Aire egokitua

Beroa handia denean...

Klimatizazioaren industriak Espainian 1.400 milioi eurotik gora eragiten ditu eta ia milioi bat etxerako ekipo saltzen du urtero
1 maiatza de 2005

Beroa handia denean...

/imgs/20050501/informe01.jpg
Aire egokituko aparatuak udako izar bilakatu dira. Uda parteko beroak etortzean, aparatu horiek bete-betean ari dira martxan eta gelako bero sapa freskotasun atsegina bihurtzen digute. Orain dela sei mila urteko siriarrek ezaguna bazuten ere, aire egokituaren erabilera masiboak mende bat baizik ez du. Nahiz eta muturreko tenperaturetara lurralde askotan iristen diren, Espainian 620.000 etxebizitza (guztirako kopuruaren %6) baino gehiagok zeukan 1990 urtean freskatzeko sistemarik. Proportzio hori hamar urtean hiruz biderkatu da: 2001ean, Espainiako Estatistikako Institutu nazionalaren arabera, ohiko bizitokitzat baliatzen ziren 2,2 milioi etxebizitzak zuten aire egokitua.

Eta joerak goraka segitzen du: azken bi urteotan Espainiak nozitu dituen tenperatura handien ondorioz, horrelako aparatuen salmenta izugarri ugaldu da; esate baterako, 2004an klimatizazio eta aire egokituko aparatuen fabrikatzaileek 1.472 milioi eurotik gora fakturatu zuten eta, 2003ko uztailean, klimatizagailu bat instalatzeko itxaronaldia sei astebetekoa ere izan zen. Kontsumoa Levante, Murtzia eta Madrilen biderkatu da gehien. Erositako hamar aparatutik bederatzik kalefakzioa ere badaukate (“bero-ponpa”) eta aparatu horien erdien prezioa 600 eurotik behera dabil.

Etxebizitzako tenperatura egokiaz ari garela, espezialistek diotenez, baldintza klimatikoetara gorputzak egokitzeko duen gaitasuna eta sasoi beroetan arropa arinagoa janzten dugula gogoan izaki, 21 eta 25 gradu bitarteko tenperatura aski da etxean eroso sentitzeko.

Aparatu motak

Aparatu finkoak

  • Split sistema (“banatua”, ingelesez).
    Honelako aparatuek bi unitate dauzkate: konpresorea, etxebizitzatik kanpo (balkoian edo fatxadan, adibidez) instalatzen dena eta lurrungailua, barruan dagoena. Bi parte horiek bi hodiren bidez lotuak ohi doaz.
  • Hormako split
    Barne-unitate batek eta hormako kanpo-unitate batek osatua.
    Egokia: gela edo areto bakar bat klimatizatzeko.
    Abantailak: gela bakar batean aire egokitua edo kalefakzioa jarri nahi denean merke gertatzen da.
    Prezioa: 300 eta 1.000 euro bitartean, modeloen arabera.
  • Split bertikala
    Unitate bakarra, tamaina handikoa, dorre motakoa. Gelan bertikalean kokatzen da.
    Egokia: freskatzeko premia handiak dituzten geletan.
    Abantailak: freskatzeko potentzia handia.
    Prezioa: 800 eta 2.500 euro artean
  • Multi-split sistema.
    Aurrekoak ez bezala, etxe barruan unitate bat baino gehiago dauzkanez, bakoitza gela batean ipin daiteke. Etxebizitza handietarako egokia da hau, unitate bakarrekoa etxe osorako motz geratzen denean.
  • Multi-split
    Barnean unitate bat baino gehiagoz osaturiko split sistema.
    Egokia: era independenteak hainbat gela klimatizatzeko. Klima bero-beroko herrialdeetan kokaturiko ehun metro karratutik gorako etxeetan eta familiabakarreko etxebizitzetan komenigarria.
    Abantailak: atal guztiek batera funtzionatzea ez da derrigorrezkoa.
    Prezioa: 900 eta 1.200 euro artan (2 un.) edo 1.400 eta 1.800 euro artean (3 un.).
  • Zoru-sabaiko split
    Barne-unitatea horman, zorutik 10 zentimetrora edo sabaian ipin daiteke.
    Egokia: geletan erradiadoreak badaudelako, lurretik gertu unitateak ipintzea ezinezkoa denean eta goialdeetan kokatzeko ere eragozpenak daudenean
    Abantailak: potentzia handia. Erradiadore konbentzional balitz bezala ipin daiteke.
    Prezioa: 1.500 eta 2.000 euro artean.
  • Leihoko klimatizagailua
    Unitario eta konpaktua. Leihoan edo kanpo-horman instalatzen da, ekipoaren erdia kanpora eta beste erdia barrura geratzen delarik. Unitate berean dena daukate: konpresorea, haizagailua, lurrungailua… horrek, etxebizitza barruan aditzen den soinua eta ikusten den estetika aldetik, eragozpenak sortarazten ditu.
    Egokia: fatxadan unitateak jartzea debekatuta duten etxebizitzetan instalatzeko. Baita obretako etxola eta etxe prefabrikatuetan ere.
    Abantailak: instalazio soila. Merkea.
    Prezioa: 400 eta 700 euro artean.

Eramankorrak

  • Split eramankorra:
    Konpresorea ere kanpoan ipini behar da baina ez da finko uzten: balkoian utz daiteke, adibidez. Aparatu hau toki batetik bestera eraman eta nahi den tokian erabil daiteke, gelak kanporako ate-leihorik baldin badu.
  • Monoblok sistema:
    Barne-unitatea baizik ez dauka honek, kanpoan kokatzeko elementurik ez du. Aire beroa hodi batetik ateratzen duenez, leiho edo ate bat erdi irekita utzi beharko dugu, aire beroa daraman hodia kanpoan uzteko. Split eramankorra baino eroso eta merkeagoa bada ere, gutxien hozten duena da hau, potentzia txikiagoa baitu.
  • Split eramangarria edo monoblok eramangarria
    Ez dauka kanpo-unitaterik.
    Egokia: alokairuan hartutako etxebizitzetan edo bigarren egoitzetan. Aholkatzeko modukoa, era berean, instalazioaren konplexutasunak bestelako ekiporik jartzea galarazten duenean.
    Abantailak: instalazioaren premiarik ez du eta erraz eraman daiteke. Iragazkietara erraz iristen da.
    Eragozpenak: Soinu ozenegia nozitzea, konpresorea etxe barruan sartu behar delako (split eramankorra). Potentzia-gama mugatua da eta energia asko kontsumitzen du.
    Prezioa: 500 eta 800 euro artean.

Inverter sistema

Dagoeneko aparatu askok duten teknologia hau klimatizazio sistema tradizionalen emaitzak hobetzen ditu. Tenperatura egokitzeko, orain artekoek abiatze-gelditze zikloak errepikatzen zituzten; haiek ez bezala inverter teknologiari esker aurretiaz aukeratutako tenperatura mantendu egin daiteke; tenperatura egoki horretaraino iristeko baizik ez da energiarik kontsumitu behar. Horretarako, aparatuaren irteeran freskatze-potentzia murriztu edo areagotu egin behar da, erdietsi nahi den tenperaturaren arabera, konektorea piztu eta itzaltzen ibili gabe. Emaitza: erosotasun handiagoa eta gastu txikiagoa (sistema tradizionalen aldea, %25eko aurrezkia ere lortzen da). Gelan tenperaturen igoera-jaitsierarik ez da gertatzen, kontsumoa optimizatu egiten da eta aire egokituko aparatuaren bizitza baliagarria luzatu egiten da, kondentsadorearen abiatze-gelditzeen kopurua arras murrizten delako. Honelako aparatuek ez dute soinu handiegirik kanporatzen eta, gainera, airea hobeki banatzen dute, giroko osasun eta higiene baldintzaren mesedetan. Prezioari doakionez, inverter sistema daukaten aire egokituko ekipoak tradizionalak baino garestiagoak dira (180 euro gehiago, batez beste) baina, ikusi bezala, gutxiago kontsumitzen dute.

Bero-ponpa

Uda partean aire egokituaren eta neguan kalefakzio-sistemaren premia duenarentzat aukera egokia da hau. Hasierako inbertsioa aire egokituko bestelako aparatuena baino %25 garestiago gertatzen bada ere, aurki ordainduko du horrek bere burua, %30 – %40 inguruko energi aurrezkia egin daiteke eta.

Bero-ponparen abantaila nagusia, kalefakzioaren eraginkortasun energetikoan datza, kontsumitzen duena baino bizpahiru bider energia gehiago eman baitezake. Horrela gertatzen da, kanpo aldeko eguratsetik energia doan eskuratu eta kalefakziorako energia baliagarritzat etxeratzen duelako. Era asko-askotako modeloak aurkituko ditugu salgai: leihoko aparatuak, toki batetik bestera eroan daitezkeenak, itxura estetiko eta dotoreko kontsola konpaktuak, multi-split ekipo apaingarri ekonomikoak, etc.

Aire egokituaren instalazioa

Konpresorea kanpoan instalatu ahal izateko auzokideen komunitatearen baimena eskuratzeak berebiziko garrantzia du; etxe barruan ipini beharreko elementuari dagokionez, hodiek zeharkatu beharreko horma eta paretak seguru aski zulatu beharko ditugu, erreten horiek gerora kanaltxoen bidez ezkutatu egin daitezkeen arren. Eskualde bero-beroetan honelako aparatuek eragozpen larri bat izaten dute: konpresoreak tenperatura handia duten elementuak ukitzen dituenez, matxurak maizago gertatzen dira, askozaz ere lan handiagoa egin behar izaten baitu horrela. Hona beste aspektu garrantzizko bat: aire egokituaren instalazioa (aparatu eroangarriena izan ezik) egiteko igeltseroari deitu behar zaio, hodiak kokatzeko behar den lana berak egingo baitu; ondoren, aparatua profesional batek instalatuko du. Etxetresna hauek saltzen dituzten establezimenduek bezeroa eta instalazio horietan espezializatutako profesionala harremanetan jartzen dituzten arren, profesional horiek adituak ere badirela segurtatzea ez dago gaizki. Aparatuaren prezioari 300 euro inguru gehitu behar izaten zaizkio batez beste: hori biziki gogoan eduki behar da, aurrekontua egiteko unean.

Erostean asmatzeko. Klabeak

  • Erosi aparatua behar bezain aurretiaz. Oso litekeena da uztailetik aurrera (eta, batez ere, abuztuan) merkatua saturaturik egokitzearren, erosten diren aparatu guziak instalatzerik ezinezkoa izatea. Bestetik, zenbat eta geroago erosi orduan eta prezioek gora egiteko aukera gehiago.
  • Aparatua aukeratzeko garaian izan gogoan zure eskualdeko klima, etxebizitzako dimentsioak, etxearen eta hormen orientazioa, etxeko lagunen kopurua, ezarri zaion isolamendua, etc..
  • Kalkulatu zeure premiak: negu partean kalefakzioaren premia baduzu, agian hobe izango da bero-ponpaz hornituriko aire egokituko aparatua eskuratzea, merkeago gertatuko zaizu eta.
  • Saia zaitez, aparatua erosi aurretik, instalatu behar den tokia teknikoak ikus dezan, instalatzeko aukerak zehatz-mehatz ezagutzeaz gainera, aparatu egokienaz eta gainerako datuez aholkuak eman diezazkizun.
  • Konpara itzazu prezioak. Ez gelditu aurreneko eskaintzarekin, besterik gabe. Prezioan sartzen den guztia ezagutu eta, eskainitakoa bete ezean, erreklamazioa jarri ahal izateko, eskatu idatzizko informazioa.
  • Ezagutu aurretiaz aparatuaren eta instalazioaren ezaugarri eta xehetasun guztiak; galde ezazu azken prezio horretan BEZ sartua dagoen.
  • Ez aukeratu behar baino tamaina edo potentzia handiagoko aparaturik, energia eta zure dirua alferrik ez xahutzeko.
  • Segurta ezazu aukeratutako aparatuak tenperatura zenbakitan irakurtzeko elementuaz hornituriko termostatoa ez ezik, denbora eta tenperaturak programatzeko mekanismoa eta giro-sentsoreak dauzkala. Tenperatura gradu batez hozteak kontsumoaren %8 areagotzea ondoriozta dezake.
  • Gogoan izan aparatua profesional batek instalatu behar duela. Eska ezazu instalatzeko aurrekontuak. Instalazioaren kostua hainbat elementuren arabera aldatuko da: aparatua zein eskualdetan kokatuko den, instalazio-gune batetik besterako distantzia, erretenak egitea aski den edo bestelako obrak egin behar diren, etc.
  • Zeinahi erreklamazio dela eta, arazorik ez izateko, eska ezazu zehaztasun osoz eginiko faktura. Bertan instalazioa sarturik ez badago, eskatu faktura instalatzaileei ere.

Fresko bai, baina dirua xahutu gabe

  • Aire egokituko aparatua erosteko unean izan gogoan: prestazio berdinak emateko, aparatu batzuek besteek baino %60 energia gehiago kontsumitzen dutela.
  • Ordubetean etengabe funtzionatzen duen aire egokituko aparatu batek, orduko 3.000 frigoriakoak, 1’4 KW inguru kontsumitzen du, hots, 0,08 euro. Arropa lisatzeko plantxak beste horrenbeste kontsumitzen du.
  • Instala ezazu unitatea iparralderako fatxadan edo itzalpeko alderdian, patioetan. Babestu eguzki errainuetatik, gainean teilatutxoa ipinita.
  • Ahalegin zaitez kanpo-unitatea eta barne-unitatea elkarrengandik oso urrun ez ipintzen: zenbat eta urrutiago, orduan eta kontsumo handiagoa.
  • Ahalegin zaitez berotasuna sortarazten duten etxetresna elektrikoak gela freskatuetan ez ipintzen eta termostatoa bero-iturrietatik (bonbillak, eguzki-argia, etc) gertu uzten.
  • Erregula ezazu termostatoa 25º C-tara, gehienez ere. Tenperatura hozten den gradu bakoitzeko energiaren kontsumoa (baina ez konforta) %8 areagotzen da. Beste aldetik, tenperatura-kontraste handidun giroetara egokitzearren birika eta eztarriko gaitzak harrapatzen direla zehazki frogatua dago.
  • Nolanahi ere, ez da osasungarria kanpoaldean baino 12º C gutxiagoko tenperatura izatea.
  • Lo egiteko aski da 15º eta 17º C-ko tenperatura; baliteke, halaz ere, haurrek eta zaharrek zertxobait gehixeago behar izatea ere.
  • Instala ezazu termostatoa zure aparatuak ez baldin badauka horrelakorik edo tenperaturaz informazio zehatza ematen ez badu.
  • Oheratu baino minutu batzuk lehenago, itzali aire egokituko aparatua: sentsazio termikoak tartetxo batez iraungo du, giroko inertzia termikoaren ondorioz, eta ez du energiarik kontsumituko. Goizean, etxea ongi egurastu arte, ez piztu aparatua.
  • Beroa handia denean, itxi eguzkira begirako leihoak, pertsiana edo kontraleihoekin. Horrela energiaren %30 aurrezteaz gainera, giro atsegina azkarrago jarriko duzu.
  • Behar bezalako toldo eta kristalak ezarriz eta horma eta sabaiak egokiro isolatuz ere %30eko energiaren aurrezkia egin daiteke.
  • Ez utzi ate-leihoak zabalik: aparatua etengabe ibiliko da lanean eta kontsumoa handiagoa izango du.
  • Uda partean, saia zaitez egunean zehar etxe barrua ilunpetan mantentzen (argiak piztea derrigorrezkoa bihurtu gabe). Era berean, kanpo aldean toldoak eta pertsianak instalatzea komeni da eta barne aldean, berriz, gortina eta errezelak. Eguzki-errainuak zuzen sartzea galarazten dutenez, etxea freskatzeko premiak arintzen dituzte.
  • Garbitu iragazkiak maiz (bi astean behin): iragazki zikinak, airearen kalitatea txartzeaz gainera, kontsumoa areagotzen du.