INKESTA EGIN DIEGU 16 URTETIK GORAKO 1.500 PERTSONARI BAINO GEHIAGORI ETA GALDETU DIEGU ZER-NOLAKO JOKABIDEA IZATEN DUTEN ELIKAGAIEN BIDEZ IRISTEN ZAIEN INFORMAZIOAREN INGURUAN

Elikagaien etiketa: oharkabean pasatzen diren berrikuntzak

Erantzun duten kontsumitzaileen %63 ez dira ohartu Europako araudiak ekarri dituen aldaketekin
1 urtarrila de 2016
Img tema de portada listado 177

Elikagaien etiketa: oharkabean pasatzen diren berrikuntzak

/imgs/20160101/inicio.jpg

Nutrizio arloko informazioa eman edo ez eman, borondatezkoa zen orain arte, baina orain maila bat gora egin du. 2016ko abenduaz geroztik, 1169/2011 Arauak behartu egingo du elikagai guztietan jartzera, baita catering enpresek egiten dituzten elikagaietan eta urrutitik saltzen direnetan ere.

Eta zer-nolako datuak jarri behar dira? Honako hauek: zenbat kaloria edo karbohidrato dituen, zenbat azukre, proteina, gatz eta gantz saturatu; informazio hori, gainera, 100 gramo edo 100 ml bakoitzeko eman behar da. Horrekin batean, etiketak esan egin behar du mantenugai jakin bat zer kopurutan hartzea komeni den egunean (Eguneko Kopuru Gomendatua), eta horri esker, jakin egin daiteke zenbat jaten ari garen eta zenbat falta den zifra gomendatura heltzeko.

Baina etiketetan aldatuko dena ez da nutrizio arloko informazioa bakarrik. Araudi berriak urtebete baino gehiago darama berrikuntzak txertatzen, betiere etiketa argiagoa lortzeko helburuz. Letraren tamaina da horietako bat, lehengaiaren jatorria beste bat eta alergenoen informazioa osagaien zerrendan agertzea ere bai.

Berrikuntza horiek egin ondoren, HISPACOOPek jakin nahi izan du (Kontsumitzaile eta Erabiltzaile Kooperatiben Espainiako Konfederazioa da, eta bertako kide da EROSKI ere) kontsumitzaileek zer-nolako jokabidea duten elikagaien bidez ematen dieten informazioaren inguruan. Helburua izan da jakitea herritarrek zer neurritan ezagutzen dituzten elikagaiei ezarri beharreko araudian egin diren aldaketak (Europako Parlamentuaren eta Europako Kontseiluaren 1169/2011 (UE) Araua du oinarrian, 2011ko urriaren 25ekoa, kontsumitzaileari elikadura arloan eman beharreko informazioari buruzkoa).

“Elikadura arloko informazioaren inguruan kontsumitzaileek duten jokabidearen azterketa”, izen hori eman diogu azterlanari, eta 1.511 elkarrizketa egin ditugu urria eta azaroa artean, Espainiako Estatuko etxeetan erosketak egiteko ardura duten pertsonei hain zuzen. Horien artean, telefono bidezkoak izan dira 1.000 eta beste 511k on-line formatuan lortu ditugu, EROSKI CONSUMERen web plataformaren bidez (www.consumer.es) . Galdeketa banatzeko orduan, kontuan izan dugu sexua, adina (16 urtetik gorakoek parte hartu dute), habitata eta autonomia erkidegoa (17 erkidego eta 2 hiri autonomoak).

Ondorio nagusiak

Inkesta egin dugun garaian ikusi dugunez, erantzun duten pertsonen %63 ez zen ohartu etiketak aldaketak izan dituela, eta erantzunetatik ondorioztatu dugu araudi berriak sarrarazi dituen zenbait alderdi ez direla oso ezagunak. Adibidez, etxetik kanpoko saltokietan jaten diren elikagai ez-ontziratuei dagokiena: erosketak egiteko ardura duten hamar lagunetatik ia zazpik ez zekiten elikagai guztiak behartuta daudela informazioa ematera, izan ontziratuak edo ez.

Inkestak erakutsi du, dena den, erosketa egiteko ardura dutenek garrantzi handia ematen diotela elikadura arloko informazioari, nahiz eta bostetik batek oraindik ez duen irakurtzen elikagaien ontzietan ageri den informazioa.

Gehien-gehienean, jendeak iraungitze-datari eta kontsumo-data gomendatuari erreparatzen jarraitzen du. Egiaztatu dugu, hala ere, bostetik bik elikagaiaren ezaugarrien berri izateko ere irakurtzen dutela etiketa, eta gatz gutxiko produktuak hautatzen saiatzen direla, ‘light’ erakoak, eta abar.

Azkenik, erosketa egiteko ardura duten herritarren ia erdiek esan digute arazoak dituztela etiketaren irakurgarritasunarekin.

Elikagaien etiketaren garrantzia

Jakitearen garrantzia

Elikadura arloko informazioa funtsezkoa da kontsumitzailerik gehienentzat. Inkestari erantzun dioten herritarren %57ri iruditzen zaie “oso garrantzitsua” dela (9 eta 10 puntu eman dizkiote 0tik 10erako eskalan), eta %33ren iritziz, “garrantzitsua” (7 eta 8 puntu artean). “Garrantzi gutxiago” ematen diotenak %11 baino ez dira (%9k 5 eta 6 puntu artean ematen dizkiote eta %2k 5 baino gutxiago).

Datuak taldeka aztertuta (sexua, adina, gizarte maila, diru sarrera eta autonomia erkidegoa), guztiek 8 puntutik gorako balioa ematen diote, batez beste, elikadura arloko informazioari. Eta zertxobait handiagoa 16 eta 24 urte arteko gazteek: batez beste, 9 puntu.

Aintzat hartzen al dute?

Nahiz eta kontsumitzailerik gehienen ustez elikadura arloko informazioa garrantzitsua izan, egiaz aintzat hartzen al dute produktuak erosteko orduan? Baietz esan behar. Inkestan parte hartu duten herritarren %94k iraungitze-datari eta kontsumo-data gomendatuari begiratzen diote (horien artean, %84k ia beto), eta %81ek elikagaiek zer-nolako ezaugarriak dituzten irakurtzen dute eta saiatzen dira gatz gutxi dutenak aukeratzen, light erakoak, azukrerik gabeak, gantzik gabeak, eta abar (%48k ia beti egiten dute). Horretaz gain, hamarretik lauk elikagai jakinak bilatzen dituzte, dietaren batek, gaixotasunen batek, alergiaren batek… hala eskatuta (horien artean, %20k maiz).

Hilean 2.000 eurotik gorako diru sarrerak dituztenek irakurtzen dute maizen elikagaien ezaugarriei buruzko informazioa, eta gutxien, berriz, 65 urtetik gorakoek eta 750 euro arterainoko diru sarrerak dituztenek.

Interesgarria

Araudiak etiketan aldarazi dituen datuek interesa sortzen dute inkestan parte hartu dutenen artean: jatorrizko herrialdea eta lekua, nutrizio arloko informazioa eta alergenoei buruzkoa, osagaien zerrenda, kantitate garbia eta kontserbatzeko baldintzak. Dena den, alderdi batzuk interesgarriagoak zaizkie beste batzuk baino: %59k osagaiei erreparatzeko joera dute, %56k kontserbatzeko baldintzei, %54k nutrizio arloko informazioari (nolako energia balioa duen, zenbat gantz, karbohidrato, zuntz, proteina eta gatz).

Erosketa egiteko ardura duten hiru lagunetatik batek, berriz, sekula ez dio begiratzen alergenoei buruzko informazioari, segur aski etxeko inork ez duelako izango alergiarik edo intolerantziarik.

Taldeka begiratuta, osagaien zerrenda eta nutrizio arloko informazioa emakumeei interesatzen zaie bereziki. Hogeita bost urtetik beherakoek ere irakurtzen dituzte nutrizio arloko datuak. Hirurogeita bost urtetik gorakoek eta hilean 1.250 arterainoko diru sarrerak dituztenek, berriz, maizago irakurtzen dute kontserbatzeko baldintzei buruzko informazioa eta jatorrizko herrialdeari edo lekuari dagokiona.

Interesa sortzeaz gain, datu mota horrek eragina ere izaten du erosketak egiteko orduan. Iraungitze-datak edo kontsumo-data gomendatuak, adibidez, erosketa egiteko ardura duten pertsonen %31rengan eragiten dute; “gatz gutxikoa”, “light”, “azukrerik gabea”, “gantzik gabea” eta gisako aipamenek %16rengan; osagaien zerrendak %15engan; eta jatorrizko herrialdeak edo lekuak %11rengan.

Berrikuntzak ikusi dituzte?

Berrikuntzak

Inkesta egin dugun garaian, erantzun duten herritarren %63k ez dute aldaketarik sumatu informazioa emateko bide horretan azken sei hilabeteetan.

Aldaketak sumatu dituztenek (%36 izan dira) zenbait berrikuntza ikusi dituzte: alergiak edo intolerantziak eragiten dituzten osagaietan (%17k antzeman dituzte), nutrizio arloko informazioaren argitasunean eta landare jatorriko olio eta gantzen xehetasunetan (hurrenez hurren, %10 ohartu dira horietaz). Beste berrikuntza batzuk ere ikusi dituzte, nahiz eta jende gutxiago ohartu den: nutrizio arloko datuak multzokatuta daudela eta errazago ikusten direla, nahitaezko informazioa ageri dela eta eskura dagoela, “sodio” hitzaren ordez “gatza” hitza ageri dela eta orain esan egiten dela produktua edo lehengai nagusia zein herrialdetatik edo lekutatik datorren.

Nutrizio arloko informazioa dela eta

Araudi berriak dakarren aldaketarik garrantzitsuenetakoa da behartu egiten duela nutrizio arloko informazioa ematera. Inkestan, erosketak egiteko ardura duten herritarren %72k baieztatu dute erreparatzen diotela informazio horri.

Eta zer datu iruditzen zaizkie aipagarrienak? Hauexek: %32ri gantz saturatuekin zerikusia dutenak, %23ri energia balioarena (kaloriena), %15i trans gantzena eta %11ri azukreena. Neurri txikiagoan bada ere, beste elementu batzuk ere aipatu dituzte garrantzizkoen artean: gatza (sodioa), gantz monosaturatugabeak edo polisaturatugabeak, bitaminak, proteinak, beste karbohidrato batzuk (polialkoholak edo almidoia), zuntz dietetikoa, mineralak eta beste zenbait.

Europako araudiak behartu egiten du, gainera, nutrizio arloko informazio hori guztia 100 gramo edo 100 miligramo bakoitzeko proportzioan ematera. Inkestari erantzun dioten hiru lagunetatik bik uste dute formula hori lagungarria dela informazioa ulertzeko. Badira, dena den, kontrakoa uste dutenak ere, eta horien artean, 65 urtetik gorakoak dira gehienak.

Era berean, nutrizio arloko informazioa eman daiteke kopuru gomendatuak aintzat hartuta, izan 100 gramo edo 100 miligramo?? bakoitzeko, edo izan kontsumoko proportzio edo unitate bakoitzeko. Nutrizio arloko informazioa irakurtzen dutenen artean, erdiek proportzio horiei begiratzen diete (berriz ere, 65 urtetik gorakoek jartzen diete arreta gutxien).

Jatorriari buruz

Araudi berriarekin, etiketan produktu gehiagok jarri behar dute nahitaez zein herrialdetatik edo lekutatik datorren elikagaia edo osagai nagusia, kontsumitzaileari iruzurra egin dakiokeen kasuetan.

Orain arte, datu hori eman beharra zuten abelgorrien haragi freskoak, frutek eta berdurek, eztiak eta oliba olioak. 2015. urteko apirilaz geroztik, berdin egin behar dute txerri, ardi, ahuntz eta etxaldeko hegaztien haragi freskoak, hoztuak eta izoztuak ere.

Erosketa egiteko ardura duten herritarren %68k erreparatu egiten diote datu horri, eta horien artetik, hamarretik bederatzik bere eskualdean edo herrialdean egindako produktuak aukeratzen dituzte.

Inkestan parte hartu dutenek eurek ere nabarmendu dute, haien ustez, zer-nolako elikagaiek eman behar luketen datu hori etiketan: abelgorrien, txerrien, ahuntzen eta beste abere batzuen haragiak (halaxe uste dute %90ek), arrainak (%84k), etxaldeko hegaztiek eta esneak (%76k, hurrenez hurren), eta eztiak eta esnekietan erabiltzen den esneak (%59 inguruk aipatu dituzte bata eta bestea). Frutak eta berdurak %3k bakarrik zerrendatu dituzte.

Ildo horretan, haragia hautatzen dutenek xehetasun gehiago ere aipatzen dituzte, eta beste datu garrantzitsu batzuk ere nabarmentzen dituzte: aberea non hazi den (%88k), non jaio den (%64k) eta non hil duten (%58k).

Esnearen eta esnekien etiketari dagokionez, inkestan parte hartu duten pertsonek honako informazio hau nabarmendu dute: jatorria Europako Batasuneko kide den estaturen batean ote duen (%70ek), esne gordina non transformatu duten (%64k) eta behiak non jetzi dituzten (%62k).

Alergenoei dagokienez

Elikadura arloko araudiak beste aldaketa bat ere ekarri du: aurrerantzean, etiketan adierazi egin beharko dira alergiaren bat edo intolerantziaren bat eragin dezaketen osagaiak edo substantziak. Erosketa egiteko ardura duten hamar lagunetatik bederatzik adierazi dute argiago emana egon behar lukeela alergiaren bat edo intolerantziaren bat eragin dezaketen osagaien berri.

Are gehiago, horien arteko %67k esan dute badakitela elikagai guztietan dela beharrezkoa osagai mota horren inguruko informazioa ematea, bai ontziratuta daudenetan eta bai ez daudenetan ere. Hirutik ia batek, berriz (%32), jakinarazi du ez zuela horren berri.

Ulergarriak eta irakurgarriak?

Irakurgarritasuna

Pertsona askori gertatzen zaie etiketa irakurtzera joan eta arazoak izatea, ematen den informazioa ez delako behar bezain irakurgarria eta argia. Zehazki, inkestari erantzun dioten herritarren %57k adierazi dute etiketek ez dutela batere irakurgarritasunik edo oso gutxi dutela, eta %52k oso argitasun gutxi dutela edo batere ez.

Aldiz, azterlan honetan parte hartu duten herritarren %53k uste dute etiketak oso ulergarriak direla edo nahiko ulergarriak, eta %54k adierazi dute oso fidagarriak edo nahiko fidagarriak direla.

Horretaz gain, etxeko erosketak egiteko ardura duten pertsonen erdiek baino gehiagok uste dute (%52k) elikadura arloko informazioa osatzeko zenbaitetan jartzen dituzten sinbolo grafikoei esker errazago ulertzen dela etiketa. Kontrako iritzia dutenak ere badira, ordea, %44 hain zuzen; horien iritziz, sinbolo horiek nahasmena eragiten dute (batez ere 65 urtetik gorakoek esan dute hori).

Azkenik, bost lagunetatik lauk elikagaien ontzian, etiketan edo elikagaiek lagungarritzat duten beste material batzuetan begiratzen dute elikagaien inguruko informazioa eskuratzeko. Beste %36 batek, berriz, teknologia berrietara jotzen dute (Internet, esku-orri elektronikoak…) eta %26k beste norbaiti galdetzen diote.

Elikadura arloko informazio asko eduki arren, inkestan parte hartu duten hiru lagunetatik bik ez dakite nahitaezkoa den informazioa eskuratzeko modua dutela, bai elikagai ontziratuei dagokiena (kontsumitzaileak berak eskatuta ontziratzen dituzten elikagaiena ere bai, edo saltzaileak unean bertan ontziratzen dituen elikagaiena), eta bai ontziratu gabe daudenen elikagaiena eta jatetxeetan, jantokietan eta abarretan eskaintzen dituztenena.

Etiketa argiagoa: berrikuntza nagusiak

1169/2011 Araua 2014. urteko abenduaz geroztik dago indarrean, nutrizio arloko informazioari dagokion atala izan ezik, zeina 2016. urteko abenduaren 13tik aurrera izango baita nahitaezkoa. Honako hauek dira aldaketa nagusiak:

  • Letra handiagoa. 1,2 mm-koa izan beharko du 80 cm2-tik gorako ontzietan eta 0,9 mm-koa 80 cm2-tik beherakoetan. Txikizkako saltokietan ontziratutako produktuei ere ezarriko zaie irizpide hori.
  • Elikagaiaren izena. Legezkoa izan beharko du (hari dagokion legedian ezarria dagoena), baina araudirik ez balego, ohiko izena izan beharko du, hau da, herritar gehienek ezagutzen dutena. Eta hori ezin balitz, izen deskribatzaile eta argi bat erabiliko da. Horretaz gain, elikagaien izaera fisikoaren aipamen bat ere eduki behar du, edo eman zaien tratamenduarena (hautsa, liofilizatua…).
  • Nutrizio arloko informazio nahitaezkoa. Honako hau da: energia balioa, gantzak, gantz saturatuak, karbohidratoak, proteinak, azukreak eta gatza (azken horrek ordezkatu egin du orain arte erabiltzen zen terminoa, “sodioa”): Multzokatua agertu beharko du, eremu bisual berean, eta “100 ml edo 100 g bakoitzeko proportzioa” adierazi beharko du, horrek aukera ematen baitu produktuak alderatzeko. Nahi izanez gero, beste mantenugai batzuen balioarekin osatu daiteke nutrizio arloan nahitaez eman beharreko informazioa; adibidez, gantz azido monosaturatugabeak eta polisaturatugabeak, polialkoholak, almidoia, elikadura-zuntza, bitaminak edo mineralak. Kolesterolaren inguruko informazioa emateko betebeharrik ez du ezartzen araudiak, baina galarazi egiten du kolesterolaren balioa nutrizio arloko taularen barrenean sartzea. Ontziak aski toki izanez gero, informazio hori guztia taula formatuan eman behar da, zifrak zutabeetan jarrita edo, tokirik ez badago, lerroz lerro.
  • Osagaien zerrenda. Modu argi eta zehatzean eman behar dira, informazio seguru eta fidagarria transmititzeko. Pisu handiena duenetik hasita eman behar dira osagaiak, produktua egitean erantsi diren ordenan. Landare jatorriko gantzak edo olioak multzokatu egin daitezke osagaien zerrendan eta “landare jatorriko olioak” edo “landare jatorriko gantzak” izena eman dakieke; segidan, zer landaretatik lortua den jakinarazi beharko da.

Berrikuntzetako bat da nanomaterial artifiziala zehaztuta eman behar dela. Osagai horiek eman egin beharko dira zerrendan, parentesi artean “nano” hitza ageri dutela. Kafeina ugari duten edarien etiketak, gainera, esan egin beharko du ez dela egokia haurrentzat, eta ez haurdun dauden edo bularra ematen ari diren emakumeentzat ere, eta adierazi egin beharko du zenbat kafeina duen.

  • Alergenoak. Modu argian bereizteko gisan agertu beharko dute, letra motaren, estiloaren eta hondoko kolorearen bidez. Jatetxeetan eta kafetegietan ontziratugabe ematen dituzten elikagaietan ere adierazi beharko dira; leku horietan, ahoz ere eman daiteke horren berri.
  • Jatorrizko herrialdea edo lekua. Zehaztu egin beharko da txerri, ardi, ahuntz eta etxaldeko hegaztien haragietan, izan freskoa, hoztua edo izoztua. Izoztuta datozen haragi produktuetan, haragietan eta arrainetan, esan egin beharko da zer egunetan izoztu diren. Zehaztu egin behar da izozte data edo lehenbizikoz noiz izoztu den, behin baino gehiagotan egin bada.
  • Enpresaren identifikazioa Garrantzitsuena da arduradun baten izen-abizenak ematea, eta Europako Batasuneko posta helbide bat.
  • Urrutiko salmenta Elikagaiari buruzko informazioak erosketa egin aurretik egon beharko du kontsumitzailearen eskura, eta urrutiko salmenta egiteko erabiltzen den euskarrian agertuko da edo beste bide batzuen bitartez.
  • Nahitaez jarri beharreko aipamen gehigarriak. Nahitaez esan beharko da, halaber, produktu bat atmosfera babestuan ontziratu den, eztitzailerik baduen, kafeinarik edo azido glikirrikorik.