Inkesta egin diegu 1.050 laguni 9 autonomia erkidegotan, eta elikadura arloan zer-nolako elkartasun keinuak egin dituzten galdetu diegu

Elikadura arloko elkartasuna: lautik hiruk elkartasunez jokatu dute azken urtean

Gehienek elikagaiak eman dituzte (%63k), eta askok eta askok Elikagaien Bankuen esku jarri dituzte
1 apirila de 2014
Img tema de portada listado 108

Elikadura arloko elkartasuna: lautik hiruk elkartasunez jokatu dute azken urtean

Espainiako Estatuan, pobrezia arriskuan edo gizarte bazterketa pairatzeko arriskuan bizi dira ia 13 milioi pertsona, datu hori ageri da Pobreziaren aurka Borrokatzeko Europako Sareak (EAPN) berriki argitaratu duen txosten batean. Pobreziaren kontzeptuak, gauza guztien gainetik, gabezia esan nahi du. Pobretzat hartzen diren pertsonek ez dute izaten behar adinako diru sarrerarik, elikagairik, etxerik, osasun arretarik, hezkuntzarako sarbiderik… Pobrezia zirkulu bat da, oraingoz etenik ez duena.. Egoera horretan, gero eta beharrezkoagoa da herritarren elkartasuna, batez ere oinarrizko beharrizanak asetzeko balio duena. Eta oinarrizkoetan oinarrizkoena, jatea da.

Pobrezia zer-nolako hedadura hartzen ari den ikusita, EROSKI CONSUMERek jakin nahi izan du Estatuko herritarrak elkartasunez jokatzen ari ote diren elikaduraren arloan. Horretarako, inkesta egin die honako 9 autonomia erkidego hauetako 1.050 laguni martxoan: Andaluzia, Balear uharteak, Euskal Autonomia Erkidegoa, Galizia, Gaztela Mantxa, Katalunia, Madril, Nafarroa eta Valentziako Erkidegoa.

Nola egin dugu?

Etxean elikadurari lotutako zereginen ardura daramatenek erantzun diote inkestari: erosketa egiteaz, menuak diseinatzeaz, otorduak prestatzeaz… arduratzen direnek. Horien arteko %69 emakumeak izan dira, eta 56 urte eduki dituzte, batez beste. Adina aintzat hartuta, %47k 45 eta 64 urte artean eduki dituzte, %34k 64 urte baino gehiago eta %16k 25 eta 44 urte artean. Soilik %3 izan dira 18 eta 24 urte artekoak. Erantzun dutenen %38 erretiroa hartuta daude gaur egun edo pentsionistak dira, eta %37k lanean dihardute. Beste %12 ez dira ari ez ikasten, ez lanean eta ez lan bila ere modu aktiboan; %10 lanik gabe daude baina bila ari dira aktiboki, eta %3 ikasleak dira. Azkenik, etxe motari erreparatuta, kide horietako %45 bikotekide batekin bizi dira edo seme-alabekin; %23 bakarrik bizi dira, eta %21 bikotekidearekin eta seme-alabarik gabe.

Garai zailetan, elkartasuna

Sortzen garenetik bertatik izaten dugu elkartasunerako joera. Gure garunak gorde egiten du besteei laguntzeko gaitasuna zehazten duen informazioa, eta gainerakoa urteekin ikasten da.

Azterketa honetan ageri denez, herritarrek elkartasun keinu asko egiten dituzten elikaduraren arloan (elikagaiak eman, familiako norbaiti erosketak egiteko laguntza eman, senitartekoei janaria eskaini…). Guk galdekatu ditugun herritarren artean, adibidez, %77k egin dute elkartasunezko ekintzaren bat azken urtean.

Pertsona horien ezaugarriak bildu, eta honako argazki hau atera zaigu: emakumeak dira gehienak (%80 inkestari erantzun diotenen artean, eta gizonezkoak %72), 45 eta 64 urte artekoak (%82), Kataluniakoak nagusiki (%82), lanean dihardutenak (%83) eta bikotekidearekin eta seme-alabarik gabe bizi direnak (%80).

Edonola ere, kolektibo guztietan (sexua aintzat hartuta, adina, autonomia erkidegoa, lanbidea eta familia mota), %65ek baino gehiagok egin dute elkartasunezko keinuren bat azken urtean. Proportziorik apalenak ikasleen eta herritarrik gazteenen artean antzeman ditugu, 18 eta 24 urte artekoetan alegia (bi kolektibo horietan, %55ek egin dute elkartasun keinuren bat).

Zer ematen dugu eta non ematen da gehien?

Elikagaiak ematea eta lagunei laguntzea

Zer-nolako keinuak izan dira ohikoenak azken urte honetan? Inkestari erantzun dioten herritarren %63k elikagaiak eman dizkiote irabazteko asmorik gabeko elkarteren bati, eta %29k laguntza eman diote familiakoa ez izan arren elikagaiak behar zituen norbaiti. Gainera, %16k familiako norbaiti ere lagundu diote, baina %4 soilik jardun dira boluntario gisa elikadura arloko elkartasun proiektuak sustatzen dituen elkarteren batean.

Elikagaiak emateko joera ohikoagoa da 45 eta 64 urte arteko herritarrengan (%72k egin dute), eta, batez ere, Nafarroan (%74k). Ikasleen artean, inork ez dio elikagaiekin laguntzarik eman familiako norbaiti (harritzekoa ere ez da, ez baitute izaten diru sarrerarik), eta erkidegoka, honako hauetan agertu da horretarako joerarik handiena: Balearrak, Katalunia eta Valentziako Erkidegoa (%23k aitortu dute laguntza eman izana). Bestalde, familiatik kanpo elikagaiekin laguntza eman duten gehienak 18 eta 24 arteko gazteak izan dira (%32), valentziarrak eta madrildarrak (%35), langabeak (%30) eta erretiratuak edo pentsionistak (%32).

Inplikazio handiagoa

Elkartasuna adierazi duten herritarren artean, bada sentimendu orokor bat: krisiak bultzatu ditu elkartasuna adieraztera. Horien arteko %64k adierazi dute egoera ekonomiko txarrak eragina izan duela elkartasun ekintza horiek eginarazteko. Gazteek nabarmendu dute hori gehien, 18 eta 24 urte artekoek (%81), eta 64 urtetik gorakoek (%73), gaztelarrek (%73), pentsionistek (%71) eta bikotekidearekin eta seme-alabarik gabe bizi direnek (%77).

Gainera, EROSKI CONSUMERek elkarrizketatu dituen hamar herritarretatik zazpik uste dute Administrazioak gizarte ekimen gehiago abiarazi behar lituzkeela. Gaur egun egiten den baino gehiago egin behar litzatekeela uste dute. Eta hiru neurri proposatu dituzte: laguntza ekonomiko gehiago eman ditzatela eta banaketa askoz zuzenagoa egin dezatela; berriz aztertu eta handitu ditzatela beharrizan gehien eta baliabide gutxien duten herritarei ematen zaizkien gizarte laguntzak; eta, oro har, erakundeetan daudenek inplikazio pertsonal handiagoa ager dezatela eta ulerberagoak izan daitezela herritarrek dituzten zailtasunen aurrean.

Ez hain solidarioak

Inkestari erantzun dioten gehienek elikadura arloan elkartasuna adierazi dute, baina badira azken urtean halako keinurik egin ez dutenak ere; zehazki, galdekatu ditugun herritarren %23. Kolektiboka edo atalka, gizonak izan dira %28, 18 eta 24 urte artekoak %45, madrildarrak eta EAEko herritarrak %27, ikasleak %45 eta bakarrik bizi direnak %29. Badituzte beren arrazoiak. %36k sekula ez dute elikagairik eman irabazteko asmorik gabeko erakunde batentzat. Eta horien arteko %60k, gainera, halakorik pentsatu ere ez dute egin sekula. Arrazoiak emateko orduan, %47k adierazi dute zailtasun ekonomikoak dituztela hori egiteko, eta beste %25ek jakinarazi dute ez dutela horretarako tarte egokirik aurkitu.

Horien arteko %71k, bestalde, familiatik kanpoko inor ere ez dute lagundu azken urtean, eta %83k ezta elikagai premian zegoen senitartekorik ere. Bi talde horietako kideek argudio hauek eman dituzte jokabide hori azaltzeko: sekula ez dietela eskatu, ez dela horretarako beharrik izan eta zailtasun ekonomikoek galarazten dietela.

EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen herritarren %96 sekula ez dira boluntario gisa aritu elikadura arloko beharrizanei erantzuteko ekimenak sustatzen dituzten elkarteetan. Horien arteko %45ek ez omen dute aurkitu horretarako tarte egokirik, %19k ez omen daukate denborarik eta %10ek nabarmendu dute erakundeen egitekoa dela hori.

Pobrezia eta elkartasuna 2012an, erkidegoz erkidego

Tamalez, gosea eguneroko kontua da gure artean. Ia ahaztuta geneukala zirudien baina krisiak goseaz hitz egitera behartu gaitu, elikadura urritasunaz eta elikadura okerraz. Izan ere, azken urteoan gora egin du arrazoi ekonomikoak direla eta elikadura desegokia egitera behartutako pertsonen kopuruak.

Zentzu horretan, talderik ahulenak eta pobreziak gogorren astindu dituenak kideetako bat, gutxienez, langabezian duten familiak dira, guraso bakarreko familiak eta haurrak. Horiek dira, beharbada, kezka larriena eragiten dutenak, ezin dutelako egoeraren aurrean deus egin. Helduen erabakien eskuetan daude erabat. Haurren Eskubideen Hitzarmenak zera dio 27. artikuluan “haur guztiek eskubidea dute bizitza maila egokia izatera, haien garapen fisikoa, mentala, morala eta izpirituala bermatuko duena, baita gizarte-arloko garapena ere”.

Mapa honetan 2012ko pobreziaren eta elkartasunaren datuak ikus daitezke, erkidegoz erkidego. INEk, UNICEFek eta Espainiako Elikagaien Bankuko Federazioak eman dituzten datuekin osatu dugu.

Elikagaien bankuei buruzko datuak

Elikagaiak ematea: Elikagaien Bankuak

Urtero, Elikagaien Bankuek 100 milioi tona elikagai biltzen dituzte Estatuan. Irabazteko asmorik gabeko elkarte horiek boluntarioen lanean oinarritzen dira, eta han eta hemen soberan geratu diren jakiak bildu eta beharrizan gehien dutenei helaraztea izaten da haien asmoa. Ongintzazko elkarteen eta gizarte laguntza ematen dutenen esku jartzen dituzte elikagai horiek.

Lehen esan dugun bezala, inkestari erantzun dioten herritarren artean, hirutik bik elikagaiak eman dizkiote azken urtean irabazteko asmorik gabeko elkarteren bati. Adierazi dutenez, %71k behin baino gehiagotan egin dute (2-5 aldiz), eta %83k jakinarazi dute 2-6 hilabete igaro direla azkenekoz elikagaiak eman zituztenetik. Soilik %13k egin dute aurreko hilabetean edo lehenago: gaztelarrak nabarmendu dira horretan, %22k inkesta egin aurreko 30 egunetan emanak baitzituzten elikagaiak; nafarren artean, berriz, %20k adierazi dute azken hilabetean elikagairen bat eman dutela.

Eta elikagaiak zer erakunderi eman dizkioten galdetuta, gehienek (%41) Elikagaien Bankuak aipatu dituzte. Modu bat baino gehiago dago elikagaiak erakunde horiei emateko: zuzenean haien esku jartzea edo beste eragile batzuekin elkarlanean antolatzen dituzten kanpainen bidez egitea: banaketa kateekin, ikastetxeekin eta Administrazioarekin berarekin (gehienean udalekin). Beste %21ek GKE bati eman dizkiote zuzenean (maizenik Caritasi eta Gurutze Gorriari), eta %33k beste elkarte mota bati; esaterako, supermerkatuei, elizei edo parrokiei eta ikastetxeei.

Elikagai lehorrak, gehien ematen direnak

Zer-nolako elikagaiak ematen ditu jendeak? EROSKI CONSUMERen inkestan parte hartu dutenek honako elikagai hauek eman dituzte nagusiki: lekaleak (batez beste 2,7 kilo pertsonako), pasta (2,4 kilo), zerealak (1,7 kilo), olioak (1,7 kilo), esnea eta irabiakiak (3,5 kilo), azukreak eta gozoak (1,7 kilo), galletak (1,4 kilo) eta arrain kontserbak (2,1 kilo). Erantzun duten herritarren %12k soilik adierazi dute berariaz haurrentzat diren produktuak eman dituztela (pixoihalak, esne hautsa…), eta batez ere Valentziako Erkidegoan elkarrizketatu ditugunek azaldu dute joera hori (%22k).

Elikagaien Bankuei emango zaizkien janariak hautatzeko orduan, gomendio batzuk hartu behar dira kontuan: besteak beste, iraungitze data eta kontsumo data gomendatua gainditu gabeak izan ditzatela.

Hori dela eta, herritarrei galdetu diegu ea zenbait alderdiri erreparatzen dieten elikagai mota hori erostean: elikagaia nola kontserbatua dagoen (%27k begiratzen diote ezaugarri horri), iraungitze data agerian duen (%61ek begiratzen diote), kontsumo data (%29k soilik) eta osagaien zerrenda (%8k baino ez).

Bukatzeko, azken urtean elikagaiak eman dituzten 667 herritarrek, batez beste, 18 euro gastatu dituzte elikagai horiek erosten. Gizonek gastatu dute gehien (24 euro batez beste), 45 eta 64 urte artekoek (19 euro), valentziarrek (39 euro), lanean dihardutenek (23 euro) eta bikotekidearekin edo seme-alabekin bizi direnek (21 euro).

Laguntza emateko

Elikagaien Bankuak erakunde ezagun bihurtu dira azken urteetan. Irabazteko asmorik gabeko elkarte horiek boluntarioen lanean oinarritzen dira, eta han eta hemen soberan geratu diren jakiak bildu eta beharrizan gehien dutenei helaraztea izaten da haien asmoa. Espainiako Estatuan, 50 inguru izango dira Elikagaien Bankuak, eta Elikagaien Bankuen Espainiako Federazioan (FESBAL) biltzen dira guztiak.

Modu bat baino gehiago dago laguntza emateko:

  • Enpresek elikagaiak edo finantza-baliabideak ematea: ohikoena izaten da Elikagaien Bankuak joatea inguruko enpresetara eta elikagaiak eskatzea. Baina alderantziz ere maiz gertatzen da, eta enpresek eurek ere eskaintzen dituzte elikagaiak eta finantza baliabideak.
  • Bitartekoak eta zerbitzuak ematea. Ez dira elikagaiak bakarrik ematen. Zenbait enpresak bere jarduerarekin zerikusia duten zerbitzuak ematen dizkiete Elikagaien Bankuei (garraioa, mezularitza…). Beste batzuek biltegietan eta bulegoetan erabiltzeko materiala ematen dute (orriak, bilgarriak, arropa…).
  • Boluntarioak. Mila lagun baino gehiago aritzen dira beren borondatez elikagaien bankuetan lanean, elikagaiak eskuratuz, antolatuz eta banatuz.
  • Laguntza ekonomikoa. Dirua ere onartzen dute elikagaien bankuek, oso lagungarria izaten baitzaie azpiegiturak mantentzeko eta jarduera ongi antotatzeko (tresneria erosi eta alokatu, garraioa ziurtatu, hozkailu egokiak eskuratu, furgonetak eta telefonoak ordaindu…).

Lagunak, familia, ezezagunak... nori laguntzen diogu?

Familiakoak laguntzea: bereziki, seme-alabak

Galdekatu ditugunen artean, %16k soilik adierazi dute familiako norbaiti laguntza eman diotela elikadura arloko beharrizanak asetzeko. Gehienbat Balearretako, Kataluniako eta Valentziako Erkidegoko herritarrek onartu dute hori (inkestan parte hartu duten herritarren %23 inguruk).

Laguntza hori, gehienean, seme-alabentzat izaten da. Elkartasun keinu hori egin duten 173 pertsonen artetik, %46k adierazi dute seme-alabak laguntzeko izan dela, %27k anai-arrebak laguntzeko, %15ek lehengusuentzat eta %14k ilobentzat.

Laguntza hori era batekoa baino gehiagokoa da: %57k elikagaiak erosi dituzte, %31k etxean plater bat gehiago jarri dute, beste %22k elikagaiak prestatu eta nahi duen horri ematen dizkiote eta %25ek dirua eman dute elikagaiak erosteko. Ekintza horiek ohikoak dira, eta, hain zuzen, halakoak egin dituzten herritarren %97k adierazi dute behin baino gehiagotan egin dituztela: %45ek hilean zenbait aldiz, %25ek hilean behin eta %30ek maiztasun txikiagoarekin.

Eta zenbat gastatzen dute guk galdetu ditugunek familiakoei laguntzen? Elikagaiak ematen dituztenek, batez beste, 60 euro gastatzen dituzte hilean, elikagaiak prestatu eta beste norbaiti ematen dizkiotenek 53 euro batez beste, eta etxean plater bat gehiago jartzen dutenek 28 euro. Badira familiakoei dirua ematen dietenak ere (43 lagun gure inkestan), eta horiek adierazi dutenez, hilean 240 euro gastatzen dituzte.

Lagunei laguntzea

Inkestari erantzun dioten hamar lagunetatik hiruk jakinarazi dute haien familiatik kanpoko pertsonei lagundu izan dietela. Gehienek ezezagunei eman diete laguntza (halaxe adierazi dute %50ek), baina izan dira nolabaiteko harremana duen jendeari lagundu diotenak ere: %24k ezagunei, %16k lagunei, %14k bizilagunei eta %1ek lankideei. Batez ere elikagaiak erosiz lagundu diete (%69k), dirua emanez (%20k; batik bat Balearretan eta Katalunian, non %46k agertu duten joera hori).

Elkartasun keinuak ez dira ezustean gertatzen. Inkestari erantzun dioten herritarren %83k esan dute behin baino gehiagotan egin izan dituztela: %24k hilean zenbait aldiz, %17k hilean behin eta %59k maiztasun txikiagoarekin (urtean zenbait aldiz).

Familiakoak ez diren pertsonentzat elikagaiak erosten dituztenek hilean 26 euro gastatu dituzte, batez beste, eta elikagaiak beharrean dirua eman dutenek, hilean 64 euro.

Boluntarioak

Espainiako Estatuan, bost milioi lagun aritzen dira boluntario gisa. Janaria banatzen dute, higiene produktuak eta ikasmateriala, gizarte bazterketa pairatzeko arriskua duten familiekin egoten dira (haurrekin bereziki), ikasleak laguntzen dituzte aparteko eskolak emanez eta ezinduen elkarteetan aritzen dira, beste hainbat gauzaren artean. Elikadura arloan, EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen herritarren %4k baino ez dute adierazi kooperante gisa aritu direla elikaduraren arloan diharduten ekimenetan. Erkidegoen artean, Valentzian, Katalunian, Balearretan eta Nafarroan aurkitu ditugu boluntario gehien (%7 inguru).

Boluntario gisa jarduten duten 42 lagun horientzat ohikoa da elikagaiak bildu, antolatu eta banatzeko lanean aritzea (halaxe adierazi dute %76k), eta azkenekoz 2-6 hilabete lehenago arituak ziren GKE batean (gehienbat Gurutze Gorrian eta Caritasen, baina baita Mugarik gabeko Medikuetan eta Emaus-en ere) eta bestelako erakundeetan (Elizan, zaharren egoitzan…).