Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Espainiako Estatuko herritarrek azukretan eta eztitzailetan egiten duten gastuaren inguruko azterketa, MAPAMAren elikadura Kontsumo Paneleko datuetan oinarritua : Azukrea eta eztitzaileak: gozoaren indarra

Herritar bakoitzak gehienezko azukre kopuru gomendatuaren %22 hartzen du egunean (50 gramokoa da) eta eztitzaileentzat onartzen den gehienezko kopuruaren %67 (batez beste, 0,93 gramokoa da kopuru hori 70 kg pisatzen duten helduetan)

Zenbat gozo jaten dugun

Kontsumitu den bolumena

Espainiako etxeek 4.524.410 kg eztitzaile eta 180.294.310 kg azukre kontsumitu zuten 2015eko uztailetik 2016ko uztailera. Batez beste, egunero 12.000 kg eztitzaile eta 493.000 kg azukre.

Lehen begiratuan, alde handia dago bi produktuen artean. Zehazki, azukre kontsumoaren bolumena ia 40 aldiz handiagoa da Espainian eztitzaileena baino. Azken hiru urteetan, gainera, bi elikagai horiek ez dute bilakaera bera izan. Azukre bolumena %13 murriztu da, eta eztitzaileena, aldiz, %11,7 handitu.

Autonomia erkidegoka, Andaluzian eta Madrilen kontsumitzen da azukre bolumen gehien (lehenbizikoan) eta eztitzaile gehien (bigarrenean). Bietan, %16aren inguruan dabil portzentajea. Beste muturrean, Errioxa, Kantabria eta Nafarroa: Espainiako Estatuan guztira hartzen den azukre eta eztitzaile bolumenaren %1 inguru kontsumitzen dute.

Kontsumoa, pertsona bakoitzeko

2015eko uztailaren eta 2016ko uztailaren artean, pertsona bakoitzak 11,07 gramo azukre hartu zituen egunean, eta 0,36 gramo eztitzaile. Beraz, pisuan neurtuta, 31 aldiz azukre gehiago kontsumitzen da eztitzailea baino. Hiru urtean, azukre kontsumoaren bilakaera negatiboa izan da (-%12); eztitzaileenean, berriz, ez da izan gorabeherarik.

Horrela, bada, egun batean kontsumitu zen azukre kantitatearekin (11,07 gramo egunean), herritar bakoitzak 11 gozo unitate hartu zituen (1 gramo sakarosaren ahalmen gozagarria 1ekoa da), eta 0,36 gramo eztitzaileekin, berriz, 14 eta 214 artean ibiliko lirateke herritar bakoitzak hartutako gozo unitateak: 14 ziklamatoa balitz, 71 K azesulfamea edo aspartamoa balitz, 89 estebia, 142 sakarina eta 214 sukralosa.

Gehienezko kopuru gomendatuak kontuan hartuta (OMEren gomendioen arabera), herritarrek egunean hartutako 11,07 gramoak egun osoan hartu behar litzatekeenaren %22 lirateke. Horri erantsi behar zaio herritar bakoitzak hartu zituen 0,36 gramo eztitzaileak; horientzat ezarritako EKOa kontuan hartuta, %56ko portzentajea litzateke K azesulfamearentzat, %13koa aspartamoarentzat, %73koa ziklamatoarentzat, %102koa sakarinarentzat, %34koa sukralosarentzat eta %127koa estebiarentzat.

Zapore gozoaren erakarmena

Kontsumo datu horiek argi uzten dute kosta egiten zaigula elikadura ulertzea zapore gozorik gabe: leku nabarmena hartzen du gure elikaduran, izan azukre eran edo izan eztitzaile eran. Eta kontuan izan behar da, analisian ez direla kontatzen produktu ontziratuen azukreak eta eztitzaileak.

Maria Colomer dietista-nutrizionista da Espainiako Nutrizio eta Dietetika Akademiako Aholkulari Batzordean, eta haren esanetan, “zapore gozoa atsegina gertatzen zaigu ia pertsonarik gehienei, eta gustatu egiten zaigu atsegin dugun hori hainbat alditan esperimentatzea”. Hark zehazten duenez, “zapore gozoak, azukretik etorri edo eztitzaile batetik etorri, areagotu egiten du gosea, berrelikatzeko eragina sortzen du: zenbat eta zapore gozo gehiago, hainbat eta gozo gehiago nahi dugu”.

Kaloria gutxiko eztitzaileak edo kaloriagabeak iruditzen zaizkigu aukerarik bideragarriena produktu azukretsuen kaloriak saihesteko. Hain zuzen, Julio Basulto nutrizionistak oroitarazten digu azukrearen ordez eztitzaile artifizial bat hartzea, baldin eta azukre asko hartzen ari bagara eta txantxarra eta gehiegizko pisua baditugu: “Besterik da eztitzaile horri atxikitzea argaltzeko gaitasun miragarria edo diabetesa sendatzekoa; hori ez dute egiten”.

Colomerren arabera, “nahasi egiten da gauza bat osasungarria izatea eta kaloria gutxiago ematea; kaloria gehiago edo gutxiago izateak ez du egiten elikagai bat osasungarriagoa izan dadin. Zer-nolako mantenugaiak ematen dizkigute azukreak edo eztitzaileek? Osasunarentzat garrantzitsua den bakar bat ere ez. Hortaz, ez dezakegu esan eztitzaile bat osasungarriagoa denik azukrea baino”.

Ildo horretan, Colomerrek zera oroitarazten du: “Kezka sortu behar diguna da, batez ere, ea nutrizioaren ikuspegitik ekarpen txikia egiten duten elikagai gozoak lekua kentzen ari zaizkien elikagai osasungarriei, eta badirudi hala dela. Hortaz, nutrizio baliorik ez izateaz gain, zaildu egiten dute gainerako elikadurak balio hori izan dezan”.

Bestalde, Basultok baieztatzen du zenbait ikerketak agerian utzi dutela eztitzaile artifizialak eta light erako edariak maiz hartzen dituen jendea gizendu egiten dela denborarekin: “Eztitzaile edo gehigarri horiek oso gozoak dira. Norbaitek light erako edari bat hartzeko ohitura duenean, gero ez dio deusen zaporerik hartzen frutari eta berdurari, aho sabaiak gozo gehiago behar duelako aseta sentitzeko”.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak