Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

INKESTA EGIN DIEGU 16 URTETIK GORAKO 1.500 PERTSONARI BAINO GEHIAGORI ETA GALDETU DIEGU ZER-NOLAKO JOKABIDEA IZATEN DUTEN ELIKAGAIEN BIDEZ IRISTEN ZAIEN INFORMAZIOAREN INGURUAN : Elikagaien etiketa: oharkabean pasatzen diren berrikuntzak

Erantzun duten kontsumitzaileen %63 ez dira ohartu Europako araudiak ekarri dituen aldaketekin

Berrikuntzak ikusi dituzte?

Berrikuntzak

Inkesta egin dugun garaian, erantzun duten herritarren %63k ez dute aldaketarik sumatu informazioa emateko bide horretan azken sei hilabeteetan.

Aldaketak sumatu dituztenek (%36 izan dira) zenbait berrikuntza ikusi dituzte: alergiak edo intolerantziak eragiten dituzten osagaietan (%17k antzeman dituzte), nutrizio arloko informazioaren argitasunean eta landare jatorriko olio eta gantzen xehetasunetan (hurrenez hurren, %10 ohartu dira horietaz). Beste berrikuntza batzuk ere ikusi dituzte, nahiz eta jende gutxiago ohartu den: nutrizio arloko datuak multzokatuta daudela eta errazago ikusten direla, nahitaezko informazioa ageri dela eta eskura dagoela, “sodio” hitzaren ordez “gatza” hitza ageri dela eta orain esan egiten dela produktua edo lehengai nagusia zein herrialdetatik edo lekutatik datorren.

Nutrizio arloko informazioa dela eta

Araudi berriak dakarren aldaketarik garrantzitsuenetakoa da behartu egiten duela nutrizio arloko informazioa ematera. Inkestan, erosketak egiteko ardura duten herritarren %72k baieztatu dute erreparatzen diotela informazio horri.

Eta zer datu iruditzen zaizkie aipagarrienak? Hauexek: %32ri gantz saturatuekin zerikusia dutenak, %23ri energia balioarena (kaloriena), %15i trans gantzena eta %11ri azukreena. Neurri txikiagoan bada ere, beste elementu batzuk ere aipatu dituzte garrantzizkoen artean: gatza (sodioa), gantz monosaturatugabeak edo polisaturatugabeak, bitaminak, proteinak, beste karbohidrato batzuk (polialkoholak edo almidoia), zuntz dietetikoa, mineralak eta beste zenbait.

Europako araudiak behartu egiten du, gainera, nutrizio arloko informazio hori guztia 100 gramo edo 100 miligramo bakoitzeko proportzioan ematera. Inkestari erantzun dioten hiru lagunetatik bik uste dute formula hori lagungarria dela informazioa ulertzeko. Badira, dena den, kontrakoa uste dutenak ere, eta horien artean, 65 urtetik gorakoak dira gehienak.

Era berean, nutrizio arloko informazioa eman daiteke kopuru gomendatuak aintzat hartuta, izan 100 gramo edo 100 miligramo?? bakoitzeko, edo izan kontsumoko proportzio edo unitate bakoitzeko. Nutrizio arloko informazioa irakurtzen dutenen artean, erdiek proportzio horiei begiratzen diete (berriz ere, 65 urtetik gorakoek jartzen diete arreta gutxien).

Jatorriari buruz

Araudi berriarekin, etiketan produktu gehiagok jarri behar dute nahitaez zein herrialdetatik edo lekutatik datorren elikagaia edo osagai nagusia, kontsumitzaileari iruzurra egin dakiokeen kasuetan.

Orain arte, datu hori eman beharra zuten abelgorrien haragi freskoak, frutek eta berdurek, eztiak eta oliba olioak. 2015. urteko apirilaz geroztik, berdin egin behar dute txerri, ardi, ahuntz eta etxaldeko hegaztien haragi freskoak, hoztuak eta izoztuak ere.

Erosketa egiteko ardura duten herritarren %68k erreparatu egiten diote datu horri, eta horien artetik, hamarretik bederatzik bere eskualdean edo herrialdean egindako produktuak aukeratzen dituzte.

Inkestan parte hartu dutenek eurek ere nabarmendu dute, haien ustez, zer-nolako elikagaiek eman behar luketen datu hori etiketan: abelgorrien, txerrien, ahuntzen eta beste abere batzuen haragiak (halaxe uste dute %90ek), arrainak (%84k), etxaldeko hegaztiek eta esneak (%76k, hurrenez hurren), eta eztiak eta esnekietan erabiltzen den esneak (%59 inguruk aipatu dituzte bata eta bestea). Frutak eta berdurak %3k bakarrik zerrendatu dituzte.

Ildo horretan, haragia hautatzen dutenek xehetasun gehiago ere aipatzen dituzte, eta beste datu garrantzitsu batzuk ere nabarmentzen dituzte: aberea non hazi den (%88k), non jaio den (%64k) eta non hil duten (%58k).

Esnearen eta esnekien etiketari dagokionez, inkestan parte hartu duten pertsonek honako informazio hau nabarmendu dute: jatorria Europako Batasuneko kide den estaturen batean ote duen (%70ek), esne gordina non transformatu duten (%64k) eta behiak non jetzi dituzten (%62k).

Alergenoei dagokienez

Elikadura arloko araudiak beste aldaketa bat ere ekarri du: aurrerantzean, etiketan adierazi egin beharko dira alergiaren bat edo intolerantziaren bat eragin dezaketen osagaiak edo substantziak. Erosketa egiteko ardura duten hamar lagunetatik bederatzik adierazi dute argiago emana egon behar lukeela alergiaren bat edo intolerantziaren bat eragin dezaketen osagaien berri.

Are gehiago, horien arteko %67k esan dute badakitela elikagai guztietan dela beharrezkoa osagai mota horren inguruko informazioa ematea, bai ontziratuta daudenetan eta bai ez daudenetan ere. Hirutik ia batek, berriz (%32), jakinarazi du ez zuela horren berri.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak