Webcams

Bideokonferentzietarako bakarrik

Ordenagailurako bideo kamerek konbentzionalek baino prestazio eskasagoak eskaintzen dituzte, baina hitzaldi arruntetarako nahikoa dira
1 abendua de 2003

Bideokonferentzietarako bakarrik

Sei webcam edo ordenagailurako bideo kamera digital aztertu dira, Creative Webcam NX-ek balio duen 30,93 euroen eta ADS USB Turbo 2.0-k balio duen 97 euroen artean. Webcam bat bideo kamera digitala da, eta grabatzen du baina ez du gordetzen: grabatutakoa zuzenean ordenagailu batera bidaltzen du, eta irudiak, finkoak edo mugimenduan, disko gogorrean gorde daitezke edo Internet bitartez beste leku batean dagoen solaskide bati bidali. Bideo kamera hauen irudiaren kalitatea eskasa bada ere, oso egokiak dira Internet bidezko hitzaldietarako, izan ere, Interneteko etxeko konexioen emaria oso diskretua izanik, maila handiagoko kameren irudien kalitatea ez da asko aprobetxatzen.

Azterketa konparatiboan kalitate-prezio harremanik onena Logitech Quickcam Zoom da: bigarren garestiena (59,34 euro), baina prestaziorik gehien eskaintzen du eta kalitate fotografikoan eta erabilera proban baliorik handienak eman ditu. Creative ere aukera ona da, merkeena delako (30,93 euro), erabilera proban bigarren puntuaziorik onena eman duelako eta etxeko erabiltzaile baten oinarrizko beharrak asetzen dituelako. Webcam-ak monitorearen gainean jarri ohi direnez, ez da komeni handiak eta pisu handirik izatea. NGS Showcam Plus izan zen seien artean txikiena, eta ADS USB Turbo 2.0 hiru aldiz handiagoa da. Kamerarik arinena Philips da (90,8 gramo), eta Logitech pisuena (189 gramo). Kable luzera erabakigarria da kameraren kokapena aukeratzeko orduan, baina sei kasuetan antzekoa da, ez dago alde handirik: kable motzena Creative-k eta Genius-ek dute, 1,8 metro, eta NGS-k 2,15 metro.

Euskarri kontua

Creative, Philips eta ADS kamerek tripode bat dute euskarri (Creative-rena artikulatua da eta ADS-rena malgua). Genius-ek eta Logitech-ek monitorearentzako euskarria ere ematen dute, eta NGS-k, euskarri horrez gainera, torloju hari bat dauka, kanpo tripode bati lotzeko (tripodea ez dago sartuta).
Sei kamerek USB konexioa dute ordenagailurako. Lotura mota hori nahiko azkarra da, erosoa (ordenagailua piztuta dagoela ere konekta daiteke) eta funtsezko abantaila eskaintzen du: irudiak kameratik ordenagailura transmititzeaz gainera, PCtik elektrizitatea ateratzen du kamera elikatzeko eta, ondorioz, ez da korronte elektrikoan entxufatutako beste kablerik behar.

Sentsorea lenteko zati bat da, irudiak hartzen eta kinada elektriko bihurtzen dituena. Erabilitako hiru sentsore mota desberdinetan irudiaren kalitatea antzekoa da (CMOS, zehaztasun handiko VGA eta HQGL). Ikusmen angeluari dagokionez (zenbateko eszena ikusten da), berriz, ADS da onena (52º), eta Creative eta Philips xumeenak (bietan 40º). Logitech-ek eta NGS-k ez dute etiketan parametro hori adierazten. Kasu guztietan eskuz fokatu behar da.

Antzeko bereizmena

Sei webcam-ek gehienez ere 640×480 pixel edo irudi puntuko bereizmena eskaintzen dute (pixel kopuruak irudiaren tamaina adierazten du, eta parametro hori da kalitateari dagokionez nagusia). Hala ere, Creative-k ez du bereizmen hori atzipen zuzenez lortzen, interpolazioaren bidez baizik (programa informatiko batek sentsoreak atzitzen ez dituen puntuak “igartzen” ditu), eta horrek egiazko kalitatea murrizten du. Dena dela ere, erabiltzaileak ez du beti bereizmenik handienarekin lan egingo (argazki batek Interneteko etxeko konexio baten bidez transmitituko den bideo batek baino kalitate handiagoa behar du), eta horregatik komeni da bereizmena beharren arabera aldatu ahal ziatea. Creative-k, Philips-ek eta Genius-ek bost bereizmen desberdin onartzen dituzte, ADS-k eta Logitech-ek hiru bereizmen, eta NGS-k ez du adierazten zein bereizmenekin egin dezakeen lan.

Philips, Genius, Logitech eta NGS markek mikrofono bat dute, bideo filmazioei edo bideokonferentziei audioa erantsi ahal izateko. Sei kamerek esposizio kontrol automatikoa eskaintzen dute (sentsoreak hartuko duen argia erregulatzen du), baita zurien balantzea ere (kamera argiaren baldintzetara egokitzen du). Logitech-ek lenterako tapa dauka. Bakar batek ere ez du argazkiak ateratzeko tenporizagailurik, eta Philips ahotsaren bidez aktibatzen da (“cheese” hitz ingelesarekin). ADS da martxan dela adierazteko aurreko aldean argirik ez daukan kamera bakarra.

Proba praktikoa

Webcam guztiek hainbat programa informatiko dauzkate albumak egiteko, posta elektronikoz argazkiak edo bideoak bidaltzeko, irudien kalitatea hobetzeko eta Internet bidez bideokonferentziak egiteko. Creative-k eta Genius-ek, gainera, zaintza sistema aurkezten dute (kamerak mugimendua atzematen duenean baino ez du grabatzen), Philips-ek oinarri-oinarrizko jokoak eskaintzen ditu, Logitech-ek animazioak egiten ditu eta NGS-ek “story boards” sortzen ditu.

Eskuarki honelako ekipoak ibiltzen dituzten hiru erabiltzailek webcam-ak probatu eta hainbat atal puntuatu zituzten, 1etik 5era. Genius eta Logitech izan ziren onenak (biek 5etik 3,7 puntu lortu zuten), eta ondoren Creative (3,5 puntu). Puntuaziorik txikiena NGS-ri egokitu zitzaion, 3,1 punturekin, argazkiak eta bideoak egiteko orduan oso motela delako, eta daukan softwareagatik: sinpleegia da, ez da praktikoa eta erabiltzen zaila da.

Eginkizun nagusia argazkiak ateratzea ez den arren (dituzten prestazioak merkatuko kamera digitalenak baino eskasagoak dira), ekipo hauek oso oinarrizko irudi digitalak hartzeko gaitasuna dute. Alderdi horretan duten kalitatea ebaluatzearren, argazkilari profesional batek hainbat argazki egin zituen, kameren konfigurazio automatikoa erabiliz. Logitech atera zen balorazioan garaile: fokatzea erregulatu egin daiteke, baita oso distantzia motzetan ere. Genius, ADS eta Philips ere onik atera ziren probatik. Eta baloraziorik txarrena NGS-rentzat eta Creative-rentzat izan zen (bientzako nota “normala” izan zen), lehenengoa eszenaren argiztatzen eskasagatik eta bigarrena gardentasuna txikiagatik.

Bateraga- rritasun elektro- magnetikoaren gaineko probek inguruko beste ekipo elektriko batzuek gure webcam-ean interferentziarik sortzen duten adierazten dute, eta hori jakitea behar-beharrezkoa da kontuan hartzen badugu dispositibo hauen berezko kokapena monitorearen gainean dela (oso energi iturri indartsua). Sei kameretatik Genius-ek baino ez zuen huts egin. Honek, deskarga elektrostatiko baten ondotik irudia galdu du, eta ez du berreskuratu deskonektatu eta berriro ordenagailura konektatu den arte, hau da, araua hausten du. Gainerakoan, sei kamerek gainditu egin dituzte irratifrekuentziako deskargak.

Sei kamerek gainditu egin zuten kontsumitzailearen informazio eta babesaren azterketa, Genius-ek izan ezik, ez baitzuen gutxienez eska daitekeen urte bateko garantia.Lege berriak bi urteko garantia edukitzera behartzen du eta, ondorioz, ADS-k ere, urte batekoa baino eskaintzen ez duenez, atal hau bertan behera utzi behar zukeen, baina webcam-ak arau hori urriaren 11n indarrean jarri baino lehenago erosi ziren.

Edozein ordenagailuk balio du?

Funtsezkoa da ziurtatzea erositako kamera erabiliko den etxeko ekipoan ondo egokituko dela

Azterketa honetarako hartu ziren kamerek Windows sistema eragile gehienekin funtzionatzen dute (98, ME, 2000 edo XP, ADS-k izan ezik, azken biekin baino ez dabil).

Windows 95ekin ez du batek ere funtzionatzen, sistema honek ez duelako sei webcam-ek erabiltzen duten USB konexioa onartzen.

Logitech da Macintosh batean ere erabil daitekeen bakarra (G3 edo handiagoa), eta bakar batek ere ez du esaten Linuxekin lan egiteko prest dagoen, hau da, sistema horren erabiltzaileek ezin dute jakin kamera hauek beren ekipoetan zuzen funtzionatuko duten. Philips-ek eta Creative-k ez dute ordenagailu indartsurik behar (biek Pentium II, edo antzekoa, 233 Mhz-eko abiadurarekin eta 32 MB-ko RAM memoria).

NGS eta ADS dira zorrotzenak (bietan Pentium III edo antzekoa, eta NGS-rentzat 64 MB-ko RAM memoria eta ADS-rentzat 128koa).

Laburbilduz eta konparaketako taula

Laburbilduz

  • Ordenagailurako sei kamera digital aztertu dira, oso prezio desberdinekoak: garestienaren prezioa (ADS, 97 euro) merkeenaren halako hiru da (Creative, 30,93 euro). Bere zeregin nagusia Internet bitartez bideohitzaldiak egitea da, irudiaren kalitateari dagokionez (640×480 píxeles) eskasa baita argazkiak ateratzeko.
  • Genius da txikienetakoa eta arinenetakoa, eta ADS bigarren pisuena da eta neurriz handiena. ADS-k eta Genius-ek daukate ikusmen angelurik handiena, eta Philips-ek, Genius-ek, Logitech-ek eta NGS-k, berriz, mikrofonoa ere badaukate barneratuta.
  • Gutxienez behar den ordenagailuari buruz desberdinak dira: Creative-k eta Philips-ek ADS-k eta NGS-k baino ekipo txikiagoa behar dute. Guztiek funtzionatzen dute Windowsekin, eta Logitech Macintoshekin ere badabil. Inork ez du Linux aipatzen.
  • Argazkien kalitateari dagokionez, Philips, Genius, ADS eta Logitech marken nota “ongi” izan da, baina Creative eta NGS “normal”-era baino ez dira iritsi.
  • Bideokamera gisa egindako erabileraren inguruan, ondoen baloratu diren modeloak Genius eta Logitech izan dira.
  • Kalitateari buruz, Logitech-ek lortu du baloraziorik handiena. ADS, Creative eta Philips doaz atzetik, “ongi” notarekin, eta NGS-k “normala” baino ez du lortu. Genius-ek ez du bateragarritasun elektromagnetikoaren proba gainditu, eta ez du derrigorrezko garantia ematen. Kalitate-prezio harremanik onena Logitech-i dagokio, salneurria ertaina izanik, prestazio bikainak eskaintzen dituelako. Beste aukera on bat modelorik merkeena da, hots, Creative.
Marka Logitech Creative Philips NGS Techno- logy ADS techno- logies Genius
Modeloa “Quickcam Zoom” “Webcam NX” “ToUcam XS” “Showcam Plus” “USB Turbo 2.0” “Videocam Web”
Prezioa (eurotan) 59,34 30,93 53,49 38,94 97,0 37,69
Kontsumitzailea- rentzako informazioa eta babesa
Erabiltzeko argibideak Bai Bai Bai Bai Bai Bai
CE marka Bai Bai Bai Bai Bai Bai
Segur- tasunari buruzko informazioa Ez Ez Ez Ez Ez Ez
Garantia 2 urte 2 urte 2 urte 2 urte Urte 1 Ez
Batera-
garritasun elektro- magnetikoa (EMC)
Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Zuzen Ez da Zuzen
Ezaugarri teknikoak
Neurriak (mm) 78x85x87 63x90x115 67 x 84 x 115 68 x 87 x 84,5 124 x 100 x 140 78x78x90
Pisua kamera + USB kablea (g) 189,0 106,7 90,8 116,2 165,9 98,0
USB kablearen luzera(m) 2,10 1,80 2,00 2,15 1,85 1,80
Sentsore mota VGA zehaztasun handia CMOS CMOS CMOS HQGL3 Ni
Pixel kopurua 640×4801 640×480 640×480 640×480 640×480 640×480
Bereizmen mota 3 5 5 640×480 arte 3 5
Komunikazio ataka USB USB USB USB USB USB
Irudi abiadura (a/s)2 30 30 30 30 30 30
Fokatzea eskuz Bai Bai Bai Bai Bai Bai
Kusmen angelua (gradu) Ni 40 40 Ni 52 50
Mikrofonoa Kameran Ez Kameran Kameran Ez Kameratik aparte
Prestazioak 6 4 6 5 3 5
Beharrezko gutxieneko ekipoa
PC / Macintosh Pentium II 400, Celeron, AMD Athlon / Power Mac G3 Pentium II 233 MHZ Pentium II 233 MHz, AMD K6-II Pentium III Pentium III, AMD Athlon Pentium II 400
RAM memoria (MB) 64 32 32 64 128 64
Ekua disko gogorrean (MB) 200 70 50 Ni 100 25
Gutxieneko sistema eragilea Win 98, WinMe, Win2000, WinXP / Mac OS 10.1.5 Win 98/98Se, WinMe, Win2000, Win XP Win 98, WinMe, Win2000, Win XP Win 98, WinMe, Win2000, Win XP Win2000, Win XP Win 98, WinMe, Win2000, Win XP
Erabilera proba (1etik 5era) 3,7 3,5 3,3 3,1 3,3 3,7
Argazki kalitatea Ongi Normala Ongi Normala Ongi Ongi
Kalitate globala Oso ongi Ongi Ongi Normala Ongi Eskasa

(1) Bereizmena: interpolazio bidez lortua

(2) a/s: argazkiak segundoko

(3) HQGL: High quality glass lens (kalitate handiko kristalezko lentea)

Banan-banan

Banan-banan, 6 webcam

Logitech "Quickcam Zoom"

  • 59,34 euro
  • Kalitate globala: Oso ongi
  • Kalitate-prezio harremanik onena. Bigarren garestiena da eta pisuena (189 gramo). Hiru bereizmen aukera dauzka. Mikrofonoa dauka barneratuta, eta berak eskaintzen du prestaziorik gehien. Argazki kalitaterik onena. Eskuliburuaren argitasunagatik, kanpoko itxuragatik eta tamaina txikiagatik nabarmentzen da, softwareagatik eta argazkiak eta bideoak egiten dituelako. Aitzitik, instalatzen motela da, eta ez da oso ondo eusten.
  • Erabilera proban onena izan da: lor zitezkeen 5 puntuetatik 3,7 puntu.

Creative "Webcam NX"

  • 30,93 euro
  • Kalitate globala: Ongi
  • Aukera ona da. Merkeena. Bost bereizmen aukera dauzka. Ikusmen angelua txikiena da, beste batekin batera. Oso ordenagailu indartsua behar ez duten kameretakoa da. Argazki kalitatea normala da (bereizmena ez da “erreala”, interpolazioaren bidez lortzen duelako). Nabarmentzekoak dira: eskuliburua garbi dago, erraz instalatzen da, argazkiak eta bideoak ikuskatzen dira eta fokatze eta euskarri onak dauzka.
  • Erabilera proban bigarren geratu da: 5 puntuetatik 3,5 lortu ditu.

Philips "ToUcam XS"

  • 53,49 euro
  • Kalitate globala: Ongi
  • Gutxien pisatzen duena (90,8 gramo). Bost bereizmen aukera dauzka eta mikrofonoa barneratuta. Ikusmen angelua txikiena da, beste batekin batera. Berak eskaintzen du prestaziorik gehien. Ordenagailu txikienarekin funtziona dezake. Argazkiaren kalitatea ona da. Ezaugarri nagusiak: oso txikia da, argazkiak eta bideoak ikuskatzen dira, fokatzea eta euskarria onak dira.
  • Erabilera proba: 3,3 puntu atera zitezkeen 5etatik.

NGS Technology "Showcam Plus"

  • 38,94 euro
  • Kalitate globala: Normala
  • Txikiena da. Mikrofonoa dauka barneratuta. Argazkiaren kalitatea normala da (eszena argi gutxirekin geratzen da). Txikia dela nabarmentzen da, eta argazkiak eta bideoak gordetzeko eta ikusteko oso geldia da eta, gainera, bere softwarea oso zaila da eta batere praktikoa ez. Ez du bereizmen aukeraren berririk ematen.
  • Erabilera proba, txarrena: 3,1 puntu lor zitezkeen 5etatik.

ADS Technologies "USB Turbo 2.0"

  • 97 euro
  • Kalitate globala: Ongi
  • Garestiena, handiena eta bigarren pisuena. Bakarrik urte bateko garantia eskainten duen bakarra (hori legezkoa zen erosi zenean, baina oraingo arau berriarekin ez). Hiru bereizmen aukera. Ikusmen angelurik handiena dauka, baina prestaziorik gutxien eskaintzen du. Argazkiaren kalitatea ona da. Oso erraz instalatzen delako nabarmentzen da, baina huts egiten du eusterakoan.
  • Erabilera proba: 3,3 puntu, lor zitezkeen 5 puntuetatik.

Genius "Videocam Web"

  • 37,69 euro
  • Kalitate globala: Eskasa
  • Bigarren merkeena. Ez du garantia eperik adierazten, eta hori derrigorrezkoa da. Bateragarritasun probak gainditu ez dituen bakarra. Txikienetakoa eta arinenetakoa. Bost bereizmen aukera dauzka. Berak bakarrik dauka mikrofonoa independentea. Argazki kalitate ona. Oso txikia delako nabarmentzen da, bideoak eta bideokonferentziak egiten dituelako eta softwarea osoa delako eta erraz erabiltzen delako, baina argibideen eskuliburua oinarrizkoegia da.
  • Erabilera proban, onena: lor zitezkeen 5 puntuetatik 3,7 puntu lortu ditu.