Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Azterketa dokumentala egin dugu Espainiako Estatuan elikagaien inguruko publizitatea zertan den jakiteko : Elikagaien publizitatea: nahasmenaren mehatxua

Nutrizio arloko adituek eta zientzialariek diote elikagaien publizitateak kontzeptu nahasgarriak eta neurriz kanpokoak erabiltzen dituela, eta okerreko itxaropenak eragiten dituela, nahiz eta legea eta kode etikoak saiatzen diren kontsumitzaileak babesten

Haurrak eta publizitatea

Talderik ahulena, haurrena

Aipamen berezia merezi dute haurrei zuzentzen zaizkien publizitate mezuek, horiek dira-eta herritar talderik ahulena. Orain dela bi urte, OMEk oso kritika gogorra egin zion haurrei zuzentzen zaizkien elikagai osasungaitzen marketinari, “ezin kaltegarriagoa izan baita haren eraginkortasuna” eta nabarmendu zuenez, “lotura estua dago telebistaren eta haurrek gizentasuna” izatearen artean”.

Erakunde horrek egiaztatu zuen haurrak ez daudela libre gantz saturatuak, trans motako gantz azidoak, azukre libreak eta gatza kopuru handietan dituzten elikagaien sustapen orotatik. Hain zuzen, azpimarratu zuen inguru horietan iragarkien bidez azaltzen diren produkturik gehienak “mantenugai arazotsuz” beteta daudela. Eta zerrendatu egin zituen iragarkietan ageri diren elikagai nagusien taldeak: freskagarriak, zereal azukretsuak, gailetak, gozokiak, opilak, plater prestatuak eta janari lasterra ematen duten jatetxeak.

Horri dagokionez, zera nabarmentzen du OINak: “Elikagaien inguruko iragarkien presioa areagotu egiten da haurren babesa nahitaez sendotu behar den tartean (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 09:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 09:00etatik 12:00etara) eta haurrentzako programazioa ematen den garaian”.

OINaren iritziz, elikadura arloko industriak arreta jartzen die haurrei, etorkizuneko kontsumitzaileak direlako eta gastatzeko gaitasuna dutelako eta eragin egiten dutelako familiako gastuetan. Pentsa liteke, OINaren esanetan, zuzeneko gastu gutxi egiten dutela, baina “patrikan dirua” izaten dute eta elikadura arloko industriak formatu txikiagoan ateratzen ditu betiko produktuak, oso merke, haurrentzat “eskuragarri izan daitezen”.

Arazoa da haurrena oso talde ahula dela eta oso harkorra. OMEren arabera, helduok badakigu noiz gauden iragarki baten aurrean, baina haur txikiek ez dute gaitasunik publizitatearen eta marrazki bizidunen artean bereizteko.

PAOS kodea

Egoera hori arintzen saiatzeko, Espainian PAOS kodea ezartzen da 2005. urteaz geroztik (Publizitatea, Jarduera, Gizentasuna eta Osasuna esan nahi du sigla horrek gaztelaniaz). AECOSANen arabera (Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia), erregulazio kode bat da, eta 25 arau etiko ditu; horien bidez, murriztu egin nahi da haurren gain egiten den salmenta presioa eta hobetu adingabeei zuzentzen zaizkien elikagai eta edari iragarkien kalitatea eta edukia.

Kode horren arabera, honela jokatu behar litzateke elikagaien eta edarien publizitatea egitean: “Inoiz ez dio etekinik aterako adingabeek gurasoengan, irakasleengan edo beste pertsona batzuengan duten konfiantzari (hor sartzen dira haurrentzako programetako profesionalak eta filmetako eta fikziozko saioetako pertsonaiak, izan egiazkoak edo izan fikziozkoak)”.

1995. urteaz geroztik, Autocontrol erakundeak zaintzen du PAOS kodearen arau etikoak betetzen diren edo ez, eta hura arduratzen da Espainian publizitatearen inguruko autoerregulazio sistema kudeatzeaz (Merkataritza arloko Komunikazioa Autoerregulatzeko Elkartea da horrako hori). Erakunde horren sortzaileen artean ageri dira publizitate agentzia nagusiak, komunikabideak, iragarleak eta arlokako elkarteak.

Autocontrolen arabera, 2014. urtean, telebistan haurrentzat ematen den publizitateari dagokionez (adingabeei zuzendutako jostailuen, bideo-jokoen eta elikagaien publizitatea), 3.255 kontsulta egin ziren, eta horietatik 2.774 baiezkoak izan ziren (ez zen eragozpenik ikusi), 443tan moldaketak egin zitzatela gomendatu zen, eta 38 ezezkoak izan ziren eta ez emateko aholkatu zuten.

Kodeak kode, OMEk 2013. urtean nabarmendu zuenez, akordio hori betetzen ez dutenak “asko eta asko” dira. OINaren iritziz, kodeak baditu zenbait gabezia. Alde batetik, publizitatearen etikari heltzen zaio, baina ez iragartzen den produktuak nutrizioaren ikuspegitik duen kalitateari, ezta emisio maiztasunari ere (OMEk gomendatzen duenari).

Horri dagokionez, OINak azterlan bat aipatzen du, monografiko hori egin zuten aditu batzuek Espainian egindakoa: “Erresuma Batuko nutrizio-profila hartu, eta horren arabera, kalkulatu egin zuten haurren ordutegian elikagaien inguruan egiten den publizitatearen ehuneko zenbat joko litzatekeen ez-osasungarritzat (beraz, araudi hori Estatuan ezarriz gero, debekatua egongo litzateke iragarki horiek ematea”. Honako emaitza hauek bildu zituzten: “Programen hutsarteetan elikagaien inguruan ematen diren iragarkirik gehienak, betiere haurren ordutegian hautatuak, osasungarriak ez diren jakiei eta edariei buruzkoak izan ziren (%59,7), eta ehuneko hori %71,2raino igo zen haurren babesa sendotu beharreko ordutegian (astelehenetik ostiralera, 08:00etatik 09:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandeetan, 09:00etatik 12:00etara)”.

Bestalde, PAOS kodea 12 urteraino ezartzen da ikus-entzunezko eta idatzizko euskarrietan, eta 15 urteraino Interneten. OINaren iritziz, horrek aukera ematen du “telebistaz elikagaien inguruan 12 urtez gorakoentzat ematen diren iragarkiek pertsonaia ezagunak edo oro har ospetsuak direnak erabil ditzaten, haurren artean onespen handia dutenak”.

PAOS kodeak 10 urte bete berri ditu eta Espainiako Jakien eta Edarien Industrien Federazioaren esanetan, prentsa idatzian eta ikusentzunezkoetan egiten den 12 urtetik beherakoei zuzendutako publizitatearen % 90ak hartzen du kontutan. Gaur egun, Espainiako Estatuan 48 enpresa atxiki zaizkio: horietatik 36 jakien eta edarien industriakoak, 4 errestaurazioaren alorrekoak eta beste 8 distribuzioaren mundukoak.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak