Analisi dokumentala egin dugu, jakiteko Espainiako Estatuan eta nazioartean zer-nolako kontrol eta zainketa sistemak dauden elikagaiak kaltegabeak eta kalitatezkoak direla bermatzeko

Bizitzak salbatzen dituzten sareak

Urtero, 600 milioi lagun gaixotzen dira munduan elikagai kutsatuak jateagatik, eta horrexegatik dira hain garrantzitsuak kontrol sistemak, bai Espainiako Estatuan erabiltzen direnak eta bai nazioartekoak
1 apirila de 2016
Img tema de portada listado 190

Bizitzak salbatzen dituzten sareak

Bi hilabete baino ez dira pasatu elikadura arloko azken alerta gertatu zenetik. Mars multinazionalak eskaera egin zien 55 herrialderi (Espainiari ere bai) bere produktuetako batzuk merkatutik ken zitzaten, Alemaniako kontsumitzaile batek zentimetro erdiko plastiko zati bat aurkitu zuelako Snickers txokolatina baten barrenean (Herbehereetako planta batean egina zen). Konpainiak berak eskatu zuen produktu horiek merkatutik ateratzeko, norbait itotzeko arriskua egon zitekeela eta; dena den, Alemaniako agintarien esanetan, legez behartuta zegoen hori egitera.

Gisa horretako alertek egonezina eragiten dute kontsumitzaileen artean. Jendeak gero eta maizago galdetzen du nola ekoizten, lantzen eta merkaturatzen ote diren jaten dituen produktuak, eta zer-nolako kontrol sistemak ote dauden horiek kaltegabeak eta kalitatezkoak direla bermatzeko, bai kanpotik ekarritako produktuak eta bai herrialdean bertan egiten direnak. Eta ez da gutxiagorako, zeren Kontsumoaren, Elikadura arloko Segurtasunaren eta Nutrizioaren Espainiako Agentzia dioenez (AECOSAN), “bakterioak, birusak, parasitoak edo substantzia kimiko kaltegarriak dituzten elikagaiek 200 gaixotasun baino gehiago eragiten dituzte, hasi beherakotik eta minbiziraino”.

EROSKI CONSUMERek azterketa bat egin nahi izan du jakiteko nola funtzionatzen duten elikadura arloko alertak kudeatzeko sistemek (bai Espainiako Estatuan eta bai Europako Batasunean); alerta horien helburua izaten da osasun publikoa babestea, iruzurrari eta engainuari aurre hartzea, elikagaien faltsutzea saihestea eta merkataritza sustatzea. Horretan ari dira, hain zuzen, Elikadura eta Nekazaritzarako Nazio Batuen Erakundea da (FAO) eta Osasunaren Mundu Erakundea (OME).

Azterketa hori egiteko, zenbait iturri erabili dira: OME, FAO, EUFIC (Elikadurari buruzko Informazioaren Europako Kontseilua, ingelesezko siglekin adierazia), Europako Batzordea, AECOSAN, FIAB (Elikagaien eta Edarien Industriako Espainiako Federazioa), ELIKA (Elikagaien Segurtasunerako Euskal Fundazioa) eta OCU (Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Erakundea).

Elikagaien bidezko kutsaduraren arrastoa

Eragina

Urtero, hamar lagunetatik bat gaixotzen da munduan elikagai kutsatuak hartzeagatik; guztira, 600 milioi pertsona. Hil egiten dira 420.000 eta, horien artean, 5 urtetik beherako haurrak izaten dira 125.000 (heriotza horien ia %30, nahiz eta talde horrek munduko biztanleriaren %9 baino ez duen egiten). Elikagai kutsatuek osasunean eta ongizatean duten eraginaren inguruan OMEk egindako txosten batean ageri dira datu horiek (“Elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunek munduan duten zamaren kalkulua” izeneko txostena da).

Diru sarrera apalak eta ertainak dituzten herrialdeetan bizi diren pertsonek izaten dute arrisku gehien elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak izateko, halaxe nabarmentzen du OMEk. Hainbat faktore daude arrisku horren atzean: elikagaiak ur kutsatuarekin prestatzea, higiene falta eta baldintza desegokiak izatea elikagaiak ekoizteko eta biltegiratzeko, alfabetismo eta heziketa maila apala, eta lege gutxi edukitzea elikagaiak kaltegabeak direla bermatzeko edo lege horiek ez ezartzea behar bezala.

OMEK azaltzen du, gehienean, elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunak infekzioen sailekoak edo toxikoak izaten direla. Bakterioek eragiten dituzte, birusek, parasitoek edo substantzia kimikoek: sartu egiten dira organismoan ur kutsatuaren edo elikagai kutsatuen bidez. Elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunen sintomak iraupen motzekoak izan daitezke (goragalea eta beherakoa) edo gaitz luzeagoak ere eragin ditzakete (minbizia, giltzurruneko edo gibeleko gutxiegitasuna, eta garun eta neurona nahasmenduak).

Horrela, bada, OMEk oroitarazten duenez, “elikagaiak kaltegabeak izatea erantzukizun partekatua da” eta azpimarratu egiten du beste hau ere: “Gobernuek, elikadura arloko industriak eta jendeak gehiago egin behar dute elikagaiak kaltegabeak izango direla bermatzeko eta gaixotasunei aurrea hartzeko”. Erakunde horren esanetan, horretarako, “beharrezkoa da behar bezala heztea eta gaitzea elikagai ekoizleak, hornitzaileak, elikagaiak manipulatzen dituztenak eta herritarrak oro har, elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunei aurrea hartzeko”.

Europako infekzioak

OMEren txostenean ageri denez, mundu osoa hartuta, Europako eskualdean transmititzen da gaixotasun gutxien elikagaien bidez. Hala ere, urtean 23 milioi pertsona gaixotzen dira elikagai osasungaitzak hartzeagatik, eta 5.000 lagun hiltzen dira.

Egoera onean ez dauden elikagaiek maizenik eragiten dituzten gaixotasunak beherakoen multzokoak dira. Gutxi gorabehera 15 milioi pertsonak izaten du norobirusa (birus multzo hori da gastroenteritisaren eragile ohikoena), 5 milioik kanpilobakteriosia (Campylobacter saileko bakterioek eragindako gaixotasun infekziosoa da, gizakietara hegazti kutsatuen bidez iristen dena gehienean). Horretaz gain, OMEren arabera, salmonelosi tifoideoak eragiten du heriotza gehien Europako eskualdean, ia 2.000 urtean (Salmonella typhi bakterioak sortzen du infekzio hori).

Elikagai bidez transmititzen den oxoplasmosiak, berriz, milioi bat laguni eragiten die Europan urtero (parasitoek eragindako gaixotasun larria da, haragi gordinaren edo gaizki egindakoaren bidez zabaltzen dena, baita berdura eta fruta gaizki garbituen bidez ere). Azkenik, OMEk listeriosia ere nabarmentzen du, zeinak 400 heriotza inguru eragiten dituen urtean (infekzio larria da, gehienean honako elikagai hauen bidez zabaltzen dena: berdura gordin gaizki garbituak, jaki prestatuak, haragi prozesatuak, arrain ketuak eta gazta guriak).

Arriskuak esta zainketaren garrantzia

Arriskuak
/imgs/20160401/huevos.jpg

“Elikagaien kaltegabetasunaren eta kalitatearen bermea: elikagaiak kontrolatzeko sistema nazionalak indartzeko jarraibideak” izeneko dokumentuan, FAOk eta OMEk oroitarazten dute elikagaiak kaltegabeak eta kalitatezkoak direla zaintzea osasun publikoari dagokion auzia dela eta oso garrantzitsua kontsumitzaileentzat.

Txosten horrek zenbait faktore nabarmentzen ditu, kaltegabetasun hori arriskuan jartzen dutenak: nekazaritzako jardun desegokiak; higiene falta elikadura kate osoan; prebentzio kontrolik eza elikagaiak lantzeko eta prestatzeko prozesuetan; produktu kimikoen erabilera okerra; lehengaiak, osagaiak eta ura kutsatzea; behar bezala ez biltegiratzea edo modu desegokian egitea…

Eta horiekin batean, beste arrisku batzuk ere zerrendatzen ditu: mikroorganismo patogenoak (E.coli delakoa, adibidez, edo salmonela); elikagaientzako plagiziden hondarrak; metal astunen kutsatzaileak eta ingurumen kutsatzaileak; kutsatzaile kimikoak (toxina biologikoak barne); adulterazioa edo faltsutzea; organismo genetikoki eraldatuak (elikagaiei egiten zaizkien aldaketa genetikoak); alergenoak eta albaitaritzako sendagaien hondarrak; eta hazkundea sustatzeko hormonak, animalia ekoizpenetan erabiltzen direnak.

Elikadura arloko arrisku horiek egiazko esperientzien ondorio dira, elikaduraren historian gertatu izan diren esperientzien ondorio. Urte batzuk atzera eginez gero, gogoan izango dugu zer-nolako krisiak sortu ziren orain dela hamarkada batzuk. Horien ondoren, neurri zorrotzagoak hartu ziren elikadura arloko segurtasunaren inguruan. Hor daude, esaterako, Europako abeltzainek aziendak legez kanpo gizentzeko erabilitako metodoak, “behi eroen” krisiak, etxaldeko hegaztiak eta arrautzak dioxinekin kutsatu zirenekoa, hegazti gripea edo “luzokerraren krisia” (egiaz, E.coliak kutsatutako Alemaniako sojak eragin zuen). Eta Espainiako produktuekin lotuta, beste krisi batzuk ere aipa daitezke, adibidez koltza olioarena edo txerri izurritearena.

“Etxaldetik mahaira”

FAOren arabera, elikagaien nazioarteko merkataritzak 200.000 milioi dolar mugitzen ditu urtean, eta milaka milioi elikagai ekoizten, merkaturatzen eta garraiatzen ditu industria horrek. OMEk azaltzen duenez, handitzen eta handitzen ari da negozio horren bolumena eta garrantzia, hainbat faktorek eraginda: munduko ekonomia hedatzen ari da, elikagaien merkataritza liberalizatu egin da, kontsumo eskaria gero eta handiagoa da, zientzia eta teknologia aurrera egiten ari dira, eta garraioak eta komunikazioak hobetzen.

Eta elikagaien ekoizpena eta merkataritza gero eta gehiago globalizatzearen ondorioz, arriskuak ere gero eta handiagoak dira elikagai kutsatuek nazioartean gorabeherak sor ditzaten. Hori dela eta, kontsumitzaileek eskatzen dute ongi zainduta egon dadila elikadura kate guztia. OMEk azaltzen duen bezala, “lehenbiziko ekoizletik hasi eta kontsumitzailearenganaino (‘etxaldetik mahaira’ doan osotasun jarraitu horretan)”, zeren eta “katea osatzen duten arlo guztiek modu integratuan jardunda baino ez baita gauzatuko babesa”.

Horregatik dira garrantzitsuak, hain zuzen, elikagaiak kontrolatzeko sistemak, eta ez herrialde mailan bakarrik, baita nazioartean ere. Zeren funtsezkoa baita herrialde guztiak koordinatuta aritzea eta informazioa joan-etorrian ibiltzea elikadura arloko edozein krisi saihesteko.

Filosofia horrekin sortu da, hain justu, elikagaiak zaintzeko eta kontrolatzeko nazioarteko sare bat, adar bat baino gehiago dituena: nazioartekoak, eskualde mailakoak eta nazionalak. “Elikadura arloko alerta-sare bat” da, eta FIAB erakundeak dioenez (“Elikadura arloko segurtasun-alertak kudeatzea” eskuliburuan zehazten du), harremanetan dauden puntuen komunikazio sistema bat da, eskumena duten erakundeei aukera ematen diena funtsezko informazioa azkar hedatzeko elikagai batzuk pertsonen osasunarentzat arriskutsuak izan daitezkeela susmatu orduko. Erakunde horren arabera, horri esker erabaki egokiak har daitezke; adibidez, azkar geldiarazi daiteke produktua edo merkatutik kendu.

Prebentzioa

FAOren iritziz, elikagaien bidez transmititzen diren gaixotasunen ezagutza zientifikoak prebentzio oinarri bat eskaintzen du lege bidezko neurri batzuk ezartzeko eta elikagaiak kaltegabeak izan daitezela lortzeko, bai herrialde mailan eta bai nazioartean.

Prebentzio horretan, funtsezko hiru tresna daude elikadura arloko segurtasuna ongi kudeatzeko. Honela definitzen ditu FIABek:

  • APPCC (Arriskuen eta Kontrol Gune Kritikoen Analisia): laguntza ematen die elikadura arloko eragileei produktu bati edo ekoizpen lerro bati eragin diezaioketen arriskuak identifikatzen, neurtzen, aurrea hartzen eta kontrolatzen. Hiru printzipiotan oinarritzen da: arriskuak antzematea, mugak eta neurri zuzentzaileak ezartzea, eta dokumentuak eta erregistroak lantzea.
  • Aurrebaldintzak: ekoizpenean oinarrizkoak diren baldintzak dira, behar-beharrezkoak direnak elikagaiak seguruak izan daitezen. Higienearen eta ekoizpenaren arloko jardunbide egokien zati dira. Aurrebaldintzen adibide bat da, esaterako, instalazioen diseinua egitean higiene beharrizanak kontuan hartzea, uraren kalitateari dagozkionak, hondakinen kudeaketari eta azpiproduktuei.
  • Trazabilitatea: elikagai baten historiari buruzko informazio guztia lortzeko sistema da. Historia horrek nabarmen baldintzatzen du kalitatea, segurtasuna eta prebentzioa. Trazabilitatea ezartzeak teknologia eskatzen du, kontsumitzaileei aukera emango diena kodeak hizkuntza ulergarriagoan interpretatzeko.

Zaindariak

Nazioarteko sarea

Nazioartean, Codex Alimentarius Batzordeak ezartzen ditu kontrol jarduerak eta hark koordinatzen du zer-nolako baldintzak bete behar diren elikagaiak kaltegabeak eta kalitatezkoak direla bermatzeko. FAOk eta OMEk sortu zuten gobernu arteko erakunde hori, 1963. urtean, “elikadura arloko arau harmonizatuak sortzeko nazioarterako eta era horretan babesteko kontsumitzaileen osasuna eta sustatzeko jardunbide leialak elikagaien merkataritzan”. Gaur egun, Codex-aren arauek bermatu egiten dute, FAOren arabera, elikagaiak osasungarriak izan daitezela eta merkaturatzeko modukoak.

EUFIC erakundeak azaltzen duenez, Codex-aren arauak lotesleak ez izan arren legez, pisu handia dute eta oinarri zientifiko sendoa. Elikagaien arloan merkataritza arloko gatazkaren bat sortzen denan, Munduko Merkataritza Erakundeak (MME) arau horietara jotzen du, eta, horretaz gain, abiapuntu gisa ere balio du eskualde eta herrialde mailako legediak eta arauak finkatzeko garaian.

Codex-ak milaka arau biltzen ditu. Orokorrak izan daitezke, hainbat alderdiren ingurukoak (higienea, etiketa, pestiziden hondakinak eta albaitaritzan erabilitako sendagaienak, inportazioak eta esportazioak ikuskatzeko eta egiaztatzeko sistemak, analisiak egiteko eta laginak aztertzeko metodoak, elikadura arloko gehigarriak, kutsatzaileak eta nutrizioa, eta dieta-erabilera berezietarako elikagaiak) eta espezifikoak ere bai, elikagai jakin batzuentzat sortuak (fruta eta berdura freskoak, izoztuak edo prozesatuak; fruta zukuak; zerealak eta lekaleak; gantzak eta olioak; arraina; haragia; azukrea; kakaoa eta txokolatea; eta esnea eta esnekiak).

Elikagaietan egoten diren patogenoek eta substantzia kutsatzaileek ez dituzte errespetatzen herrialdeen arteko mugak, eta kontrolik gabe zabaldu daitezke. Horregatik jotzen da funtsezkotzat herrialde guztietako osasun agintarien arteko harremanak sendotzea. INFOSAN da larrialdi egoeretan informazio azkar trukatuko dela bermatzen duen erakundea, Elikagaien Kaltegabetasunaren inguruko Agintarien Nazioarteko Sarea. OMEk eta FAOk elkarrekin sortua da, eta harreman puntuak edo lotura zentroak biltzen dituen sare bat da, eta kide diren estatuei laguntza ematen die elikagaien kaltegabetasunarekin zerikusia duten arriskuak kudeatzen (2012. urtean, 181 kide zituen, eta Europakoak ziren horietako 53).

Europako sarea

Europako Batzordeak, Osasunaren eta Kontsumitzailearen Zuzendaritza Nagusiaren bidez, RASFF delakoa kudeatzen du (Rapid Alert System for Food and Feed). INFOSAN bezala, RASFFeko kide diren herrialde eta erakunde guztien harreman puntuak biltzen dituen sistema bat da, non trukatu egiten den osasun arloko edozein arriskuren inguruko informazioa. RASFFak, halaber, nazioartean lankidetzan dihardu INFOSANekin, eta bi sistemak partekatu egiten dute kasu bakoitzaren informazioa.

Eta nola funtzionatzen du RASFF sistemak? Kide den herrialderen batek zerbait jakiten duenean elikagaietatik edo pentsuetatik datorren osasun arazo larriren baten inguruan, berehala jakinarazi behar dio Europako Batzordeari RASFF sistemaren bidez. Hark aztertu egiten du informazioa eta Europako sisteman partaide diren gainerako kideei helarazten die, egokiak iruditzen zaizkien neurriak har ditzaten. Eta 4 jakinarazpen motaren bidez egiten du:

  1. Alerta: arrisku larria eragin dezaketen elikagaiak edo pentsuak salgai daudenean eta azkar ekin behar denean bidaltzen da.
  2. Informazioa: alertak erabiltzen diren egoera berberetan erabiltzen da, baina beste kideek berehala neurririk hartu behar ez dutenean, produktua ez dagoelako merkatuan edo arriskua ez delako larritzat jotzen.
  3. Mugan baztertzea: EBtik eta Europako Ekonomia Esparrutik (EEE) kanpoko mugetan aztertu eta baztertu diren elikagai eta pentsu sortei dagokie, osasun arloko arriskuren bat antzeman dutelako baztertu ere.
  4. Albisteak: elikagaien eta pentsuen segurtasunarekin zerikusia duen edozein informazio da, alerta edo jakinarazpen gisa helarazi ez dena baina kontrol agintariek interesgarri jo dutena.

Elikadura arloko Segurtasunaren Europako Agentziak (EFSA) zeregin garrantzitsua izaten du RASFFen. Europako Batzordearen adar zientifikoa denez, elikadura kateari lotuta dauden arriskuak aztertzen eta horien berri zabaltzen du eta aholkularitza zientifikoa ematen du Batzordeak eta EBko kide diren estatuek erabaki eraginkorrak har ditzaten.

Jakinarazpen motaren arabera, RASFFeko kideek neurriak hartzen dituzte eta horien berri ematen diote Batzordeari. Elikagairen bat edo pentsuren bat mugaren batean baztertzen badute, adibidez, mugak dituzten herrialde guztiei jakinazten zaie, hau da, EBko kide diren 27 estatuei, Islandiari, Liechtensteini, Norvegiari eta Suitzari. Era horretan, bermatu egiten da baztertu dituzten produktuak ez direla berriz EBn sartuko beste mugaren batetik.

Espainiako sarea

Europako Batasunak behartu egiten du kide diren estatuek kontrol plan nazional bat sor dezaten, eta hor zehaztu dezaten zer-nolako kontrol ofizialak egingo dituzten pentsuen eta elikagaien arloko legedia betetzen dela bermatzeko eta berdin animalien osasunari eta ongizateari buruzko araudia ere. Zehazki, 2004ko apirilaren 29ko (CE) 882/2004 Araudiak, Europako Parlamentuarenak eta Batzordearenak, behartzen ditu horretara EBko kide diren estatuak.

Espainiako Estatuan, Elikadura Katearen Kontrol Ofizialeko Plan Nazionala dago (PNCOCA), non xehetasunez azaltzen den zer-nolako kontrol sistema ofizialak dauden Espainiako elikadura kate osoan: hasi lehenbiziko ekoizpenetik eta saltokietaraino. Urtero berrikusten da eta eguneratu egiten zaio edukia, besteak beste aldaketak izaten direlako legedian (Europakoan, Estatukoan edo erkidegoetakoan) edo gerta daitekeelako osasun arloko arazo edo patologia berriak sortu izana.

Horretaz gain, Informazioa Azkar Trukatzeko Sistema Koordinatua ere badago Espainian (SCIRI), eta horren ardura da elikadura arloko alerten sarea kudeatzea. Etengabe zaintzen du elikagaiekin zerikusia duen arriskurik agertu ote den, eta aukera ematen du eskumena duten erakundeen artean informazioa azkar trukatzeko, egokiak iruditzen zaizkien erabakiak har ditzaten elikadura arloko arriskuren bat sortuz gero.

AECOSANek koordinatzen du SCIRI erakundea, eta, halaber, bera egoten da harremanetan RASFFarekin eta INFOSANekin. Elikadura kateari lotuta dauden arriskuak neurtu eta horien berri ematea du zeregin nagusia, eta iturri independente gisa jarduten du, elikagaien eta pentsuen arloan aholkularitza zientifiko eta teknikoa emanez.

Baina elikadura arloko alerten sistemak (SCIRI) baditu beste harreman puntu batzuk ere Espainiako Estatuan: autonomia erkidegoek eta bi hiri autonomoek elikadura arlokoko segurtasunarentzat izendatu dituzten erakundeak, arlokako erakundeak, adibidez FIAB, ANGED (Banaketa Enpresa Handien Elkarte Nazionala), ASEDAS (Banatzaileen, Autozerbitzuen eta Supermerkatuen Elkartea) eta ACES (Espainiako Supermerkatu Kateen Elkartea); Espainiako Osasun, Gizarte Zerbitzu eta Berdintasun Ministerioa (hirugarren herrialdeetatik datozen zenbait elikagairekin zerikusia duten arriskuentzat) eta Espainiako Defentsa Ministerioa.

Hortaz, elikagaiekin zerikusia duten arriskuen inguruko informazioa jakinarazteko erabiltzen da SCIRI. Jakinarazpen motak RASFF sistemak darabiltzanen antzekoak dira: alerta, informazioa, baztertzea eta bestelakoak.

Info eu