Estatu osoko 18 hiritako 200 gimnasio aztertu dira

Bezeroa artatze eta aholkatzeari dagokiola, gimnasioa ahul

Eskaintzen diren zerbitzu eta ordutegietan dezente hobetu bada ere, proba gainditu gabe utzi du establezimenduen %14k eta, gainera, hirutik batek "oso ongi" edo "bikain" kalifikazioa eraman du.
1 urtarrila de 2008
Img temap 298

Bezeroa artatze eta aholkatzeari dagokiola, gimnasioa ahul

Espainiako bost lagunetik bat joan ohi da bertan diren 7.000 gimnasioetako batera, eta horrela erakusten dute negozio honek urtean fakturatzen dituen 2.000 milioi euro horiek. Dena den, iraunkortasuna ez da erabiltzailearen bereizgarri behinena: gimnasioan hasten direnen erdiak lehen sei hilabetearen barnean joateari uzten dio (horietako askok, Eguberrietako gehiegikerien ostean). Bestetik, ordea, ez dirudi enpresa horietako askok bezeroa leial bihurtzeko ahalegin askorik egiten dutenik: erabiltzailea artatzea eta aholkularitza tekniko, mediko eta kirol alorrekoa dira 18 hiriburutako 200 gimnasiotan eginiko azterketan CONSUMER EROSKI-k hauteman dituen hutsune behinenak. Segurtasun neurriak ere (su-itzalgailu, irteera eta larrialdiko argiak, besteak beste) hobetzeko modukoak dira gimnasio askotan.

Aldizkari honetako teknikariek, izena emateko interesa zutelakoan, hainbat gimnasio bisitatu dituzte: hamabosna Madril eta Bartzelonan; hamabi Bilbo, Malaga, Sevilla, Valentzia eta Zaragozan, eta hamarna Alacant, Kordoba, Murtzia, Valladolid, A Coruña, Granada, Oviedo, Iruñea, Donostia, Gasteiz eta Logroñon. Tarifak eta ordutegiak ez ezik, beste hainbat alderdi ere aztertu dituzte, hala nola gimnasioek eskaintzen dituzten zerbitzuekin eta instalazioen egoerarekin loturikoak (segurtasun, garbitasun, mantenu eta ekipamendua), bezeroari nolako arreta eta aholkularitza ematen zaion, azterketa medikorik egiten den, erabiltzailearen egoera fisikoaz arduratzen diren, etab.

Gimnasioek lorturiko nota orokorra “onargarri” da, hots, proba ozta-ozta gainditu dute eta, gainera, horietakoen %14k gainditzeke utzi du. Halaz ere, CONSUMER EROSKI-k 2004 urtean egin zuen antzeko azterketak erakutsi zuen kalifikaziorekin (erdiek ez zuten gainditu orduko hartan) konparatuz gero, proportzioa hobetu dela esan dezakegu. Hona hobekuntza horren beste adierazle bat: azterturiko 200 lokal horien %29k jasotako nota “bikain” edo “oso ongi” da. Dena dela, bilakaera ona izan den arren, erabiltzailearen artapenak (funtsezko elementua, zerbitzu ona emango bada) ahul segitzen du oraino, ez du proba gainditu. Alde horretatik eskasen agertu diren establezimenduak Malaga, Oviedo eta Zaragozakoak dira (aringarririk gabeko “gaizki”); ondotik, A Coruña, Alacant, Bartzelona, Bilbo, Madril eta Gasteizkoak (“erdipurdi” tristea).

Aurrerapena, baina, handia da, orokorki. Alderdi adierazgarrienak, establezimenduek eskaintzen dituzten zerbitzuek erakutsi dituzte (“onargarri” hartatik “oso ongi”ra igo dira). Jardueren zerrenda geroz eta luzeagoa da: aire zabaleko ariketak, topaketa sozialak, kabinete estetikoak, etc. Bestetik, geroz eta establezimendu gehiagok daukate ur zona edo spa izenekoak. Ordutegi eta tarifekin loturiko alderdi zenbaitetan ere hobekuntza ugari hauteman da aspaldion: 2003 urtean atal honetan gimnasioek “erdipurdi” kalifikazio kaskarrarekin aski izan zuten baina egun “onargarri” lortu dute, ordutegia zabaltzeari esker. Instalazioen egoeraz ari garela, aurreko azterketako panorama ikusi dugu oraingoan ere: “ongi” baizik ez.

Gimnasioan egin beharreko esfortzu fisikoari ahalegin ekonomikoa erantsi behar zaio: matrikularen prezioaren batez bestekoa (bisitatu diren lau zentrotik hirutan ezartzen da baldintza hori) 70 euro da (90 euro spa edo ur zona daukatenetan eta 44 euro soilik horrelako instalaziorik ez dagoenetan), baina alde handiak atzeman dira hiriburu batetik bestera (batenaz beste 286 euro Madrilen, 26 euro Valladoliden eta 25 Kordoba eta Granadan). Batez besteko hileko kuota 56 euro inguru dabil (66 euro spa dutenetan eta 48, zerbitzu hori ez dagoenetan) baina hemen ere hiriburuen arteko aldeak, txikiagoak badira ere, nabarmenak dira.

Gimnasioen kalitatea aztertzean, tarifa faktorea aintzat hartuz gero, kalitatearen eta prezioaren arteko erlazio egokia eskaintzen duten establezimenduak Bilbo, Kordoba, Logroño eta Madrilgoak dira, ondotik Iruñea, Valentzia eta Gasteizkoak datozkiela. Gainerako hiriburuetakoen balorazioa “onargarri” da, Oviedon izan ezik (“erdipurdi” baino ez).

Bezeroaren osasunak garrantzirik ez, omen

Ariketa fisikoak osasunari egiten dion mesedea kaltea bezain handia izan daiteke, ariketak arduragabekeriaz zein egoera fisiko desegokian praktikatzen direnean, edo gehiegizko esfortzuak egiten direnean, bereziki. Zentro horiek erabiltzaileen osasunaz biziki arduratzea eta bertan alor horretako profesionalak izatea derrigorrezkoa da, hortaz. Halaz ere, alor honetan interesik eza eta, areago, axolagabekeria hauteman da establezimendu askotan.

Gimnasioen %14k bakarrik dio inskribatu berri den bezeroari hasi aurretik azterketa medikoa egiten diola, nolako egoera fisikoan dagoen egiaztatzeko (2004 urtean hamarretik bik egiten zuten proba hori). Bestetik, neurri hori hartzen duten hamarretik seitan azterketa sakona da: esfortzu proba, hezur-masa eta gantz kopuruaren analisia, presio arteriala eta beste hainbat proba egiten zaizkio erabiltzaileari; gainerakoetan, berriz, bezeroaren bihotz-taupadak, pisua eta altuera bakarrik apuntatzen dira. Atal honetan profesionaltasun handiena erakutsi duten gimnasioak A Coruña, Kordoba eta Gasteizkoak dira; Murtzia, Oviedo, Iruñea, Valentzia eta Valladolidekoak, aldiz, axolagabeenak izan dira.

Proportzio horixe agertuko da sendagile kontsulta daukaten establezimenduetan ere (%18, hots, 2004 urtekoa baino apalagoa oraino) eta, gainera, hamarretik bitan bakarrik galdetu zaio bezeroari osasun egoeraz: lesiorik edo gaitzik nozitzen duen, bizimodu sedentarioa egiten duen, erretzen duen, botikarik hartzen ari den, etc. Logroño, Valladolid eta Zaragozako zentro bakar batean ere ez dute horien gaineko inolako interesik agertu; kontrakoa jazo da Oviedon bisitatu diren zentroen erdietan eta Malaga eta Gasteizkoen %40tan ere.

Egoera are eta larriagoa dela antzeman da, osasun asegurua gimnasioen %15ek bakarrik eskaintzen duela kontuan izanik; dena den, hamarretik zortzik daukate erantzukizun zibileko asegurua, ariketan gerta daitezkeen ezbehar eta lesioak estaltzeko. Kuotaz kanpo ordaindu beharreko asegurua kontratatzeko aukera hamar establezimendutan (Zaragozako eta Bartzelonako hirutan eta A Coruña, Logroño, Madril eta Oviedoko banatan) eskaini dute.

Norbaitek urte asko igaro badu kirolik egin gabe (edo behin ere egin ez badu), hasieran kontrolpe zorrotzean jardun behar izaten du, egoera fisiko eta premien araberako jardueretan. Adituen aholkua ezaguna da: jasapena hartzen laguntzeko ariketa kardiobaskularrak egin behar dira hasieran eta, horretarako, norberaren araberako ariketa-taula taxutuko duen monitore profesionalaren esku-hartzea ezinbestekoa da, baina bisitatu diren gimnasioetako hamaikatan zerbitzu hori ez dago (bitan, Logroño, Malaga, Murtzia eta Valentzian eta banatan, Oviedo, Iruñea eta Sevillan).

Zentro batzuetan ez dirudi garrantzi handirik ematen zaiola antolamendu eta ordenari: gimnasioen %16tan ez da monitorerik areto guztietan, erabiltzaile denak ongi daudela eta arazorik ez dela bermatzeko. Hutsune hori gehien nozitzen duten zentroak Kordoba, Logroño eta Murtziakoak dira; A Coruña, Bartzelona, Oviedo eta Valladoliden bisitatu direnetan, berriz, alderdi hori zorrotz zaintzen dute.

Jacuzzi eta saunak erlaxatzeko baliagarriak izan badaitezke ere, ez zaizkio komeni edonori: haurdunek, presio arteriala gaizki konpentsatua dutenek, kardiopatia larria nozitzen dutenek, barizeak dituztenek eta antzekoek kaltegarri dituzte sauna eta jacuzzia. Halaz ere, horrelako zerbitzuak eskaintzen dituzten hamar gimnasiotik lautan ez dago horretaz informaziorik. UVA izpiek eragin ditzakete alboko ondorioak (larruazaleko eta begietako minbizia eta beste hainbat gaixotasun) ezagutu behar badira ere, hiru zentrotik batek ez du horri buruzko informaziorik ematen. Alderdi horretatik, gimnasio hoberenak Bilbo, Granada eta Oviedokoak dira. Beste muturrean Sevilla, Valentzia eta Valladolidekoak dira.

Hamar zentrotik zazpitan adierazi dutenez, bertako enplegatuek jarduera profesional hori betetzeko beharrezkoa den titulazioa daukaten arren, aldizkari honetako teknikariek, bezero izan nahi zutela adieraziz, gauzak jakiteko interesa agertu zutenean, lau zentrotik batean horri buruzko informazioa emateari uko egin zioten eta gainerako gimnasioetan erantzun anbiguoa eman zitzaien. Horixe izan zen, beraz, aldizkariko teknikariari emaniko tratua gimnasioen %13tan espero zena bezain ona izan ez zela deliberarazi diguten arrazoietako bat. Bisitariari teknikariak lagundu eta instalazioak erakutsi zizkiolako, gimnasio batzuetan harrera eta arreta hobea izan zen: A Coruña eta Valentziakoak nabarmendu ziren alderdi honetan, Donostiakoak ez bezala. Bezeroak erreklamazio orriak eskura dituela adierazten duen kartela hiru gimnasiotik batek ez dauka (Alacant, Logroño, Donostia, Valladolid eta Valentzian bisitatu diren zentroetako bakar batean ez dago horrelakorik).

Matrikula eta kuota

Matrikula ordaintzea derrigorrez bete beharreko baldintza da zentro gehienetan: azterturiko 200 gimnasioetan, lautik batek ez du apuntatzearren dirurik kobratzen. Gainerakoetan, izena emateko tarifaren batez bestekoa 70 euro da. Halaz ere, alde nabarmenak hautematen dira spa edota ur zona daukatenetatik ez daukatenetara. Spa daukaten establezimenduetako (azterturikoen %45) batez besteko prezioa 90 euro da baina hiri batetik bestera sekulako aldeak daude. Garestiena Madrilen ikusi da (286 euro); merkeenak, Oviedo (42), Logroño (38) eta Valladoliden (26).

SPA edo ur zonarik ez duten gimnasioetan matrikulatzea 44 euro kostatzen da, batez beste. Honelakoetan batetik besterako aldeak txikiagoak dira (Sevilla, Kordoba, Gasteiz, Oviedo eta Donostiako batez besteko 60 – 75 euroetatik Granada eta Malagako 25 euroetara).

Hasierako matrikulari hileko kuota gaineratu behar zaio: 56 euro batez beste, baina honakoa ere dezente aldatzen da, establezimenduak spa daukan edo ez. Horrelakoa daukaten zentroetan batez besteko hileko kuota 66 euro da. Garestiena Valentziako gimnasio batean atzeman da: hilero-hilero bezeroak 175 euro ordaindu behar ditu bertan. Merkeena Bartzelonan da (25 euro hilean). Gimnasioen arteko alderaketa hiri horietan, hain zuzen, egin behar da, Valentzian erabiltzaileak hilean 139 euroraino aurrez baitezake eta Bartzelonan ia 70 euro.

Spa ez daukaten establezimenduetako hileko batez besteko kuota 48 euro da. Honelakoetan ere erabiltzaileak, matrikula egin aurretik, konparatu egin beharko luke, merezi du eta: Bilbo, Murtzia, Donostia eta antzekoetan hilean 70 euroko aurrezkia egin dezake bezeroak, hots, ia 840 euro urtean.

Azterturiko gimnasioen %65etan gure teknikariek ez dituzte tarifak jendaurrean ikusi Alacant, Donostia eta Valentziakoetan; eta A Coruña eta Sevillako bakar batean zeuden horrelakoak.

Bezeroak aldez aurretik oharpena egin eta gimnasiora joan gabe aldi bat ematen badu (oporraldietan, adibidez) zentroek nolako ordaintze-aukerak ematen dituzten galdetu dute aldizkari honetako teknikariek. Azterturiko zentroen %18k aldi horretan ere hil osoa ordainarazten diote edo, bestela, matrikula egin behar du erabiltzaileak ostera hastean. Gimnasioen %37k hileko kuota baino merkexeagoa den mantenu-kuota ezarria dute (Kordoba eta Gasteizkoen hamarretik bederatzik). Eta gainerako %45etan hutsaldi horietan ez da dirurik ordaindu behar eta, oporretatik itzultzean, aski da hileko kuota soilik ordaintzea (A Coruña, Alacant, Granada, Malaga, Murtzia eta Valladolideko gehienetan).

Neurri-neurriko tarifa eta ordutegia

Azterturiko zentroen %15ek baizik ez du kuota merkatzen bezeroak astean hirutan bakarrik joatea erabakitzekotan. Horrelakoetan hilean ordaindu beharreko batez besteko kuota 42 euro bada ere, Iruñeko gimnasio batean 15 euro baizik ez dute kobratzen; Madrilekoetako batean, aldiz, 150 euro kentzen dute eta, gainera, aukera bakarra horixe da: astean hiru egunetan joatea, alegia. Hamar establezimendutik ia lauk gimnasiora joateko ordutegiaren araberako tarifa aldagarriak dituzte (halaz ere, A Coruña, Alacant, Logroño, Murtzia, Oviedo, Iruñea, Donostia, Valentzia eta Gasteizko gehienetan ez dago tarifa murrizturik) eta hirutik bitan bada era batera edo besterako deskonturik.

Horrelako zentroek eskaintzen duten zerbitzua geroz eta zabalagoa da: %10ek bakarrik ixten dute larunbat eta igandean eta hamarretik lau egunero dago zabalik, gehientsuenek ordutegi zabal-zabala dutelarik. Astegunean gimnasioak batez beste hamalau orduz daude irekita; larunbat eta igandean, zazpi orduz.

Eguerdian ixten dutenak gutxi dira (%22 baino ez), kirola praktikatzeko geroz eta jende gehiagok ordu horiexek hautatzen dituztelako. Eskaintza oporraldietara ere hedatzen da: duela lau urte aztertu ziren gimnasioen %12k abuztuan ixten zuten eta gaur, berriz, %7,5ek baizik ez.

NOLA AUKERATU GIMNASIOA?
  1. N on dagoen: egokiena, pertsona ohi dabilen tokietatik gertu egotea, ez joateko aitzakia gutxiago izango baitu horrela. Batetik bestera joateko autoa badarabil, hobe da zentroak parkinga edukitzea edo inguruetan aparkatzeko zailtasunik ez izatea.
  2. Tarifa, prezio eta kontratuzko konpromisoak: zentro bat baino gehiagotan prezio eta zerbitzuak konparatzea merezi du. Baliteke gimnasio batek instalazio ugari izatea baina, den-denak erabili behar ez izatekotan, agian hobe dugu beste apalago eta merkeago batean izena ematea. Bertan sartzean hartzen ditugun konpromisoak jakitea ere komeni izaten da, zentro batzuek kuota helbideratzea, aurretiaz hainbat kuota pagatzea etab. exijitzen dutelako. Era berean, baja emateko erraztasunik ba ote den edo, gimnasiora ez goazen aldietan (oporretan, adibidez) kuota berdin-berdin ordaindu behar genukeen, etc., galdetu behar da.
  3. Ordutegi eta egutegia: gimnasioa irekitzeko ordutegia eta bere bizimodua elkargarri diren jakin behar du aurretiaz interesatuak: eguerdian, jai egunean edo oporrengatik ixten duen, esate baterako.
  4. Pertsonalaren titulazioa eta presentzia: eskolak emateko, makinen jarduera eta ariketak ikuskatzeko ardura duten pertsonak titulatuak (heziketa fisikoan lizentziaduna, kirol entrenatzailearen pareko titulu homologatu bat, etc.) izatea ere garrantzi handikoa da. Bezeroaren esanetara egon behar du beti monitoreren batek, galdera eta kezkak argitzeko, okerreko posturak zuzentzeko, etab. Horiek, beharrezkoa balitz, pertsonaren premien araberako ariketa-taula berariazkoa diseinatu beharko lukete.
  5. Bezeroaren gustuko zerbitzu eta jarduerak: gimnasioak beste hainbat zerbitzu osagarri badituen galdetzea, hala nola haurtzaindegia, kafetegia, jatetxea, arropa-ikuztegia, fisioterapia…
  6. Bisita gidatua: interesatuak instalazioetan barna bisita egiteko baimena eskatu ahal izango du eskolak, gimnasioko giroa, garbitasuna, antolamendua, txukuntasuna ikusteko do monitorerik baden egiaztatzeko. Establezimenduaren barrualdea eta bertako jarduera ikusteak erabaki egokiagoa hartzen lagunduko gaitu.
  7. Instalazioak: behar beste izan behar izateaz gainera (ariketa bakoitza egiteko makina bat baino gehiago izatea, adibidez), aretoak zabalak izatea eta ondo egokituak egotea garrantzitsua da.
  8. Kontserbazio egoera eta garbitasuna: higiene eta garbitasun arauak zorrotz bete behar ditu gimnasioak, bai ariketak egiten diren aretoetan, bai aldageletan ere. Horrez gainera, denak txukun antolatua egon behar du eta kirola praktikatzeko elementuak gordetzeko armairu egokiak ez ezik, erabiltzaileen arropa eta gainerakoak bermez uzteko takilak ere eduki behar ditu zentroak.
  9. Spa edo ur zona: izena ematera doan bezeroari horrelakorik izatea interesatzen bazaio, hobe du matrikulatu aurretik galdetzea, horrelako instalazioak ez dituzten gimnasioak ugari baitira.
  10. Aurretiazko azterketa medikoa: bakoitzak bere premiak eta bere egoera fisikoa dituenez, ariketa taula jakin batekin hasi aurretik sakoneko azterketa medikoa egitea garrantzi handiko kontua da.
  11. Giroa: izena ematera doan erabiltzailearen interes berberak dituzten pertsonak doazen gimnasioa aukeratzea komeni da, hura integraturik sentitu eta gustura ibil dadin. Bestela, hori aitzakia (perfektua, agian) izan liteke berriz ez joateko.
  12. Aireztapena: establezimenduak aireztatzeko sistemak eta aire egokitua dauzkala egiaztatzea ere komeni da.
  13. Kate handi bateko kide izatea: gimnasio batzuk firma handietako establezimenduak dira eta, hartara, hiri horretan edo beste hiri batzuetan dituzten gimnasioetara ere joateko aukera ematen diete erabiltzaileei.

Ekipamendua eta segurtasuna eta konparaketako taula

Instalazioen egoera, oro har, egokia bada ere, hamarretik bi zaharkituak daude. Gimnasio denetako aretoak garbi eta kontserbazio egoera onean daude, zoruan tarima dute eta hormetan ispiluak, baina hamarretik lauk ez dauzkate aulkiak eta arropa uzteko esekitokiak. Zentroen %30etan, halaber, ez dago ur edangarriko iturririk aretoetan edo aldageletan.

Gimnasioaren kalitatearen berri adierazten duen faktoreetako bat makinen egoera da: hamahiru zentrotan makinen atal irtenekin kolpe egin eta min hartzeko arriskua dago (baina kopuru hori Donostian azterturiko zentroen %30eraino doa eta Malaga eta Valladolideko %20eraino). Bisitatu diren gimnasio gehienetan materiala txukun-txukun antolatua zegoen.

Gimnasioaren kategoria aldagai askoren arabera neurtzen da: eskaintzen dituen jarduera eta zerbitzuak, aldagelen egoera edota ekipamenduengatik, besteak beste. Hamar zentrotik zortzitan dutxa denak indibidualak dira, behar beste daude eta uraren tenperatura egokitzeko aukera ematen dute. Lur ez-labaingarria ere %80tan dago baina gimnasioen %14tan aldagelak ez dira behar bezain zabalak eta %85ek takilak ditu.

Balizko larrialdirik jazoz gero, segurtasunaz ari garela, hamarretik seitan behar beste su-itzalgailu daude, egokiro banatuak. Kezkagarria, ordea, bisitatu diren zentroen %63tan larrialdiko irteerarik ez izatea eta erabiltzaileei larrialdietan nola jardun behar duten jakinarazi beharko lioketen kartelak ez zeuden gimnasioen %22tan.

Beste hainbat zerbitzu: aparkalekua, kafetegia, haurtzaindegia, takilak…

Hamar gimnasiotik batek dauka aparkaleku propioa (%7 ziren 2004an) baina 20tik bakar batean ematen diote bezeroari zerbitzu hori doan. Arropa zaintzeko zerbitzua ere gutxitan eskaintzen da: azterturiko zentroek %17tan baizik ez. “Betiko” takila hartzeko aukera arruntagoa da; zerbitzu hau zentroen erdietan dabil baina, zehatz dezagun: hilean sei euro eta erdi kostatzen da, batez beste. Bi gimnasiotik bitan, gainera, toallak ere alokatzen dira.

Kirola praktikatu ondoren indarrak berritu beharra dago, kafetxo bat hartuz edo mokadu bat eginez, adibidez. Deigarri gertatzen da, horregatik, kafetegia azterturiko hiru gimnasiotik bakarrak edukitzea, edariak saltzen dituen makina (ur botila txikiaren batez besteko prezioa 0,80 euro da) hirutik bik badaukaten arren. Eta, harrigarriago, %16tan bakarrik dago jatetxea, lautik batean janaria saltzen duten makinak dauden arren.

Iruzkin dezagun, amaitzeko, zentroen irisgarritasuna baloratu ahal izateko, aldizkariko teknikariek gimnasio den-denetan galdetu zutela gurpildun aulkian doan pertsona batek instalazio haietan ariketak egiteko izena eman ahal zezakeen; bostetik bitan erantzuna baiezkoa izan zen (Donostia eta Valladolidekoetan, ezetz biribila).