Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Estatu osoko 18 hiritako 200 gimnasio aztertu dira : Bezeroa artatze eta aholkatzeari dagokiola, gimnasioa ahul

Eskaintzen diren zerbitzu eta ordutegietan dezente hobetu bada ere, proba gainditu gabe utzi du establezimenduen %14k eta, gainera, hirutik batek "oso ongi" edo "bikain" kalifikazioa eraman du.

Ekipamendua eta segurtasuna eta konparaketako taula

Instalazioen egoera, oro har, egokia bada ere, hamarretik bi zaharkituak daude. Gimnasio denetako aretoak garbi eta kontserbazio egoera onean daude, zoruan tarima dute eta hormetan ispiluak, baina hamarretik lauk ez dauzkate aulkiak eta arropa uzteko esekitokiak. Zentroen %30etan, halaber, ez dago ur edangarriko iturririk aretoetan edo aldageletan.

Gimnasioaren kalitatearen berri adierazten duen faktoreetako bat makinen egoera da: hamahiru zentrotan makinen atal irtenekin kolpe egin eta min hartzeko arriskua dago (baina kopuru hori Donostian azterturiko zentroen %30eraino doa eta Malaga eta Valladolideko %20eraino). Bisitatu diren gimnasio gehienetan materiala txukun-txukun antolatua zegoen.

Gimnasioaren kategoria aldagai askoren arabera neurtzen da: eskaintzen dituen jarduera eta zerbitzuak, aldagelen egoera edota ekipamenduengatik, besteak beste. Hamar zentrotik zortzitan dutxa denak indibidualak dira, behar beste daude eta uraren tenperatura egokitzeko aukera ematen dute. Lur ez-labaingarria ere %80tan dago baina gimnasioen %14tan aldagelak ez dira behar bezain zabalak eta %85ek takilak ditu.

Balizko larrialdirik jazoz gero, segurtasunaz ari garela, hamarretik seitan behar beste su-itzalgailu daude, egokiro banatuak. Kezkagarria, ordea, bisitatu diren zentroen %63tan larrialdiko irteerarik ez izatea eta erabiltzaileei larrialdietan nola jardun behar duten jakinarazi beharko lioketen kartelak ez zeuden gimnasioen %22tan.

Beste hainbat zerbitzu: aparkalekua, kafetegia, haurtzaindegia, takilak…

Hamar gimnasiotik batek dauka aparkaleku propioa (%7 ziren 2004an) baina 20tik bakar batean ematen diote bezeroari zerbitzu hori doan. Arropa zaintzeko zerbitzua ere gutxitan eskaintzen da: azterturiko zentroek %17tan baizik ez. “Betiko” takila hartzeko aukera arruntagoa da; zerbitzu hau zentroen erdietan dabil baina, zehatz dezagun: hilean sei euro eta erdi kostatzen da, batez beste. Bi gimnasiotik bitan, gainera, toallak ere alokatzen dira.

Kirola praktikatu ondoren indarrak berritu beharra dago, kafetxo bat hartuz edo mokadu bat eginez, adibidez. Deigarri gertatzen da, horregatik, kafetegia azterturiko hiru gimnasiotik bakarrak edukitzea, edariak saltzen dituen makina (ur botila txikiaren batez besteko prezioa 0,80 euro da) hirutik bik badaukaten arren. Eta, harrigarriago, %16tan bakarrik dago jatetxea, lautik batean janaria saltzen duten makinak dauden arren.

Iruzkin dezagun, amaitzeko, zentroen irisgarritasuna baloratu ahal izateko, aldizkariko teknikariek gimnasio den-denetan galdetu zutela gurpildun aulkian doan pertsona batek instalazio haietan ariketak egiteko izena eman ahal zezakeen; bostetik bitan erantzuna baiezkoa izan zen (Donostia eta Valladolidekoetan, ezetz biribila).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak