800 pertsonari baino gehiagori inkesta egin diegu 17 autonomia erkidegotan, eta galdetu diegu zer-nolako ohiturak dituzten elikagaiak erosi, biltegiratu eta prestatzea

Elikagaien arloko segurtasuna: jokabide arriskutsuak elikagaiak erosi zein biltegiratzeko unean

Adina kontuan hartuta, 18 eta 34 urte arteko gazteek hutsegite gehiago egiten dituzte adin handiagokoek baino
1 maiatza de 2014

Elikagaien arloko segurtasuna: jokabide arriskutsuak elikagaiak erosi zein biltegiratzeko unean

Elikagaiak dira gorputzaren erregaia. Jateak plazer handia ematen du eta, gainera, organismoak behar dituen mantenugaiak lortzeko bidea ere bada. Baina kontu pixka bat ere izan behar da elikagaiekin, batez ere kontserbatzeko eta prestatzeko orduan, gainerakoan arazo larri samarrak sor daitezke eta.

/imgs/20140501/tema1.jpg

Espainiako Estatuan bi toxi-infekzio gertatzen dira egunean. Honako hauek izaten dira gaixotasunik ohikoenak: salmonellosia, listeria eta campylobacter delakoa (eritasun zoonikoa da). Bitxia badirudi ere, etxean gertatzen dira infekzio horietako asko eta asko. Zehazki, gisa horretako bost toxikaziotik bi. Besteak jatetxeetan gertatzen dira, hoteletan, tabernetan, ospitaletan, eskoletan edo geriatrikoetan.

Kontsumitzaileek funtsezko zeregina dute elikadura arloko segurtasunean: elikagaiak non erosiko dituzten erabakitzetik hasi eta jaten dituzten arte. EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du zer-nolako ohiturak eta jokabideak dituzten elikagaiak erosi, biltegiratu, prestatu eta kontserbatzeko orduan. Ea behar bezala jokatzen ote duten. Horretarako, apirilean inkesta egin diegu 800 laguni baino gehiagori (adinez nagusiak izan dira guztiak). Zehazki, 30 galdera egin dizkiegu Internet bidez. Hamazazpi autonomia erkidegoetako kideak hautatu ditugu horretarako.

Emakumeak izan dira lautik hiru, oraindik ere emakumeak direlako erosketen ardura dutenak, gehienetan. Erantzun dutenen batez besteko adina, berriz, 47 urtekoa izan da. Erantzun dutenen artean, %30ek onartu dute noizbait elikadura arloko toxikatzeren bat izan dutela (gizonen %33k eta emakumeen %29k), eta horien artean, %81ek adierazi dute etxetik kanpo gertatu zaiela. Infekzio horiek eragin zituzten elikagaien artean, honako hauek nabarmendu dira: itsaskia, beste arrain batzuk (gordinak edo sutan eginak), maionesa eta beste saltsa batzuk, eta arrautza.

Arriskuak arrisku, jokabide egokia

Elikadura arloan ahalik eta segurtasun handiena lortzeko ardura ez da eragile bakarrarena; zeresana badute ekoizleek, industriak, banatzaileek eta kontsumitzaileek ere bai. Azken horiek erosi egiten dituzte elikagaiak, biltegiratu, esku artean erabili, prestatu eta jan. Baina modu seguruan egiten al dute?

EROSKI CONSUMERek puntuatze sistema bat sortu du (0tik 10erakoa), eta horrekin neurtu du zer-nolako segurtasuna dagoen kontsumitzaileak eta elikagaiak harremanetan sartzen diren une bakoitzean: erosketa planifikatzean, saltokian elikagaiak hartzean, etxean gordetzean eta jateko prestatzean.

Batez besteko azken emaitza 6,4 puntukoa izan da. Maila egokia, printzipioz, baina jokabide arriskutsuak ere badirela erakusten du.

Ia ez da alderik egon sexu baten eta bestearen artean, baina adinean bai: 18 eta 34 urte artekoek jokabide arriskutsu gehiago ageri dituzte (5 punturen bueltan ibili dira), nagusiagoek baino.

Erosketa planifikatzeko atalean emaitza ‘ona’ izan da, elikagaiak prestatzeko atalean ‘oso ona’ eta produktuak erosteko zein biltegiratzeko moduan, berriz, ‘onargarria’ baino ez.

Planifikazioa eta erosketak

Planifikazioa: adin kontua

Erosketak planifikatzea beharrezkoa da eta ez erostea ongi kontserbatu daitekeena baino gehiago. Galdekatu ditugun bost lagunetatik hiruk halaxe egiten dutela adierazi dute. Baina erosketa planifikatzeaz gain, komeni izaten da zerrenda bat egitea eta elikagai mota bakoitza sailkatzea ere. Inkestan parte hartu duten herritarren %57k beti egiten dute zerrenda erosketak egitera joan aurretik, eta %37k batzuetan; elikagaiak sailkatzeko ohitura, ordea, %23k baino ez dute: hotzik behar ez dutenak batetik, hozkailuan sartzekoak bestetik, izoztekoak…

Adinak badu zerikusirik planifikatzeko ohiturarekin: 55 urtetik gorakoek azaldu dute antolatzeko joera gehien, eta 18-34 urte bitartekoek gutxien. Lehenbiziko talde horretan, %71k agertu dute beti planifikatzeko joera eta %61ek zerrenda egitekoa; bigarren taldean, %45ek baino ez.

Erosketa: ordena handirik gabe

Saltokiek higiene eta garbitasun arau batzuk zaindu behar dituzte. Are gehiago, produktuen informazioak eta ordenak aukera eman behar dute egiaztatzeko ea behar bezala bermatzen diren salgai dauden elikagaien kalitatea eta segurtasuna. Saltokiren batean sartzen, galdekatu ditugun kontsumitzaileen %83k beti begiratzen diote garbitasunari, %67k langileen itxurari eta higieneari, %64k produktuen antolaerari eta ordenari, eta %44k azpiegitura motari eta horien egoerari.

Behin saltokira sartuta, erosketa egiteko hurrenkera ere oso garrantzitsua da hotz katea ez eteteko. Izan ere, elikagai bakoitza tenperatura egokian edukiz gero, luzaroago bermatuko da haren kalitatea eta egoera ona.

Erantzun duten bost lagunetatik bik ordena baten arabera egin ohi dituzte erosketak (55 urtetik gorakoetan, %42k); %35ek batzuetan baino ez dute hala egiten, eta %25ek sekula ez (gazteen %40k).

Ordena esaten denean, oso garbi eduki behar da zer-nolako elikagaiak hartu behar diren lehenbiziko eta zein azkeneko. Jateko ez diren produktuekin hasi behar da, eta ondoren, hotzetan edukitzekoak ez diren elikagaiak hartzeko komeni da. Ondotik, hozkailuan egon behar dutenak, gero izoztuak eta, azkenik, berehala jatekoak. Sailkapen hori, ordea, inkestari erantzun dioten lagunen %18k soilik betetzen dute.

Hotz kateari eusteko garaian, oso lagungarriak izaten dira poltsa isotermikoak. Inkestari erantzun diotenen artean, bostetik hiruk erabiltzen dituzte, eta %39k ez dute horretarako ohiturarik. Berriz ere gazteak nabarmendu dira horretan: %59k sekula ez dituzte erabiltzen, 55 urtetik gorakoen artean %27k eta 35 urtetik 54ra bitartekoen artean, %38k.

Azkenik, elikagaiak erosketa gurditxoan nola jartzen diren ere zaindu behar da. Elkarrengandik bereizita jarri behar dira elikagaiak eta garbiketa produktuak, eta haragi eta arrain gordinak sekula ez dira jarri behar beste elikagaien gainean. Gure inkestan, bitik batek baino ez ditu ordenatzen produktuak saskiaren edo gurditxoaren barrenean.

Ordenatzea eta biltegiratzea

Irakurri eta ikasi

Elikagaiek izaten duten etiketak oinarri-oinarrizko funtzioa du kontsumitzaileentzat. Hartu duen produktuak zer-nolako ezaugarriak dituen esaten dio. Inkestari erantzun dioten herritarren %45ek beti irakurtzen dituzte, %53k batzuetan baino ez eta %2k sekula ez. Emakumeek ohitura handiagoa dute (%48k beti), eta adin taldeetan, 35 urtetik 54 urte bitartekoek (%51k).

Zer daturi begiratzen dieten galdetu diegu, eta %83k esan dute beti irakurtzen dutela iraungitze-data, %68k kontsumo-data gomendatua, baina %27k baino ez kontserbatzeko jarraibideak, nahiz eta oso garrantzitsuak diren elikadura arloko segurtasunean.

Biltegiratzea: lehentasuna

Erosketak egin ondoren, ahalik eta lasterren iristea komeni da etxera, elikagaien hotz katea ez eteteko. Hamar lagunetatik bederatzik adierazi dutenez, etxera iritsi eta erositako elikagaiak gordetzeari ekiten diote beste ezertan hasi baino lehen.

Egokiena izaten da berehala jatekoak diren elikagaiak gordetzea lehen-lehenik, izoztuak ondoren, hozkailuan edukitzekoak ondotik eta hotzik behar ez dutenak gero. Azken-azkenak, elikagaiak ez diren produktuak gorde behar lirateke. Erantzun dutenen %7k soilik egiten dute behar bezala, batez ere 18 urtetik 34 urte bitarteko gazteek (%10). Izozkailuan ere funtsezkoa da ordena, saihestu egin behar da elikagai batzuek besteak kutsatzea. Lautik hiruk nabarmendu dute hozkailuan ongi sailkatzen dituztela elikagaiak. Gizonek gehienbat (%78) eta 55 urtetik gorakoek (%81). EROSKI CONSUMERek, hala ere, galdetu egin zien zer lekutan jartzen duten elikagai mota bakoitza: esnekiak, berdurak eta frutak, elikagai gordinak eta edariak. Guztien artean, %13k soilik egiten dute behar bezala.

Gauzak ongi egiteko, gorengo apalean jarri behar dira sutan egindako jakiak, erdikoan esnekiak eta hestebeteak, eta behekoan gordinak, beti ontzi batean sartuta. Edariak atean, eta frutak eta berdurak, hozkailuek horientzat propio izaten dituzten gunean. Hotzik behar ez duten produktuak, berriz, leku fresko eta lehorrean jarri behar dira, eta izoztuak, nola ez, izozkailuan, zati txikietan ontziratuta (kutsa ez daitezen) eta etiketa batekin, produktuaren izena eta izozte eguna idatzita.

Alderdi horretan antzeman dugu hain zuzen jokabide arriskutsuetan garrantzitsuenetakoa: %22k soilik idazten dute izozte eguna produktua izozkailuan sartzean. Berriz ere, 55 urtetik gorakoak nabarmendu dira onerako (%29k egiten dute), eta 18 urtetik 34 bitartekoak txarrerako (%14).

Ez da komeni izozkailua gehiegi betetzea eta elikagaiak 6 hilabetez baino gehiagoz edukitzea (badira denbora gutxiagoan eduki behar direnak ere). Hala ere, inkestan parte hartu duten hiru lagunetatik batek urte erdian baino gehiagoan dauzka janariak izozkailuan.

Etxean, higiene gehiago

Etxean elikadura arloko segurtasuna bermatzeko eta elikagaien erruz ez toxikatzeko, lau alderdi zaindu behar dira bereziki: hotz kateari eustea eta tenperaturak kontrolatzea, elikagaiak ontzi egokietan babestea, higienea zaintzea (norberarena eta elikagaiak eskuztatzen ari garen unekoa), eta, azkenik, ongi garbitzea eta desinfektatzea sukaldea, instalazioak eta tresneria.

Etxean toxikatzen den jende asko higiene neurri desegokien erruz egiten da. Galdekatu ditugun herritarren %20k batzuetan baino ez dituzte garbitzen eskuak elikagaiekin lanean hasi aurretik. Eta garbitzeko ohitura dutenen artean, %22k adierazi dute batzuetan soilik egiten dutela ura eta xaboia erabiliz. Beste %34k diote noizean behin garbitzen eta desinfektatzen dituztela erabiliko dituzten gainazalak eta tresnak, eta %17k onartzen dute sekula ez dutela egiten. Hirutik batek 15 egunetik behin baino maizago garbitzen du zaborrontzia.

Nola jakin elikagai bat freskoa den edo ez?

Elikadura arloan seguru egon gaitezen, garrantzitsua da elikagairik freskoenak eta osasungarrienak hautatzen jakitea ere. Valentziako Erkidegoko Osasun Sailak “Elikadura arloko Higienearen eta Segurtasunaren Gida praktikoa kontsumitzailearentzat” izeneko lana argitaratu du, eta lagungarria da ezaugarri horiek dituzten elikagaiak bereizten ikasteko:

Haragia

  • Ohiko kolorea eduki behar du.
  • Ontziratuta datorren haragiaren ontziak garbia eta osorik egon behar du.
  • Ez du likidoa isuri behar.
  • Derrigorrezkoa den informazioa eman behar dio kontsumitzaileari.

Arrain freskoak

  • Usain atsegina behar du, ‘itsasokoa’.
  • Azala kolore bizi eta distiratsukoa eduki behar du.
  • Begiak kurbatuak izaten dituzte eta begi-niniak beltzak eta distiratsuak.
  • Haragia trinkoa eta elastikoa izaten da.
  • Zakatzak kolore bizikoak izaten dira, arrosakarak edo gorrixkak, eta ezkatak itsatsita izaten dituzte (sardinak dira salbuespenak).

Arrain eta itsaski izoztuak

  • Erabat gogorrak egon behar dute eta presioari amore eman gabe.
  • Azala leuna eta garbia eduki behar dute, kolperik eta urraturik gabe.
  • Arrain zatitua bada, ebakitako inguruak eta hezurrak kolore uniformea eta zuria izan dezala, eta arrasto gorririk ez hezurraren inguruan.
  • Arraina ontziratuta erosi bada, ontziak hermetikoki itxita egon behar du, apurtu gabea eta urraturik gabea, eta barrenean izotzik gabea (desizoztu egin dela adieraziko luke horrek).

Frutak eta berdurak

  • Kanpoaldean ez dezatela eduki zikin arrastorik edo hautsik.
  • Azala garbi eta osasuntsu eduki behar dute, espezie horri dagokion distirarekin eta kolorearekin.

Arrautzak

  • Kontu izan kontsumo-data gomendatuarekin: 28 egun dira arrautza errun ondoren.
  • Oskolak garbia egon behar du eta pitzatu gabea.
  • Baztertu egin behar dira gorozkiekin zikinduta dauden arrautzak, baita hautsita edo pitzatuta daudenak ere.

Produktu izoztuak

  • Ez dezatela elkar zapaldu eta ez dezatela izotzik izan barrenean.
  • Produktu ontziratuek egoki jarria izan behar dute etiketa.

Kontserbak

  • Ontziek egoera onean egon behar dute.
  • Latek ez dute egon behar herdoilduta edo hondatuta, ezta mailatuta ere.
  • Baztertu egin behar dira bonborra edo sabel modukoa duten kontserbak.
  • Etiketa eduki behar dute beti.

Jokabide egokiak eta desegokiak

Kontuz kutsadura gurutzatuarekin

Kutsadura gurutzatua da etxean elikagaiekin lanean hasi eta kontsumitzaileek egiten duten hutsegite nagusietako. Kutsadura mota hori gertatzen da higienizatu gabeko elikagai batek (gordina egoten da sarritan) higienizatua dagoen elikagai bat (gehienean sutan egina) kutsatzen duenean. Hori gertatzen da, adibidez, labana bera erabiltzen denean elikagai bat baino gehiago mozteko (haragiak eta berdurak, adibidez), baina gure eskuen bitartez ere kutsa daitezke, edo hozkailuan elkarren ondoan daudelako. Inkestan antzeman ditugu elikagaiak prestatzeko unean arriskutsuak izan daitezkeen jokabide batzuk. Lehenik eta behin, hirutik batek onartu egiten du sukaldean ari direnean, elikagai gordinek eta sutan eginek elkar ukitzen dutela uneren batean. Adibidez, tortilla egiten denean, bostetik batek arrautzak irabiatzeko erabili duen plater bera hartzen du buelta emateko.

Saltsa bat, krema bat edo postre bat egitean elikagairen bat gordinik jango bada (arrautza edo esne-gaina, esaterako), baliteke bakterioak ugaritu eta elikadura arloko toxikatze bat gertatzea. Adibidez, salmonella arrautzaren gainaldean egon liteke eta arriskua izaten da prestatzen ari garen saltsa edo elikagaia kutsatzeko.

Etxean egindako maionesak sortzen ditu toxikatze gehien urtero, eta neurriak hartu behar dira halakorik ez gertatzeko; egindako egun berean jan behar da, eta soberan gelditu dena bota. Inkestan ikusi dugunez, ordea, arrautza maionesa edo ali-olia egiten dituztenen artean, hirutik bik gorde egiten dute soberan geratu dena hurrengoan jateko.

Kontserbatzea: jokabide desegokiak

Elikagaiak kontserbatzeko garaian ere izaten dira jokabide arriskutsuak. Nahiz eta guztiz desegokia izan, %81ek giroko tenperaturan desizozten dituzte elikagaiak. Horrela eginda, errazago sortzen dira mikro-organismoak, eta ur eta mantenugai gehiago galtzen dira. Egokiena izaten da hozkailuan jartzea, beheko apalean, 24 orduz, edo mikro-uhin labean desizoztea, defrost aukera erabiliz. Bestalde, bostetik batek soilik gordetzen ditu janari hondarrak hermetikoki itxitako ontzi batean, eta %10ek onartu dute noizbait izoztu izan dutela aurrez desizoztutako elikagairen bat, nahiz eta guztiz desegokia izan.

Sinesgarritasunik gabeko mitoak

Azterketa egiterakoan EROSKI CONSUMERek beste zerbait ere jakin nahi izan du: ea kontsumitzaileek ontzat ematen dituzten elikagaien segurtasunaren inguruan dabiltzan hainbat mito eta uste (Kataluniako Jakien Segurtasunerako Agentziak bildutakoak). Inkestak argi utzi du hiritarren gehiengoak badakiela zer komeni den eta zer ez.

  • Kutsatutako jakia

    • Mitoa: Begi bistara ikusten da jakiren bat kutsatuta ote dagoen.
    • Sinesgarritasuna: Inkesta erantzun dutenen %14ak sinesten du.
    • Egia da?: Jakiak hondatzen dituzten bakterioak ez dira gaixotasunak eragiten dituzten berberak. Eta itxura zein usain egokia dituzten jakiek bakterio kaltegarriak izan ditzakete.
  • Anisakis parasitoa

    • Mitoa: Anasakis parasitoa ozpinarekin ken daiteke.
    • Sinesgarritasuna: Galdekatuen %12ak horrela uste du.
    • Egia da? Arraina gordinik edo marinatuta jaten bada izoztu egin behar da edo oso tenperatura altuan egosi, parasitoa hiltzeko.
  • Moluskuak

    • Mitoa: Moluskuak gordinik edo ia sukaldatu gabe hartzeak ez du inolako arriskurik.
    • Sinesgarritasuna: Galdekatuen %7ak uste du hori horrela dela.
    • Egia da? Bizirik dauden moluskuetan bakterio eta birus bat baino gehiago egon daiteke, tenperatura egokian bakarrik hiltzen direnak.
  • Etxean beti seguru…

    • Mitoa: Etxean ez dago intoxikaziorik jasateko arriskurik.
    • Sinesgarritasuna: Galdekatuen %4k uste du hori egia dela.
    • Egia da? Toxi-infekzio guztien %50 etxean gertatzen dira.