Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Inkesta egin diegu 1.050 laguni 9 autonomia erkidegotan, eta elikadura arloan zer-nolako elkartasun keinuak egin dituzten galdetu diegu : Elikadura arloko elkartasuna: lautik hiruk elkartasunez jokatu dute azken urtean

Gehienek elikagaiak eman dituzte (%63k), eta askok eta askok Elikagaien Bankuen esku jarri dituzte

Zer ematen dugu eta non ematen da gehien?

Elikagaiak ematea eta lagunei laguntzea

Zer-nolako keinuak izan dira ohikoenak azken urte honetan? Inkestari erantzun dioten herritarren %63k elikagaiak eman dizkiote irabazteko asmorik gabeko elkarteren bati, eta %29k laguntza eman diote familiakoa ez izan arren elikagaiak behar zituen norbaiti. Gainera, %16k familiako norbaiti ere lagundu diote, baina %4 soilik jardun dira boluntario gisa elikadura arloko elkartasun proiektuak sustatzen dituen elkarteren batean.

Elikagaiak emateko joera ohikoagoa da 45 eta 64 urte arteko herritarrengan (%72k egin dute), eta, batez ere, Nafarroan (%74k). Ikasleen artean, inork ez dio elikagaiekin laguntzarik eman familiako norbaiti (harritzekoa ere ez da, ez baitute izaten diru sarrerarik), eta erkidegoka, honako hauetan agertu da horretarako joerarik handiena: Balearrak, Katalunia eta Valentziako Erkidegoa (%23k aitortu dute laguntza eman izana). Bestalde, familiatik kanpo elikagaiekin laguntza eman duten gehienak 18 eta 24 arteko gazteak izan dira (%32), valentziarrak eta madrildarrak (%35), langabeak (%30) eta erretiratuak edo pentsionistak (%32).

Inplikazio handiagoa

Elkartasuna adierazi duten herritarren artean, bada sentimendu orokor bat: krisiak bultzatu ditu elkartasuna adieraztera. Horien arteko %64k adierazi dute egoera ekonomiko txarrak eragina izan duela elkartasun ekintza horiek eginarazteko. Gazteek nabarmendu dute hori gehien, 18 eta 24 urte artekoek (%81), eta 64 urtetik gorakoek (%73), gaztelarrek (%73), pentsionistek (%71) eta bikotekidearekin eta seme-alabarik gabe bizi direnek (%77).

Gainera, EROSKI CONSUMERek elkarrizketatu dituen hamar herritarretatik zazpik uste dute Administrazioak gizarte ekimen gehiago abiarazi behar lituzkeela. Gaur egun egiten den baino gehiago egin behar litzatekeela uste dute. Eta hiru neurri proposatu dituzte: laguntza ekonomiko gehiago eman ditzatela eta banaketa askoz zuzenagoa egin dezatela; berriz aztertu eta handitu ditzatela beharrizan gehien eta baliabide gutxien duten herritarei ematen zaizkien gizarte laguntzak; eta, oro har, erakundeetan daudenek inplikazio pertsonal handiagoa ager dezatela eta ulerberagoak izan daitezela herritarrek dituzten zailtasunen aurrean.

Ez hain solidarioak

Inkestari erantzun dioten gehienek elikadura arloan elkartasuna adierazi dute, baina badira azken urtean halako keinurik egin ez dutenak ere; zehazki, galdekatu ditugun herritarren %23. Kolektiboka edo atalka, gizonak izan dira %28, 18 eta 24 urte artekoak %45, madrildarrak eta EAEko herritarrak %27, ikasleak %45 eta bakarrik bizi direnak %29. Badituzte beren arrazoiak. %36k sekula ez dute elikagairik eman irabazteko asmorik gabeko erakunde batentzat. Eta horien arteko %60k, gainera, halakorik pentsatu ere ez dute egin sekula. Arrazoiak emateko orduan, %47k adierazi dute zailtasun ekonomikoak dituztela hori egiteko, eta beste %25ek jakinarazi dute ez dutela horretarako tarte egokirik aurkitu.

Horien arteko %71k, bestalde, familiatik kanpoko inor ere ez dute lagundu azken urtean, eta %83k ezta elikagai premian zegoen senitartekorik ere. Bi talde horietako kideek argudio hauek eman dituzte jokabide hori azaltzeko: sekula ez dietela eskatu, ez dela horretarako beharrik izan eta zailtasun ekonomikoek galarazten dietela.

EROSKI CONSUMERek galdekatu dituen herritarren %96 sekula ez dira boluntario gisa aritu elikadura arloko beharrizanei erantzuteko ekimenak sustatzen dituzten elkarteetan. Horien arteko %45ek ez omen dute aurkitu horretarako tarte egokirik, %19k ez omen daukate denborarik eta %10ek nabarmendu dute erakundeen egitekoa dela hori.

Pobrezia eta elkartasuna 2012an, erkidegoz erkidego

Tamalez, gosea eguneroko kontua da gure artean. Ia ahaztuta geneukala zirudien baina krisiak goseaz hitz egitera behartu gaitu, elikadura urritasunaz eta elikadura okerraz. Izan ere, azken urteoan gora egin du arrazoi ekonomikoak direla eta elikadura desegokia egitera behartutako pertsonen kopuruak.

Zentzu horretan, talderik ahulenak eta pobreziak gogorren astindu dituenak kideetako bat, gutxienez, langabezian duten familiak dira, guraso bakarreko familiak eta haurrak. Horiek dira, beharbada, kezka larriena eragiten dutenak, ezin dutelako egoeraren aurrean deus egin. Helduen erabakien eskuetan daude erabat. Haurren Eskubideen Hitzarmenak zera dio 27. artikuluan “haur guztiek eskubidea dute bizitza maila egokia izatera, haien garapen fisikoa, mentala, morala eta izpirituala bermatuko duena, baita gizarte-arloko garapena ere”.

Mapa honetan 2012ko pobreziaren eta elkartasunaren datuak ikus daitezke, erkidegoz erkidego. INEk, UNICEFek eta Espainiako Elikagaien Bankuko Federazioak eman dituzten datuekin osatu dugu.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak