Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Gabonetan, ustekabekorik ez : Elikagaiengatiko toxiinfekzioak, baita Eguberritan ere

Eguberrietan mahai oparo baten inguruan senitartekoak biltzea oso ohitura sustraitua da gure artean

Itsaskia, gordinik ez

Itsaskiak, moluskuak izan -ostrak, txirlak, muskuiluak- edo krustazeoak izan -otarrainak, zigalak, langostinoak, lanpernak-, osasun-egoera kaskarrean dauden uretan erraz kutsatu daitezke eta, horrela, baliteke kontsumitzeagan gorabehera gastrointestinal larriak eragitea, gordinik jaten baditu, batez ere. Osasunaren zaintzarako sistemak (bai Estatu espainolekoa, bai EBko gainontzeko herrialdeetakoak) moluskuetan birusik ba ote dagoen kontrolatzerik ez du; baina birus horiexek dira (eta ez bakarrik bakterioak: salmonella, adibidez) moluskuen kontsumoari dagozkion intoxikazio gehientsuenen eragileak.

Almeja- edo ostra-mordo bat, arauak xedaturiko irizpideen arabera, zorrozki araztu baldin badute ere, baliteke kontsumitzaileari gastroenteritisa sor diezaiokeen birusik edukitzea. Legeriak onartua baitu moluskuen arazketa-probek ez dutela bermatzen produktuan birusik izango ez denik. Moluskuak irenstearren intoxikaziorik ez nozitzeko kontsumitzaileak eskura daukan neurri bakarra, gordinik ez jatea da: behar bezalako tenperaturaz eta denboran itsaski hauek egosteak, uretatik datozen birus horien eta beste zeinahi mikroorganismo patogenoren kaltegarritasuna indargabetzen baitu. Egun horietan almeja eta ostra gordinak kontsumitzea -gastroenteritis ugari sortarazteaz gainera- birus bidezko hepatitisen kausa izan omen liteke. Gogora dezagun, beste aldetik, intoxikazio-arriskua ez dela erabat suntsitzen itsaskia egositakoan, animalia horien mamia azkar asko hondatzen baita. Arriskua baztertzeko modurik egokiena, itsaskia egosi eta berehala hoztea izaten da. Egositako itsaskia giroko tenperaturaraino bakarrik epeltzen bada, oso litekeena da produktua hondatzea edo, areago, haragi hori usteltzen duten gaiek kontsumitzaileagan alergia antzeko sintomak agertaraztea ere.

Aholkuak:

  • Ez kontsumitu krustazeoak, ez moluskuak (ostra, muskuilu eta almejak) gordinik.
  • Arazketari buruzko etiketarik ez duten moluskuez ez fidatu. Gogoan izan, araztu eta handik bost egunera arte baldintza egokietan (hozkailuan) edukita, ongi kontserbatzen direla.
  • Erosi itsaskia bizirik eta kontsumitu lehenbailehen. Aukeratu usain trinko eta atsegineko aleak. Usain bizi edo desatsegina, produktua galtzen hasia den seinale da.

Haragia, egin-egina

Animali gantzek -landare-koipeek baino A eta D bitamina gehiago baldin badute ere- kaloria eta kolesterol oparo dute eta ez dira liseritzen errazak. Hegaztiak eta haragi xehetuaz osaturiko produktuak, toxiinfekzio askotxo sortarazi duen salmonellosiaren iturburu izan daitezke, behar bezain ongi maneatzen ez badira. Ahogozo apartekoa den arren, bildots, axuri edo arkumeak gantz ugari daukanez, pertsona lodiek, hipertentsoek eta arterioesklerosisa nozitzen dutenek neurriz jan behar dute. Faisaiak, ahateak eta eperrak, besteak beste, purina daukate (hau da, azido urikoaren funtsezko osagaia) eta gota, artritisa edota hezueria jasaten dutenentzat ez dira batere aproposak (horien erraiak, batez ere).

Aholkuak:

  • Eduki su bizian edo luzaro hegaztiak eta haragi xehatuz osaturiko produktuak. Erdialdea egin-egina agertu behar dute, jangarri izateko.
  • Ahalegindu haragi gordinak eta elikagai prestatuek elkar ukitu ez dezaten.
  • Gutxitu gantz ugariko haragien kontsumoa.
  • Urdaila ahul, gastritia edo ultzera baldin badaukazu, arkumea, behikia eta ehizaren ordez, afarietan (are bazkarietan ere) kontsumitu arraina.
  • Ahal dela, ez kontsumitu erraiak (hegaztienak, gehienbat).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak