Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Los datos, informaciones, interpretaciones y calificaciones que aparecen en esta información corresponden exclusivamente al momento en que se realizaron y tienen, por tanto, una vigencia limitada.

Arte Ikasketak : Artistak, titulu ofizial eta guzti

Dantza Ikasketak

Dantzari lotutako lehiaketak eta saioak telebistan ematen hasi denetik, gazteak zaletu egin dira dantzarekin, nahiz eta gutxik ematen duten dantza ikasketak egiteko urratsa. 30.000 ikasle inguru ari dira egun ikasketa horiek egiten (emakumeak dira gehienak). Musika ikasketetan bezala, dantzan ere hiru maila ezartzen ditu LOGSEk. Hemen ere, derrigorrezko hezkuntzarekin batera egiten dira lehen bi mailak, Oinarrizko Maila eta Erdi Maila, eta dantza eskolek egokitu egiten dituzte ordutegiak. Goi Mailako ikasketak egiteko, ordea, buru-belarri horretara jarri beharra dago, modu profesionalean dantzari emanda bizi nahi dutenentzat baita maila hori.

Musika ikasketekin gertatzen den bezala, dantza ikasten hasteko adinik onena ere 4 urte inguruan dago, ballet-ean batik bat, tresna pedagogiko gisa prestatuak egoten baitira haurren eskolak: memoria lantzen dute, musika entzumena eta gorputz adierazpidea. Eskola horietatik Oinarrizko Mailara igarotzeko, haurrak 8 urte beteta edukitzea eskatzen dute dantza eskolek eta ikastegi arautuek. Dantza ikasketak egin nahi dituztenek ere proba bat gainditu behar izaten dute eskola horietara sartzeko, eta proba horretan, gehienbat, musikaltasuna eta gaitasun fisikoak neurtzen dituzte, ez ezagutzak (ez baitute izaten).

Proba hori gainditzen dutenek lau urtez egin beharko dute Oinarrizko Maila. Erdi Mailara pasatzeko, beste proba bat gainditu beharra dago, eta hori eginda, 6 urteko ikastaldia hasiko dute. Dantza klasikoa, espainiarra eta garaikidea erakutsiko dizkiete, eta 6 urteren buruan, Batxilergoko ikasketak ere amaitu badituzte, Dantza Batxilergoko titulua emango diete. Hurrengo urratsa Goi Mailara egin daiteke, aro profesionalera; beste lau urte irauten dute ikasketa horiek, eta bukatutakoan, Dantzako Goi Titulua eskuratuko du ikasleak (unibertsitate titulu baten parekoa da), berak hautatu duen espezialitatean: Dantzaren Pedagogia edo Dantza Koreografia eta Interpretazio Teknikak.

Oinarrizko Mailan matrikula egitea 100 euro eta 250 euro artean kostatzen da; kopuru hori ordainduta, ikasleari eskola dosierra egingo diote eta ikasturte osoko matrikula egina izango du; beste ikasturteren bateko ikasgaiak gainditu gabe baditu, 40 eta 70 euro artean ordaindu beharko du bakoitza. Erdi Mailan, ikasturte osorako matrikula eta eskola dosierra egitea zertxobait garestiagoa da (275 eta 350 euro artean dabil), eta, horrez gain, proba bat egin beharra dago aurreko mailatik beste honetara igarotzeko (30 eta 50 euro artean balio du). Zintzilik geratu den ikasgai bakoitzean matrikula egiteko, berriz, 48 eta 100 euro artean ordaindu behar da. Eta Goi Mailara jauzi egiten dutenentzat, are garestiagoa da urteko matrikula (450 euro inguru). Horiek dira prezioak eskola arautuetan; arautugabeetan ikasi nahi duenak, 40 eta 90 euro ordaindu beharko ditu urtean.

Zer ekarpen egiten die dantzak haurrei?

  • Neska-mutilen autoestimua indartzen du, eta beste kultur adierazpen batzuei erreparatzeko sentsibilitatea pizten du.
  • Independentzia, sormena eta segurtasuna hartzen laguntzen die, jendaurrera irteteko beldurra gainditzen, eta erabakiak hartzeko gaitasuna lantzen.
  • Mugimenduen koordinazioa eta arintasuna lantzeko balio du, eta oreka eta malgutasuna lantzeko ere bai.
  • Adierazkortasuna hobetzen du, eta hobeto komunikatzeko eta gizarteratzeko laguntza handia da hori ikasleentzat. Talde lana sustatzen du.

Eduki honen barruko orrialdekatzea

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak