Erdialdean aparkatzea: 12 hiriren konparaketa

Desberdintasun handiak aparkatzeko denbora eta prezioan

Hirien erdialdean autoz dabiltzan gidarien erdia joan nahi duten lekutik ahalik eta hurbilen aparkatzen ahalegintzen da. Baina hiririk gehienetan oso zaila izaten da erdialdean aparkatzea eta ordu jakin batzuetan ia ezinezkoa.
1 azaroa de 2000
Img tema listado

Desberdintasun handiak aparkatzeko denbora eta prezioan

Hirien erdialdean autoz dabiltzan gidarien erdia joan nahi duten lekutik ahalik eta hurbilen aparkatzen ahalegintzen da. Baina hiririk gehienetan oso zaila izaten da erdialdean aparkatzea eta ordu jakin batzuetan ia ezinezkoa. Norbere autoa gero eta gehiago erabiltzen denez, gaur egun zaildu egiten da hirian ibiltzea, trafikoaren saturazio handia dela eta; horrek nekez bihurtzen du nahi den lekura iristea eta kalteak eragiten ditu ingurumenean eta gidarien osasun psikologikoan. Trafikoaren handitze izugarria eta horiek hirietako erdiguneetan sortzen duten presioa dira, adituen esanetan, gure hirietako arazo nagusietako bat. Ordu puntetan izaten den joan-etorri kopuru handiak gainezka jartzen du sarritan bide-azpiegituren gaitasuna eta horrek kalteak eragiten dizkio garraio kolektiboari, ibilgailu partikularren gidariei zein oinezkoei.

Denbora nola neurtu den

CONSUMEReko teknikariek guztira 672 aparkaldi egin zituzten 12 hiri horietako zonarik zentrikoenean, astelehenetik igandera eta bi astetan zehar, bien artean denbora tartea utzita, hau da, bata aurtengo otsailean eta bestea uztailean. Hiri bakoitzean 56 aldiz aparkatu zuten, 8 bider ordu ezberdinetan (ordu berean hiri guztietan) astearen egun bakoitzean eta beti goizeko 9etatik arratsaldeko 8etara bitartean. Autoak kalean aparkatu ziren, parking gabe eta tamaina ertaineko ibilgailuak erabiliz.

Hirigune bakoitzean, aparkatzeko saiakera guztiak leku beretik abiatu ziren eta hiri bakoitzean erdiguneko eraikin enblematikoren bat hartu zen erreferentzia gisa. Kasu guztietan, abiapuntutik hurbileneko lekuan hasten ziren aparkaleku bila. Eta gero horietatik hurbilen zeudenetan jarraitzen zuten; aparkalekua bilatzeko ahalegin horretan abiapunturaino oinez 10 minutu behar izateko adina aldentzen zenean, abiapuntuko gunerantz bueltatzen zen gidaria.

Hirietan aparkatzea, uste dena baino garestiagoa

Baina denbora galtzea eta sortzen den estresa ez da kalte bakarra. Kalean aparkatzeak kostua ere badu, Castellón izan ezik (ez baitu ordutegi mugatuko zona urdinik), eta kostuan ere desberdintasun handiak daude hiri batetik bestera. Bartzelonako zona urdinean aparkatzeak 225 pezeta balio du orduko, Gasteiz eta Alacanten baino hiru bide gehiago eta Valentzia, Madril, Santander eta Logroñoko bikoitza. Eta aparkatzea zaila denean, beti izaten da parking ordaindura jotzeko aukera. Madril, Bartzelona eta Valentzian daude, alde handiz, parking garestienak: ordubetez autoa uzteagatik batez beste 200 pezeta baino gehiago ordaindu behar da; Logroño, Iruñea eta Gasteizen 100 pezeta inguruan dabil. Malagan 195 pezeta ordaintzen da ordua, eta Bilbo, Donostia eta Santanderren 150 pezeta inguruan dabil. Alacantek eta Castellók nahiko parking merkeak eskaintzen dituzte: ordu eta erdia 130 pezeta inguru.

Parking batean lekua aurkitzeko zailtasunari dagokionez ere desberdintasun handiak daude: Donostian, zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzen duten 21 autoko aparkaleku bat dago. Malagan, berriz, bakarra dago 206 autoko, Donostiakoa baino hamar bider proportzioa txarragoa. Madrilen ere ez dute harro egoteko arrazoirik: parking plaza bakarra dago 128 autoko. Parking aldetik hornidura onena dutenen artean Logroño eta Castelló aipatu behar.

Azkenik, Donostia, Iruñea eta Bartzelonan gaizki aparkatzen dutenek 10 aldiz arrisku handiagoa dute garabiak autoa eraman diezaien Logroñon gaizki aparkatzen dutenek baino. Datu hori ateratzeko ondorengoa hartu da oinarri: hiri bakoitzean zirkulazioaren gaineko zerga ordaintzen duen auto kopuruaren eta udal garabiek egiten duten zerbitzu kopuruaren arteko proportzioa. Hau da, arauak errespetatzen ez dituzten gidariek erabat presio desberdina dute hiri batetik bestera.

Bereizkeria horren lekuko argia da garabiak kaletik jaso duen autoa berreskuratzeko ordaindu beharreko tarifa: Santanderren ez da ezer ordaindu behar eta Madrilen ia 20.000 pezeta ordaindu behar da; Bartzelonan eta Valentzian 17.000 pezeta baino gehiago. Logroño eta Castellók tasa merkeagoa dute: 6.000 pezetatik behera. Beste bi datuk ere argi erakusten dute udalek desberdin jokatzen dutela arau-hausleekin: Donostian, udaltzainek batez beste 1,5 trafiko isun jartzen dituzte bizilagun bakoitzeko eta urteko; Alacanten, berriz, hamar bider txikiagoa da proportzioa. Eta bigarrenik, Santanderren zona urdineko araudia ez errespetatzeagatik 10.000 pezetako isuna jartzen da eta Alacanten, berriz, arau-hauste berberagatik 2.000 pezetakoa.

Hiri barruko trafikoa, arazo latza

Estatuko hiri gehienek saturazio arazoak eta erretentzioak izaten dituzte auto pilaketa izugarriak direla eta, espazio aldetik oso mugaturik baitaude hiri-sareak. Trafikoak hirietako bideen azaleraren %80 inguru hartzen du, egunero ibilgailu bidez hirian zehar mugitzen diren pertsonak %20ra ere iristen ez diren arren. Eta puntako orduetan hiriburuan zehar bere autoarekin mugitzen den pertsona bakoitzaren batez besteko energia-kontsumoa garraio publikoarenaren 6 halako dela kalkulatzen da. Tokion eta Estatu Batuetako zenbait hiritan, adibidez, autoa aparkatzeak sortzen dituen arazoak direla eta, aparkalekuaren jabe ez den edo alokaturik ez duen gidariari ez zaio bere autoa erabiltzeko baimenik ematen. Hiriko poliziak ez du Manhattan erdira sartzen uzten autoan gidaria bakarrik baldin badoa.

Europar Batasunak, Ingurumeneko bosgarren Programan eta Garraioaren Liburu Zurian lurraldea antolatzeko estrategiak gomendatzen ditu, garraio kolektiboari, oinezkoei eta bizikleta zaleei lehentasuna emango dioten mugikortasun sistemak bultzatzea, eta norbere autoaren erabilera zentzuzkoagoa bultzatuko duten heziketa neurriak. Europa mailan egindako inkesta batek agerian utzi zuen hirien erdialdean autoen trafikoa mugatzeko hartzen diren neurriek herritarren babes handia dutela, besteak beste oinezkoentzako guneak, inguruko bizilagunentzat bakarrik diren aparkalekuak, kaleetan ibilgailuen abiadura murrizteko arauak, garraio kolektibo eta okupazio handiko ibilgailuentzako bideak egitea, autoa beste batzuekin batera erabiltzea eta hiriko gune jakin batzuetarako sarbidea bertako bizilagunentzat bakarrik izatea, besteak beste.

Atmosferaren kutsadura eta kutsadura akustikoa eta, orokorrean, hirietako bizitza kalitatearen galera dira larregiko trafikoaren zuzeneko efektuak eta ez dira saihestu behar. Garraioa da gure hirietako kutsadura iturri nagusia. Auto eta kamioiek botatzen duten gasari buruzko legeriak auto bakoitzak eragiten duen kutsadura gutxituko duen arren, ibilgailuen kopurua gehitzeak areagotu egingo du epe laburrean eginiko murrizketa horien eragina.

Hiri batek trafiko arina badu, azaleran aparkatzeko aukera onak eskaintzen baditu eta, gainera, aparkaleku ugari eta merkeak baldin baditu, ibilgailu pribatua erabiltzea bultzatzen duela pentsa liteke. Baina ez du ezinbestean hala izan behar. Hor dugu Gasteiz, gidariarekin errukiz jokatzen duen hiria izan arren, oinezkoentzat gune ugari eta zabalak dituena. Gasteiztar askok oinez egiten dituzte joan-etorri gehienak edo garraio publikoan bestela. Horretan ere izango du zerikusirik hiritarren kontzientziazioak, hiriaren antolakuntzak eta garraio publikoaren kalitateak. Horrenbestez, ez dirudi guztiz onargarria denik hiri barruan norbere autoa ez erabiltzeko auto gidariari gauzak gero eta zailago jartzea. Gainera horrela hirian auto-ilara ikaragarriak, tentsioa eta hiritarrentzat arazoak eta segurtasunik eza sortzen baitira.

Higadura psikologikoa

Hiriburuen erdialdean aparkatzea zaila eta desatsegina izaten da kasu gehienetan eta estresa eragiten du azkenean. Denbora asko galtzen da eta joan behar dugun lekura garaiz iritsiko ote garen ez jakiteak dantzak jartzen dizkigu nerbioak. Gidari asko haserretu egiten da beste gidariekin, oinezkoekin edo bere autoko bidaiariekin. Egoera hori sarri bizi behar izatearen ondorioz gidariek beldurra izaten diote autoa hartzeko orduari eta aurrez antsietatea sentitzen hasten dira; horrela sortzen den zirkuluak antsietate handiagoa eragiten dio. Egoera horrek eragin kaltegarria izaten du trafikoaren aurrean. Eguneroko bizitzan estresa eragiten duten gertaerek antsietatea, buruko mina, giharretako mina eta liseriketa txarrak eragiten dituzte.

Trafikoz beteriko bideetan zehar ibili eta hirien erdialdean aparkatzen saiatzea eguneroko gauza bihurtu dira eta erabat amorragarri eta etsigarriak gainera. Eguneroko arazo izate horrek areago egiten ditu arazoak. Oso zaila da hainbesterainoko estresa eragiten duten egoeretara ohitzea eta norbere buruaren kontrol handia eta pazientzia dosi handiak eskatzen ditu. Egoera horiek lotura zuzena izaten dute estresarekin eta aktibazio handiagoa eragiten diote, organismoari berehalako ekintza agintzeaz arduratzen den nerbio-sistema sinpatikoari.

Horrela, areagotu egiten dira arnasaren eta bihotzaren erritmoa eta presio arteriala eta horrek aukera ematen dio gizakiari azkarrago eta eraginkorrago erantzuteko eta, beraz, arrisku egoeren aurrean -adibidez auto bat jotzeko zorian egotean- denboraz erreakzionatu eta kolpetik gelditzen du autoa. Hala ere, egoerak berehala jokatzerik eskatzen ez badu, nerbio sistemaren aktibazio handiago horren ondoriozko sentsazioak desatsegin gisa hartzen dira, larregizko energia hori ez baita bideratzen ez eta erabiltzen eta palpitazioak eta izerditzea negatibotzat hartzen dira. Nerbio sistema periferikoaren aktibitatea ere areagotu egiten da, muskuluen tentsio maila erregulatu eta mugimenduak egiten dituenarena.

Horregatik, luzaro auto-ilara batean harrapaturik egotean, buruko, lepoko eta bizkarreko mina ager litezke. Eta estresa era bizian, sarri eta era iraunkorrean gertatzen baldin bada, beste arazo batzuk ere sortzen dira, nekea, jateko gogorik eza edo kontzentratzeko arazoak besteak beste. Estresa agertzea, egia esan, egoera mehatxu gisa hartzearen ondorio da. Pertsona egoerari aurre egiteko patxadaz eta zentzuz prestatzen baldin bada, estresa oso txikia izango da. Baina egoera hori izugarri eta bidegabetza jotzen badu, erantzuna ere giharretako tentsioa, bihotzaren erritmoa arintzea eta abar izango da eta emozio negatiboak bizi izango ditu pertsonak.

Trafikoko arauen bidez arautzen diren gizarteko harremanetan agertzen da agresibitaterik handiena. Eta, itxuraz, testuinguru horretan izaten dira hurbilen armak eta objektu ziztakariak. Estresak eta indarkeriazko jokaerak gehitzeak kalte egiten dio errepideko segurtasunari ere. Autoa uzteko leku bat bilatu behar izateak gehitu egiten du gidarien nekea eta hori arriskutsu bihurtzen da kilometro asko egin ondoren edo egun osoa lanean eman ondoren izaten den nekearekin. Aparkatzeak elkartasunik eza eragiten du gidarien artean, beste auto bat aurreratzeak edo antzeko beste egoera batzuek baino gehiago agian.

Autoa aparkatzeko lekuaren bila dabilenean gidariak arreta gutxiago jartzen du gidatzen. Leku baten bila jartzen du kontzentrazio osoa eta areagotu egiten da beste auto bat jotzeko edo oinezkoren bat harrapatzeko arriskua. Baina, gainera, aparkalekuaren bila aritzeak sortzen duen estresa eta tentsioa ez dira amaitzen lekua aurkitzen denean. Egoera horrek jarraitu egiten du autoa behar bezala utzi ez bada edo zona urdineko txartela berritu behar bada. Izan ere, txartelaren sistema baliagarria da trafikoa arautu eta aparkalekuak libre uztea lortzeko, baina estres egoerak sortzen ditu lehendik ere horretatik ondo dabilen gizarte honetan.

Autoaren desgastea

Hiriaren erdiguneko kaleetan zehar sarri ibiltzeak kalte egiten dio ibilgailuari, desgaste handiago izaten baitu beti, herri arteko errepideetan ibilita baino. Eta herri barruan gidatzean askoz ere erregai gehiago gastatzen da errepidean gidatzen denean baino. Gainera, oso abiadura motelean gidatu eta maniobra ugari egitean, erregaia ez da ongi erretzen eta kedarra sortzen du; horrek kalte egiten die autoaren motorrari, balbula eta bujiei. Baina enbragea da hirian zehar gidatzean kalterik handiena izaten duen autoaren osagaia. Gidariak oso sarri erabili behar izaten du, askotan gelditu eta abiatu behar izaten baitu. Horrez gain, gidari askok ohitura txar bat izaten du: semaforoa irekitzeko zain enbragea sakatuta edukitzea. Autoaren ihes-hodiak ere kaltea izaten du hirian dabilenean. Bere bizitza erdira murriztu liteke. Hodiaren barruan sortzen den ura ez da kanporatzen eta bertan pilatuta geratzean, hodia herdoildu egiten da. Neumatikoek ere sufritzen dute, batez ere semaforoetatik azeleratuz irteten bada, presaren edo ohitura txarren eraginez.

Consejos para el conductor

  • Ez hartu autoa denbora gutxirekin. Aurrez pentsatu auto ilarak izan daitezkeela eta galdetu trafikoaren egoeraz.
  • Ez gaitezen burugogor jarri eta joan nahi dugun lekutik bi metrora aparkatzen saiatu. Minutu batzuetako ibilaldia osasungarria eta ekologikoa da. Eta askoz merkeago ateratzen da autoarekin mila buelta ematea baino.
  • Lasai egon, horixe baita istripuak ekiditeko erarik onena. Hirian gertatzen diren istripuak arinak izaten dira eta kalte txikiak eragiten dituzte: txapa, argiak edo paratxokeak, baina horrelakoak saihesten ahalegindu behar dugu.
  • Autoaren barruan sutu edo haserretzeak ez du ezertarako balio eta ondoeza baino ez du eragiten.
  • Ikas dezagun antsietatea antzeman eta kontrolatzen. Gidatzen ari garela estres handia eragiten duten egoeren aurrean oso baliagarri izaten dira lasaitzeko eta arnasa hartzeko teknikak eta baita musika atsegina entzutea ere.
  • Garraio publikoa alternatiba paregabea da. Eta askoz hobe bidegorriak erabiltzea, hirian horrelakorik badago.
  • Lanera, eskolara edo erosketak egitera oinez joatea osasunean inbertitzea da eta garraio-bide merke eta ekologikoena gainera. Eta hiriko bizitza-kalitatearen kontzeptuarekin koherenteena.
  • Ez aparkatu sekula autoa autobusaren bidean edo bigarren ilaran. Trafikoa oztopatu eta gainerako gidariei kalte egiten die.
  • Egiaztatu sarri olio-maila eta filtroa, asko zikintzen dira eta.
  • Intermitenteak erabiltzea derrigorrezkoa da. Ez erabiltzeak nahastu egiten ditu beste gidariak eta arriskua sor daiteke.
  • Astiro abiatu. Kolpetik azeleratzeak kalte egiten dio enbrageari eta erregai gehiago kontsumitzen da.
  • Enbragea aldatzea oso garesti ateratzen da. Ez sakatu ezkerreko pedala semaforoan geldirik zaudenean. Horrela enbragea ez da larregi berotu eta erreko.
  • Norbere autoa azken aukera da. Oinez edo bizikletaz ibiltzea modu paregabea da kirola egiteko. Bestela, garraio publikoa hartu. Eta autoa sarri erabiltzen baduzu, saiatu beste batzuekin batera erabiltzen. Merkeago aterako zaizu eta kutsadura gutxiago sortuko duzu.

12 hiritako erdigunean aparkatzea: sailkapena

  • Logroño
    Oso ongi. Hiri horretan aparkatzen da errazen erdialdean: 3 minutu eta erdi besterik ez da behar batez beste, astegun zein jaiegunetan. Aparkalekuak, oso ongi: merkeenak dira (90 pezeta orduko) eta Logroñok du bigarren eskaintzarik onena plaza kopuruan ere. Zona urdina nahiko merkea da (95 pezeta orduko) eta kontrola eramateko, azterturiko 12 hirietatik langile gehien hiri honek ditu. Garabi zerbitzua ere merkea da: 5.905 pezeta.
  • Gasteiz
    Ongi. Aparkatzeko denbora gutxien behar den bigarrena: batez beste 5 minutu. Eta astegunetan 5 minutu eta erdi besterik ez (honetan ere bigarren denbora onena). Aparkaleku merkeak (100 pezeta orduko), baina plaza eskaintza txikia. Zona urdin merkeena (60 pezeta orduko) eta ordainketa orduetan kopuru txikiena ezartzen duenetako bat. Zona urdinean zaintzaile gutxien duen hiria.
  • SantanderOnargarri-Ongi. Aparkatzeko batez beste 6 minutu eta erdi behar dira, hirugarren denborarik onena. Ez dago ia desberdintasunik jaiegun eta astegunen artean. Aparkalekuak, ongi: nahiko merkeak dira (147 pezeta orduko) eta plaza kopururik handienetakoa du. Zona urdin merkea (90 pezeta ordua). Garabiak eramandako autoa berreskuratzeko ordaindu behar ez den hiri bakarra.
  • Iruñea
    Onargarria: aparkatzeko 6 minutu eta erdi behar dira batez beste. Asteburuetan lanegunetan baino denbora gehixeago behar izaten da. Aparkalekuak, oso ongi: oso merkeak dira (100 pezeta orduko) eta plaza kopurua ona da. Zona urdinak: prezioa ertaina da, 120 pezeta orduko, baina zaintzaile kopurua beste hiri batzuetan baino txikiagoa da.
  • Bartzelona
    Erdipurdi. Erdialdean aparkatzeko batez beste ia 8 minutu behar dira, bi gutxiago asteburuan. Aparkatzea oso garesti ateratzen da. Aparkalekurik garestienak Bartzelonan daude (250 pezeta orduko) Madrilekin batera eta gainera, ez dira asko. Zona urdinak ere garestienak dira (batez beste 223 pezeta orduko) eta ordaindu beharreko ordu gehien duen hirietako bat da. Garabi zerbitzua bigarren garestiena da: 17.725 pezeta.
  • DonostiaErdipurdi. Batez besteko datuak nahasgarriak dira: aparkatzeko behar den denboran hirugarrena da, ia 11 minutu. Baina astegunetan 6 minutura arte jaisten da eta denbora hori oso onargarria da. Asteburuetan aparkatzea, berriz, Donostian da zailena. Igandean ordu erdi baino gehiago behar da. Aparkaleku kopuruan eskaintzarik handiena, prezio ertainean: 147 pezeta orduko. Zona urdinak garesti (144 pezeta orduko), ordaintzeko ordu asko eta zaintzaile gutxi.
  • Castellón
    Erdipurdi-gaizki. Erdialdean aparkatzeko batez beste 8 minutu eta erdi behar dira. Baina astegunetan 9 minutu eta erdi. Aparkalekuak merkeak dira (127 pezeta orduko) eta eskaintza handia dago. Ez dago zona urdinik eta, beraz, aparkatzea dohainik da. Garabi zerbitzua merkeenetan bigarren da: 5.250 pezeta besterik ez.
  • Málaga
    Erdipurdi-gaizki: batez beste, erdialdean aparkatzeko 7 minutu eta erdi behar dira. Igandetan askoz ere errazago aparkatzen da larunbatetan baino. Aparkalekuak: oso plaza gutxi eta, gainera, garesti: 195 pezeta orduko. Zona urdinak, oso garesti: 155 pezeta orduko. Garabi zerbitzua ere garesti:12.800 pezeta.
  • Bilbo
    Erdipurdi-gaizki. Batez besteko datuak engainagarri dira: 7 minutu eta 20 segundo. Izan ere, asteburuan zehar oso erraza izaten da aparkatzea (bi minutu eta erdi), baina astegunetan 9 minutu eta laurden behar izaten da batekoz beste. Prezio ertaineko aparkalekua (145 pezeta). Zona urdinak garesti samar (130 pezeta orduko), baina ordaintzeko ordu gutxien duen hiria da. Zona urdinak zaintzeko zaindari kopuru ona. Garabiak prezio ertain-altua: 11.260 pezeta.
  • Valentzia
    Gaizki. Txarrenetako bat: aparkatzeko batez beste 10 minutu behar dira eta astegunetan 11 minutu baino gehiago. Aparkalekuak oso garesti (222 pezeta orduko), baina zona urdinak oso merkeak dira (80 pezeta orduko). Garabi zerbitzua garestienetan hirugarrena da: autoa berreskuratzeko tasa, 17.600 pezeta.
  • Alacant
    Gaizki. Aparkatzeko zailtasun gehien duena (22 minutu batez beste), baina horretan eragin handia dute egiten ari diren azpiegiturako obra handiek. Asteburuetan ere gaizki (ia 16 minutu). Gutxienez, aparkatzea merkea da: merkeak dira aparkalekuak (135 pezeta orduko) eta zona urdinak (70 pezeta orduko).
  • Madril
    Gaizki. Batez beste 13 minutu baino gehiago behar da eta zaila da asteburuan zein astegunetan. Aparkalekurik garestienak Madrilen daude (250 pezeta orduko), Bartzelonarekin batera, eta ordaindu beharreko aparkaleku gutxien duen hiria da. Zona urdina merkea da (80 pezeta orduko), baina ordaindu beharreko ordu gehien duen hiria Madril da. Zona urdinetan oso zaintzaile gutxi dago. Garabi zerbitzua, garestiena: autoa berreskuratzeko 19.760 pezeta ordaindu behar da.