Zaharren egoitzak

Baten bat hobetu beharra badago ere, gehientsuak ongi daude

1 otsaila de 2000
Img tema listado

Duela hamar urte baino gutxiago 65 urtetik gorako biztanleek Estatu espainiarreko biztanleen %16 osatzen zuten; hemendik 20 urtera %20 izango direnez, guztira 9 milioi pertsona bilduko dira kolektibo horretan.

Baten bat hobetu beharra badago ere, gehientsuak ongi daude

Joera eta jokaera horiek justifikatzen dituzten koiuntura sozialen artean, gogoan izatekoa da gizakia gero eta adin luzeagotara iristea eta, batez ere, emakumea soldatapeko lanean hasi izana: honen ondorioz, antzina familiako emakumeek zaharrari eskaintzen zioten arreta eta babesa ia zeharo ezabaturik geratu dira gaur egun.

Ez da harritzekoa, hortaz, zaharren egoitzen kopurua urterik urte ugalduz joatea, adinekoei arreta eskaintzeko bestelakoak (eguneko zentroak, tele laguntza, etxez etxeko laguntza, etab) ere protagonismorik bereganatzeko ahaleginetan ari diren bitartean. Joera eta jokaera horiek justifikatzen dituzten koiuntura sozialen artean, gogoan izatekoa da gizakia gero eta adin luzeagotara iristea eta, batez ere, emakumea soldatapeko lanean hasi izana: honen ondorioz, antzina familiako emakumeek zaharrari eskaintzen zioten arreta eta babesa ia zeharo ezabaturik geratu dira gaur egun.

Ez da luzaro hausnarrean aritu behar, hiru belaunalditako jendea biltzen duten etxeak -behinola, gehien gehientsuenak-, gero eta bakanago direla egiaztatzeko. IMSERSO erakundeak orain dela lau urte eginiko azterlan baten arabera, 65 urtetik gorakoen %16 bakarrik bizi da etxean. Espainian, legez erregistraturik dauden egoitzak 3.700 inguru dira (errealitatean, lanean beste asko ere ari diren arren), guztira 190.000 plaza dutelarik. Egoitza horietatik laurdena bakarrik da titulartasun publikokoa; gainontzekoak pribatu eta hitzartuak dira. Baina kopuru hori ere ez da aski eskakizuna asetzeko: Estatu espainolean, 65 urtetik gora duten ehun pertsonako, egoitzetan 2,5 ohe besterik ez dago; Europar Batasuneko batez bestekoa espainolaren bi halako da. Bistan da zahar askok egunero berariazko arreta eskatzen dutela: adin horretakoei eginiko inkesta batean aitortzen dutenez, %35ek osasunez gaizki edo oso gaizki daudela diote

Azken aukera ote?

Nolanahi ere, kontuan izan behar dugu zaharren egoitzez ari garenean, balizko maizterrek hori azken aukeratzat ikusten dutela, beldurrez eta kezkaz beterik, gainera. Gehienek nahi dutena, zahartzaroaz gozatzea eta, seme-alaba eta bilobek inguraturik, hirugarren adin horrek dituen arazoak nola edo hala gainditu edo pairatzea baizik ez da. Bestela esatearren, ahaideen babes eta arreta jaso nahi dute, ingurune ezagun eta, ohiz behintzat, maitagarrian: etxean bertan, alegia. Kontsultaturiko geriatra eta bestelako adituek CONSUMERi berretsi diotenez, zaharrak etxean dituen baldintza eta giroaren antzekoenak lortzea izan beharko luke egoitzen helburuak. Are eta gehiago asistentziazko arretari, maitasunari, pertsonaren duintasunari, nolabaiteko intimitatea gordetzeari eta higieneari dagokionez. Aldizkari honek eginiko txostenean gutxienez 15 egoiliar zituzten 100 egoitza aztertu ziren, EAE, Nafarroa, Kantabria Errioxa, Katalunia, Madril, Valentziar Erkidego, Andaluzia eta Murtzian daudenak. Horietako 27 publikoak dira, 49 pribatuak eta gainontzekoek hitzarmena dute Administrazioarekin. Publikoak dira jende gehien biltzen dutenak (127 zahar, batez besteko); ondotik, baina urruti, hitzartuak (79) eta pribatuak (68) datoz, azkenik. Batez beste, egoitza bakoitzak 86 zahar ditu jasoak, batetik besterako aldeak izugarriak badira ere: txosten honetan aztertu diren batzuek bostehun eta gehiago zahar dituzte, beste batzuetako egoiliarrak ez dira hogei ere izaten.

Egoitza guztietako zuzendariei datu zerrenda luzea eskatu zien CONSUMERek Bestetik, aldizkari honetako teknikariek (itxurazko bezero gisa, senide bat ingresatu nahi zutela alegatuz) iazko abendu osoan egoitza guztiak bisitatu zituzten, instalazioen egoera (kontserbazioa, argitasuna, zaharrentzako espazio erabilgarria eta establezimendu bakoitzeko higiene eta garbitasuna) bertatik bertara ezagutzeko. Egoitza bakoitzaren 89 ezaugarri alderatu ziren, guztira.

Bestetan bezala, egoitzen ezaugarri eta prestazioak neurtzeko unean ere, berezko sistema ezarri du CONSUMERek. Azkenean, osagarri bezala, egoitza horietan ostatua harturik bizi diren zaharren 200 senideri elkarrizketa bana egin zitzaien. Azterketak ustekabeko polita eman zuen: ereduzko egoitza bat agertu zen (azken balorazioan lor daitezkeen 10 puntuetatik, aipatzen ari garenak 9,9 erdietsi zituen eta), zaharra bere etxean bezala sentitzeko eta, osasunari, behar fisikoei eta psikologikoei dagokienez, nahi bezain arreta ona jasotzeko -aldizkari honen iritziz- funtsezkotzat jotzen dena eskaintzen duelako.

Txostenean ateratako ondorioak

Lehendabiziko egiaztapena: egoitza publikoak, merkeago izateaz gainera, eskuarki hobeak ohi dira (8,1 puntu, batez besteko) pribatuak (6,1 puntu) eta hitzartuak baino (7 puntu). Egoitzak, oro har, ongi daude (6,9 puntu, batez beste), batetik bestera berebiziko aldeak hauteman ziren arren: horixe adierazten du, adibidez, ikerturiko guztien %16k CONSUMERen azterketa aprobatu ez izanak. Proba horretan, egoitzen oinarrizko alderdi batzuk neurtu dira, hala nola zaindari bakoitzak zenbat zahar dituen bere kontura, egoiliarrei zenbaterainoko intimotasuna errespetatzen zaien, jasotzen duten osasun-arretaren nolakotasuna, lojamenduaren prezioa, establezimenduak eskaintzen dituen zerbitzuak (podologia, fisioterapia, ileapaindegia…) edo instalazioen segurtasun eta garbitasuna, adibidez. Suspentsoak dezente ugariago erori dira pribatuetan (azterturiko egoitzen %22k merezi baitute) eta hitzartuetan (%18ek, aprobatu ez) publikoetan baino (%4ak besterik ez). Nolanahi ere, pribatuetan ere lautik bat benetan ongi dago.

Segurtasunez, erdipurdi; garbitasunez, ongi

Azterketan ateratako ondorio kezkagarri bakanetako bat, egoitzen %11k segurtasunean aprobatu ez izana da. Dokumentaturiko larrialdi-planik ba ote dagoen (egoitzen %22k ez dute halakorik), sute-kasuan enplegatuek zehatz-mehatz zer egin behar duten (pertsonalaren %11k ez du horri buruzko agindurik jaso), sute simulakrorik egin den (egoitzen %53an bakarrik) eta suteak atzemateko sistema eta alarmarik ba ote duten (egoitzen %14an ez dago horrelakorik) galdetu zitzaien.

Beste alde batetik, instalazioen egoeran -hau da, zentroko areto eta gelen garbitasuna, kontserbazioa, argitasuna eta zabaltasuna- garrantzizko akatsak hamar egoitzatik bakar batek ditu (hauen artean, zentro publikorik ez). Horrenbestez, alderdi honetako emaitzak aski onak dira. Funtsezkoenera, hau da, zentroko higienera, goazela, pribatuen %17k eta hitzartuen %21ek garbitasun alorreko arazoren bat agertu zuten (ez oso garrantzi handikoa); zentro publiko guztietan, berriz, bisita egin zen unean garbitasun alderdiak ez zuen akatsik.

Pertsonala: behar beste bai, baina ez denetan

Egoitza baten kalitatearen adierazle den beste parametroetako bat, zuzeneko asistentziako pertsonalaren (sendagile, psikologo, erizain, laguntzaile, zaindari, etab) hornikuntza da. Plantilak, oro har, aski direla esan dezakegu, zaindari bakoitzaren kontura batez beste 3,6 zahar daudelako, hau da, estaldura zuzena da, baina egoitzen %6k pertsonal kopuru urriarekin dihardu (Errioxako zahar baliodunentzako zentro publikoetako batean, zaindari bakoitzak 18 pertsonaraino zituen bere kontura). Lagundutakoen eta mistoen zentroetan, bidezkoa den bezala, plantila zabalagoa da (zaindari bakoitzeko bi zahar) baliodunen egoitzetan baino (5,7 zahar zaindariko). Zuzkidura ugariena hitzartuetan hauteman da (zaindari bat 3 zaharrentzat, batez beste); pribatu eta publikoetako datuak ez dira horren onak izan.

Arreta pertsonalaren kalitatearekin jarraituz (kalitate neurgarriarekin: maitagarritasuna, atsegintasuna, tratamendua edota errespetua nekez bihur daitezkeelako objektibo), sendagilea egun osoan zehar egoitzen %36ek bakarrik eskaintzen dute, pribatuetan baino askoz ere gehiago publiko eta hitzartuetan, dena den. Sendagilearen espezialitateaz ari garela, egokiena (geriatra edo internista) ohikoagoa da (%55 inguru) publiko eta hitzartuetan pribatuetan baino. Osasuna ez da dena, nolanahi ere. Zaharrak bestelako premiak ere baditu: entretenitu, aldartea goian mantendu, ariketa piska bat egin eta gainontzeko kideekiko harremanak zaintzea. Horri dagokionez, zaharren aisia eta astia betetzeko ekintzak egoitza guztiek antolatzen dituzten arren, hamarretik bitan (pribatuetan are eta okerrago) jardunaldiak ez daude helburu- eta egutegi-programa baten arabera taxutuak.

Podologia, beste aldetik, aski zerbitzu generalizatua dute denek. Eskaintza horri garrantzi handia ematen diote zahar askok, adinekoek oinetan arazo asko eta latzak nozitzen dituztelako. Honetan ere, zerbitzu hau pribatu eta hitzartuetan baino ugariagoa da publikoetan (egoitzen %96k dute). Fisioterapia eta errehabilitazioa ere ohikoak dira: lautik hiru egoitzatan daude, pribatuetan baino gehiago hitzartu eta publikoetan eta, bidezkoa den bezala, lagundu eta mistoentzako zentroetan gehiago baliodunentzakoetan baino.

Zenbat ordaindu behar izaten da?

Faktore askoren araberakoak dira prezioak: egoitzaren titulartasuna (pribatu, hitzartu edo publikoa), bezeroaren ezaugarriak eta eskatzen duen asistentzia (baliodun ala lagundua), gelaren kalitatea eta (publiko eta hitzartuetan bakarrik) egoiliarraren ahalmen ekonomikoa. Zentro pribatuetan hilean ordaintzen dena ia 150.000 pezetakoa da batez beste, txosten honetan jasotako datuen arabera; atal honetan bereizi behar ditugu dirua irabazteko asmoz dihardutenak (175.000 pezeta hilean, batez beste, zaharreko) eta bestelakoak (erlijiosoak titular dituztenak, eskuarki): aurrekoen erdi-prezioan dabiltza hauek, oro har. Publikoetan, erreferentzi prezioa xedatzea da ohikoa; azterketa honetan hilean 116.750 pezeta izan da batez beste. Dena den, kostu hori ordaindu ezin dezaketen zaharrei bestelako tarifak aplikatzen zaizkie: diru-sarreren (normalean, pentsioaren) hiru laurdenak izaten da kasurik ohikoena. Zentro hitzartuetan (plaza hitzartuetan, ez denetan) eta egoitza publikoetan prezioak oso antzekoak izaten dira, baina plaza bat zentro publiko edo hitzartuetan erdiestea oso kontu zaila da: onartua izan dadin, betebehar ekonomiko-sozial jakin batzuk bete behar ditu zaharrak.

Eskaintzaren urria orokorra da sektore osoan, jakina denez: aztertu ditugun egoitzen %71an itxaron zerrenda zuten eskatzaileek (publikoetan ugarixeago dira pribatuetan baino. Nabarmentzeko datua: Gipuzkoan eta Nafarroan aztertu diren guztietan zegoen itxaron zerrenda. Beste atal batera goazela, familia askorentzat aukera interesgarria da egoitzak zaharra egunez bakarrik jasotzea, nork bere etxean lo egiteko aukera izan dezan. Era horretan, ia egun osoan asistentziazko arreta jasotzeko luke zaharrak eta jardunaldiaren gainerakoan famili giroaz gozatzeko aukera izango luke. Baina egoitzen %29k bakarrik eskaintzen dute zerbitzu hori. Prestazio horren eskaintza ere publikoetan askoz ere ugariago dago pribatu eta hitzartuetan baino. Aztertuetan, Bartzelonakoak nabarmentzen dira (publiko guztiek, hiru pribatuetako bik eta bi hitzartuetako batek ematen dute zerbitzua) eta baita Arabakoak ere (publiko denek eta pribatuen erdiek).

CONSUMER eta egoitzak

Hil honetan argitara ematen dugun txostenaren bidez CONSUMERen asmoa ez da egoitzen ezaugarriak zein izan behar diren edo gestioa nola egin behar den dogmatizatzea. Edonola ere, eta geriatrian eta honelako zentroetan aditu diren pertsonekin kontsulta egin ondoren, badirudi egoitza horietan denok izan nahi genituzkeela zerbitzu jakin batzuk, finantziazioa, organo kudeatzailea edota egoiliarren tipologiak gora-behera. Esate baterako, egoitza zikin edo kiratsa dariola agertzea onartezina da, zaharrek ez dute elkar gainka egon behar, tokiaren urriak aginduta. Printzipioz, bederen, hobe omen da egoitzak egun osoan sendagilea izatea edo gela guztiek bere bainugela edukitzea.

Horrelako alderdiak, edo egoitzek kobratzen dituzten prezioak neurgarri eta konparatzeko modukoak diren arren, beste zenbait (bertako profesionalen trebezia edo prestakuntza edota zaharari ematen zaion tratamendua, adibidez) objektiboki kalkulaezinak direnez, ez dira konparagarri gertatzen. Horregatik, txostenean balioetsi diren alderdiak objektiboak eta ukigarriak bakarrik izan dira. Bestelakorik (zaharrak hartzen duen begirunea edo janariaren kalitatea, esaterako) alderatzeko aukera izan bagenu, agian emaitzak bestelakoak izango ziren. Zentro bakoitza mundua da eta bezero bakoitzak ditu bere zaletasun, premia eta lehentasunak: beraz, emaitzak erlatibotzat jo behar ditugu, zentro horien ezaugarri eta prestazio zehatz batzuen adierazle baizik ez diren neurrian.

Inkesta: zaharren senideak mintzo

Joan den urteko abenduan, egoitzetako zaharren 200 senideri eginiko inkestatik ateratzen den lehendabiziko egiaztapena begi-bistakoa da: inkesta egitea betekizun zaila gertatu zen, zaharrek oso bisita gutxi hartzen dutelako. Beste zenbait ondorio: egoiliarren gora-beherei buruzko informazioa ona izaten da, zentroetako garbitasuna bezeroa asetzeko modukoa da eta zaharrei emaniko giza trataeraz ez dago kritika latz askorik. Azpiegiturei dagokienez, protestarik (gutxi) egiten da; pertsonalaren plantilari buruzkoak ugariago dira eta egoitza hitzartuetako gelen zabaltasunaz, azkenik, kexu gehiago dago. Azkenean, eskaintzen duten zerbitzuagatik egoitzek kobratzen duten prezioaz oso senide gutxik protestatzen du (horrelako kexuak, gainera, pribatu eta hitzartuetan ia bakarrik agertzen dira). Ikus dezagun atal hau zehatzago:

  • Zaharraren bilakaeraz ongi informatzen dute egoitzek. Senideen %90ek informazio ona jasotzen duela dio; are eta hobea hartzen du hitzartukoan (%95).
  • Higiene kontuetan, pribatuetakoak konformeago. Egoitza pribatuetako elkarrizketatuen %45ek aitortzen duenez, higiene alorretik ederki daude. Gainontzekoetan ere emaitzak pozteko modukoak diren arren, azpimarra dezagun egoitza hitzartuetako zaharren senideen %24ek higienea erdipurdikotzat jotzen duela.
  • Egoitzen garbitasunarekin, ados. Inkesta erantzun dutenen %7k soilik hartzen dute erdipurdikotzat garbitasuna. Gainerakoek, ona edo oso ona dela diote. Gaizki dagoenik ez du inork esan.
  • Azpiegiturek ere sortarazten dute kexurik. Senideen %94k, dena den, egoitzen azpiegitura ona edo oso ona dela baieztatzen dute. Guztien %6k kexurik azaldu zuen: zaharrak nahasi eta bilduta zeudela, lorategi onik ez zegoela, errehabilitazio-zerbitzurik ez dutela, sendagilearen asistentziarik ez dagoela eta gelen zabalera urria dela, ohikoenak.
  • Egoitza hitzartuen zabaltasuna, kritikabide. Zentro hitzartuetan inkesta ihardetsi dutenen %30ek diotenez, ez dira behar bezain handiak. Publiko eta pribatuetan, kontu hau zela eta, ez zen protestatik agertu.
  • Egoitza askotan, pertsonala urria da. Lau elkarrizketatutik baten iritziz, zaharrez arduratzeko behar bezainbeste pertsonalik ez dago. Egoitza publikoetan iritzi hori %13k duen bitartean, pribatu eta hitzartuetan ase ez daudenak %33raino iritsi dira.
  • Zaharrak hartzen duen trataera, ona baino hobea denetan, pribatu eta hitzartuetan bezain ona ez publikoetan. Egoiliarrek hartzen duten tratamendua, inkestatuen %43ren ustez, oso ona da.
  • Ordaintzen dena, ongi ordainduta dago: kasu gehienetan, egoitzen kalitate-prezio erlazioari zuzena deritzote senideek. Publikoetako erabiltzaileen senideak konformeago agertzen dira gainerakoak baino. Hitzartu eta pribatuetan, erlazio hori arrunta dela iruditzen zaio lautik bati.

Ereduzko egoitza, errealitatean

Zentroek, guztira, lor litzaketen 10 puntu horiekiko, egoitza publiko batek 9,9 erdietsi izanak adierazten digu, bai txosten honetan gogoan izaniko ezaugarriak eta prestazioak, bai aplikatu den puntuazio-sistema bera ere, errealistak eta sektorearen ahalbideen araberakoak direla. Bestela esatearren, egoitza batek gauzak ondo egiten baditu, CONSUMERek ezarritako azterketa gainditu eta, areago, nota ona ere atera dezakeela: aztertutako zentroen %40k 8 puntutik gora jaso du.

Ikus dezagun orain nolakoa den aldizkari honen ia espektatiba guztiak asebete dituen zentro hori. Hasteko, informazio-orritxoak, zentroaren zerbitzu eta instalazioen azalpen zehatza erakusten du; bestetik, egoitzaren filosofia eta jokamoldea osatzen duten printzipioak jakinarazten dizkio irakurleari: “Berariazko egoera pertsonalak laguntza berezi eta profesionalizatua eskatzen duenean, adineko pertsona ororentzat alternatibazko etxebizitza da egoitza publikoa. Ez da ospitalea, ezta hotela ere, bizitokia baizik”.

Hiriko erdigunean dago kokatua, garraiobide egokiz hornitua; bisitariak bertan du parkina eta zaharrak, aldiz, erabili eta gozatzeko lorategi zaindua. Eraikina egin berria denez, 1993 urtean inauguratu zen. Bere egoerak ez du akatsik, aparta da, bai garbitasun eta mantenimenduari, bai gelen argitasun eta zabaltasunari dagokionez ere. Oztopo arkitektonikorik ez egoteari esker, erabiltzaileak mugikortasun zabala du. Gela guztiek daukate komun, lababo eta dutxaz osaturiko bainugela eta, zeinahi larrialdi gertatzekotan, kontroldegi batean konektaturik dagoen dei-aparailu berezia dute, gau eta egun funtzionatzen duena. Erabiltzaileak egunero du prentsa eta liburutegi zerbitzua. Errehabilitazioa egiteko aretoa eta ileapaindegia, podologia eta psikologi arreta zerbitzuak ditu. Hilero berritzen den atsedenezko ekinaldien buletina dago nahi duenaren eskura, zentroko iragarkitegietan. Egoiliar guztien urteak ospatzen dira jaikizun soil batez. Bertako kaperan egunero ematen da meza. Kultu eta iritzien askatasuna errespetatzen dute eta kaperau baten zerbitzua eskaintzen diote bezeroari. Kafetegia daukan arren, egoiliarrak bere gelan har ditzake bisitariak. Bai zaharrak, bai senideek ere, denek esku har dezaten moduko organoak daude: familiartekoei, hain zuzen, gomit egiten zaie, egoitzaren bizitzan parte har dezaten. Era guztietako erreklamazio eta kexuak egin daitezke idarokizun-buzoian.

Zaharren ardura duen sendagilea geriatra da eta pertsonal-plantila hobezina da, kasik: zuzeneko asistentziako zaindari bakoitzaren kontura bi egoiliar daude eta bertan dagoen eguneko zentroan beste profesional-plantila batek dihardu. Gela guztien %84 indibidualak dira eta gainerakoak, bikoitzak. Egoiliarrak berak apain dezake bere gela altzari eta gauza pertsonalekin (telebista, besaulkia, etab.) dagoen espaziora egokitzeko modukoak badira. Ohe guztiak artikulatuak dira eta gelan gauzak gordetzeko giltzak dauzkate zaharrek. Zentroak sukaldea dauka eta egoiliar bakoitzari -sendagile internista baten aholkularitzaz- komeni zaion dieta eskaintzen zaio, otordua aukeratzea ere badagoelarik. Segurtasunari dagokionez, zentroak ez omen du akatsik: badago larrialdi-plan eratua, sute-kasuetan egin behar duenaz jabeturik dago pertsonala, dagoeneko lau sute-simulakro egin dira, eta gelek badituzte suteak atzemateko sistema eta larrialdiko argiak. Egoiliarrak hilean 120.982 pezeta ordaindu behar ditu. Modurik ez baldin badu, urteko bere diru-sarreren hamabiren hiru laurdenak pagatu behar ditu, zentroari zor diona aitortzeaz gainera (zorra onartzea). Gastu pertsonaletarako urtean zaharrak gutxienez 180.000 pezeta izango dituela bermatu beharra dago.