Saltatu nabigazio-menua eta joan edukira

EROSKI CONSUMER, kontsumitzailearen egunkaria

Bilatzailea

Fundazioaren logotipoa

EROSKI CONSUMERen kanalak


Kokaleku honetan zaude: Azala > Papereko argitalpena >

Informazio honetan agertzen diren datu, informazio, interpretazio eta kalifikazioak haiek egin ziren uneari dagozkio, eta, beraz, denbora mugatuz daude indarrean.

12 konpainia elektriko aztertu ditugu, argiaren hilabeteko faktura merkatu askean zenbat kostatzen den jakiteko eta kontsumitzaileentzat eskaintza erakargarririk baden aztertzeko : Argiaren faktura: ia ez dago alderik merkatu askearen eta tarifa arautuaren artean

Merkatu askean, kontsumitzaile batek, batez beste, 61 euro ordaintzen du hilean argiaren faktura, tarifa arautua kontratatuta baino % 1,4 gutxiago

Alde handirik ez

Argiaren faktura kalkulatzeko, lau alderdi eduki ditu kontuan EROSKI CONSUMERek: batetik, potentzia kontratatua eta energia kontsumoa hartu ditu, eta bakoitza bere tarifarekin biderkatu du (soilik argiaren kontratua egin dutenentzako eskaintzak aztertu dira, ez argia+gasa eta gisako kontratuen ingurukoak; horiek bereiz landu dira). Gehienetan, beste kontzeptu bat ere agertzen da kontsumitzaileen ordainagirian, neurgailuen alokairua, alegia (kontagailuak eta etengailuak), baina azterketa honetan ez dira aintzat hartu, enpresek ez dutelako jakinarazi zer prezio duten.

Horrela, bada, gaur egun, merkatu askean ordu-diskriminaziorik gabeko tarifa bat (2.0A motakoa) kontratatzen duen kontsumitzaileak, 4,6 kilowatt-eko potentziarekin, eta hilean 300 kW/h kontsumitzen baditu, 61 euro ordaindu beharko ditu, batez beste. Azken Aukerako Tarifarekin alderatuz gero, adibidez, ez dago alde handirik: % 1,4 merkeagoa da merkatu askekoa. Era berean, merkatu askean ere ez da alde handirik konpainia batetik bestera (bi eurokoa baino ez, garestienetatik merkeenetara): Aduriz Energía, Eléctrica Serosense, Gas Natural eta Gesternova daude lehenengoen sailean (TUR tarifa eskaintzen dute, ia 62 eurokoa) eta Compañía Escandinava de electricidad de España eta HC Energía daude bigarrenen sailean (hilean 59 euro ateratzen da horiekin).

Berdintsu gertatzen da etxe handiagoan ere (100 metro koadrokoa), non potentzia bera kontratatuko litzatekeen, baina 500 kW/h kontsumoa egingo lukeen hilean. Kasu horretan, merkatu askean, 96 euro ordaindu beharko lirateke hilean. TUR tarifarekin alderatuta, % 1,2 aurreztuko lukete, eta konpainien artean ere ez legoke alde aipagarririk (bost euro eskasekoa): garestienek, hemen ere, Gobernuak eskaintzen duen tarifa bera daukate (Aduriz Energía, Eléctrica Serosense, Enerco Cuellar, Gas Natural eta Gesternova; 97 euro, hilean), eta merkeena, berriz, Compañía Escandinava de Electricidad izango litzateke (92 euro).

Merkatu askea, egiazko aukera edo ameskeria?

Ondorio horiek erakusten dute, merkatua liberalizatu zenetik denboratxo bat pasatu den arren, ia alderik ez dagoela ohiko kontsumitzaileari eskaintzen dizkioten tarifetan (2.0A eta 2.0DHA motakoak dira), ez konpainia batetik bestera eta ez Gobernuak arautzen duenarekiko (TUR). Datuak aski adierazgarriak dira, eta gure azterketan egiaztatu dugunez, hiru konpainiatatik batek soilik eskaintzen ditu beherapenak, % 10-15 ingurukoak, kontzeptu finkoan (potentzia): Endesa Energía, E.ON Energía, Iberdrola eta Orus Energía. Kontzeptu aldakorrean, berriz (energia kontsumitua) lautik batek baino ez du egiten beherapena, % 1 eta % 5 artekoa: Compañía Escandinava de Electricidad de España, HC Energía eta Nexus Energía. Zein da horren arrazoia? Batzuek esaten dutenez, Gobernuak finkatzen duen TUR tarifak ez ditu islatzen hornidura elektrikoak egiaz dituen gastuak, eta merkatu askean energia saltzen ari den enpresa batek nekez murritz ditzake prezioak, galerarik izan gabe. Hala ere, beste eskaintzarik ere badute: Iberdrola eta E.ON Energía enpresek doako mantentze zerbitzua dute eta Azken Aukerako Tarifarekin urte betez jarraitzeko aukera ere ematen dute, prezio finkoan. Gesternovak, bestetik, arreta eta erreklamazio zerbitzua debalde ematen du.

Hiru konpainiatatik batek soilik
eskaintzen ditu
beherapenak % 10-15
ingurukoak kontzeptu finkoan (potentzian)

Ildo horretan, CNE erakundearen beraren iritziz ere, konkurrentziak aski bilakaera mugatua izan du merkatu elektrikoan, bereziki ohiko kontsumitzaileari egiten zaion eskaintzan. Erakunde horrek dioenez, erabiltzaileek betiko konpainiekin jarraitzen dute, eta babesgabe aurkitzen dira hornitzailea aldatzeko orduan, araudia ez baita oso argia gai horretan. Merkatu askeko hornidurek 1,8 milioiko hazkundea izan zuten 2010ean, aurreko urtearekin alderatuta, baina ohiko kontsumitzailerik gehienek (% 85) azken aukerako hornitzaileei hartzen diete argindarra.

Kontsumitzaileen elkartearen ustez, Espainiako Estatuko argindar arloaren etorkizuna ez da erraza. UCEk dioenez, gainera, argindar merkatuak eduki lezakeen egoerarik txarrena dauka, non merkatu askean ari diren enpresen tarifak Gobernuak arautzen duenari lotuta baitaude, eta, ondorioz, ez dago deskontu interesgarririk kontsumitzaile txikientzat.

Zer tarifa mota kontrata ditzakete kontsumitzaileek?

Azken Aukerako Tarifa (TUR): Etxean 10 kW baino gutxiago dituzten erabiltzaileek kontrata dezakete tarifa hori (Administrazioak zehazten du zenbatekoa den). Bi eratakoak daude:

  • Ordutegi-diskriminaziorik gabeko tarifa: hori izaten da ohikoena. Prezio finko bat ordaintzen da kilowatt bakoitzeko, kontsumitzen den orduan kontsumitzen dela.
  • Ordutegi-diskriminazioa duen tarifa: era horretako tarifan, potentzia kontzeptu finkoa izaten da fakturan, baina kontsumoa bitan banatzen da, ordutegiaren arabera: batetik, puntako orduetan egindako kontsumoa dago, (neguan, 12:00etatik 22:00etara, eta udan, 13:00etatik 23:00etara), eta, bestetik, ordu apaletan egindakoa (neguan, 22:00etatik 12:00etara, eta udan, 23:00etatik 13:00etara).

Gizarte Bonua: Azken Aukerako Tarifaren gain egiten den beherapena da, baldintza batzuk betetzen dituzten kontsumitzaileei ezartzen zaiena. Pertsona fisikoak izan behar dute, eta beren ohiko etxebizitzako kontratuarentzat eskatu behar dute laguntza hori. Horrez gain, honako kolektibo hauetako batean egon behar dute: etxean 3 kW-etik beherako potentzia kontratatzen duten bezeroak; 60 urteko edo hortik gorako pentsionistak, erretiroari, ezintasun osoari edo alarguntasunari dagozkion sariak gutxienekoaren mailan dituztenak: familia ugariak edo familiako kide guztiak langabezian dauzkatenak.

Merkatu askeko tarifak: Kontsumitzaileek nahi duten argindar-hornitzailea hauta dezakete. Kasu horretan, merkatuak finkatzen ditu zer tarifa mota izango diren. Gaur-gaurkoz, konpainia elektrikoek ez dute apustu handirik egin merkatu mota horren alde, eta Azken Aukerako Tarifaren aldean, beherapen txiki-txikiak eskaintzen dituzte. Hori dela eta, erabiltzailerik gehienek azken aukerako tarifak dauzkaten saltzaileekin jarraitzen dute.

Hau interesa dakizuke:

Infografiak | Argazkiak | Ikerketak