Organoen transplantea

Bizia, elkartasunezko opari

Errefusaren aurkako borrokan aurrera egin eta albo-ondorioak urritzeak, emaniko organoen transplanteen bilakaera handia eragin dute: mundu osoko lider da Espainia, alor horretan
1 urria de 2007

Bizia, elkartasunezko opari

ransplante kontuetan izaniko aurrerapenak berebizikoak izan dira azken hogei urteotan, kirurgi alderdian baino areago, errefusaren prebentzio eta tratamenduan, organoen babestean eta albo-ondorioen murriztean. Aurrerapen horiei esker, transplante bat hartuz geroz bost urte bizitzea ohiko kontua bilakatu da. Aurki bestelako ebakuntzak egingo dira: transplante bat baino gehiago saio batean, aurpegi, larruazal eta organo artifizialen transplantea, etc. Egun saiakuntza aldian badaude ere, laster albiste izateari utzi eta medikuntzako egunerokotasunean sartuko dira. Emaileen batez besteko adina ere aldatzen ari da: 1991 urtean 35 urtekoa zelarik, 2006an 51 urteko emailea izan da batez bestekoa. Emailearen adinaren handitze horren arrazoia, funtsez, trafiko-istripuek eraginiko traumatismo burezur-entzefalikoen ondorioz hildako emaileak (gehienetan, pertsona gazteak) gutxiago eta, aldiz, ezbehar garun-baskularraren istripuan hildako emaileak gehiago izatea da.

Bizitza luzea…

1965 urtean egin zen Espainian giltzurrunen estreinako transplantea: geroztik emaitzak hobetuz etorri dira egunez egun, aurrerapen kirurgikoak eta immuno-ezabatze alorrekoak baliatu ahala. Transplanteen Erakunde nazionalak emaniko azken datuen arabera, Espainian transplantea harturiko pazienteen biziraupen luzeena, organo berarekin 37 urte normaltasunez bizi izan den pazientearena da. Bihotz-transplanteez ari garela, gaurdainoko iraupen luzeena 22 urtekoa da; gibelekoetan, 21 urte, pankreasekoetan 18 urte eta 14 urte birikakoetan. Hesteen transplantea da praktikatzen den prozesu berriena eta, horregatik, iraupenik luzeenak zazpi urte baizik ez du bete.

...eta normala

Transplante kontuetan -konplikazioen diagnostiko eta tratamenduarekin loturiko alderdietan, batik bat- aspaldi honetan erdietsiriko aurrerapenak gorabehera, alderdi batzuk ezin dira alboan utzi: transplantea hartu eta ohiko bizimoduari berekin diotenen elikabidea, ariketa fisikoa, sexualitatea, lan munduan berriro hastea edota alterazio psikologikoak, adibidez.

Alderdi horiek behar bezala ez baloratzeak, askotan, pazientearen osasun-egoera orokorrean eragin kaltegarriak izan ditzake. Transplantea izaniko pazienteak, tratamendu immuno-ezabatzailearekin eta honen balizko albo-ondorioekin ohitzeaz gainera, infekzioen agerpena prebenitzeko garrantziaz ere jabetu behar du, aurrerantzean garbitasun pertsonala, elikabidea (ezingo du elikagai gordinik hartu) eta etxeko garbitasuna ezin zorrozkiago zaintzeko neurri egokiak hartuz. Ager daitezkeen alterazio psikologikoei aurre egiteko ere prest egon beharko du.

Organoen trafikoa, errealitate beltz etsigarria

Osasunaren Mundu Erakundearen (OMS) datuen arabera, organoen trafikoak munduan egiten diren transplante guztien %10 elikatzen du. Europa eta Estatu Batuetako legeek giza organoen salmenta debekatua duten arren, hirugarren munduko biztanle askok, miseria gorriak aginduta, beren organoak saldu eta, areago, besterenak lapurtu behar izaten dituzte. Organoak ebasteko xedez desagerrarazitako umeen legendak errealitate tristea dira. Estatu aberatsetan transplanteak geroz eta arazo larriago bihurtzen ari dira, ematen diren organoak baino askozaz ere azkarrago baitoaz itxarote-zerrendak. Horrenbestez, transplante-turismoa ugaldu egin da: paziente aberatsek beren herrialdeetan organorik erosterik ez dutenez, kanpora doaz emaile pobreen organoak jasotzera. Eskakizun handieneko organoa giltzurruna da (10.000 ale, urtean) merkatu beltzean: bertan emaileek sos batzuk baizik ez dituzte jasotzen beren organoen truke, nahiz eta ondoren erosmen handiko pazienteari urre prezioan salduko zaion.

Legez kanpoko merkatu horri mugak ipintzearren, giza organoen merkatu arautua sortzearen alde dihardute aditu batzuek, baina proposamen horrek sostengu urria bilatu du, hori gizakiaren gorputz-atalak merkataritza-gai bihurtuko lituzkeelako.

Immuno-ezabatzaileak, osatzeko klabea

Beste inoren organoa hartu duen pertsonak aurrean duen arazo larriena ez da kirurgia edo errefus akutuaren garapena, ezta transplante osteko infekzio bidezko konplikazioak ere, transplantatutako organoak bere funtzioa pixkanaka eta epe ertainera galtzea eta tratamendu immuno-ezabatzailearekin loturiko konplikazio medikoen garapena baizik. Egun, ebakuntza egin ostean txertaturiko organo horren batez besteko bizi-itxaropena, zenbaitetan, 20 urtetik gora ere joan daitekeen arren, transplantaturiko organoak bizirik luze iraun dezan immunologi sistema geldiarazita mantentzea ezinbestekoa da; bestela, organismoak berea ez duen txertaturiko elementu hori errefusatu egingo luke.

Immunologi sistemaren geldialdi hori botika immuno-ezabatzaileen bitartez lortzen da. Azken 30 urteotan alor honetako garapen teknologikoak berebiziko aurrerakada erdietsi duenez, errefus akutuaren tasa %10eraino jaitsi da. Dena den, botika horiek errefus akutuaren prebentzioan eta tratamenduan abantaila handiak ekarri dituzten arren, pazienteak larrutik ordaindu izaten du, horien eraginak ez baitu gaixoa babesten epe luzerako arazoen aurrean, txertaketaren gaitz kronikoaren aurka, adibidez.

Horrelakoak erabiltzearren, gainera, pazienteak infekzioak, tumoreak, digestio trastornoak, hipertentsioa, hezurretako arazoak, lesio baskularrak edota lipidoen eta karbohidratoen metabolismoaren alterazioak nozitzeko arriskua areagotzen du. Transplantea hartua dagoen populazioaren baitan tumoreen intzidentzia murrizteko jomugaz, tumoreen aurkako eragina duten immuno-ezabatzaileak baliatzen hasi dira dagoeneko. Botika berri batzuek, gainera, tratamendua pertsonalizatzeko aukera ematen dute, bizi-kalitate okerrago batekin lotu daitezkeen botikak (esteroideak, esate baterako) saihesteko.

Espainiako Transplanteen Erakunde Nazionalak (TEN) parte hartzen duen transplanteetako tolerantzia immunologikoaren alorrean, Europan egin den lehen ikerkuntza kooperatiboko proiektuaren aurreneko faserako (2006-2010) helburua zehaztua dago: transplantea jaso duten pazienteei era iraunkorrean errefusa saihesteko aukera emango dieten mekanismo biologikoak bilatzea, botika immuno-ezabatzaileak baliatzeko beharrik izan ez dezaten.

Erdiespen hori gauzatuko balitz, pazienteen bizi-kalitatea dezente hobetuko litzateke eta osasun-kostu garestiak %80tan merkatuko lirateke. TEN erakundeak emaniko datuen arabera, transplantatuek hartzen duten medikazio immuno-ezabatzailearen urteko kostua 6.000 eta 9.000 euro artekoa da. Immuno-tolerantziako egitarauak eginez gero, kostu horiek %20ra jaitsiko lirateke, urtean 1.200 eta 2.000 euro artean kokatu ate.

España, munduko lider líder emailetan

2006 urteko estatistikek agertu dutenez, Espainiak hamalaugarren urtez mundu osoko lider segitzen du emaitza kontuetan, zerrendan bigarren agertzen den Estatu Batuetatik zortzi puntura. Milioi bat biztanleko, Espainiak 33,8 emaile ditu eta Europar Batasun osoak 18,8 baizik ez; horiei esker, urtean 3.756 transplante egiten dira eta, perspektibek diotenez, 2007 urtea oraindik hobea izango da: Transplanteen Erakunde Nazionalak emaniko datuen arabera, aurten organo-emaitzen kopurua %3 kasik ugaldu da -630etatik 647ra arte- eta transplanteena, berriz, %1,5 -1.502tatik 1.526tara-, iazkoaren aldean.

Organoen emaitzekin gizarteak kontzientzia hartzea errealitate bilakatu da, dagoeneko: Espainiako biztanleriaren %66,5 bere organoak emateko prest agertzen da, emaile-agiria horien %8,2k baizik ez badu ere, Madrilgo Unibertsitate Autonomoak Transplanteen Erakunde Nazionalarentzat eginiko “Organoen emaitzaren aurrean espainiarrek 2006 urtean duten jarrerari buruzko inkesta nazionalak” erakutsi duenez. Portzentaje horiek apenas aldatu diren 1993az geroztik: orduan, hil ondoren, organoak emateko prest zegoen espainiarren %64,5, emaile-agiria %6,2k ez zeukan arren.

EAE izan zen emaitzen indize handieneko autonomia erkidegoa (48,4 emaile, milioi bat biztanleko); ondotik Kantabria, Asturias, Balear Uharteak eta Nafarroa zetozen. Denetan ere, milioi bat biztanleko 40 emaile baino gehiago zegoen (nazioartean, zifra horixe omen da erdiets daitekeen handiena. Espainian iaz 2.155 giltzurrun, 1.051 gibel, 274 bihotz, 169 birika, 94 pankreas eta 13 heste-transplante egin ziren, guztira. Horrez gainera, emaitza ez egiteaz ari garela, familiek sekula baino ukapen gutxiago egin zuten (denen %15,2k bakarrik eman zioten ezetza eskakizunari: munduko kopururik apalena, alegia.

Itxarote-zerrenda, ordea, nekez konpon daitekeen arazoa da oraino ere: 2006 urtean 5.000 paziente zeuden organo osasuntsu baten zain.

Organoka sailkatuz gero, 2007 urteko lehen hilabeteetan 77 paziente ziren bihotza hartzeko itxarote-zerrendan; giltzurrunaren premian zeudenak 4.188 ziren, 736 gibela behar zutenak eta birika berria ezinbestekoa zutenak, 125 gaixo.

Espainian, organoak transplantatzeko itxarote-epeak munduko beste zeinahi herrialdetan baino laburragoak dira, orokorki, baina gibela edo bihotza hartzeko zain dauden pazienteen %10 – %15 hil egiten da organo egokia aurkitu bitarteko horretan. Dena den, larrialdi egoeran bizi-organoei dagokienez, epea egun batzuetara murrizten da eta, gainera, kasurik gehienetan, transplantea lortzen da. Larrialdi gutxiagoko egoera batzuetan, aldiz, batez besteko itxarote-epeak hauek dira: gibela hartzeko, sei hilabete; bihotza hartzeko, lau eta birika jasotzeko, zazpi edo zortzi hilabete. Giltzurrunari dagokiola (pazienteak, eskuarki, dialisian itxoiten du) batez besteko epea 15 eta 18 hilabete bitartekoa da.

Ohiko zalantzei erantzunak

Nor izan daiteke organo eta ehunen emaile? Zeinahi gizaki osasuntsu da emaile potentzial, bizi zelarik emaitzaren kontrako berariazko adierazpena egin ez badu. Adin mugarik ez dagoen arren, adin txikikoen eta ezinduen kasuetan guraso-agintea duten pertsonen borondatea bete behar da (30/1979 Legea). Heriotza gertatu den uneko baldintza klinikoek determinatuko dute zein organo eta ehun dira transplantatzeko baliagarriak. Dena dela, emaileak ezin izan du eta ezin du nozitu minbizia edo bestelako gaitz infekziosorik edo argi ez dauden kausengatiko gaixotasunik, horiek transplantearen bidez transmiti balitezke.

Zer egin behar da emaile izateko? Erabakia familiari eta lagun minei jakinarazi behar zaie, emailea hiltzean horiexek izango baitira kontsultatuak aurreneko unean. Emaile-agiria bete egin daiteke (doakoa eta altruista) orobat, hainbat tokitan: Transplanteen Erakunde nazionalean, ospitaletan, Osasun Saileko kontseilaritzetan, etab. Emaile-agiria edukitzeak ez du konpromisorik adierazten, iritziz aldatzekotan.

Zer gertatuko da, emateari familiak uko egiten badio? Espainian senitartekoen borondatea betetzen da beti, hildakoa emailea bazen ere.

Emaile bizidunaren organorik transplanta ahal daiteke? Organo bat edo horren partea (eskuarki, hezur-muinena, giltzurruna, gibel eta birika-segmentuak) eman daiteke, horren erauzketak bizia arriskutan ipintzen ez badu eta bere funtzioa emailearen organismoak behar bezain seguru eta egokiro konpentsatua gerta badaiteke. Emaileak adinez heldu izateaz gainera, buru-ahalmenen eta osasun-egoera egokian egon behar du. Aurretiaz, hartu duen erabakiaren ondorioez informatu beharko zaio eta baimena berariaz, jabeturik eta interesik gabe eman beharko du. Salbuespenak salbuespen, horrelako emakidak zuzeneko senideen (guraso, seme-alaba, anai-arreba…) artean bakarrik onartzen dira.

Nola eta non gertatu behar da emailearen heriotza? Emailearen garun-heriotza (garunaren funtzioen atzera gabeko gelditzea) ospitalean, UCI mugikor edo SAMU batean gertatu behar da, proba guztiak egin eta organoak behar bezala kontserbatu ahal izateko. Garun- edo entzefalo-heriotzaren diagnostiko mediko legala egun, Espainian, 1999ko abenduaren 30eko 2070/1999 Errege dekretuaren 1. Eranskinean dago arautua eta, esate baterako, diagnostikoa organoaren erauzketa eta transplantean esku hartuko ez duten hiru sendagilek egitea agintzen du, besteak beste.

Zergatik batzuetan errefusatzen du transplantatu zaion organoa hartzailearen organismoak? Errefusa arrazoi soi batengatik jazotzen da: organismo bizidun orok bere osotasun fisikoa eta biokimikoa defendatzeko, bertan sartzen den kanpoko eragile bizidun guztia suntsitu egingo du. Organismoak, bere burua antigenoek (substantzia proteikoak) inbaditurik sentitzean, defentsazko senez erreakzionatzen du, transplantatutakoa errefusatuz. Errefus hori saihesteko, ordea, pazienteari botikak (immuno-ezabatzaileak) eta tratamenduak aplikatu behar zaizkio eta, ondorioz, pazienteak immunitate osoa galduko du. Nolanahi ere, errefusaren eragina minimizatzeko, transplantea egitean emailearen eta hartzailearen arteko elkargarritasuna aintzat jotzen da, odol-multzoari eta HLA sistemari (giza antigeno leukozitarioak) begiratuta.

Zer da “Espainiar Eredua”? Organoen emakidak hobetzeko xedez, Espainian hartutako neurri multzo bat da. Eredu hori betetzea OMS erakundeak aholkatu du eta munduko hainbat tokitan aplikatzen ari da, Espainian erdietsitako emaitzekin. Espainiar Ereduaren arrakasta diziplinarteko ikuspegitik bakarrik uler daiteke, lege, ekonomia, politika eta medikuntza alorretako alderdiak biltzen baitira bertan.