Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Inkesta egin diegu 1.050 pertsonari 9 erkidegotan, eta galdetu diegu zer iritzi duten elikagai funtzionalei buruz eta ea baduten horiek erosteko eta kontsumitzeko ohiturarik : Elikagai funtzionalak: jendeak erosi eta jaten ditu baina ez du argi zenbateraino diren onuragarriak

Inkestari erantzun dioten hiru herritarretatik bik noizbait erosi izan dituzte, eta horien artean, %55ek egunero kontsumitzen dituzte

Bada informazio nahikorik? Irakurtzen dugu?

Jendeak erosi egiten ditu

Zalantzak zalantza, bistakoa da etxe askotan eta askotan daudela elikagai funtzionalak, jendeak erosten dituen seinale. Inkestan parte hartu duten hiru lagunetatik batek esan du maiz erosten duela produktu mota hori, eta beste %33k batzuetan. Eroslearen soslaia egiten hasita, hauxe izango litzateke: emakumea, 25 urtetik 44ra bitartekoa, Nafarroakoa eta gaitzen bat duena.

Badira, hala ere, halakorik sekula erosi ez dutenak. EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen herritarren %34, hain zuzen. Gizonak dira gehienbat, 65 urtetik gorakoak, Galiziakoak eta inolako gaitzik ez dutenak.

Eta zer-nolako produktuak erosten dituzte? Batez ere, jogurtak, esneak, zerealak, galletak, barratxoak edo zizka-mizkak, eta ogia. Nagusiki, bi arrazoirengatik hautatzen dituzte: gantz gutxi dutelako eta zuntzez hornituta daudelako. Probiotikoak ere erosten dituzte, eta kaltzioa eta omega 3 erantsita dituzten elikagaiak ere bai. Herritarrik gehienek, erantzun dutenen %82k, supermerkatuetan erosten dituzte, eta beste %37k hipermerkatuetan.

Etiketa

Etiketa tresna ezinbestekoa da kontsumitzailearentzat, eta elikagai funtzionaletan are gehiago. Izan ere, galdekatu ditugun kontsumitzaileen %43 nahasi samar dabiltza elikagai horiekin eta ez dakite zer pentsatu.

Hori horrela izanik ere, %41ek soilik irakurtzen omen dituzte beti elikagai funtzionalen etiketak. Gizonek batez ere, 25 eta 44 urte artekoek, Valentziako Erkidegokoek eta unibertsitateko eta graduondoko ikasketak dituztenek. Gainerakoek, aldiz, batzuetan baino ez dute egiten, edo sekula ez. Azken horiek %29 dira.

Etiketa irakurtzen omen duten horien artean, %80k iraungitze-datari begiratzen dio, %57k osagaien zerrendari, %39k nutrizio arloko informazioari, %14k elikagaiaren onurei eta beste %11k kontsumo gomendioei eta jatorriari.

Europako Batasunak arautzen ditu elikagai funtzionalen publizitatea eta etiketak, hark esaten du zer-nolako arauak bete behar dituen elikaduraren arloko industriak elikagai jakin batek ezaugarri osasungarriak dituela baieztatzeko. Hori ezin baita nolanahi egin. Froga zientifiko onartuak aurkeztu behar dira horretarako. Egungo legediak galarazi egiten du elikagaiei prebentzio-ezaugarriak, ezaugarri terapeutikoak eta sendagarriak atxikitzea. Jendea inola ere ezin da bultzatu elikagai jakin bat hartzera, eta ezingo zaio iradoki dieta orekatuak eta askotarikoak ez ditzakeela kantitate egokietan eman mantenugaiak oro har.

Guk galdekatu ditugun kontsumitzaileen %73ren ustez, elikagai funtzionalen etiketa behar bezain argia da. Baina %27 kritikoagoak dira, eta informazioa falta dela iruditzen zaie, letra txikiegia izaten dutela eta hitz tekniko gehiegi, eta argitasun eta ordena gehiago eskatzen dute azalpenetan.

Tranparik eta iruzurrik gabe

Eusko Jaurlaritzak eta Nekazaritzako Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioak arreta bereziarekin zaintzen dituzte elikagai funtzionalen nutrizio-adierazpenak eta ezaugarri osasungarriak.

Aipamen guztientzako printzipio nagusiak:

  • Ez dute izan beharko gezurrezkoak, anbiguoak edo iruzurrezkoak.
  • Ez dute zalantzarik sortu beharko beste elikagai batzuen segurtasunaren eta nutrizio-egokitzapenaren inguruan.
  • Ez dute bultzatu beharko elikagai bat neurriz kanpo hartzera.
  • Ez dute baieztatu, iradoki edo aditzera eman beharko dieta orekatu eta askotariko bat ez dela nahikoa mantenugai kantitate egokiak emateko.
  • Ez dituzte aipatu beharko gorputz-funtzioetan aldaketak gerta daitezkeela, kontsumitzaileengan alarma edo beldurra eragin dezaketenean.
  • Ez dute inkoherenteak izan beharko osasunaren eta nutrizioaren arloetan oro har onartuta dauden printzipioekin, ez dute bultzatu beharko ezein elikagai neurriz kanpo hartzera eta ez dute egin beharko jokabide dietetiko onen aurka.

Aipamena ontzat joko da, honako kasu hauetan soilik:

  • Zientifikoki frogatu denean eragin onuragarria dakarrela aipatzen den substantzia hori agertzeak, ez agertzeak edo murrizteak.
  • Aipatzen den substantzia hori eragin onuragarria sortzeko bezain kantitate adierazgarrian azaltzen denean.
  • Aipatzen den substantzia hori kendu izanak eragin onuragarria justifikatzen duenean edo justifikatzeko adina murriztu denean.
  • Aipatzen den substantzia hori organismoak onartzeko adinako kantitateetan ageri denean.
  • Zentzuz kontsumi daitekeen produktu kantitateak dakarren kopurua (aipatzen den osagai horrena) eragin onuragarria sortzeko bezainbestekoa denean.
  • Ohiko kontsumitzaile batek ulertzeko moduko aipamena denean.
  • Jateko prest dauden elikagaiei buruzko aipamena denean.

Aipamenak erabiltzeko mugak eta zenbait salbuespen:

  • Aipamenak ez daitezke egin elikagai guztietan. Araudiak berariaz galarazten du elikagai batzuetan aipamenak erabiltzea eta baldintzak ezartzen ditu beste batzuetan erabiltzeko.
  • Bolumena kontuan hartuta alkohol graduazioa %1,2tik gorakoa duten edarietan EZ daiteke egin ezaugarri osasungarrien aipamenik.
  • EZ daiteke aipurik egin pisua galtzeko erritmo edo neurriari buruz.
  • EZ da onartuko aipamenetan esatea osasunari kalte egingo zaiola aipatzen den elikagaia kontsumitu ezean.
  • EZ da onartuko aipamenetan banakako medikuen edo osasun arloko beste profesionalen gomendioak azaltzea.
  • Nutrizio-ezaugarri jakin batzuk betetzen dituzten elikagaietan edo elikagai sailetan soilik egin daitezke ezaugarri osasungarriei buruzko aipamenak.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak