Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Estatu osoko 18 hiritako 200 gimnasio aztertu dira : Bezeroa artatze eta aholkatzeari dagokiola, gimnasioa ahul

Eskaintzen diren zerbitzu eta ordutegietan dezente hobetu bada ere, proba gainditu gabe utzi du establezimenduen %14k eta, gainera, hirutik batek "oso ongi" edo "bikain" kalifikazioa eraman du.

Neurri-neurriko tarifa eta ordutegia

Azterturiko zentroen %15ek baizik ez du kuota merkatzen bezeroak astean hirutan bakarrik joatea erabakitzekotan. Horrelakoetan hilean ordaindu beharreko batez besteko kuota 42 euro bada ere, Iruñeko gimnasio batean 15 euro baizik ez dute kobratzen; Madrilekoetako batean, aldiz, 150 euro kentzen dute eta, gainera, aukera bakarra horixe da: astean hiru egunetan joatea, alegia. Hamar establezimendutik ia lauk gimnasiora joateko ordutegiaren araberako tarifa aldagarriak dituzte (halaz ere, A Coruña, Alacant, Logroño, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Valentzia eta Gasteizko gehienetan ez dago tarifa murrizturik) eta hirutik bitan bada era batera edo besterako deskonturik.

Horrelako zentroek eskaintzen duten zerbitzua geroz eta zabalagoa da: %10ek bakarrik ixten dute larunbat eta igandean eta hamarretik lau egunero dago zabalik, gehientsuenek ordutegi zabal-zabala dutelarik. Astegunean gimnasioak batez beste hamalau orduz daude irekita; larunbat eta igandean, zazpi orduz.

Eguerdian ixten dutenak gutxi dira (%22 baino ez), kirola praktikatzeko geroz eta jende gehiagok ordu horiexek hautatzen dituztelako. Eskaintza oporraldietara ere hedatzen da: duela lau urte aztertu ziren gimnasioen %12k abuztuan ixten zuten eta gaur, berriz, %7,5ek baizik ez.

NOLA AUKERATU GIMNASIOA?

  1. N on dagoen: egokiena, pertsona ohi dabilen tokietatik gertu egotea, ez joateko aitzakia gutxiago izango baitu horrela. Batetik bestera joateko autoa badarabil, hobe da zentroak parkinga edukitzea edo inguruetan aparkatzeko zailtasunik ez izatea.
  2. Tarifa, prezio eta kontratuzko konpromisoak: zentro bat baino gehiagotan prezio eta zerbitzuak konparatzea merezi du. Baliteke gimnasio batek instalazio ugari izatea baina, den-denak erabili behar ez izatekotan, agian hobe dugu beste apalago eta merkeago batean izena ematea. Bertan sartzean hartzen ditugun konpromisoak jakitea ere komeni izaten da, zentro batzuek kuota helbideratzea, aurretiaz hainbat kuota pagatzea etab. exijitzen dutelako. Era berean, baja emateko erraztasunik ba ote den edo, gimnasiora ez goazen aldietan (oporretan, adibidez) kuota berdin-berdin ordaindu behar genukeen, etc., galdetu behar da.
  3. Ordutegi eta egutegia: gimnasioa irekitzeko ordutegia eta bere bizimodua elkargarri diren jakin behar du aurretiaz interesatuak: eguerdian, jai egunean edo oporrengatik ixten duen, esate baterako.
  4. Pertsonalaren titulazioa eta presentzia: eskolak emateko, makinen jarduera eta ariketak ikuskatzeko ardura duten pertsonak titulatuak (heziketa fisikoan lizentziaduna, kirol entrenatzailearen pareko titulu homologatu bat, etc.) izatea ere garrantzi handikoa da. Bezeroaren esanetara egon behar du beti monitoreren batek, galdera eta kezkak argitzeko, okerreko posturak zuzentzeko, etab. Horiek, beharrezkoa balitz, pertsonaren premien araberako ariketa-taula berariazkoa diseinatu beharko lukete.
  5. Bezeroaren gustuko zerbitzu eta jarduerak: gimnasioak beste hainbat zerbitzu osagarri badituen galdetzea, hala nola haurtzaindegia, kafetegia, jatetxea, arropa-ikuztegia, fisioterapia…
  6. Bisita gidatua: interesatuak instalazioetan barna bisita egiteko baimena eskatu ahal izango du eskolak, gimnasioko giroa, garbitasuna, antolamendua, txukuntasuna ikusteko do monitorerik baden egiaztatzeko. Establezimenduaren barrualdea eta bertako jarduera ikusteak erabaki egokiagoa hartzen lagunduko gaitu.
  7. Instalazioak: behar beste izan behar izateaz gainera (ariketa bakoitza egiteko makina bat baino gehiago izatea, adibidez), aretoak zabalak izatea eta ondo egokituak egotea garrantzitsua da.
  8. Kontserbazio egoera eta garbitasuna: higiene eta garbitasun arauak zorrotz bete behar ditu gimnasioak, bai ariketak egiten diren aretoetan, bai aldageletan ere. Horrez gainera, denak txukun antolatua egon behar du eta kirola praktikatzeko elementuak gordetzeko armairu egokiak ez ezik, erabiltzaileen arropa eta gainerakoak bermez uzteko takilak ere eduki behar ditu zentroak.
  9. Spa edo ur zona: izena ematera doan bezeroari horrelakorik izatea interesatzen bazaio, hobe du matrikulatu aurretik galdetzea, horrelako instalazioak ez dituzten gimnasioak ugari baitira.
  10. Aurretiazko azterketa medikoa: bakoitzak bere premiak eta bere egoera fisikoa dituenez, ariketa taula jakin batekin hasi aurretik sakoneko azterketa medikoa egitea garrantzi handiko kontua da.
  11. Giroa: izena ematera doan erabiltzailearen interes berberak dituzten pertsonak doazen gimnasioa aukeratzea komeni da, hura integraturik sentitu eta gustura ibil dadin. Bestela, hori aitzakia (perfektua, agian) izan liteke berriz ez joateko.
  12. Aireztapena: establezimenduak aireztatzeko sistemak eta aire egokitua dauzkala egiaztatzea ere komeni da.
  13. Kate handi bateko kide izatea: gimnasio batzuk firma handietako establezimenduak dira eta, hartara, hiri horretan edo beste hiri batzuetan dituzten gimnasioetara ere joateko aukera ematen diete erabiltzaileei.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak