Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Inkesta egin diegu www.consumer.es atariaren 1.000 erabiltzaileri baino gehiagori, eta berdura eta barazki izoztuen inguruan galdetu diegu : Berdura izoztuak: ez da erraza okerreko usteak gainditzea

Inkestari erantzun dioten herritarren %83k adierazi dute berdura freskoak erosteko ohitura dutela baina herritarren %14k bakarrik hautatzen dituzte berdura izoztuak maiz samar

Ohiturak

Kontsumo ohiturak

Inkestari erantzun dioten pertsonen %7k bakarrik onartu dute ohitura gutxi dutela berdurak jateko. Gainerakoen artean, maiztasun bat baino gehiago ageri da asteko kontsumoan: %37k astean behin- 5 aldiz jaten dituzte, %34k 5-10 aldiz, eta %22k 10 aldiz baino gehiago.

Osasun arloko agintarien gomendioa da egunean 3 eta 5 errazio artean hartzea barazkiak, hau da, egunean, gutxienez, 400 gramo jatea. Gomendio horiek betetzeko, aski izango litzateke lehen platerean jatea eta baita bigarren platerak lagunduz ere, bai bazkaritan eta bai afaritan ere. Gainera, komeni da errazio bat, gutxienez, gordinik jatea (entsaladan), era horretan eusten baitiete ongien beren mantenugaiei.

Elkarrizketatu ditugun kontsumitzaileen %83k adierazi dute gehienbat berdura freskoak erosten dituztela. Izoztuak erosteko ohitura %14k baino ez dute, eta beste %3ek kontserban datozenak aukeratzen dituzte.

Are gehiago, erantzun duten herritarren %52k diote berdura freskoak baino bakanago jaten dituztela izoztuak, eta %11k bakarrik hautatzen dituzte maizago izoztuak. Badira berdura izoztuak sekula jaten ez dituztenak ere, %27 hain zuzen.

Ildo horretan, batek baino gehiagok sinetsi egiten ditu berdura izoztuen inguruko uste eta mito okerrak, adibidez kontserbagarriak izaten dituztela edo galdu egiten dituztela ezaugarriak. Hain zuzen, elkarrizketan parte hartu duten lau lagunetatik hiruk honako bi arrazoi hauek eman dituzte berdura freskoen alde egiteko: osasungarriagoak direla eta zapore hobea dutela. Beste %22k azpimarratu dute dendan oso eskura izaten dituztelako erosten dituztela.

Izoztuei buruz

Lau lagunetatik hiruk berdura izoztuak jaten dituzte, halaxe adierazi dute. Horien artean, %44k nahiago dute berdura bakoitza banaka jan, beste %22k nahasita nahiago dituzte eta %34ri ez zaie axola modu batean edo bestean jan.

Berdura izoztuak jaten dituzten herritar horien erdiek baino gehiagok (%55) beti eskura eta egoera onean aurkitzen dituztelako hautatzen dituzte, urteko edozein sasoitan. Beste %36k nabarmendu dute erraz erabili eta prestatzen direlako maite dituztela (erraz prestatzen eta zerbitzatzen dira, eta prestatuta, moztuta eta garbituta etorri ohi dira), eta, azkenik, %9k horietara jotzen dute denbora eta dirua aurrezteko modua ematen dietelako.

Egia da berdura izoztuak garbituta etorri ohi direla, osorik edo moztuta eta egosteko prest (desizoztu beharrik gabe), zuzenean ur irakinetan sartuta, eta hori abantaila aipagarria da. Hain zuzen, horixe da gauzarik erakargarriena berdura mota hori erosten dutenentzat. Baina, horretaz gain, oso denbora gutxi pasatzen denez berdura horiek bildu eta izoztu artean (ordu batzuk baino ez), oso ongi mantentzen dituzte berdura freskoen nutrizio arloko ezaugarriak, eta batzuetan kopuru handiagoetan ere ematen dituzte bitaminak eta mineralak beste formatu batzuetan datozenek baino. Adibidez, bildu eta handik hiru egunera jaten diren espinaka freskoek kopuru txikiagoetan ematen dute C bitamina espinaka izoztuek baino. Eta, azkenik, prezioaren eta kalitatearen arteko harremana oso ona izaten da.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak