu denetik urtebetera; banantze-epaia edo ausentzi aldarrikapena egin denetik bi urtera, bi ezkontideek banantzea elkar hartuta erabaki dutenetik bi urtera; elkarrekin bizi gabe bost urte igarota eta, azkenik, ezkontidearen, honen gurasoen edo seme-alaben biziaren kontra atentatzearren, kondena jaso ondoren.