Adineko pertsonentzako eguneko zentroak

Egunez zentroan, gauez etxean

Espainiako estatuan sei milioi eta erdi bizilagunek 65 urte baino gehiago dituzte, IMSERSOren daturik berrienen arabera.
1 urria de 2002
Img temap 116

Horietatik bi milioik ezgaitasunen bat daukate eta ia milioi bat ez da gauza eguneroko bizitzan bakarrik eta laguntzarik gabe moldatzeko, beren gaitasun fisiko edo mentaletan ezintasun larriren bat edo erabateko ezintasuna daukatelako, eta familiako edo zaintzaileen beharrean izaten dira janzteko, jateko, joan-etorrietarako, beren burua garbitzeko…

Egunez zentroan, gauez etxean

Gehienetan zaharren ahaiderik hurbilenek hartzen dute beren gain zahar ezinduak etengabe zaintzeko ardura, baina asko eta asko dira familiakoen laguntzarik jaso ezin dutenak ere. Kasu horretan, zaharren egoitzetara jotzen da gehien. Baina errealitate soziala den bezalakoa da: Espainiako estatuan, 65 urtetik gorako ehun pertsona bakoitzeko 2,7 plaza baino ez daude egoitzetan -pribatu nahiz publikoetan- eta egoitzarik gehienek itxaron zerrenda luze eta etsigarriak erakusten dizkiote eskatzaileari.

Eguneko zentroetan eguna pasa ohi dute zaharrek, eta lo egitera etxera itzultzen dira; aukera egokia da beren kabuz moldatzeko gauza ez diren zaharrei eguneroko zainketak eskaintzeko, eta nolabait esateko, “zaintza” zerbitzua egiten dute, zaharrei etxean bizi izateko aukera ematen jarraitu arren. Baina egoitzetan tokirik ez duten autonomia erkidegoentzat osagarri gerontologikoa ere bada, eta itxarongela funtzioa egiten du zentroak egoitza batean tokia eskatuta daukan zaharrarentzat, egoitzan tokia egiten den bitartean. Edozein modutan ere, arazoa errepikatu egiten da: eguneko zentroen herenak ere itxaron zerrendak ditu eta zentroen erantzunik jaso ez duten eskatzaileen batez bestekoa 12 gaixokoa da horrelako zerrenda daukaten zentro bakoitzeko.

Horixe da CONSUMERek baliabide berri honen ezaugarri, prestazio eta funtzionamendua ezagutzeko egin duen azterketatik ateratzen den lehen datua. 85 eguneko zentrotako zuzendariek emaniko informazioan oinarritu da azterketa, osasun arretaz, zerbitzuez, segurtasunaz eta establezimenduen prezioaz galdetuta.

Azterketa honetako eguneko zentroek gaur egun Madril, Bartzelona, Valentzia, Bizkaia, Gipuzkoa, A Coruña, Malaga, Alacant, Nafarroa, Araba, Kantabria eta Errioxan dihardutenen erdia inguru osatzen dute. Hori dela eta, ikerketaren adierazgarritasuna oso handia da eskualde horietan eta behar adinakoa estatu osoari begira (txostenean bederatzi autonomia erkidego jasotzen direla kontuan izanda). CONSUMERek, geriatra eta zaharren egoitzetako adituen aholkularitzaren laguntzaz, puntuazio eta ponderaziorako (azterturiko aldagai bakoitzaren balorazio erlatiboa) sistema propioa ezarri du zentro horiek kalifikatzeko.

Badute non hobetua, baina ongi daude

Horra ikerketaren lehen ondorioa: eguneko zentro batzuetan hobetu beharra dagoen arren, gehienek zerbitzu ona eskaintzen dute eta betetzen dute beren eginkizuna. Horren lekuko da azterturiko 85 zentroen batez besteko nota, zazpi puntutik gorakoa baita. Hala ere, azterturiko zentroen %16k ez du azterketa gainditu arretaren alderditik. Horren barruan sartzen dira zaintzaile bakoitzaren ardurapean jartzen den zahar kopurua, mediku kontsultarako gelarik eta aparte sendaketa-gelarik duten ala ez, zentroan egun osoz medikurik dagoen ala ez eta zein espezialitatetakoa den eta fisioterapia eta errehabilitazio zerbitzurik dagoen ala ez, besteak beste. Horrez gain, segurtasunarena da hobetu beharreko beste alderdia, oso garrantzitsua baita adin handiko pertsonak hartzen dituen zentro batean, horietako askok ezintasun fisiko eta mental handiak izaten baitituzte gainera. Ikus ditzagun datuak: eguneko zentroen erdiak baino gehiagok aitortu du sekula ez duela sute-simulakrorik egin, zazpitik batek ez du suteak antzemateko sistemarik, hamarretik batek ez du larrialdiko planik, hamabostetik batek ez ditu langileak prestatu suterik gertatuz gero egin beharrekoaren inguruan edo instalazioen barruan ez dago larrialdiko argiteria sistemarik.

Alderdi positiboan, eguneko zentroek erabiltzaileei eskaintzen dizkieten zerbitzuak daude, horietako zenbait prestaziotan hobetu beharreko gauza asko agertu den arren: zentroen erdiak ez du garraio zerbitzu propiorik erabiltzaileak establezimendura eramateko, %60k ez dute ofizialki eta idatziz erabiltzaile bakoitzari buruzko informaziorik ematen edo oso gutxitan egiten dute eta eguneko zentroen ia erdiak ez du dietetika aldetik behar bereziak dituzten erabiltzaileen premia konkretuetara egokitutako dietarik eskaintzen (adin horretan horrelakoak ugari izan arren); eta zentroen ia %30ek ez du liburutegi zerbitzurik.

Beste ondorio bat: eguneko zentro publiko eta kontzertatuek batez beste balorazio zertxobait hobea lortzen duten arren, pribatuekiko alde nabarmenak daude. Gainera, kalifikazio orokorrean aprobatura iristen ez direnak (azterturikoen %5 bakarrik), titulazio publikokoak dira. Edozein modutan ere, ozta-ozta geratu dira gainditu gabe: zentro batek ere ez du 4,4 puntutik beherako puntuazio globalik atera.

Probintzien araberako egoerari begiratuta, Araba, Madril eta Errioxa dira nabarmen, nota orokorra 7,5 inguruan baitabil; beste muturrean, A Coruña, Bartzelona eta Nafarroakoek merezi dute aipamenik gutxien, nota global gisa batez beste 6,5 puntu lortu badute ere.

Zentroen arreta-eskaintza

Hamar zentrotik seik zaintzaile bat daukate bost zaharreko eta ratio hori paregabetzat har daiteke kontsultaturiko espezialisten esanetan, zentro mota honetarako. Baina datu positibo horri beste bat erantsi behar zaio, hain baikorra ez dena: hamar zentrotik bik zaintzaile bakoitzeko 8 – 12 zahar dituztela aitortzen dute, eta bitarteko horiek ez dira aski zentro hauetako erabiltzaile gehienek zein menpetasun handia duten kontuan izanda.

Bestalde, zentroen %16k ez dute mediku kontsulta gisa erabiltzeko gelarik, tratamendu terapeutikoa funtsezko helburu duen zentro batean oso azpiegitura komenigarria izan arren. Azterturiko zentroen %6k ez zuen sendaketa-gelarik, zentroetako askok eginkizun horretarako kontsulta gela erabiltzen bazuen ere. Egun osoz medikua daukaten zentroen artean (kontsultaturikoetatik %66k), hiru zentrotik batek zerbitzu kontzertatua dauka: eskatzen zaionean joaten da medikua. Zentroen antzeko proportzio batean, astean hainbat egunetan joaten da medikua eta komeni bezala mediku zerbitzu etengaberik ez duten gainerakoetan, beharrik izanez gero ospitalera eramaten dute gaixoa. Eta bakarren batzuek oso argudio arina erabili zuten: mediku zerbitzua izatera ez daudela behartuta.

Medikua zentroan etengabe dagoen ala ez albora utzita, zaharrekin lan egiten duen medikua geriatra edo barne medikuntzako medikua izatea da egokiena. Horretan, hala ere, hiru eguneko zentrotatik batek baino ez zuen espezialitate horretako aditua. Gainerakoetan, familia medikua izaten da gehienetan eta psikologoa, dietista edo neurologoa kasuren batean.

Bestalde, garrantzi handieneko zerbitzuetako bat, batez ere ezgaitasun fisikoak dituztenen artean, tratamendu fisioterapeutikoa izaten da. Azpimarratu beharra dago zentroen %12k ez dutela prestazio hori eta %30ek, eskaini arren, ez duela baldintza egokietan eskaintzen.

Eguneko zentroen zerbitzuak

Pertsona nagusia eguneko zentrora eramateko ardura familiakoen gain geratzea eguneroko logistika-arazo bihurtu ohi da; zentroen %42k bakarrik daukate garraio zerbitzu propioa, gaixoa etxetik hurbil jaso eta establezimenduraino eramateko. Oso kasu gutxitan, berariazko zerbitzua izan beharrean garraio publikoak hurbiltzen du gaixoa zentrora. Baina konponbide partziala baino ez da, zenbait erabiltzailek mugitzeko gaitasuna oso murriztuta edo erabat mugatuta izaten baitu eta logistika arazo handiak sortzen baitira: erabiltzailea zentrotik urruti uzten dute autobus, tren edo metroak, joan behar den tokira iristeko hainbat garraio-bide hartu behar izaten da… Deigarria da, beraz, zentroen erdiak garraio sistema propiorik ez izatea, erabiltzaileak zentrora seguru eta eroso irits daitezen.

Familiartekoekiko komunikazioari dagokionez, ezinbestekoa ez den arren, ez legoke gaizki zentroak era ofizial batean eta idatziz zaharraren bilakaera eta egoerari buruzko informazioa ematea. Komunikazio informalak ongi eta zuzen funtzio dezakeen arren, idatziz egiten dena beti da berme bat zentroa eta familiaren arteko informazio-fluxuari buruz. Bada, zentroen %62k ez du ofizialki eta idatziz gaixoari buruzko informaziorik ematen eta egiten dutenen artean, erdi eta erdi dira informazio hori astero ematen dutenak eta hilero ematen dutenak.

Bestalde, bainugela geriatrikoak izatea ezinbestekotzat jotzen da, baina kontsultaturiko zentroen artetik %3k ez dute horrelakorik.

Edozein modutan ere, txosten honek azaleratu duen hutsunerik handienetakoa janariari buruzkoa da: eguneko zentroen %46k ez dute dieta pertsonalizaturik eskaintzen behar bereziak dituzten erabiltzaileentzat.

Zaharrei zuzendutako animazio soziokulturaleko programak zabala eta eraginkorra izan behar du. Egoera ona da alde horretatik: zentroen %7 bakarrik daude horrelako programarik gabe eta guztietatik %70ean lau ekintza edo gehiago egiten dira, kultura, musika, ariketa fisikoa edo terapia okupazionalekoak.

Eguneko zentroen erabiltzaileek ezintasun handia izan ohi dute otorrinolaringologo, oftalmologo, dentista eta beste espezialista batzuen kontsultetara joateko eta horregatik, zentroak arduratzen dira era horretako zerbitzuak bideratzeaz ere. Zentzu horretan, azterturiko zentro guztiek dituzte bertara joaten diren espezialistak; zerbitzua dohainik %40k bakarrik eskaintzen du, hala ere.

Guztiek dute, bestalde, lorategia edo parkeren bat 250 metro baino hurbilago eta, beraz, nahiko bermatuta dago kanpoan atseden hartzeko aukera. Eta zentroen %85ean ile-apaindegi zerbitzua eskaintzen da, baina hirutik batean bakarrik da zerbitzua dohainik. Gehienezko prezioa 18 eurotan jarri da eta gutxiengoa 0,6 eurotan; ilea atontzearen batez besteko tarifa 6,7 eurokoa da. Podologiari dagokionez, -beharrezko zerbitzua baita zentro mota honetan adineko pertsonen oinek izan ohi duten egoera dela eta-, kontsultaturiko zentroen %22k ez dute horrelako zerbitzurik eta eskaintzen dutenen artean, herenak bakarrik dohainik edo hileko kuotaren barruan. Batez besteko prezioa 10 euro ingurukoa da.

Azkenik, irakurketa ariketa gomendagarri izaten da beti eta zahartzaroan egoki-egokia, ariketa intelektuala eragiten duelako eta buruari lan eragitearekin batera, entretenigarri ere bada. Horrela, kritikagarria da kontsultaturiko zentroen %29k bibliotekarik ez izatea.

Zer dira eguneko arreta zerbitzuak?

Erresidentzia izaerarik ez duten zentroak dira, autonomia murriztua duten pertsona nagusiak hartzeko pentsatuak. Zaharrek ez dute zentro hauetan lo egiten eta ordu batzuk han eman ondoren etxera itzultzen dira lotara. Zaharren egoitza batzuek eguneko zentro gisa erabiltzeko plaza batzuk ere izaten dituzte.

Beren kabuz balia ezin daitezkeen adineko pertsonak egunean zehar zaindurik eduki eta gauerako etxean bizi izaten jarrai dezaten lortzen dute eguneko zentroek eta horrela jarraitu egiten du familiarekiko harremanak. Zaharren egoitzetako plaza kopuruak eskari kopurua asetzen ez duen tokietan, gerontologia aldetik egoitzen osagarri egoki bihurtzen dira eguneko zentroak eta, hein batean behintzat, asetzen dute egoitzetako plaza gabezia. Horrela, egoitzan sartu aurreko urrats bihurtzen dira kasu askotan: egoitzen “itxarongela” izaten dira eta egoitza batean tokia egin arte zaintzen da bertan adineko pertsona.

Noren menpe daude?

Titularitatearen aldetik publikoak, kontzertatuak eta pribatuak izan daitezke. Lehenak autonomia erkidegoko edo probintziako administrazioaren menpe izaten dira eta azkenak era pribatuan kudeatzen dituzte; kontzertatuek, berriz, titularitate pribatuarekin batera zenbait plaza kontzertatu izaten dute (batzuetan, plaza guztiak) eta plaza publikoetako baldintza eta betekizun berberak izaten dira horietan.

Eguneko zentro motak

Bakarrik gauza diren pertsonentzakoak, laguntza behar dutenentzakoak, zentro mistoak eta psikogeriatrikoak daude, azken horiek arazo psikikoak dituzten pertsonentzat pentsatuak. Lehenak, oso ohiko ez diren arren, titularitate pribatukoak izaten dira. Laguntza behar duten eta pertsona menpekoentzako zentroak izaten dira ohikoenak, eta eguneroko gauzetarako laguntza behar duten pertsonak hartzen dituzte. Batzuetan, bakarrik balia daitezkeen pertsonak ere hartzen dituzte, egoera pertsonal edo sozialagatik mendekoekin pareka daitezkeenean, edo autonomia maila onargarria eduki arren, autonomia hori galtzeko arriskuan baldin badaude, adina, bakardadea edo gaixotasuna dela eta.

ein egiteko dute eguneko zentroek?

Teorian: adineko pertsonen galera funtzionalak arindu edo euren zailtasunak gutxitzea, euren ohiko bizitoki eta giroan bizi izaten jarraitu ahal izan dezaten. Adineko pertsonei zainketak eta zerbitzu terapeutikoak eskaini behar dizkiete eta baita beren garapen soziokulturala bultzatuko duten programak ere. Pertsona nagusia ia etxean bezala senti dadin saiatu behar dute eta horretarako ezinbestekoa da aukeratzeko gaitasuna edukitzea. Zaharrei ahalik eta autonomiarik handiena utzi behar diete egin beharreko ekintzei, eguneroko harremanetan inguruan izango duten pertsona taldeari eta janariari buruz erabakitzeko. Azken batean, zainduta egoteaz gain, zaharrek beren denbora librea goza dezaten ahal den guztia egin behar dute zentrook.

Zein zerbitzu eskaintzen dute?

Elikadura, osasunaren zainketa, eguneroko bizitzako jardueretarako laguntza, errehabilitazio eta estimulazio fisiko, kognitibo eta harremanetarakoa, gizarte laguntza, dinamizazio soziokulturala eta familia-babesa. Eta horrez gain, laguntza geriatrikoa eta errehabilitaziokoa, zainketa pertsonalak, izaera prebentiboko mediku zerbitzua, terapia okupazionala, arreta psikosoziala, ariketa fisikoa eta aisialdiko ekintzak, zentrorako garraioa eta pentsio erdiko egonaldia; adinekoaren gaitasun funtzionalak eta komunitatean integratzeko gaitasuna garatzea da horren guztiaren helburua.

Ordutegi eta prezioak

Eguneko zentroak astelehenetik ostiralera izaten dira martxan normalean (badira asteburuan zerbitzua eskaintzen dutenak ere), egunean zortzi orduz. Formulak aldatu egiten dira zentroaren arabera, baina gehienetan goizeko bederatzietatik arratsaldeko bostak artekoa izaten da zerbitzua. Prezioak, berriz, aldatu egiten dira zaharraren menpetasun mailaren arabera (laguntza behar duena, laguntza apur bat behar duena eta bere buruaren jabe dena), baina zentro pribatuetan 13,8 euro eta 52 euro artekoa izaten da eguneko tarifa eta 25 eurokoa batez bestekoa. Publikoetan eta plaza kontzertatuetan aldatu egiten da ordaindu beharreko kopurua autonomia erkidego batetik bestera. Orokorrean, erabiltzailearen urteko errentaren portzentaje bat izaten da. Formularik ohikoena eguneko edo hileko gehienezko kopuru batzuetatik abiatzen da eta baremo batzuk ezartzen ditu zaharraren egoera ekonomikoaren arabera. Autonomia erkidego batzuetan administrazioak bere gain hartzen du jarri beharreko aldea, aplikaturiko errentaren portzentajea ezarritako gehienezko hori betetzera iristen ez bada; beste batzuetan, berriz, diferentzia horrek zor bat pilatzen du, zentroko egonaldia amaitzean kitatu beharrekoa. Portzentaje horiek, ezartzen diren baremoak eta finkatutako gehiengoak ere aldatu egin daitezke probintzia beraren barruan, plaza publikoen titularitatearen arabera, udalarenak edo autonomia erkidegoarenak izan baitaitezke.

Kalitate irizpideak eta konparaketako taula

Bistan denez, errehabilitazio fisiko eta sozialeko terapiaren helburuak garatu eta betetzeko instalazio eta pertsonal egokia dituena izango da eguneko zentro ona. Hau da, behar den pertsonala daukana (zaintzaile bakoitzeko 5 zahar baino gehiago ez izatea da egokiena), barne medikuntzako medikua edo mediku geriatra duena -edo zerbitzu kontzertatu azkar eta kalitatezkoa-, eta fisioterapia gelak eta ekintza soziokulturalak egiteko eta elkarbizitzara zuzendutako instalazio egokiak dituena. Eta zentro bikain baten bila bagabiltza, esandako guztiaz gain zaharrarengan autonomia eta independentzia sentimendua bultzatzen duena izango litzateke ideala, faktore erabakigarriak baitira horiek era honetako zentroetara joaten diren pertsona nagusiak gogobetetzea lortzeko. Autonomia sentimendu horren barruan sartzen da pertsona nagusiak berak zentroaren funtzionamenduan erabaki eta independentziaz jokatzeko aukera. Hori lortzeko, erabiltzaileari aukeratzeko ahalik eta posibilitaterik handiena eman behar zaio, zentroan sartzea edo ez sartzea erabakitzetik hasi eta egin beharreko ekintzak edo ekintza horiek zein pertsona talderekin egingo dituen erabakitzeko askatasunera arte.