Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Dokumentu azterketa egin dugu jakiteko zenbateko prebalentzia duten elikadura arloko jokabide nahasmenduek (EJN) eta zer-nolako lekua hartzen duten Interneten : EJN: elikadura etsai bihurtzen denean

Espainiako Estatuan, %4,1aren eta %6,4aren artean dabil nahasmendu horren prebalentzia, eta emakume nerabeei eragiten die nagusiki

Interneten arriskuak

Internet eta EJNak
/imgs/20170201/movil-delgadez.jpg

Eugenia Cooney youtuber gazte bat da, estatubatuarra, eta berriki Sarean eztabaida handia sortu du haren itxurak. Oso-oso argala ageri da bere bideoetan (edertasunaren inguruan hitz egiten du), eta Change.org plataforman eskari bat ere egin dute Youtuben duen kanala itxi diezaioten.

Baina ez da Interneten dabilen kasu bakarra. Are gehiago, pantailaren beste aldean hainbat gazte anonimo daude eta hor ibiltzen dira (blogetan, eztabaidaguneetan, txatetan…) anorexiaren eta bulimiaren apologia egiten duten orrietan (pro-ana eta pro-mia esaten diete), non bizi estilo gisa aurkezten dituzten gaixotasun horiek. Izendatu ere bi lagun izango balira bezala egiten dituzte: Ana da anorexia eta Mia bulimia.

Orri horiek sarean argitaratzea ez da delitu eta ez dago eduki mota hori arautzen duen legerik, halaxe adierazi du Raquel Font-ek; kazetaria da bera, gai sozioekonomikoetan espezializatua, eta artikulu bat argitaratu zuen 2016ko azaroan Universidad Oberta de Catalunya-ko web-orrian: Sare sozialek anorexia eta bulimia sustatzen dituzte itzalean.

Adingabeen osasunarentzat arriskutsuak dira eduki horiek, eta ACAB eta IQUA erakundeek ere antzeko argitalpen bat egin zuten 2011. urtean, herritarrak jabetu daitezen geldiarazi beharra dagoela Sarean izan duten gorakada: ‘Sarean anorexiaren eta bulimiaren apologia egiten duten edukien ugaritzeari eta zabalkundeari buruzko txostena (2010)’.

Ikerlan horrek ematen dituen datuak edozein asaldatzeko modukoak dira. Alde batetik, esaten du Google bilatzailean anorexia eta bulimia sustatzen duten 500.000 orri inguru agertu daitezkeela segundo batean baino gutxiagoan. Eta Interneten eduki mota horiek begiratzen dituzten herritarren %75 adingabeak direla azpimarratzen dute, eta honako profil hau dutela: “Neskak dira gehienbat (%95), argaldu egin nahi dutenak kosta ahala kosta”.

Sare sozialak eta EJNak

Sare sozialetara ere iritsi da arazo hori, jakina. ACAB eta IQUA erakundeen txostenak dioenez, anorexiaren eta bulimiaren apologia nabarmen zabaltzen ari da honako plataforma hauen bidez: Facebook, Twitter eta Instagram.

Hain zuzen, Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduetan Espezializatutako Zerbitzuak (SETCA) nabarmentzen duenez, “elikadura arloko nahasmenduak, anorexia eta bulimia duten pazienteek sare sozial horretan (Instagram) aurkitu dute leku aparta beste gaixo batzuekin trukatzeko beren esperientziak, aholkuak, trikimailuak, erronkak eta ‘siluetak’, eta elkar ulertu eta txalotzeko”.

Font-en arabera, Instagram “boladan jarri da elikadura arloko desordenak sustatzen dituzten artean” eta azpimarratzen du plataforma horretan zintzilikatuta dauden 4,5 milioi argazkik baino gehiagok daramatela #anorexia etiketa. Beste hashtag batzuk ere badaudela dio, #A4Paperchalleger eta #iphonechallenge adibidez, zeinak erronkak proposatzen baitituzte muturreko argaltasuna sustatzeko, esaterako gerrialdea estuagoa izatea DIN A4 orri bat baino edo bi belaunak elkartu eta estuagoak izatea iPhone 6 bat baino.

Alerta seinaleak

Elikadura arloko Jokabide Nahasmenduen diagnostikoa egiteko, nahitaezkoa da buru osasuneko profesional batek aztertzea gaixotasun hori duen pertsona; dena den, seinale batzuk agertzen dira prozesu horretan, eta Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkarteak (ACAB) horiek zein diren jakinarazten du.

Elikaduran:

  • Dieta murriztaileak erabiltzea horretarako beharrik gabe.
  • Janariarekin kezkatuta ibiltzea beti.
  • Neurriz kanpoko interesa agertzea sukaldeko errezetentzat.
  • Erru sentipena edukitzea jateagatik.
  • Elikadura arloko jokabide arraroa izatea (jateko abiadura, zuzen-zuzen jarrita jatea…).
  • Mahaitik altxatu eta komunean sartzea otordu bakoitzaren ondoren.
  • Komunera maiztasun handiagoarekin joatea eta ohi baino denbora gehiago pasatzea han.
  • Familiako bazkariak-eta saihestea.
  • Etxeko otorduak azkar bukatzea.
  • Janaria ezkutatuta aurkitzea, adibidez, bere logelan.
  • Janari hondar, bilgarri… ugari aurkitzea bere logelan edo zaborretan.

Pisuan:

  • Pisu galtzea, arrazoi agerikorik gabe.
  • Neurriz kanpoko beldurra eta arbuioa izatea gehiegizko pisuari.
  • Ariketa fisikoa modu konpultsiboan egitea, argaltzeko helburuz.
  • Norberak goitika eginaraztea bere buruari.
  • Heste-aringarriak eta diuretikoak hartzea.
  • Amenorrea (hilekoa desagertzea, gutxienez, 3 hilabetez jarraian) emakumea bada; desnutrizioaren ondorioz sortzen den sintoma da.
  • Desnutrizioak badakartza beste sintoma batzuk ere: esku eta oin hotzak izatea, larruazala lehortzea, idorreria, zurbiltasuna edo zorabioak izatea, ilea erortzea…

Gorputz itxuran:

  • Pertzepzio okerraren eraginez, gorputz lodia duela uste izatea.
  • Gorputza ezkutatzen saiatzea, adibidez arropa zabalarekin.

Jokabidean:

  • Eskolako edo laneko emaitzetan gorabeherak sumatzea.
  • Gero eta isolatuago egotea.
  • Haserrekortasuna eta oldarkortasuna handitzea.
  • Depresio sintomak eta antsietatearenak ugaritzea.
  • Jokabide manipulatzaileak eta gezurrak erabiltzea.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

  • Joan aurreko orrira: « Gaitza
  • Orri honetan zaude: [Or. 3 de 3]

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak