12 konpainia elektriko aztertu ditugu, argiaren hilabeteko faktura merkatu askean zenbat kostatzen den jakiteko eta kontsumitzaileentzat eskaintza erakargarririk baden aztertzeko

Argiaren faktura: ia ez dago alderik merkatu askearen eta tarifa arautuaren artean

Merkatu askean, kontsumitzaile batek, batez beste, 61 euro ordaintzen du hilean argiaren faktura, tarifa arautua kontratatuta baino % 1,4 gutxiago
1 maiatza de 2011
Img tema listado 166

Argiaren faktura: ia ez dago alderik merkatu askearen eta tarifa arautuaren artean

Etengailuari eragin eta argia piztu. Ohiko ekintza da guretzat, eta ez diogu ematen berez duen garrantzia. Baina gaur egun, energiak balio handia du, eta ezin da nolanahi xahutu. Espainiako Estatuan, familiek kontsumitzen dute energia guztiaren % 30, eta, zehazki, etxe bakoitzak 4.000 kW/h kontsumitzen ditu urtean. Eta zenbat da kilowatt bat orduko? Bada, 100 watteko lanpara batek 10 orduz piztuta egonda kontsumitzen duena.

Datu eta keinu horien atzean, industria oso konplexua dago. Berriki, lege-aldaketak egin dizkiote argindar-hornidurari, eta 2009ko uztailaz geroztik, argindarraren merkatua liberalizatu egin da Espainiako Estatuan. Ondorioz, beste alor batzuetan bezala (telefonia mugikorrarenean, esaterako), kontsumitzaile bakoitzak aukeratu egin dezake zer enpresari kontratatuko dion hornidura elektrikoa. Dena den, 10 kilowattetik beherako potentzia kontratatu dutenek, aukera daukate Azken Aukerako Tarifa (TUR) hartzeko, zeinaren prezioa Gobernuak finkatzen baitu. Etxeko ekonomian argindarrak zer garrantzi duen ohartuta, merkatuan dauden tarifak aztertu nahi izan ditu EROSKI CONSUMERek lan honetan, eta merkatu askean egiazko eskaintza erakargarririk baden ere ikusi nahi izan du.

Nola egin da azterketa

Horretarako, informazioa eskatu zaie CNE Energia Batzorde Nazionaleko adituei eta Unidad Electricakoei (UNESA), baita kontsumitzaileen elkarte hauei ere: Kontsumitzaileen Elkarte Nagusia (ASGECO CONFEDERACIÓN) eta Espainiako Kontsumitzaileen Elkartea (UCE). Era berean, tarifak eta informazioa eskatu zaie estatu osoan lan egiten duten 12 argindar konpainiari: Aduriz Energía, Compañía Escandinava de Electricidad de España, Eléctrica Serosense, Endesa Energía, Enerco Cuéllar, E.ON Energía, Gas Natural Servicios, Gerternova, HC Energía, Iberdrola, Nexus Energía eta Orus Energía. Kalkuluak egiteko, hiru etxe mota hartu ditugu, eta bakoitzak hilean zer faktura izango lukeen neurtu dugu:

  1. 50 metro koadroko etxe bat, bi logela eta sukaldea dituena, eta honako behar hauek: egongeletako argiak, irratia, telebista, hozkailua, garbigailua, ur beroa eta etxetresna txikiak (xurgagailua, kafe-makina eta mikrouhin labea). Kasu horretan, 2,3 kW-eko potentzia kontratatuko lukete, eta hilean (30 egunez), 150 kW/h kontsumituko lituzkete.
  2. 80 metro koadroko etxe bat, hiru logela eta sukaldea dituena, eta honako behar hauek: aurreko etxeko berberak, baina garbigailua, ontzi-garbigailua, labea, bitrozeramika eta ordenagailua gehituta. 4,6 kW-eko potentzia kontratatuko lukete, eta hilean (30 egunez), 3000 kW/h kontsumituko lituzkete.
  3. 100 metro koadroko etxe bat, bost logela eta sukaldea dituena, eta bigarren etxeak behar dituen osagaien gain, aire girotua eta arropa-lehorgailua ere izango lituzkeena. Azken kasu horretan, 4,6 kW-eko potentzia kontratatuko lukete eta hilean 500kW/h kontsumituko lituzkete.

Alde handirik ez

Argiaren faktura kalkulatzeko, lau alderdi eduki ditu kontuan EROSKI CONSUMERek: batetik, potentzia kontratatua eta energia kontsumoa hartu ditu, eta bakoitza bere tarifarekin biderkatu du (soilik argiaren kontratua egin dutenentzako eskaintzak aztertu dira, ez argia+gasa eta gisako kontratuen ingurukoak; horiek bereiz landu dira). Gehienetan, beste kontzeptu bat ere agertzen da kontsumitzaileen ordainagirian, neurgailuen alokairua, alegia (kontagailuak eta etengailuak), baina azterketa honetan ez dira aintzat hartu, enpresek ez dutelako jakinarazi zer prezio duten.

Horrela, bada, gaur egun, merkatu askean ordu-diskriminaziorik gabeko tarifa bat (2.0A motakoa) kontratatzen duen kontsumitzaileak, 4,6 kilowatt-eko potentziarekin, eta hilean 300 kW/h kontsumitzen baditu, 61 euro ordaindu beharko ditu, batez beste. Azken Aukerako Tarifarekin alderatuz gero, adibidez, ez dago alde handirik: % 1,4 merkeagoa da merkatu askekoa. Era berean, merkatu askean ere ez da alde handirik konpainia batetik bestera (bi eurokoa baino ez, garestienetatik merkeenetara): Aduriz Energía, Eléctrica Serosense, Gas Natural eta Gesternova daude lehenengoen sailean (TUR tarifa eskaintzen dute, ia 62 eurokoa) eta Compañía Escandinava de electricidad de España eta HC Energía daude bigarrenen sailean (hilean 59 euro ateratzen da horiekin).

Berdintsu gertatzen da etxe handiagoan ere (100 metro koadrokoa), non potentzia bera kontratatuko litzatekeen, baina 500 kW/h kontsumoa egingo lukeen hilean. Kasu horretan, merkatu askean, 96 euro ordaindu beharko lirateke hilean. TUR tarifarekin alderatuta, % 1,2 aurreztuko lukete, eta konpainien artean ere ez legoke alde aipagarririk (bost euro eskasekoa): garestienek, hemen ere, Gobernuak eskaintzen duen tarifa bera daukate (Aduriz Energía, Eléctrica Serosense, Enerco Cuellar, Gas Natural eta Gesternova; 97 euro, hilean), eta merkeena, berriz, Compañía Escandinava de Electricidad izango litzateke (92 euro).

Merkatu askea, egiazko aukera edo ameskeria?

Ondorio horiek erakusten dute, merkatua liberalizatu zenetik denboratxo bat pasatu den arren, ia alderik ez dagoela ohiko kontsumitzaileari eskaintzen dizkioten tarifetan (2.0A eta 2.0DHA motakoak dira), ez konpainia batetik bestera eta ez Gobernuak arautzen duenarekiko (TUR). Datuak aski adierazgarriak dira, eta gure azterketan egiaztatu dugunez, hiru konpainiatatik batek soilik eskaintzen ditu beherapenak, % 10-15 ingurukoak, kontzeptu finkoan (potentzia): Endesa Energía, E.ON Energía, Iberdrola eta Orus Energía. Kontzeptu aldakorrean, berriz (energia kontsumitua) lautik batek baino ez du egiten beherapena, % 1 eta % 5 artekoa: Compañía Escandinava de Electricidad de España, HC Energía eta Nexus Energía. Zein da horren arrazoia? Batzuek esaten dutenez, Gobernuak finkatzen duen TUR tarifak ez ditu islatzen hornidura elektrikoak egiaz dituen gastuak, eta merkatu askean energia saltzen ari den enpresa batek nekez murritz ditzake prezioak, galerarik izan gabe. Hala ere, beste eskaintzarik ere badute: Iberdrola eta E.ON Energía enpresek doako mantentze zerbitzua dute eta Azken Aukerako Tarifarekin urte betez jarraitzeko aukera ere ematen dute, prezio finkoan. Gesternovak, bestetik, arreta eta erreklamazio zerbitzua debalde ematen du.

Hiru konpainiatatik batek soilik
eskaintzen ditu
beherapenak % 10-15
ingurukoak kontzeptu finkoan (potentzian)

Ildo horretan, CNE erakundearen beraren iritziz ere, konkurrentziak aski bilakaera mugatua izan du merkatu elektrikoan, bereziki ohiko kontsumitzaileari egiten zaion eskaintzan. Erakunde horrek dioenez, erabiltzaileek betiko konpainiekin jarraitzen dute, eta babesgabe aurkitzen dira hornitzailea aldatzeko orduan, araudia ez baita oso argia gai horretan. Merkatu askeko hornidurek 1,8 milioiko hazkundea izan zuten 2010ean, aurreko urtearekin alderatuta, baina ohiko kontsumitzailerik gehienek (% 85) azken aukerako hornitzaileei hartzen diete argindarra.

Kontsumitzaileen elkartearen ustez, Espainiako Estatuko argindar arloaren etorkizuna ez da erraza. UCEk dioenez, gainera, argindar merkatuak eduki lezakeen egoerarik txarrena dauka, non merkatu askean ari diren enpresen tarifak Gobernuak arautzen duenari lotuta baitaude, eta, ondorioz, ez dago deskontu interesgarririk kontsumitzaile txikientzat.

Zer tarifa mota kontrata ditzakete kontsumitzaileek?

Azken Aukerako Tarifa (TUR): Etxean 10 kW baino gutxiago dituzten erabiltzaileek kontrata dezakete tarifa hori (Administrazioak zehazten du zenbatekoa den). Bi eratakoak daude:

  • Ordutegi-diskriminaziorik gabeko tarifa: hori izaten da ohikoena. Prezio finko bat ordaintzen da kilowatt bakoitzeko, kontsumitzen den orduan kontsumitzen dela.
  • Ordutegi-diskriminazioa duen tarifa: era horretako tarifan, potentzia kontzeptu finkoa izaten da fakturan, baina kontsumoa bitan banatzen da, ordutegiaren arabera: batetik, puntako orduetan egindako kontsumoa dago, (neguan, 12:00etatik 22:00etara, eta udan, 13:00etatik 23:00etara), eta, bestetik, ordu apaletan egindakoa (neguan, 22:00etatik 12:00etara, eta udan, 23:00etatik 13:00etara).

Gizarte Bonua: Azken Aukerako Tarifaren gain egiten den beherapena da, baldintza batzuk betetzen dituzten kontsumitzaileei ezartzen zaiena. Pertsona fisikoak izan behar dute, eta beren ohiko etxebizitzako kontratuarentzat eskatu behar dute laguntza hori. Horrez gain, honako kolektibo hauetako batean egon behar dute: etxean 3 kW-etik beherako potentzia kontratatzen duten bezeroak; 60 urteko edo hortik gorako pentsionistak, erretiroari, ezintasun osoari edo alarguntasunari dagozkion sariak gutxienekoaren mailan dituztenak: familia ugariak edo familiako kide guztiak langabezian dauzkatenak.

Merkatu askeko tarifak: Kontsumitzaileek nahi duten argindar-hornitzailea hauta dezakete. Kasu horretan, merkatuak finkatzen ditu zer tarifa mota izango diren. Gaur-gaurkoz, konpainia elektrikoek ez dute apustu handirik egin merkatu mota horren alde, eta Azken Aukerako Tarifaren aldean, beherapen txiki-txikiak eskaintzen dituzte. Hori dela eta, erabiltzailerik gehienek azken aukerako tarifak dauzkaten saltzaileekin jarraitzen dute.

Aurrezteko: ordutegi-diskriminazioa duten tarifak eta argia+gasa biltzen dituzten eskaintzak

Diru gehixeago aurrezteko, ordutegi-diskriminazioa daukan tarifa bat kontratatu beharra dago. EROSKI CONSUMERek kalkulua egiteko aintzat hartu dituen bi etxe motatan (bigarrena eta hirugarrena), % 24raino aurreztu ahalko lukete kontsumitzaileek: 80 metro koadroko etxeak 48 euro ordainduko lituzke hilean, eta 100 metrokoak, 74 euro (horietan ere ez dago alde handirik konpainia batzuetatik besteetara). Hori lortzeko, dena den, puntako orduetan egin behar da kontsumoaren % 40, eta gainerako guztia, ordu apaletan edo kontsumo txikiagokoetan (tarifak merkeagoak izaten dira). Espezialistei galdetuta, ordea, argi esaten dute oso zaila dela dirua aurreztea ordutegi diskriminatua duen tarifarekin, baldin eta kontsumitzaileak ez badauka sistema adimendunik kontsumo arduratsua egiten laguntzeko. Aduriz Energían, adibidez, ordutegi diskriminatua duten bezerorik gehienek metatze bidezko berokuntza-sistema daukate; gauez kargatzen dira (orduan kontsumitzen dute energia), eta egunez ematen dute beroa. Arlo horretan, garrantzia hartzen du domotikak ere, zeinak aukera ematen baitu, kontrol-sistema adimendunen bidez, argiztapen-sistemak kontrolatu eta automatizatzeko.

Merkatu askean aurrezteko beste modu bat, argia eta gasa konpainia berari hartzea izaten da. Era horretan, erabiltzaileek % 12-15 arteko hobariak eskura ditzakete argiaren kontzeptu finkoan edo potentzian (Gas Natural, E.ON Energía eta Endesa Energía), eta % 2-10 artekoak kontzeptu aldakorrean edo kontsumoan (HC Energía eta Gas Natural). Are gehiago, E.ON Energía aukeratu duen erabiltzaileak bere kontsumoa % 10 murrizten badu, hilabeteko faktura doan ematen diote.

Gizarte Bonua: aurrezteko beste aukera bat

Azken Aukerako Tarifa (TUR) duten kontsumitzaileek, duela bi urtetik hona, laguntza bat eduki dezakete argiaren faktura ordaintzeko: Gizarte Bonua. Horretarako, honako kolektibo hauetakoren bateko kide izan behar dute: etxean 3 kW-etik beherako potentzia kontratatzen dutenak; 60 urteko edo hortik gorako pentsionistak, erretiroari, ezintasun osoari edo alarguntasunari dagozkion sariak gutxienekoaren mailan badaude: familia ugariak edo familiako kide guztiak langabezian dauzkatenak.

Azken Aukerako Tarifa (TUR) sortu zenean onartu zuten neurri sozial hori (2009ko ekaina), kolektibo babesgabeenei laguntzeko. Bonu horrekin, TUR abian jartzeko unean indarrean dagoen tarifa izozten dute, hurrengo urte arte.

EROSKI CONSUMERek aintzat hartu duen lehen etxe mota kolektibo horren barrenean egongo litzateke (2,3 kilowatteko potentzia kontratatu luke, eta hilean, 150 kW/h kontsumituko lituzke). Argia merkatu askean hartuko balute, hilean 31 euro ordainduko lituzkete, ordutegi-diskriminaziorik gabeko tarifa batekin; aldiz, gizarte-bonua eskatuko balute (TURi atxikita egon behar dute), % 16 aurreztuko lukete hilean, eta 26 euro ordainduko lituzkete.

Komeni da oroitaraztea gizarte-bonua bi urterako izaten dela, eta onuradunak TURi atxikia egon behar duela, pertsona fisikoa izan behar duela eta bere ohiko etxebizitzako kontratuarentzat eskatu behar duela laguntza hori.

Zer dago argiaren fakturaren atzean?

Postontzia ireki, eta hara! Hantxe dago argiaren faktura. Pertsonarik gehienek hileko kopuruari erreparatzen diote zuzen-zuzenean, baina datu horretaz gain, beste xehetasun eta kontzeptu batzuk ere izaten ditu fakturak. Askotan, ez diegu begiratu ere egiten, ulertzea ere kosta egiten zaigu eta. Izan ere, beti ez da erraza izaten faktura horiek irakurtzea.

Fakturaren datuak

Tarifa arautua eduki edo argindarra merkatu askean erosi, fakturak urteko kontsumoaren berri eman behar du: barra-grafiko bat izaten da, eta horri esker, gehiegizko kontsumoa kontrolatzeaz gain, jakin dezakegu ea konpainiak egiten duen gutxi gorabeherako kalkulua bat ote datorren urte arteko kontsumoarekin. Horretarako, aurreko fakturetan begiratu daiteke, grafikoan datuak ongi dauden ziurtatzeko. Azken prezioaz gain, honako kontzeptu hauek agertu behar lukete etxera iristen zaigun ordainagirian:

Prezio arautuan edo Azken Aukerako Tarifan (TUR), honako hauek eduki behar ditu fakturak:

  1. Tarifa zer buletin ofizialetan argitaratu den.
  2. Faktura zenbatekoa den, guztira, bi sailetan bereizita. Batetik, termino finkoa edo potentzia-terminoa: kontratatu den potentziaren arabera ordaintzen da, eta potentzia-terminoaren prezioa eta kontratatu den kilowatt kopurua biderkatuz lortzen da. Beti ordaindu behar izaten da, baita deus kontsumitu ez denean ere. Bestetik, termino aldakorra edo energia-terminoa dago: fakturatze-aldian orduko kontsumitu diren kilowatt-ak ordaintzen dira, kontagailuak neurtu dituenak.

Merkatu askean, aldatu egin daitezke datuak, eta, beraz, honako kontzeptu hauek agertu behar dute fakturan:

  1. Bidesariak: banatzailearen sareak erabiltzeagatik ordaintzen dena da (argia etxeraino eramaten duen enpresa da banatzailea); Espainiako Industria, Merkataritza eta Turismo Ministerioak finkatzen du.
  2. Energia kontsumitua: kontsumitzen den energiagatik ordaintzen dena da (kontagailuak neurtzen du). Saltzailearekin adostu den prezioa (kontratuan ageri da) eta kontagailuak neurtu duena (kW/h) biderkatuz lortzen da.
  3. Fakturetan, gainera, urtean behin, gutxienez, edo hilero, enpresak jakinarazi behar du zer ordainketa egin dizkion banatzaileari bidesarietan, kontsumitzailearen izenean.
  4. Eskaintzak: merkatua liberalizatzeak eskaintzak eta beherapenak ekarri ditu. Beherapen horiek ere agertu behar dute, eta hala ez bada, kontratuaren bidez kontrolatu behar dira. Bestalde, argi eta garbi zehaztu behar da beherapena zeri ezartzen zaion: tarifa osoari edo zatiren bati (termino finkoari edo kontsumo-terminoari).

Beste kontzeptu batzuek ere agertu behar dute, bai kontsumitzaileak Azken Aukerako Tarifa badu, bai merkatu askera jo badu:

  1. Argindarraren gaineko zerga: etxe bakoitzean kontsumitzen denaren arabera, gehiago edo gutxiago ordaintzen da, eta energia berriztagarrien arloko ikerketan inbertitzen da. Zerga hori kalkulatzeko formulan, aintzat hartzen dira potentzia kontratatua, kontsumitu den energia eta koefiziente finko bat, eta hiru horiekin kalkulatzen da.
  2. Neurgailuen alokairua: bezeroak kopuru finko bat ordaintzen du, eta, trukean, enpresa derrigortua dago kontagailuaren mantentze-lanak eta konponketak egitera.
  3. Kontsumoaren historia: barra-grafikoaren bidez, energia gastuak azken hilabeteetan izan duen bilakaera ikus daiteke.
  4. BEZa: orain arte aipatu ditugun guztiak batu (zerbitzuaren kostu finkoa, potentziaren araberako kopurua, argindarraren gaineko zerga berezia eta neurgailuen alokairua, besteak beste), eta % 18ko zerga ezartzen zaio, BEZari dagokiona.

Gutxi gorabeherako irakurketa: iruzur egiten al zaie kontsumitzaileei? eta konparaketako taula

Kontsumitzaileen artean, bada eztabaida handia eragiten duen gai bat: fakturaren gutxi gorabeherako irakurketa. Kontagailuak markatzen duen zifra da irakurketa, eta bi motatakoa izaten da. Batetik, egiazko irakurketa dago, kontagailuak data jakin batean adierazten duen zenbakia; konpainiako langileek edo kontsumitzaileak berak har dezake hori. Bestetik, gutxi gorabeherako irakurketa dago, kontagailua irakurtzerik izan ez den aldietan erabiltzen dena.

Bigarren kasu horretan, enpresa elektrikoaren informatika-sistemak egiten du kalkulua, gutxi gorabeherakoa, eta bezeroak zenbateko kontsumoa egin izango duen ateratzen du. Araudiak horretarako aukera ematen dio, eta honako formula hau erabili behar izaten du konpainiak: aurreko urteko garai berean bezeroak egin zuen kontsumoa har dezake egiazkotzat, eta hori aplikatu. Baina hori kalkulu bat besterik ez da, egiazko datuekin zerikusirik ez duena (handiagoa edo txikiagoa izan daiteke). Irakurketek txandakatu egin behar dituzte egiazko faktura bat eta gutxi gorabeherako bat, eta, beraz, kontagailuaren egiazko irakurketa egiten dutenean, kopurua doitu egingo dute hurrengo fakturan: gerta daiteke erabiltzaileari dirua itzultzea (gutxi gorabeherako kalkulua egiazko kontsumoa baino handiagoa izan denean), edo gerta daiteke lehen fakturatu ez diotenaren zati bat ordaindu behar izatea (kalkulua egiazko kontsumoaren azpitik egin denean).

Gutxi gorabeherako irakurketek mesfidantza eragiten diete kontsumitzaileen elkarteei, eta salaketa asko jarri dituzte gai horren inguruan. Madrilgo Autonomia Erkidegoan izan zen azkena, non bertako gobernuak espedientea ireki zien iragan martxoan erkidegoan argindarra saltzen duten hiru enpresari, ustez urratu egin zutelako Madrilgo kontsumitzaileek informazio eraginkor eta ongi osatua jasotzeko daukaten eskubidea, eta dei egiten zieten konpainiei, egiazko irakurketaren araberako fakturak egin ditzatela.