Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

Haurtzaindegiak : Behar beste plazarik ez, oraino, haurtzaindegi publikoetan

Azken sei urteotan egoera ez da ia-ia aldatu egin: publikoak, oro har, hobeak dira pribatuak baino. Langile zuzkidura eta kualifikazioa egokia da orain ere

Zer gertatzen da haurtzaindegi publikoetako tarifekin?

Haurtzaindegi publikoetako gehieneko tarifak garesti izan daitezkeen arren, oso-oso gutxitan aplikatzen dira: plaza eskasia larria denez, tokiak diru-sarrera urriagoak dituzten familietako haurrek betetzen dituzte, lehentasun hutsez. Haurrak onartzeko irizpideak (familiaren errenta norbanako, helbidetik gertu egotea, familia ugaria edo zentroan beste senideren bat matrikulaturik edukitzea) lagungarriak dira eskola-tarifa eta zerbitzuak ezartzean. Eskola publiko gehientsuenetan matrikularik ez da kobratzen eta, hala egiten dutenean, gehieneko tarifa 60 euro da; pribatuetan, aldiz, izen ematearren 180 eurotik gora kobratzen da. Jantoki zerbitzuaren prezioak hileko kuotan sartzen dira batzuetan eta, bestetan, aparte ordaintzen dira. Jardunaldi osoko eskola-tarifetan ere alde handiak daude: Madril, Malaga, Sevilla edota Valentziako publikoetan ez ordaintzea ere posible da, familiaren egoerak hala agintzen duenean; bestetik, Bizkaia, Gipuzkoa eta Arabakoetan (180 euro hilean) eta Bartzelonakoetan (136 euro) diskriminazio positiboa sarreran bakarrik egiten da: faktura beti bera da. Haur eskola garestienak Malaga eta Sevillan daude: 240 euro hilean. Ordutegi luzatuaren kostua (ordutegi konbentzionala baino ordubete gehiago ematen du umeak eskolan) merkea da, 10 euro ingurukoa; dena den, publikoek ohiko ordutegia zabaltzen dute askotan, zazpi ordutatik zortzi ordutara.

Nola aukeratu haurtzaindegia

  • Bisita ezazu zentro bat baino gehiago, bakoitzean eskaintzen dituzten zerbitzuak, dauzkaten azpiegiturak, ordutegiak etab. konparatzeko.
  • Eskolatik gure etxe edo lantegirainoko distantzia garrantzitsua da.
  • Aukeratu haurrak adinen arabera, talde txikitan sailkatuak dituen haurtzaindegia:
    • Urtebete arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 8 haur, gehienez
    • Urtebetetik bi urte arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 13 haur, gehienez
    • Bi eta hiru urte arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 18-20 haur, gehienez
    • Hirutik sei urtera arteko haurrentzat: hezitzaile bakoitzeko 25 haur, gehienez
  • Baliozta ezazu haur eskolaren segurantzia:
    • Leihoak: haurrek ireki ezin dezaketen altueran.
    • Ateak: haurren hatzak harrapa ezin ditzaketen sistemez eta kisketez hornituak.
    • Entxufe eta aparatu elektrikoak: ohiko altueratik gora edota babestuak.
    • Garbitzeko produktu eta antzekoak: armairu edo geletan itxita, giltzapean.
    • Izkina eta zutabeak: gomazko zerrendez babestuak.
    • Kalefakzio sistemak: hobe zoru erradiatzailea ohiko erradiadoreak baino (babestuak egon behar dute).
  • Galde ezazu nolako hezkuntza programa duten: helburu pedagogikoak, jarduera programa, etc.
  • Egiazta ezazu hezitzaileen titulazioa. Horretarako egokienak hauek dira: Haur Hezkuntzan Espezializaturiko Irakaslea eta Haur Hezkuntzarako Goi Teknikaria. Homologaturiko Haur Hezkuntzako ikastaroak ere baliozkoak dira eta egokiak, era berean, pediatria edota psikologiako tituluak ere.
  • Haurtzaindegiko langileen prestasun, atsegintasun eta haurrekin agertzen duten pazientziaz informazioa jasotzea komeni izaten da.
  • Erabilera esklusiboko establezimendua izan behar du haurtzaindegiak, berariazko sarbide independentea daukana, eta gutxieneko espazio batzuk eduki behar ditu. Hurrengoak izango ditugu erreferentzia orokorrak: haurren adinen arabera sailkaturiko ikasgelak, 20 metro karratukoak, gutxienez, ongi egurastu eta argitsuak (ahal dela, argitasun naturalez). Erabilera anitzeko espazioa, gutxienez 30 metro karratukoa, jolasetan aritzeko espazio zabala eta patioa, aire zabalean, ahal dela. Ikasgela bakoitzak bere komuna eduki behar du, behar bezainbesteko material sanitarioz hornitua (bi komun, bi lababo eta kristalezko bereizketa, haur batek komuna darabilen bitartean hezitzaileak gainerako haurrak ikus ditzan), ikasgelatik ikusteko eta bertatik sartzeko modukoa. Langileentzako berariazko komunak, haurrenetatik bereiz. Zuzendaritza edo idazkaritza bulegoa.
  • Zoruak goxoak izango dira, koskarik gabeak, behaztopa ez egiteko, labaingarri ez den materialezkoak eta garbitzeko errazak. Hormak lauak, irtenik gabeak eta erraz garbitzeko modukoak.
  • Hobe ordutegia malgua bada, haurrak ordu desberdinetan irten eta sartu ahal izan daitezen. Dena den, zentroan eguneko zazpi edo zortzi ordu baino gehiagorik eman ez dezaten aholkatzen dute adituek. Haurtzaindegi askotxok ordutegi luzatua dute (haurra ordubete geroago jaso dezake gurasoak edo ohiko ordutegia hasi baino ordubete lehenago sar daiteke). Zerbitzu hau aparte kobratzen da hilero.
  • Jantokiari dagokionez, baliozta itzazu prezioa, instalazioetako higienea eta otorduak haurren nutrizio-premietara egokitzea. Eska ezazu informazioa eman dakizun egunero bazkarian eta meriendan hartu duenaz: horrela, afarian eman ahalko dizkiozu eguerdi eta arratsaldean harturiko elikagaien osagai egokienak.
  • Galde ezazu zure haurraren eboluzioaz idatzizko informazioa emango zaizun, umeak eginiko jarduerez, bere portaeraz, aurrerabideak, beste umeekin edo hezitzaileekin izan dituen gorabeherak, ondo jaten duen…
  • Eska ezazu harremanetarako telefono zenbakia, zeinahi gorabehera gertatuz gero, bertara deitzeko.
  • Izan kontuan beste hainbat prestazio, hala nola garraioa (galde itzazu prezio, ordutegi eta ibilbideak), ordutegi luzatua, haurrei gosaria ematen zaien, etc. Prestazio horien prezioa aparte ordaintzen da eskuarki baina oso-oso baliagarriak izaten dira.

Haurrari haurtzaindegian egokitzen kostatzen bazaio...

  • Hasiera batean eskolara ordu gutxitan joango da eta pixkanaka ordutegia luzatuz joango da. Eskola batzuetan, aurreneko egunetan gurasoak umearekin ikasgelan gera daitezke, txikia ingurune berriarekin ohitu edo egokitu arte.
  • Haurtzaindegira joateak eragiten diona berariazko modu batean azaleratzen du haur bakoitzak: batzuk negarrari ematen zaizkio, beste batzuk bazter batean isolatzen dira, zenbaitek gaizki lo egiten du… Areago, bada apetitua galtzen duenik eta artega ipintzen denik ere. Egokitzapen prozesuaren osagaietako bat da hori eta, halakotzat ulertu behar da: urduritasun hori pixkanaka ezabatuz joango da baina, erne, prozesua ez baita beti uniformea, oso litekeena da gorabehera latzak azaltzea. Pazientzia, beraz.
  • Ez egin besteekiko konparaziorik: ume bakoitza besteak ez bezalakoa da, berezia.
  • Eraman itzazu haurtzaindegira presarik eta itobeharrik gabe. Hobe da umeak lasai joan daitezen. Horregatik ere, hobe agurtzeak larregi ez luzatzea.
  • Haurtzaindegian jardunaldia amaitutakoan, anima dezagun gure haurra bizipenak gurekin parteka ditzan; erakuts dezagun interesa, poza, jakin-nahia, haren aurrerakuntzak ikusita.
  • Parteka itzazu hezitzaileekin zalantzak eta emozioak: orientabide eta lasaigarri izango dituzu horiek.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak