Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Zaharren egoitzak : Baten bat hobetu beharra badago ere, gehientsuak ongi daude

Duela hamar urte baino gutxiago 65 urtetik gorako biztanleek Estatu espainiarreko biztanleen %16 osatzen zuten; hemendik 20 urtera %20 izango direnez, guztira 9 milioi pertsona bilduko dira kolektibo horretan.

Pertsonala: behar beste bai, baina ez denetan

Egoitza baten kalitatearen adierazle den beste parametroetako bat, zuzeneko asistentziako pertsonalaren (sendagile, psikologo, erizain, laguntzaile, zaindari, etab) hornikuntza da. Plantilak, oro har, aski direla esan dezakegu, zaindari bakoitzaren kontura batez beste 3,6 zahar daudelako, hau da, estaldura zuzena da, baina egoitzen %6k pertsonal kopuru urriarekin dihardu (Errioxako zahar baliodunentzako zentro publikoetako batean, zaindari bakoitzak 18 pertsonaraino zituen bere kontura). Lagundutakoen eta mistoen zentroetan, bidezkoa den bezala, plantila zabalagoa da (zaindari bakoitzeko bi zahar) baliodunen egoitzetan baino (5,7 zahar zaindariko). Zuzkidura ugariena hitzartuetan hauteman da (zaindari bat 3 zaharrentzat, batez beste); pribatu eta publikoetako datuak ez dira horren onak izan.

Arreta pertsonalaren kalitatearekin jarraituz (kalitate neurgarriarekin: maitagarritasuna, atsegintasuna, tratamendua edota errespetua nekez bihur daitezkeelako objektibo), sendagilea egun osoan zehar egoitzen %36ek bakarrik eskaintzen dute, pribatuetan baino askoz ere gehiago publiko eta hitzartuetan, dena den. Sendagilearen espezialitateaz ari garela, egokiena (geriatra edo internista) ohikoagoa da (%55 inguru) publiko eta hitzartuetan pribatuetan baino. Osasuna ez da dena, nolanahi ere. Zaharrak bestelako premiak ere baditu: entretenitu, aldartea goian mantendu, ariketa piska bat egin eta gainontzeko kideekiko harremanak zaintzea. Horri dagokionez, zaharren aisia eta astia betetzeko ekintzak egoitza guztiek antolatzen dituzten arren, hamarretik bitan (pribatuetan are eta okerrago) jardunaldiak ez daude helburu- eta egutegi-programa baten arabera taxutuak.

Podologia, beste aldetik, aski zerbitzu generalizatua dute denek. Eskaintza horri garrantzi handia ematen diote zahar askok, adinekoek oinetan arazo asko eta latzak nozitzen dituztelako. Honetan ere, zerbitzu hau pribatu eta hitzartuetan baino ugariagoa da publikoetan (egoitzen %96k dute). Fisioterapia eta errehabilitazioa ere ohikoak dira: lautik hiru egoitzatan daude, pribatuetan baino gehiago hitzartu eta publikoetan eta, bidezkoa den bezala, lagundu eta mistoentzako zentroetan gehiago baliodunentzakoetan baino.

Zenbat ordaindu behar izaten da?

Faktore askoren araberakoak dira prezioak: egoitzaren titulartasuna (pribatu, hitzartu edo publikoa), bezeroaren ezaugarriak eta eskatzen duen asistentzia (baliodun ala lagundua), gelaren kalitatea eta (publiko eta hitzartuetan bakarrik) egoiliarraren ahalmen ekonomikoa. Zentro pribatuetan hilean ordaintzen dena ia 150.000 pezetakoa da batez beste, txosten honetan jasotako datuen arabera; atal honetan bereizi behar ditugu dirua irabazteko asmoz dihardutenak (175.000 pezeta hilean, batez beste, zaharreko) eta bestelakoak (erlijiosoak titular dituztenak, eskuarki): aurrekoen erdi-prezioan dabiltza hauek, oro har. Publikoetan, erreferentzi prezioa xedatzea da ohikoa; azterketa honetan hilean 116.750 pezeta izan da batez beste. Dena den, kostu hori ordaindu ezin dezaketen zaharrei bestelako tarifak aplikatzen zaizkie: diru-sarreren (normalean, pentsioaren) hiru laurdenak izaten da kasurik ohikoena. Zentro hitzartuetan (plaza hitzartuetan, ez denetan) eta egoitza publikoetan prezioak oso antzekoak izaten dira, baina plaza bat zentro publiko edo hitzartuetan erdiestea oso kontu zaila da: onartua izan dadin, betebehar ekonomiko-sozial jakin batzuk bete behar ditu zaharrak.

Eskaintzaren urria orokorra da sektore osoan, jakina denez: aztertu ditugun egoitzen %71an itxaron zerrenda zuten eskatzaileek (publikoetan ugarixeago dira pribatuetan baino. Nabarmentzeko datua: Gipuzkoan eta Nafarroan aztertu diren guztietan zegoen itxaron zerrenda. Beste atal batera goazela, familia askorentzat aukera interesgarria da egoitzak zaharra egunez bakarrik jasotzea, nork bere etxean lo egiteko aukera izan dezan. Era horretan, ia egun osoan asistentziazko arreta jasotzeko luke zaharrak eta jardunaldiaren gainerakoan famili giroaz gozatzeko aukera izango luke. Baina egoitzen %29k bakarrik eskaintzen dute zerbitzu hori. Prestazio horren eskaintza ere publikoetan askoz ere ugariago dago pribatu eta hitzartuetan baino. Aztertuetan, Bartzelonakoak nabarmentzen dira (publiko guztiek, hiru pribatuetako bik eta bi hitzartuetako batek ematen dute zerbitzua) eta baita Arabakoak ere (publiko denek eta pribatuen erdiek).

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak