100 ikastetxeren inguruak aztertu ditugu Estatuko 10 hiritan

Bide-segurtasuna ikastetxeetan: onargarria

Honako hauek izan dira gabeziarik aipagarrienak: abiadura mugatzeko seinaleak falta izan dira, berariaz ikasleentzat diren sarbideen seinaleak ere bai, eta auto-ilarak sortu dira
1 azaroa de 2013
Img tema de portada listado

Bide-segurtasuna ikastetxeetan: onargarria

/imgs/20131101/tema1.jpg
Espainiako Sustapen Ministerioak mugikortasunaren inguruan egindako azken inkestak esaten duenez, 14 urte bitarteko haur bakoitza, batez beste, egunean hiru aldiz mugitzen da norabait joateko: bidaia horietako gehienak eskolara joateko edo handik etortzeko izaten dira, eta oinez, ia beti. Eremu publikoan, haurren kolektiboa da zaurgarrienetakoa. Txikiak izaten dira eta erreakzio iragarrezinak izaten dituzte; ondorioz, handitu egiten da istripu bat izateko arriskua. Haien ikusmena eta entzumena ere ez dira egoten guztiz osatuak, eta ez dute helduek bezalako gaitasunik ibilgailu motordunei antzemateko.

Horregatik guztiagatik, EROSKI CONSUMERek ikastetxeen inguruei erreparatu nahi izan dire, eskolara sartzean eta handik irtetean haurren segurtasuna arriskuan egoten ote den jakiteko. Horretarako, irail bukaeran, Estatuko 100 ikastetxeren inguruetan zer-nolako segurtasuna eta azpiegiturak dauden aztertu du. Honako 10 hiri hauetan izan gara bisitan: A Coruña, Bartzelona, Bilbo, Donostia, Gasteiz, Iruñea, Logroño, Madril, Sevilla eta Valentzia.

Ikastetxe inguruetan dagoen bide-segurtasunak emaitza ‘onargarria’ baino ez du lortu. Gabeziak, izan ere, nabarmen samarrak izan dira. Berariaz ikasleentzat diren sarbide guztiak ez dira egon argi seinaleztatuta (hirutik bitan gertatu da hori), eta hirutik batean ez dugu ikusi itxaroteko gune segururik zain egoteko. Kasuen %55etan ez da egon abiadura mugatzeko seinalerik, eta ezta inolako seinale bertikalik ere, handik gertu ikastetxe bat dagoela adierazten duenik. Hiriz hiri hartuta, honako hauetan aurkitu ditugu egoera onenak: A Coruña, Donostia, Bilbo, Gasteiz eta Iruñea (emaitza ‘ona’ lortu dute guztiek). Gainerakoek (Bartzelona, Logroño, Madril, Sevilla eta Valentzia) ‘onargarria’ baino ez.

Garraio publikoa

Ikastetxeen erabiltzaileek aukera izan behar dute gehien komeni zaien garraiobidea aukeratzeko eskolako joan-etorriak egiteko: oinez, bizikletaz edo eskolako garraiobideak, publikoak edo pribatuak (autoa) erabiliz. Baina distantziak handitzen diren heinean, murriztu egiten da oinez joateko aukera, eta beste batzuk nagusitzen dira. Lehenik eta behin, hiri-garraio publikoei erreparatu diegu. Bostetik batean, ez dugu geltokirik ikusi eskolatik gertu: hori gertatu da Logroñon aztertu ditugun bost ikastetxetan, Bartzelonako eta Valentziako lautan, Sevillako hirutan, eta Iruñeko eta Gasteizko batean. Beste 82 ikastetxeren inguruetan, aldiz, izan dira geltokiak, hiri-autobusarenak gehienbat: bostetik lautan, garraiobide horrentzako 2 geltoki ikusi ditugu ikastetxetik gertu-gertu. Era berean, metro geltokiak gertu eduki dituzte %15ek (Bilbon, Madrilen, Bartzelonan, Sevillan eta Valentzian) eta tranbiarenak beste %10ek (Gasteizen, Madrilen, Bartzelonan, Bilbon eta Valentzian).

Atal honetan, haurren segurtasuna nolako den aztertzeko, geltokian zain dauden uneari erreparatu behar zaio lehenik. Horregatik, geltokiak zuzenguneetan ote dauden aztertu dugu, oinezkoek urrutira ere ongi ikusteko modua izan dezaten. Halaxe gertatu da kasuen %97tan, baina ez, ordea, Madrilgo eta Donostiako bi ikastetxeren inguruetan.

Bi eta lau gurpiletan

Bizikleta erabiltzeko aukera ere oso aintzat hartzekoa da mugikortasuna aztertzean. Bizikletentzako bidegorri-sare on batek asko laguntzen du mugikortasun iraunkorra sustatzen. Guk aztertu ditugun hiru eskolagunetatik bitan, ordea, ez dago halakorik. A Coruñan eta Madrilen aztertu ditugun ikastetxeetatik bakar batek ere ez du eduki bidegorririk inguruan. Aldiz, Gasteizen aztertu ditugunetan, hamarretik zortzik eduki dute.

Bestalde, begi bistakoa da gero eta auto pribatu gehiago pilatzen diren eskola inguruetan. Hala ere, guk aztertu ditugun guneetan, %66tan soilik daude doako aparkalekuak, eta gainerako guztietan ordaindu beharrekoak dira. Zenbait lekutan, hala ere, aukera izaten da autoa 15 minutuz doan uzteko: Bilbon, Donostian (saltokiak dauden kaleetan soilik), Gasteizen eta Logroñon.

Azkenik, jakin nahi izan dugu garraiobide pribatuentzat eta eskolako garraio kolektiboarentzat aparkalekurik gordetzen ote den. Bostetik batean baino ez dugu ikusi: Iruñeko zazpi ikastetxeren inguruetan, A Coruñako bostetan, Donostiako lautan, Gasteizko bitan, eta Bilboko eta Sevillako batean.

Sarbideak, seguruak

Aztertu ditugun 100 ikastetxeen perimetroa erabat itxita dago, batzuena hesiekin eta besteena eraikinaren hormekin. Ikastetxe bakoitzak, batez beste, bi sarbide ditu berariaz ikasleek erabiltzeko. Lautatik hirutan, sarbide horiek aski zabalak izan dira (lau metrokoak, batez beste), eta ez da egon pilaketarik gertatzeko arriskurik; aztertu ditugun ikastetxeen %26tan, ordea, estuagoak eta desegokiagoak izan dira (2 metrokoak, batez beste).

Gainera, ikastetxeen %70ek itxaroteko gune segurua eduki dute sarbide horien ondoan, ikasleak han egon daitezen ateak ireki zain, arriskurik gabe. Arlo horretan huts egin dutenen artean egon dira Donostian aztertu ditugun ikastetxeen erdiak, Bilboko, Madrilgo, Sevillako eta Valentziako lau, Bartzelonako eta Iruñeko hiru, eta Gasteizko, A Coruñako eta Logroñoko bat.

Gure azteketan ikusi dugunez, ikastetxeen %90ek kartel batean adierazten dute haien izena eta zer ikastetxe mota diren, baina berariaz ikasleentzat diren sarbide guztiak ez dira egon hain egoki seinaleztatuak. Aztertu ditugun hiru ikastetxetatik batean soilik ikusi ditugu halako seinaleak. Arlo honetan nabarmentzekoak dira (onerako) Valentziako ikastetxeko guztiak, Bilboko eta Iruñeko sei, eta Logroñoko eta Donostiako bost. Seinale motei dagokienez, fatxadan jarritako plakak edo errotuluak izan dira guztiak.

Inguru hurbilena

Haurrak oinez ibiltzen dira eskola barrenean eta haren inguruetan. EROSKI CONSUMERek arreta bereziz aztertu du eskolatik hurbilen dagoen eremu publikoa, azken batean pasabidea delako, egoteko gune bat eta jolaslekua ere bai.

Ikastetxeetatik hurbileneko espaloien %68k behar bezalako zabalera eduki dute jendea lasai ibil dadin pilaketarik sortu gabe (5 metro baino gehiago, batez beste), eta gehienen zorua ez da labainkorra izan (%94rena). Ildo horretan, nabarmentzekoa da Iruñean aztertu dugun ikastetxe baten inguruko espaloia hesiz bereizita egon dela errepidetik. 2009. urtean, hiri horretako Udalak gisa horretako 500 hesi jarri zituen 37 ikastetxeren inguruetan, egunero han ibili behar duten haur eta gazteen segurtasuna hobetzeko. Gainera, 300 inguruk kartelen bidez adierazten dute non dauden oinezkoen pasabideak eta autobus geltoki hurbilenak.

Zenbaitetan, hiri-altzariak edo zirkulazio-seinaleak arreta handirik gabe jartzen dituzte, eta traba egiten diete oinezkoei. Guk aztertu ditugun guneen %79tan, dena den, ez dugu ikusi oinezkoen trabagarri izan zitekeen elementurik (zuhaitzen txorkoak, edukiontziak, paperontziak, postontziak…). Bai, ordea, bostetik batean: bereziki, Iruñean (zazpitan) eta Sevillan (erdietan). Hiri-altzariek egin dute traba gehien, batez ere zuhaitzen txorkoek. Ibilgailuak ere ikusi ditugu traba eginez: motor bat Sevillan, eta bigarren eta hirugarren lerroan utzitako autoak Valentzian.

Bidegurutzeetako ikuspena

Bidegurutzeetan topo egiten dute ibilgailuek eta oinezkoek, eta espazio bera partekatzea egokitzen zaie. Guk aztertu ditugun ia ikastetxe guztietara sartzeko (%93tara), errepidea gurutzatu beharra dago uneren batean.

Aztertu ditugun lau eskolagunetatik hirutan, oinezkoentzako pasabideak jarrita daude bidegurutze horietan, eta eskolarako sarbidera ematen dute. Baina ez dugu halakorik ikusi Valentziako eta Logroñoko bost ikastetxeren inguruetan, Bilboko lautan, A Coruñako hirutan, Bartzelonako eta Madrilgo bitan eta Gasteizko batean (sarbidetik urruti egon da, nahiz eta errepidea gurutzatu beharra izan).

Pasabide ia guztietan, hala ere, ongi ikusten da errepidea bi aldeetara. Bostetan soilik antzeman dugu ikuspena galarazten duen zerbait, eta hori arriskutsua da gurutzatu behar duenarentzat: pasabideren bat bihurgunean edo diagonalean egon da, besteren batean ibilgailuak egon dira aparkatuta, eta hiri-altzariek traba egiten dutela ere ikusi dugu (edukiontziek, zehazki).

Espaloian oinez doanarentzat gerta daitekeen beste arrisku bat izaten da aparkaleku baterako sarbidea gurutzatu behar izatea. Aztertu ditugun guneen erdietan soilik gertatu da hori, eta horietan, %43k soilik eduki dituzte ispiluak aparkaleku guztietan edo batzuetan (Gasteizen, adibidez, seitan ikusi ditugu).

Seinale gehiago, segurtasun gehiago

Seinaleak lagungarriak izaten da bidegurutzeetan arriskua saihesteko. Lehenik eta behin, oinezkoen pasabideei erreparatu diegu: zoru gaineko markekin adieraziak daude gehienean, eta ongi pintatuta (%88tan). Horien inguruan seinale bertikalak jartzea ere egokia da, baina beti ez dira ageri (%51tan soilik ikusi ditugu); berdin gertatzen da semaforoekin, baina %45etan baino ez dituzte jarri. Azkenik, kasuen %28tan soilik egon dira argiztatuta oinezkoen pasabideak, %14tan goratuak izan dira eta %12tan zirkulazioa mantsotzeko bandak eduki dituzte.

Bidegurutzeak hainbat eta seguruagoak izango dira, ibilgailuak zenbat eta motelago hurbildu. Ildo horretan, azpimarratu beharra dago aztertu ditugun eskolaguneen %87tan ibilgailuak abiadura egokian hurbildu direla oinezkoen pasabideetara. Dena dela, abiadura mugatzeko seinale gutxi ikusi ditugu: %40k baino ez dituzte eduki, eta abiadura-muga 30 km/h-koa izan da.

Inguru hori eskolagunea dela adierazten duen seinalea ere oso garrantzitsua da. Aztertu ditugun guneen erdietan soilik ikusi dugu. Logroñon eta Madrilen aurkitu ditugu gehien (bederatzi ikastetxeren inguruetan), eta Bilbon gero (zazpitan).

Puntako orduetan, auto-ilarak

Eskolara sartzeko eta handik irteteko orduetan topo egiten dute atarian eta inguruetan oinezkoek, bizikletan joan direnek eta eskolako garraio publikoan edo pribatuan joan direnek. Une horietan sor daitezke, beraz, egoera arriskutsu gehien.

Azterketa egin dugunean, auto-ilarak eta pilaketak ikusi ditugu bost ikastetxetatik baten sarbideetan. Valentziako lautan, Gasteizko, Iruñeko, Madrilgo eta Sevillako hirutan, A Coruñako bitan, eta Donostiako eta Logroñoko batean. Bi arrisku-egoera baino ez ditugu antzeman pasabideen elkarguneetan. Bilbon gertatu da bat (catering zerbitzuko ibilgailu bat ikasleak sartzeko bidetik atera nahian hasi da ikasleak sartzeko orduan) eta Sevillan bestea (oinezkoak bizikleten bidean sartu dira). Ikastetxera puntako orduan sartu edo irteteko unean, zortzi lekutan soilik ikusi ditugu arrisku-egoerak: Gasteizko hirutan, Sevillako eta Bilboko bitan, eta A Coruñako batean. Gehienean, ibilgailu bat izaten da tartean (behar ez lukeen tokitik pasatu nahi duelako edo gaizki aparkatuta egon eta ongi ikusten uzten ez duelako), eta beste zenbaitetan, tranbia eta bizikletak ibiltzeko bideak gertuegi egoten dira eta ez da izaten oinezkoak babesteko hesirik.

Azterketa egitean, ikasleak autobus pribatuetatik jaisten edo horietara igotzen ari zirela ikusi dugu bost ikastetxeren inguruetan. Horietako %27 ez dira egon zegokien lekuan aparkatuta (A Coruñako lautan, eta Donostiako eta Gasteizko batean), eta %14tan modurik ere ez daukate, berariazko lekurik ez dutelako aparkatzeko (Bilboko batean eta Iruñeko beste batean). Bestalde, 25 ikastetxeren inguruetan soilik ikusi ditugu udaltzainak edo boluntarioak. Zehazki, 23 lekutan udaltzainak agertu dira (Valentziako bederatzi ikastetxetan, Iruñeko eta Logroñoko hirutan, eta A Coruñako, Donostiako, Gasteizko eta Sevillako bitan); boluntarioak, berriz, bi eskolatan (Bartzelonan eta Iruñean). Azken horiek jaka islatzailea eduki dute jantzita.

Eskolara bidean

Zenbait udalek “eskola bideak” proiektua sustatzen dute haurrek autonomia handiagoa eskura dezaten. Donostian aspaldi samar jarri zuten abian, eta beste zenbait hiritan ere badira antzeko ekimenak: Bartzelonan, Madrilen, Getafen, Segovian, Sevillan, Terrassan eta Zaragozan, besteak beste.

Baina zer da zehazki? Mugikortasun iraunkorra lortzeko proiektu bat da, eta erraztu egin nahi du haurrek eskolarako bidea eurek bakarrik egin dezatela. Baina hori lortzeko, kaleak bide seguru bihurtu behar dira eta lehentasuna eman behar zaie haurrei eta gazteei.

Atal honetan aholku praktiko batzuk zerrendatu ditugu, gurasoek, haurrak eskolara eramaten dituztenek eta haurrek eurek ere kontuan hartzeko modukoak:

  • Kalean: Ez gurutzatu autobus baten aurrean, hartu neurriak; pasabiderik seguruena, zalantzarik gabe, oinezkoena da. Arreta guztia jarri behar da: alde batera eta bestera begiratu behar da, eta gero kontu handiarekin gurutzatu, eta semaforoa berde dagoela. Garajeetako sarbideei ere erreparatu behar zaie, horiek ere arriskutsuak izan daitezke eta (gerta daiteke autoak ibiltzea sartu-irtenean).
  • Bizikletan: Bizikleta hobeki erabiltzen ikastea da kontua; arau batzuk erakutsi behar zaizkie haurrei, eta ingurukoak errespetatzen ere bai. Entzungailurik gabe: ez da batere segurua entzungailuak belarrietan jarrita ibiltzea bi gurpilen gainean. Beti errespetatu behar dira zirkulazio seinaleak eta arauak.
  • Autobusean: Zain bagaude, geltokian egotea da beti seguruena. Igotzeko edo jaisteko unean, egon txanda iritsi zain, ez ibili bultzaka eta banaka-banaka joan.
  • Ibilgailu partikularrean:Ezinbestekoa da segurtasun-uhala erabiltzea edo dagokion atxikitze-sistema, norberaren neurriaren eta pisuaren araberakoa.