Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

: AZUKREAREN MUGA GUZTIAK TRAGO BAKARREAN GAINDITZEN DIRENEAN

BEROAREKIN, NEURRIRIK GABE HANDITZEN DA EDARI AZUKRETSUEN KONTSUMOA. FRESKAGARRI LATA ASKOK AZUKRE KANTITATE HANDIAK IZATEN DITUZTE, OSASUNAREN MUNDU ERAKUNDEAK GOMENDATZEN DUENA HALAKO BI. HORI DELA ETA, EDARI HORIEK MAIZ HARTZEA DIABETESARI ETA BIHOTZ-HODIETAKO GAIXOTASUNEI LOTUA AGERI DA. ETA MITO BAT KANPORATU BEHARRA ERE BADAGO UDAKO DESHIDRATAZIOAZ ARI GARELARIK: BETI EZ DA AUKERARIK ONENA EDARI ISOTONIKOAK ERABILTZEA. ESPEZIALISTEN GOMENDIOA DA DIETATIK ERABAT BAZTERTZEA ETA EGARRIA ASETZEKO URA EDATEA.

Lehentasuna: kontsumoa murriztea.

GettyImages 1135829024

Jose Lopez Miranda Ameriketako Estatu Batuetan bizi izan zen bi urtez, lizentzia atera ostean, eta berehala ohartu zen azukreak nolako arriskuak zituen: “Ordurako ari ziren jasaten gizentasun epidemia bat, eta izugarri ugaritu ziren bihotz-hodietan sortzen diren arazoak. Ohikoa zen gizentasun morbidoa zuten pertsonak ikustea. Bada, gauza bera gertatzen ari da Espainian, eta zerbait egin ezean, oso gaizki ibili behar dugu”.

Espezialista askoren ustez, txikitatik erakutsi behar da elikagai eta edariek duten zapore aberastasuna dastatzen, zapore gozoarekin mozorrotu gabe. Tabakoarekin gertatu zen bezala, edari azukretsuen kontsumoa murrizteko neurririk eraginkorrena zergak eta tasak ezartzea izan da. Katalunian %5 eta %10 garestitu dute laten prezioa, eta ikusgarria izan da emaitza.

2017ko maiatzaren 17an hasi ziren ezartzen zerga berezia, eta lehen urtean %22 murriztu zen freskagarri horien kontsumoa, halaxe dio Ekonomia eta Osasuna Ikertzeko Zentroak (Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitatekoa da). Ikerketa horretan, 105 produkturen asteroko salmentak aztertu zituzten (Kataluniako 160 dendatako datuak bilduta), eta ikusi zuten gizentasun tasarik handiena zeukaten lekuetan jaitsi zirela gehien salmentak.

Egileen esanetan, “zergak lortu du epe motzera jarritako helburua”, eta zera eransten zuen: datuek azaltzen dutenez, edari azukretsuen kontsumoa sei litrotan murriztu da aste, produktu eta denda bakoitzeko, light/zero erakoen aldean. Karbohidrato sinpleen kontsumoa murrizteak, adibidez freskagarriek izaten duten glukosa eta fruktosa, beste neurri batzuekin batean (ariketa fisikoa egitea, gatz gutxiago hartzea eta ez erretzea), “eragin handiagoa du jendearen osasunean edozein sendagaik baino”, azaldu du Lopez Mirandak. Baina edari azukretsuak bazterrean uztea ez da batere erraza, jendeari ez baitzaio iruditzen kalte egiten diotela organismoari, eta, ondorioz, sozialki onartua dagoen ohitura da.

EZ DIRA KOLAZKO EDARIAK BAKARRIK.

Zenbat pertsonak erabakitzen du freskagarri osasungarriagoak aukeratzea etxetik kanpo bazkaltzera edo zerbait hartzera joaten direnean: ura gasarekin eta limoiarekin, kafea izotzarekin, alkoholik gabeko garagardoa, tomate zukua, tea izotzarekin eta limoiarekin… Lopez Mirandak oroitarazten digu freskagarri azukretsuak oso berriak direla gizakion elikaduran: “Mende bat baino zertxobait gehiago daukate, eta ez dugu ahaztu behar, iturri naturaletatik atera arren, erabat artifizialak direla eta gure gorputza ez dagoela diseinatuta horiek hartzeko”.

Osperik txarrena freskagarriek eduki arren, adibidez kolazkoek, aukera osasungarriagotzat aurkezten dituzten beste edari batzuk ere ez dira hobeak, kalte bera eragiten baitiote gizakion osasunari. Irabiakiek eta nektarrek, adibidez, opil industrial batek adina glukosa eta fruktosa izaten dute; 500 mililitroko edari energetiko batek 18 azukre koskor dauzka (72 g) eta fruta zukuarekin datorren banakako brick batek sei koskor (24 g).

‘ZERO’ EDO ‘LIGHT’, NOIZBEHINKA BAKARRIK

Azukreen ordez eztitzaile artifizialak daramatzaten freskagarrien izena marketin kontua izaten da: light etiketa batez ere emakumeen kontsumora bideratua dago eta zero marka gizonen kontsumora. Osaera ia berdin-berdina dute biek. Eztitzaile hauek erabiltzen dituzte gehienbat: sakarina, aspartamoa, sukralosa eta K azesulfamoa. Substantzia kimiko horiek osasunari kalte egiten diotela entzuten da han-hemenka, baina espezialistek ziurtatzen dute, kantitate baimenduetan, seguruak direla.

Baina segurtasunaz harago, edari horiek aukera hobeak al dira ohikoak baino? Jose Lopez Mirandaren esanetan, “garbi eduki behar da ura, kafea edo tea edatea dela hidratatzeko modurik onena, eta noizbait freskagarri bat hartzen bada salbuespen gisa, azukrerik gabea izan behar du beti”. Ez da ezer gertatzen noizbehinka zero edo light erako edari bat hartuta, baina freskagarri horietara ohitzeak elikatzeko eredu desegokietara eraman ohi gaitu, espezialistek diotenez. Halo efektuak edo sakarina efektuak eragiten du hori: itxuraz osasungarriak diren elementuak sartzen dira dietan (kasu honetan, azukrerik gabeko edaria), baina kaloria ugariko elikagaiekin konpentsatzen da gero. Beraz, pertsona batek zero erako freskagarri bat har dezake eta, hala ere, 2.000 kaloriako pizza bat hartu.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak