Kontu korronte eta aurrezki-libretak

Banketxeek beti irabazten dute

1 azaroa de 1999
Img temap

Beharbada ez gara jabetuko baina ordenadoreak, telebista, edo banketxeko txartelak bezain adierazgarri dira kontu korronte eta aurrezki-libretak gure “modus vivendi”aren berri emateko.

Banketxeek beti irabazten dute

Gure eragiketa ekonomiko guztiak bertatik egiteko irekitzen ditugu: aurrezpenak gorde edo nomina helbideratzetik hasi eta autoaren maileguaren epea edo bizilagun elkarteko hilerokoa ordaintzeko. Bestela esanda, kontu korronte edo libreta baten bitartez inolako endredorik gabe egiten den gestio mordo izugarri hori guztia egiteko. Izan ere, nor bizi da gaur egun banketxeren batean konturik eduki gabe? Kontsumitzaileak bere buruari egin diezaiokeen beste galdera bat, praktikoagoa: zenbat kostatzen ote da finantza erakundeek eskaintzen diguten zerbitzu hori? CONSUMERek hori eta beste hainbat galdera egin dizkio bere buruari eta bertatik bertara jakin nahi izan ditu erantzunak: ia sei hilabetez 22 kontu edo aurrezki libreta eduki ditu zabalik, beste hainbeste finantza erakundetan (14 aurrezki kutxa, 3 kreditu-kooperatiba eta 5 bankutan) estatu guztian zehar, 15.000 pezetako ezarpen bakarrarekin. Ondoren, guztiak kitatu zituen, 1.000 pezetako bi tranferentzia egin eta gero.

Bestalde, CONSUMERek azterketa juridikoa eginda egiaztatu du banku eta aurrezki kutxetako kontratuek aldaketa handiak egin beharko lituzketela legeek esaten dutenera egokitzeko eta kontsumitzaileak zerbitzu hori zein baldintzatan kontratatzen duen uler dezan. Testuak, lege- eta finantza-hizkera korapilatsuan idatziak, ulertezinak izaten dira kontsumitzaile arruntarentzat. Gainera, bi irregulartasun ere antzeman dira: lehena, lau entitatek (BCH, Banco de Valencia, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Vital Kutxak) kontuko zorpekoengatik onartu ezinezko interes altuak kobratzen dituzte, Urteko Tasa Baliokideaaren (UTB) %15 baino gehiago zehazkiago esanda. Legez, “zenbaki gorrien” UTBak ezin du %10,625 baino handiagoa izan (diruaren prezio ofiziala, gaur egun %4,25, bider 2,5 litzateke).

Bigarren irregulartasuna: 22 kontratuetatik 12k abusuzko klausula bat jasotzen dute; horren bidez, banketxeari berariazko ahalmena ematen zaio kontu ezberdinetako saldoak konpentsatzeko, kontu bien titularra erabat berbera izan ez arren (Banco de Españak gomendatzen duen moduan). Ez da zaila ulertzea: jo dezagun erabiltzaile batek milioi bat pezeta duela kontu batean eta kontuaren titularrak erabiltzaile hori eta (adibidez, salbuespeneko kasuetan erabili ahal izan dezan) bere semea direla. Semeak, aldi berean, beste kontu bat ere badauka, banku edo aurrezki kutxa berean, titular bakar gisa, 100.000 pezetako zorpekoarekin. Saldoen konpentsazioak 100.000 pezetak aitaren kontutik kobratzeko aukera emango dio banketxeari. Hau da, bezero baten “zuloa” beste baten dirutik kobratzeko baimena ematen dio.

Kontu korronte eta aurrezki-libretetako kontratuak legez arautu gabe daude ia eta, horrenbestez, jurisprudentziak eta banketxeen beren ohiturek erabakitzen dute arian-arian klausula abusuzkoa den ala ez. Azken kasu horretan, epaileek eman dituzten epaiek eta Banco de Españaren jarraibideek ezartzen dute saldoen konpentsazioa konpentsatu beharreko kontuaren titularrak berberak direnean bakarrik egin ahal izango direla. Hala eta guztiz ere, aztertutako erakundeetatik 12k (erdiak baino gehiagok), kontratuan gaitasun hori aitortzen diote beren buruari; banketxearentzat exekutiboa eta eraginkorra bezain bide kaltegarria da bezeroentzat. Beste hamarrak ez dira askoz hobeak, saldoak konpentsatzeko ahalmena aitortzen baitiote beren buruari, nahiz eta zorduna titular solidario gisa ageri den edozein kontutatik egiteko aukera zehazten ez duten.

Kontua mantentzeak beste komisio bat

Duela urte batzuetatik hona, lehia gogorra bizi dute banku eta aurrezki kutxek bezeroei mailegutan ematen dieten diruaren prezioa eta inoren kapitalagatik ordaintzen dituzten interesak direla eta. Zorionez, bukatu zen konpetentzia geldiarazteko finantza erakunde handien arteko akordioek sortzen zuten giro erosoa, kontsumitzaileari hainbesterainoko kaltea eragiten ziona; izan ere, maileguengatiko interes-tasen eta aurrezkiengatik ordaintzen zitzaionaren arteko aldea beste herrialde batzuetan baino askoz ere handiagoa zela ikusten zuen kontsumitzaileak.

Hortxe, irabazizko desberdintasun nabarmen horretantxe oinarritzen zen garai hartan banketxeen negozioa. Orain, berriz, ausarki borrokan ari dira banketxe eta aurrezki kutxak bezeroak lortzeko, lehiakideek baino zerbitzu gehiago eta kredituetarako prezio eta interes erakargarriagoak eskaintzeko lehian. Baina (Estatuko banketxeek guztira 750.000 milioi pezeta, zergen ondoren, irabazi zuten iaz) lehia horrek irabazi-margenetan eragin duen murrizketak ez du galera zorrotzik eragin banka sektorearen emaitza-kontuetan eta oparo daude oraindik. Egoera berri horren aurrean, lehen dohainik eskaintzen zituen zerbitzuen truke kobratzen hastea erabaki zuten lehenbiziko neurri gisa. Komisioen ordua iritsi zen: bezeroei gestioengatiko gastu txiki mordo hori kobratzeari ekin diote banku eta aurrezki kutxek; urtearen buruan bezeroentzat milaka pezeta mordoa izan daiteke hori.

CONSUMEReko azterketak argi uzten du 14 aurrezki-kutxetatik lauk (Bancaja, Caja Madrid, Caja Municipal de Pamplona eta Caixak) komisioak kobratu zituztela -250etik 1.200 pezetar bitartekoak- kontua irekita eduki genuen ia sei hilabete horietan, irekita edukitze hutsagatik. Praktika hori onartezin kontsidera daiteke 1993ko “Herri-Aurrezkien Kutxa Orokorren Estatutuaren” arabera, bertan zehazten baita “diruezarleentzat kutxetan aurrezkiak administratzea erabat dohainik izango dela”. Caja Pamplonak, gainera, bi aldiz kobratu zuen komisioa (600 pezeta seihileko). Kutxa horretatik aldizkarira adierazi zutenez, 600 pezeta baino ez zen kobratu behar eta libreta kitatu zuen langilearen akatsa izan zen. Beste akats larriago bat ere antzeman zen, Bancajan: entitate horretako kontratuan kontua irekita edukitzea hiru hilabeteko 400 pezeta kobratuko dela ageri den arren, 450 pezeta kobratu zuten. Ondoren Bancajatik aditzera eman zigutenez, kontua mantentzeagatik ordaindu beharreko kopurua 450 pezeta da, kontratuan besterik dioen arren.

Mantentzea kobratu duten sei entitate horietatik bost izan dira, hain zuzen, kontua kitatzerakoan bezeroaren alde saldorik txikiena agertu dutenak. Hauexek dira: Caja de Ahorros de Pamplona (1.200 pezeta kontua mantentzeagatik, akatsez: zenbateko zuzena 600 pezeta zen), BBV (525 pezeta), Bancaja (450 pezeta), La Caixa (500 pezeta) eta Euskadiko Kutxa (497 pezeta). Komisio horiek argi eta garbi adierazten ziren kontratuan eta ia beti (salbuespena, Bancaja) ondo kobratu zituzten, eta kasu batzuetan, are kopuru handiago ordaintzea ekar zezaketen, zenbait kontratutan kobratua baino kopuru handiagoa ezartzen baitzen. Bestalde, zehaztu beharra dago kitapena kontuak irekita zeuden bitartean egin zela, jakina. Urte guztian zehar irekita egon izan balira, mantentzeagatik kobratu ez duten entitateek ere kobratuko zuketen komisio hori eta azken emaitza ezberdina izango zen agian. Urtebetean mantenimendu gastu gisa entitateek kontratuaren arabera kobra ditzaketen kopuruetara begiratzen baditugu, urtean 3.800 pezeta arteko desberdintasunak daude. Gehien kobratuko luketenak Euskadiko Kutxa eta Caja Rural Vasca-Baserritarren Kutxa lirateke (biek, 4.000 pezeta urtean); Kutxak berriz 200 pezeta bakarrik kobratuko luke eta Caja Cantabria eta Unicajak ez lukete ezer kobratuko (azken bi entitate horietan gazte kontuak kontratatu ziren). Edozein kasutan ere, eta ikusi ahal izan denez, zifra horiek ez datoz beti bat kobratu diren kopuruekin, txikiagoak baitira ia beti. Itxura denez, zenbait banku eta aurrezki kutxak nahiago izaten du mugimendurako tarte on batekin jokatzea eta komeni denean mantentzeagatiko komisioak igotzea. Ibercaja, BBK, Vital Kutxa, Banco Santander, Caja Madrid eta BBVko kontratuetan ez da ageri komisio horren zenbatekorik, baina erakunde horietatik bik kobratu egin zuten kontu edo libretak irekita edukitzea (BBV, 525 pezeta, eta Caja Madrid, 250 pezeta).

Kontsumitzaileak informazio gehiago eskatu behar luke puntu horri buruz; kontua irekita edukitzea kobratzen duten erakundeek ere ez dute modu berean jokatzen bezero guztiekin. Adibidez, Euskadiko Kutxak, urtean batezbeste 50.000 pezetako saldoa duten kontuak salbuetsi egiten ditu ordainketa horretatik, epe horretan zorpeko saldorik eduki ez badute. Antzera jokatzen du Bancajak ere. Eta Caja Postal Argentariak ere ez du kontzeptu hori kobratzen, urteko saldoa 100.000 pezetakoa edo handiagoa bada. Eta ez dira salbuespen bakarrak. Bestalde, zenbait erakundek (22tik 11tan berariaz eskatu arren ez zen informaziorik lortu ahal izan) kopuru bat kobratzen du erabiltzaileak kontuan egiten duen mugimendu bakoitzeko, administrazio-gastu kontzeptuan. Banku eta kutxen prezioen arteko konparaketa, beraz, oso zaila da, ezartzen diren irizpideen desberdinagatik eta zenbaiten kontratuetan kobratu egiten dela dioen arren, gero hala egiten ez delako. Kontu eta aurrezki-libretetan idazpenak egitea ez dutela kobratzen adierazi dioten entitateek CONSUMERi (kasuren batean kontuko mugimendu bakoitzagatik kostu jakin bat ageri den arren) La Caixa, Euskadiko Kutxa, BBK, Kutxa, Vital Kutxa, Caja de Ahorros de Navarra, Bancaja, Caja de Ahorros de Pamplona eta Caja Cantabria dira.

550 pezeta arteko komisioa transferentziagatik

Unicajak izan ezik (gazte kontua zen), banku eta kutxa guztiek kobratu dituzte beste bi entitatetara CONSUMERek egindako bi transferentziak (bakoitza 1.000 pezetakoa). Gestio horren prezio garestiaz gain, banku edo kutxek kobratzen dituzten kopuruen arteko desberdintasuna da azpimarragarri: Caixa Catalunyan transferentzia bakoitza 550 pezeta kostatu zen; Caja Rural de Valencia eta Caja de Ahorros de Navarra erakundeetan 250 pezeta baino ez ziren kobratu. Gainerakoetan, oso ezberdinak izan ziren kopuruak. Merkeenen artean, aipaturiko biez gain, Ibercaja, Caja Rural Vasca-Baserritarren Kutxa, Caja Cantabria, BBK eta Euskadiko Kutxa aipatu behar, transferentzia bakoitzeko 350 pezeta baino gutxiago kobratu baitzuten. Beste muturrean, berriz, Caja Rioja eta Caja Municipal de Pamplona daude, 535 pezeta irabazi baitzuten transferentziako eta, aipatu bezala, Caixa de Catalunya, 550 pezeta poltsaratu baitzuen eragiketa bakoitzean.

Zein garesti diren "zenbaki gorriak"!

Denok dakigu bankuko kontu batean zorpeko geratzea kontu txarra dela, finantza egoera kaskarraren adierazle baita. Baina erabiltzaileren batzuek, seguru asko, ez dakite “zenbaki gorri” beldurgarriok zenbaterainoko gastua sortzen duten. Noizean behingo zorpen horiek arinkeriaz hartzen dituztenak zigortze aldera edo, besterik gabe, diru gehiago irabazte aldera, banketxeek larrutik kobratzen dituzte bezeroen deskuiduak. Zenbaitek, gainera, (kontratuetan esaten denez) legez gehienezko gisa ezarrita daudenak baino kopuru handiagoak kobratzen dituzte. BCH, Banco de Valencia, Gipuzkoa Donostia Kutxa eta Vital Kutxak UTBaren %15 baino gehiago kobratzen dute, “zenbaki gorrien” UTBa gaur egun legez %10,625 baino handiagoa ezin izan daitekeen arren. Eta hori, banku eta kutxek kobratzen dutela diotena kobratzen badute; zeren, dakigunez, entitate askok “zenbaki gorriek” irauten duten artean interes zigortzailea ezartzeaz gain, komisioa ezartzen baitute zorpekoagatik, (1.000 pezeta artekoa) finkoa edo aldakorra (zorraren arabera); kopuru horrek UTB interesaren %10,625 horretan sartuta egon behar luke; baina puntu hori ez zen aztertu.

Interesak, hutsaren hurrengoa

Banco de Valencia, Caja Rural de Valencia, BCH, CAM, Caja Postal Argentaria, Banco Santander eta Caja Cantabriak, (hau da, azterturiko hiru erakundetatik batek) ez zuten inolako interesik kitatu kontua kitatzean, kontratuen arabera hala egin behar luketen arren. Hala ere, egiari zor, esan dezagun erakunde horietatik batek ere ez zuela kobratu kontua irekita edukitzea, eta askoz ere garrantzitsuagoa da hori, kasu honetan interesen benetako kopurua ia hutsaren parekoa baitzen (gure azterketan 3tik 25 pezetara bitartekoa). Hain irabazi urriaren azalpena kontu korronte eta libreta horietan ordaintzen den interes-tasa da (bajua baino, lurpekoa esan beharko dugu). Bi erakundek (Bancaja eta BBVk) ez dute interesik ematen eta “eskuzabalenek” Banco Santander eta La Caixak, ez dute urteko %0,5 nominala gainditzen. Gehienek %0,1 ziztrin bat baino ez dute ordaintzen. Azal dezagun kalifikatzailea: estatu espainiarrean diruak bere balioaren %2 edo %3 galtzen du gutxi gora-behera urtero, (KPIak igotzen duena). Dena esanda dago, beraz. Beste aldetik, kontu eta aurrezki-libreta hauetako interesak aplikatzeko modua ere oso ezberdina izaten da erakunde batetik bestera, entitate bakoitzak ezartzen baitu zein saldo-kopurutatik aurrera aldatzen den interes-tasa. Adibidez, Caja Cantabrian, milioi erdi pezeta arte, urteko %0,1 ezartzen da eta hortik milioira arte, 0,5; baina milioi batetik 3ra arte, %0,75 ordaintzen da eta hiru milioitik aurrera %1.

Laburbilduz, kontu eta aurrezki-libreta horiek ez dira egokiak kopuru jakin batetik gorako kapitalentzat, eguneroko gestioetarako behar ez ditugun kopuruak edukitzeko; izan ere, kopuru berean beste finantza produktu errentagarriagoak eskainiko dizkigute gure aurrezkientzat.

Zenbat kentzen dute guztira gestioengatik?

Kontu korronte edo aurrezki-libreta baten erabiltzaileari gutxien kobratzen dieten entitateak zeintzuk diren zehazteko, zerbitzuagatik zenbat kobratzen duten jakitea izango da biderik zuzenena: kontua ireki eta aktibo edukitzea, 1.000 pezeta bi transferentziak egitea eta, azkenik, kontua kitatzea. Kostuetan alde handia dago: merkeenean, Unicajarenean (kontu gaztea zen), kontuak 3 pezeta irabazi zituen. Garestienean (Caja de Ahorros de Pamplonan) kopurua gutxitu egin zen, 2.265 pezeta. Desberdintasun nabarmena, inondik ere. Balizko erabiltzaileari garesti gertatu zitzaizkion beste entitateak: BBV (1.335 pezeta), Bancaja (1.320 pezeta), La Caixa (1.175 pezeta), Euskadiko Kutxa (1.165 pezeta), Caixa de Catalunya (1.095 pezeta) eta Caja Rioja (1.065 pezeta). Erabiltzaileari diru gutxien kendu diotenen artean, Caja de Ahorros de Navarra (494 pezeta), Caja Rural de Valencia (500 pezeta) eta Ibercaja (595 pezeta) aipatu behar.

Informazio gehiago eta hobea, mesedez

Kontua ireki zen egunean, Caja Rural de Valencia erakundeak bakarrik eman zion CONSUMEReko teknikariari (bezero arrunt gisa bere burua aurkeztuta) mantenimendu gastuei buruzko informazioa, eskatu gabe. Informazio hutsune hori bera gertatu zen sukurtsaletako leihatilan bertan kontuaren laburpena eskatzean ere. Eskaera hori transferentzia biak egin aurretik egin zen eta emaitza ez zen bat ere pozgarria izan: erdia baino gehiagotan, langileak ez zuen laburpena eman nahi izan. Azalpena, une horretara arte eragiketarik egin ez zenez, laburpena eskatzeak ez zuela zentzurik, libretak ere balio zuela informazio hori jakiteko. Banco de Españaren gomendioen aurka doa jokaera hori, ondorengoa baitio: “entitateek obligazioa dute kontuen uneko berri eman eta saldoa justifikatzeko”.

22ek postaz bidali zuten transferentzia bien frogagiria. Baina Euskadiko Kutxak eta Ibercajak bakarrik eman zuten tarifa, komisio eta abarri buruzko informazio-orri zabala; gainerako banku eta kutxek kontratuaren kopia baino ez zuten eman, kontratuan bertan zenbaitek orri horiek bezeroari emateko konpromisoa ere hartzen duen arren.

Kontratuak: gutxi ulertzen da eta zenbait klausula abusuzkoak dira

Edozein finantza erakunderen kontu korronte edo aurrezki-libretan baten kontratuaren aurrean jartzeko asmo baduzu, hobe duzu hiru aldetatik ongi prestaturik joatea: Lehenik eta behin, hizkiak handitzeko lenteak eta pazientzia hartu, kontratuaren baldintza orokorrak eta partikularrak (ordainduko dizuten interes-tasa, gastuak, komisioak eta “zenbaki gorrien” tasa, …) irakurri eta ulertu nahi badituzu. Jantzi zaitez lege arloko ezagupenez ere, baldin eta edozeinentzat ulertezin den hizkera horretan idatzitako klausulak ulertu nahi badituzu. Eta, azkenik, matematika eta finantzetako zure ezagupen guztiak baliatu beharko dituzu banku eta kutxek kalkuluak egiterakoan ezartzen dituzten formula bihurriak (eta beren aplikazioa) ulertzeko. Arazoa bistakoa da (kontsumitzaileak kontratu bat sinatzen du baldintzak ulertu gabe, saiatu arren ezin izango baititu ulertu, eta banku eta aurrezki kutxek zuzen jokatzen dutela sinestea beste biderik ez du) eta konponbidea entitateek berek jarri beharko dute: gauzak argiago azaldu, idazkera errazagoa eta gardentasun handiagoa (anbiguotasun gutxiago) baliatu esaldi batzuetan. Eta ez da asko eskatzea; kontratu horiek (beti atxikimenduzkoak, “hartu edo utzi”, baina kontsumitzaileak ez du bere aldetik ezer jartzeko aukerarik) duela hamarkada bat Kontsumitzaile eta Erabiltzaileen Legeak ezarri zituen irizpideetara egokitzea besterik ez. CONSUMERek ondorio hauek atera ditu 22 kontratuak aztertu ondoren: lehenik eta behin, azpimarratu beharra dago entitateek interes-tasa eta komisioen zenbatekoa aldatzeko hartzen duten eskubidea ez dela abusuzkoa, hala iruditu arren. Halaxe ezartzen du Kontrataziorako Baldintza Orokorren Legeak. Aldaketaren berri erabiltzaileari garaiz jakinarazteko obligazioa besterik ez du entitateak, interesatuak hala nahi badu kontratua bertan behera utz dezan.

Baina litekeena da kontratu horietako edozeinek abusuzko klausulak edukitzea, zorpekoetarako UTBa legezko gehienezkoa baino handiagoa izatea (22 entitateetatik lautan hala gertatu da), edo banku eta kutxarik gehienek egiten dutena, erabiltzailearen zorrak entitateko beste kontu batean erabiltzaileak dituen diruekin konpentsatzea, gainerako titularrak nor diren kontuan eduki gabe.

Kontu korronte edo aurrezki-libreta baten bizitza luzean zehar ez da inolako arazorik sortuko gehienetan eta gauzak ondo joango dira. Baina erabiltzaileak, adibidez, egunen batean bere kontuko dirua baino gehiagoko txeke batzuk sinatzen baditu, edo bere jabetzako kontu batean zorpekoa izan edo entitate berean beste norbaitekin kontu zenbaki bat badu eta pertsona hori “zenbaki gorritan” badago, edo txeke-taloitegia lapurtu edo galtzea gertatu eta bankuko bulegoko langileari ahoz jakinarazi, baina idatziz oharra bidaltza ahazten bazaio, … arazoak sor daitezke: txeke bat galtzen badu, behar bezala zaindu ez duelako izango da (banku edo kutxaren iritziz) eta zabarkeria (eta horren eragin negatiboak) bezeroari berari leporatuko dizkiote, erabiltzaileak galera jakinarazi aurretik lapurrak hain trakets imitaturiko sinadura egiaztatu ez zuen langileari egotzi beharrean. Azterturiko 22 entitateetatik gehienek ez dute kontratuetan bere gain hartzen aurrezki-libreta edo taloitegia galtzearen jakinarazpenaren aurrean inolako erantzukizunik, truke eta txekeari buruzko legeak txeke faltsutuen aurrean erantzukizuna lehenik finantza erakundearena dela dioen arren. Eta kasuren batean, zure kontuan zorpekoa baldin badago, agian anaiari barkamena eskatu beharrean izango zara, elkarrekin irekita zenuten kontutik saldoa konpentsatu dutelako.

Fitxa teknikoa
  • Kontu korronte edo aurrezki-libreta bat irekita eduki eta bertatik eragiketa batzuk egitearen kostua zenbaterainokoa den jakitea izan da azterketa honen helburu nagusia.
  • Horretarako, Estatu guztiko 22 finantza erakunde (5 banku, 3 kreditu-kooperatiba eta 14 aurrezki kutxa) aukeratu ondoren, horietako bakoitzaren bulego batera bisita egin zen martxoaren 30a eta apirilaren 8a bitartean, 12:00 eta 14:00 bitarteko ordutegian. Teknikariek (bezero arrunt gisa jokatuz, CONSUMERen ordezkari gisa beren burua aurkeztu gabe) aurrezkiak gorde eta gestioren batzuk egiteko kontu bat irekitzea eskatu zuten eta entitate bakoitzeko langilearen esku utzi zuten produktu mota egokiena proposatzea.
  • Entitateak eta bakoitzean kontrataturiko produktuak honakoak izan ziren: Unicaja (Libreta Proyecto Joven), Bancaja (Libreta Servicio), Banco de Valencia (aurrezki kontua), Caja Rural de Valencia (aurrezki kontua), Banco Central Hispano (Libreta Central Hispano), Caja Madrid (aurrezki libreta arrunta), Ibercaja (kontu korrontea), Caja Rioja (aurrezki libreta), CAM (aurrezki libreta), Caja Postal Argentaria (Libreta la Millonaria), Banco Santander (gazteentzako aurrezki libreta), Caja Cantabria (Cuenta 15-30), Caja de Ahorros de Navarra (aurrezki arrunta), Caja de Ahorros de Pamplona (kontu korronte telefozesatua), Caixa de Catalunya (Llibreta Total), La Caixa (Libreta Estrella), Kutxa (ageriko aurrezki libreta), BBK (aurrezki libreta), BBV (El Libretón), Vital Kutxa (ageriko aurrezki libreta), Caja Laboral-Euskadiko Kutxa (Superlibreta) eta Caja Rural Vasca-Baserritarren Kutxa (aurrezki libreta).
  • Irailaren 10 eta 20a bitartean, 1.000 pezetako bi tranferentzia egin zen kontu edo libreta bakoitzetik. Kasu guztietan xede bera izan zuten transferentziek: beste entitate bat, kanpokoa; zehazkiago esanda, transferentziak Salamancan kokaturiko bi entitatetako sukurtsaletara egin ziren.
  • Egun batzuk geroago kitatu egin zen kontua. Caja Pamplonaren kasuan, entitate horren bulego nagusira joan zen teknikaria kitapena egitera baina agindua ez zen bete urriaren 19ra arte (libreta kitapena egin zen egunean entitateko langileari eman eta kitapena azaltzen zuen laburpen-orria ere eskuratu zen arren).
  • Denbora guztian, balizko bezeroaren irudia erabili zuen CONSUMERek eragiketak egiteko. Aurrerago, proba bukatu eta kontu guztiak kitatuta zeudela, idazpenen kobraketa, administrazioko komisio eta kontua mantentzeagatiko kostuei buruzko informazioa eskatu zen entitateetan (aldizkariko teknikari gisa aurkeztuta).
  • Froga praktikoaren osagarri gisa, CONSUMERen zerbitzu juridikoak zehatz-mehatz aztertu zituen txosten honetan sarturiko 22 erakundeek euren produktuekin (kontua edo aurrezki librea, kasuaren arabera) sinatu beharreko kontratuak. Azterketa egiteko, gaiari buruzko jurisprudentzia eta Banco de Españak emaniko ebazpenak hartu ziren erreferentzia gisa.