Argaltzeko 103 zentro aztertu dira Espainia osoan

Argaltzeko zentroak: Zorroztasun gabezia latza eta informazio arinegia

Zentroen %68k ez du proba gainditu, %46k "izar produktuetan" oinarrituriko tratamenduak PROPOSATZEN DITU, hirutik batek pisu-galtze ez oso osasuntsuak planteatzen ditu eta bezeroen %30tatik gora ez dituzte artatzen ez sendagileek, ez nutrizioan adituek.
1 maiatza de 2007
Img temap 281

Argaltzeko zentroak: Zorroztasun gabezia latza eta informazio arinegia

/imgs/20070501/img.tema-portada.01.jpg “Bikini operazioa” hasia da dagoeneko jende askorentzat. Farmaziak, parafarmaziak, belar-dendak, dietetika-zentroak eta antzeko establezimenduak gorputzeko pisua jaisteko hamaika produkturen erakusleiho zabala dira sasoi honetan Eginiko azken ikerketen arabera, 2003 urtean espainiarrek 2.000 milioi euro baino gehiago gastatu zuten argaltzeko tratamenduetan. Esfortzurik egin gabe pisu-galtze azkarrak “bermatzen” dituzten iragarkiek eta bezero bakoitzaren neurri-neurriko dietek eta lehen kontsultak doan… bidaltzen duten publizitate horren jasotzaileak bisitatzen dituen zentroetan ez dago beti-beti nutrizio alorreko aditurik.

Egin beharreko galdera dator orduan: establezimendu horiek erabiltzailea zuzen informatzen edo aholkatzen dute? Azterketa honetan bildutako datuek adierazten duten erantzuna erabatekoa da: ez. Lehenago (duela bost urte) eginiko antzeko azterketa bateko emaitza ezinago kaskarrak hobetu ordez, ziztrinak, CONSUMER EROSKI-ren txosten honen ondorioek iradokitzen duten panorama ez da bat ere itxaropentsurik: azterturiko hiru establezimendutik bik (%68) aldizkari honek ezarritako azterketa ez dute gainditu eta, horien %84k ?oso eskas” kalifikazioa eraman dute. Denen %18k bakarrik gainditu du aise.

Akatsik ohikoenak: zentro gehienek ez dute arazoa behar bezala identifikatzen eta erabiltzaileari proposatzen dioten tratamendua gaizki azaldu eta okerrago zehazten diote. Argaltzeko hiru zentrotik batek pisu-galtze azkarregiak (osasunarentzat, arriskutsuak) planteatzen ditu; proportzio hori errepikatu egiten da, bezeroa artatzeko ez espezializatutako sendagilerik eta ez nutrizio alorreko aditurik ez duten zentroez aritzean. Horien %46k, gainera, “izar produktuekin” (pazientearen elikatze-azturak eta bizimodua aintzat hartuko dituen dieta pertsonalizatua planteatu ordez, produktu edo osagarri dietetikoekin) egin beharreko tratamenduak aholkatzen ditu.

Hauxe da, beren burua pisua galtzeko paziente gisa aurkezturik, CONSUMER EROSKI-ko teknikariek egin duten erradiografia kezkagarria, Espainiako 18 hiritako 103 establezimendutara bisita egin ondoren: 10 Madril eta Bartzelonan, 7 Valentzia eta Bilbon, 6 Malaga, Sevilla eta Zaragozan, 5 A Coruña, Alacant, Cordoba, Murtzia, Donostia, Valladolid eta Gasteizen eta 4 Granada, Oviedo, Iruñea eta Santanderren. Zentroak bisitatu zituzten 22 teknikarien erdiek ez dute argaltzeko beharrik, bostek gehiegizko pisu txikia dute (arazo estetikoa, batik bat) eta gainerako seiek maila desberdinetako obesitatea nozitzen dute.

/imgs/20070501/img.tema-portada.02.jpg Dietetika eta nutrizio alorretako adituen laguntzaz eta sendagileen aholkularitza egokia harturik, horrelako zentro batek bezeroari era osasuntsu eta eraginkorrean pisua galtzeko aukera eman ziezaiokeen determina zezaketen irizpideak ezarri ziren. Bisita horietan ateratako ondorioek bereizgarri nagusi bat, berbera, agertzen dute: pisua galtzeko promesek eta proposatzen dituzten tratamenduek dietetika eta nutrizio alorretako adituengan mesfidantza pizten dute, dieta osasuntsuen bidez ezin erdiets daitezkeen emaitzak ezartzen dituztelako.

Izen berdina, zerbitzu desberdina

CONSUMER EROSKI-ko teknikariek, argaltzeko tratamendu eta gorputz-estetikan espezializaturiko negozio-tipologia zabalaren ordezkari diren 103 establezimendu bisitatu zituzten: belar-denda, parafarmazia, dietetika-dendak, etxe partikularretako kontsultak? baita hainbat hiritan izen berberarekin lanean dabiltzan zentro batzuk ere.

Nolanahi ere, izen berbera badute eta frankizia bateko kideak badira ere (hauxe da funtzionatzeko era ohikoena) bezeroari ematen dioten informazioa eta tratamendua aldatu egiten dira zentro batetik bestera; beraz, marka berarekin diharduten establezimendu edo frankizien funtzionamendu osoa (ona izan, txarra izan), batera, balioztatzeari ez deritzogu bidezko. Aztertuetako batzuk dira Corporación Dermoestética (izendura horretako hamaika zentro aztertu ziren), Naturhouse (hamahiru zentro), Herbolife (lau zentro) eta Corposan (bost zentro).

Frankizia horietako kide diren lau zentrotatik bakar batek gainditu du aise CONSUMER EROSKI-k ezarritako azterketa; %12k “erdipurdi” apala baizik ez du lortu eta frankiziaturiko gainerakoek (%64) ez dute gainditu: “eskas” edo “oso eskas” izan da horien kalifikazioa. Hortaz, gainerako zentroek erdietsitako emaitzen pare-parekoak ikusten dira hauetan ere.

Benetan pisua galdu behar duzu?

/imgs/20070501/img.tema-portada.03.jpg Zentro hauetan ohikoena den alderdi kritikagarrietako bat, pazientearen arazoa arinegi identifikatzea da, dela bezeroa ez neurtzen ez pisatzen dutelako, dela beti-beti bezeroa dietetika eta nutrizioan kualifikaturiko profesionalak artatzen ez duelako.

Diagnostiko zuzena egiteko ezinbestekoa da neurketa antropometrikoek, gorputz-masaren indizeak (GMI), elikadura-azturek eta aurrerakin patologikoek, besteak bestek, osaturiko informe sakona egitea. Halaz ere, zentroen %42k ez zuen parametro horien neurketa egokirik ere egin: akats horrek tratamendu egokia diseinatzea galarazten du.

Datuak erabatekoak dira: zentroen %58k baizik ez zion egin pazienteari miaketa fisikoa eta erdiek baino ez zioten galdetu aresti odol analisirik egina zuen: aspektu horiek ezinbestekoak dira diagnostiko ona egingo bada. Zentroen %37k bakarrik ikertu zituen pazientearen aurrekin patologiko pertsonal edo familiarretako hiru edo gehiago (arazo hormonalak, digestiokoak, baskularrak, intolerantziak, etab.) eta hirutik batek ez zion pazienteari informaziorik botikak hartzeari buruzko galderarik egin: funtsezko alderdi honek tratamendua baldintzatu eta arriskuak areagotu egin ditzake. Zentroen %65ek ez zioten hartu pazienteari tentsio arteriala eta ez zuten horretaz interesik erakutsi.

Balizko gehiegizko pisua, gorputzeko gantzaren banaketa eta kopurua eta gainerakoak determinatzeko funtsezkoak diren datu antropometrikoen azterketa balioztatzean emaitzak ez diren horren okerrak baina, halaz ere, deigarria da, oso, bisitaturiko zentroen %13k pazientearen pisua eta %17k altuera apuntatu ez izana. Hirutik bakar batek neurtu zizkion bezeroari gerriko, aldakako eta gainerako perimetroak eta profesionalen laurdenek baizik ez zuten neurtu gorputzeko guztirako gantza, inpedantzien bitartez (makina batzuek azkar eta eraginkortasun osoz kalkulatzen dituzte ur, gantz eta masa librearen kopuruak), batik bat.

Zentroen erdiek baino ez zuten interesik agertu pazientearen pisuaren bilakaeraz, nahiz alderdi hori beharrezkoa den gehiegizko pisuaren balizko jatorria ezagutzeko, eta hiru zentrotatik bitan baizik ez zioten galderarik egin aztura kaltegarriez (tabako eta alkohol kontsumoaz, adibidez) ezta pazienteak praktikatzen zuen ariketa fisikoaren gradu edo motaz ere. Aspektu psiko-sozialak (janariaren aurreko jokabidea, elikagaien gaineko zaletasun eta higuinak, aldartea, etc.) zentroen %30etan soilik aztertu zituzten egokiro.

Ia 1.400 euro, batez beste: argaltzeko modu garestia

Azterturiko argaltzeko zentroen %21ek tratamendu osoa ordaintzea proposatu zion bezeroari, kontsulta bakoitzeko kobratu ordez. Tratamenduaren batez besteko kostua 1.396 euro bada ere, prezioak 350 eurotik (“merkeenak”) 3.879 euroraino doaz (garestienak kobratzen duena, Sevillan).

Eginiko kontsultagatik edo saldutako produktuengatik (zentro bakoitzean iradokitzen diren produktuen erabilera eta bisiten maiztasuna kontuan hartutako kalkulua ere egin da) kobratzeaz ari garela, batez bestekoa hileko 163 euro da. Prezioak doaz, hileko, 600 euroetatik (establezimendurik garestienean) 40 euroetaraino (merkeenean).

Informazio eskasa

/imgs/20070501/img.tema-portada.04.jpg Teknikariak lehen kontsulta doan eskaintzen zuten zentroetara joan ziren, batik bat. Azterturiko zentrorik gehienek “lehen kontsulta doan” mezua amu gisara baliatzen dute baina, egiaztatu den bezala, bisita horrek bezeroari ez dio ematen tratamenduan hastea komeni zaion edo, egitekotan, eraginkorra gertatuko zaion determinatzeko bezainbesteko informazioa. Profesionalen %30ek eman zioten balizko konponbideei buruzko informazio onargarria. Hori estimagarritzat jotzen da tratamendua pazientearen premietara egokitzen denean (dieta pertsonalizatzea, azterketa osoa egin ostean) eta, asteko, kilo erditik kilo betera bitartezko galtzea proposatzen denean.

Hona, optimista izatera bultzatzen ez gaituen beste datu bat: zentroen %46k (hots, 2002 urtean eginiko azterketako %14 hartatik urruti), “izar produktuetan” oinarrituriko tratamenduak egiten dituzte; horrek, establezimenduak besterik gabe deskalifikatu egiten ditu, bertan ez direlako elikatze-aztura zuzenak irakasten eta pisu galtzeari luzaro eusteko balio ez dutelako. Horrelakoetan bezeroak inoiz baino arreta handiagoa ipini behar du, zentro horietako askok eskaintzen duten ustezko “dieta pertsonalizatua”, gehien-gehienetan, argaltzeko balio omen duten beren produktuak saltzeko aitzakia baizik ez baita. Zentro horiek, horrela, etekin bikoitza ateratzen dute: tratamendua edo bisitak ez ezik, bezeroari establezimenduan bertan hartzea aholkatzen zaizkion produktuak ere kobratzen dizkiote.

Azterturiko zentroen %56k bakarrik aholkatu zuten mantentzeko aldian behin azterketak egitea; dena den, maiztasun jakin batean jarraipeneko kontsultak egin behar dira, tratamendua amaitutakoan bezeroari jomuga gisa adierazitako pisua mantentzeko (eta, noski, galdutako pisua hartzeko arriskua arintzeko) funtsezkoak baitira.

Tratamenduaren iraupenari dagozkion emaitzak ere ez ziren onak izan.

Astean kilo bat baino gehiago galtzea ez da komeni eta gizaki bakoitzak modu desberdin batez erreakzionatzen du tratamenduen aurrean. Beraz, data finko bat seinalatzea ez da bidezkoa; halaz ere, azterturiko zentroen %36k horixe egin zuten (2002 urtean proportzioa %60 izan zen).

Profesional guztiak ez dira profesional

Nutrizioan espezializaturiko sendagileak eta dietetikan diplomatutakoak eta goi-teknikariak bakarrik daude kualifikatuak balorazio nutrizionalak egiteko eta aholku dietetikoak emateko. Hala eta guztiz, bisitaturiko zentroen ia laurdenean ikusi zenez, honelako zentroetako lehen kontsultako artapena ematen dutenek ez daukate eginkizun horiek betetzeko exijitzen den titulazioa. Zentro batzuetan, esate baterako, artapena ematen dutenak dira etxekoandreak, biologoak, naturistak, psikologoak edo komertzial hutsak.

Profesionaltasun gabezia horrek ondorioak dakartza, noski. Dietetika eta nutrizioan kualifikaturik gabeko jendaurrerako pertsonala daukaten zentroen %90k azterketa gainditu gabe utzi zutela egiaztatu zen.

Noiz ez fidatu argaltzeko zentro batekin?
  • Pisua galtzeko tratamendu orok agintzen du, aurretiaz, norberaren ezaugarri eta gorabeherak aztertzea (neurri antropometrikoak, pisua, altuera, elikadura-azturak eta bizimodua, norberaren zein familiaren aurrerakin patologikoak, etc.), pertsonalizatua, eraginkorra eta arrisku gabea izango bada. Azterketa hori eskaini ezean, hobe beste zentro batera joatea.
  • “Izar produktuetan” soilik oinarrituriko tratamendua eskaintzen badigute edo tratamenduaren parte bat doako dieta bada baina, horrekin batera, establezimendu horretan bertan salgai dauden produktu batzuk hartzea (eta ordaintzea) aholkatzen badigute mesfidantza pizteko arrazoirik izango dugu: horiek ez dute gizakia hezten elikatze-aztura jakin batzuetan, nahi horixe den benetan funtzionatzen duena eta pisu-galtzeari eusteko balio duena.
  • Kontuan hartzeko beste elementu bat, tratamendua eginez bermatzen diguten pisu-galtzeko erritmoa da; argaltzea hilean lauzpabost kilo baino handiagokoa denean, ez fidatzeko zergatia da: hori baino pisu-galtze handiagoek ur eta elektrolitoen galera ondorioztatzen dute; aldi berean, muskulu-masa ere galtzen da eta, hein apalago batean, gantza.
  • Esfortzurik gabe deus erdiesten ez dela izan behar dugu beti kontuan: argaltzeko tratamenduan pertsonak inplikatzea ezinbestekoa da, osasunarentzat arriskurik gabe helmugara iritsiko bagara.
  • “Ene gehiegizko kiloen ardura likidoen atxikipena da” esakunea entzunegia badugu ere, desmitifika dezagun sineskeria hori, hori gizentasunaren benetako kausa kasu bakanetan baizik ez delako. Pazientearen xehakapeneko azterketa egin gabe diuretikoak hartzea preskribatzen dion tratamendua ez da zuzena.
  • Bidezko neurriak hartu gabe diuretikoak (gernu-isuria areagotzen duten substantziak) edo laxanteak (libratze kopurua areagotzen dutenak) hartzea arriskutsua da osasunarentzat.
  • Argaltzeko tratamenduaren iraupena gizakiaren ezaugarrien arabera aldatzen da, pisu-galtzeko erritmoa ere biziki aldatzen baita pertsona batetik bestera. Ez fidatu, hortaz, aurretiaz data finkoa ezarria duten argaltzeko tratamenduez.

Zentroen alderdi kaskarrenak, hiriz hiri

Ondoren, hirietako bakoitzean hautemaniko akatsik larrienak (baina ez bakarra) adieraziko ditugu.

  • A Coruña: zentroetako batean, pazienteak gehiegizko pisurik ez zuenez, tratamendua hastea “anorexia hastea” izango zela ohartarazi zitzaion”. Horren baieztapen biribila zeharo desegokia da.
  • Alacant: zentroetako batean CONSUMER EROSKI-ko teknikariari esan zitzaion bost kilo sobera zituela, horrelakorik ez zuen arren. Hiri horretako beste zentro batean, pazientea aztertu gabe eta pisu osasuntsua zuela determinatu gabe, 10 kilo sobra zitzaizkiola esan zioten.
  • Bartzelona: zentro askotan gauzak nabarmenki gaizki egiten dira: zentroetako batean ziurtatu zuten orburuzko injekzioek gorputzeko gantza eliminatzen laguntzen dutela (horrek ez du inongo oinarri zientifikorik); beste batean, pertsonari xehakapeneko azterketarik egin gabe, arazo linfatikoa eta edema-koadroa (likidoen atxikipena) zuela esan zitzaion. Beste batean, eguneko janari batzuk egin ordez, irabiakiak har zitzan iradoki zioten pazienteari, honek inongo gehiegizko pisurik ez zuen arren.
  • Bilbo: janariak ontzeko parafina olioa baliatzea eta antzeko akats larriak behatu ziren; olio hori, dietako nutrienteen aprobetxamendu eskasa eragiten duen laxantea da, hain zuzen, eta alboko ondorioak ohi dakartza. Beste zentro batean pazienteari esan zioten metabolismoa hiru urtera aldatu egiten dela, janarietan ura hartzen bada. Horrez gain, gosarian haragi xerra zuen dieta (ez pertsonalizatua) aholkatu zioten pazienteari.
  • Cordoba: zentro gehienetako tratamenduak “izar produktuetan” oinarrituak zeuden: tantoak, ananadun kapsulak, etc. Zentro batzuetan gehiegizko pisu-galtzea proposatu zuten, arazoa ongi identifikatu gabe eta pertsonalizatu gabeko dieta preskribituta.
  • Granada: bisitaturiko zentroetako bitan, elikagaien aurreko intolerantziak hautemateko azterketa bakarrik egin zioten pazienteari. Aditu guztiak bat datoz, gutxienez, gauza batean: pisua galtzeko zeinahi tratamenduren oinarria behar bezalako dieta eta ariketa fisikoa egitea da. Elikagai batzuen aurkako balizko intolerantziak eta antzeko aspektuak esandako horren ostean bakarrik har daitezke aintzat.
  • Madril: zentroetako batean hiru fasetan sailkaturiko tratamendua eskaini zuten: gantzak erauzteko ehunak, hotza eta beroa tartekatuz; lau hilabete larruazala sendotzeko eta hiru hilabeteko mantenua. Teknika horiek itxura fisikoa hobetu eta bolumena jaisten laguntzeko balio dezakete baina inola ere ez gantza kiloka galarazteko. Beste zentro batzuetan, hilean sei edo zortzi kilo kentzea proposatu zioten bezeroari (badakigu osasuntsuena hiruzpalau baizik ez dela).
  • Malaga: zentroetako batean, bezeroari azterketa-saiorik egin gabe, aparatologia hartu zuten funtsa, hots, estetikara begirako aparatuak erabiltzea itxura fisikoa hobetzeko, bolumena jaisteko, ehunak sendotzeko, etc. Horrela ez da lortzen kilorik jaistea, bolumena kentzea baizik.
  • Murtzia: zentroetako batean, pazienteak obesitate nabarmena nozitzen zuen arren, artatu zuen profesionalak esan zion, “ikusi batera” gehiegizko kilotxoren bat zeukala, besterik gabe. Beraiek salgai dauzkaten produktuak hartu ezean, dieta guztiak alferrikakoak direla erantsi zuen. Beste zentro batean pazienteari, lehendabizi, gorputza plastikotan bildurik (berotasuna), makina batean sartzea eta, ondoren, beste batean, atal bigun edo erorien gainean etzatea proposatu zioten: era horretan eta dietarik egin gabe, saio bakoitzeko kilo erdia galduko zuela agindu zioten.
  • Iruñea: zentroetako batean pazienteari egunean janari bakar bat egin eta irabiaki eta antzekoekin osatzea proposatu zioten. Tratamenduak, ordaindu nahi den guztia irauten du eta bezeroa artatzen zuena etxekoandre bat zen, bere etxean. Pazienteak pisu egokia zuen arren, 12 kilo galtze aholkatu zitzaion.
  • Donostia: zentro batean, ohiko elikagaiek baino kaloria gutxiago dauzkaten ordezko produktuekin tratamendua egitea aholkatu zuten, elikadura-azturen gaineko aipamenik egiteke.
  • Santander: bisitaturiko zentroetako batean pazienteari esan ziotenez, tratamenduaren lehen fasean liposukzioa egin behar zitzaion. Egiari zor, teknikari hura pisu egoki-egokian zegoen, bere adin, altuera eta sexua kontuan izaki.
  • Sevilla: bertako zentro batean bezeroari nolabaiteko gehiegizko pisua diagnostikatu zitzaion, pazienteak benetan obesitate kezkagarria nozitzen zuen arren.
  • Valentzia: azterturiko zentroetako batean dieta zorrotz-zorrotza egin eta “izar produktuak” hartzea proposatu zitzaion pazienteari. Bertako beste establezimendu batean tratamenduaren oinarria janarien ordezko produktuak ziren: hori, esan gabe doa, ez da tratamendu pertsonalizatua, ez eta egokia ere. Bestelako elikatze-azturak hartu behar zituenik ez zitzaion esan ere egin.
  • Valladolid: establezimendu batean pazienteari esan zitzaionez, krioterapiako saioak eginez, saio bakoitzeko pertsonak 1.500 kaloriaraino gal ditzake; horrek ez du ez buru eta hanka. Beste zentro bateko tratamenduaren oinarria infiltrazioak ziren: hauek, teorian, gantz-noduluak desegin eta gantza gernuarekin batera kanporatzen da… Horrek ez du oinarri zientifikorik. Horrez gain, 10 astetan 29 kilo kendu behar zituela iradoki zioten: gehiegizko erritmo horrek osasunari kalte egiten dio.
  • Zaragoza: zentroetako batean “likidoen atxikipena” diagnostikatu zuten, inolako azterketarik egin gabe.

Nola jakin gehiegizko pisua dugun?

Gehiegizko pisuaren muga zein den determinatzeko gehien erabiltzen den erreferentzia gorputz-masaren indizea (GMI) da; 25 urtetik gorako helduena adierazteko bakarrik balio du eta hurrengo formularen aplikazioz kalkulatzen da:

GMI (Kg/m2) = PISUA (Kg) / [ ALTUERA (m) x ALTUERA (m)]

GMI Emaitzak
<18,5 Pisu eskasa
18,5 – 24,9 Pisu egokia
25,0 – 26,9 I. graduko gainpisua
27,0 – 29,9 II. graduko gainpisua (aurre-obesitatea)
30,0 – 34,9 I. motako obesitatea (arina)
35,0 – 39,9 II. motako obesitatea (tartekoa)
40,0 – 49,9 III. motako obesitatea (morbidoa)
>50 IV. motako obesitatea (muturrekoa)

ADIBIDEA: 1,66 metroko altuera eta 64 kiloko pisua duen 35 urteko GMI honela kalkulatuko dugu:

64/1,66 x 1,66= 23,19

Horrenbestez, taulako parametroen arabera, pisu egokian dago. Nabarmen dezagun, nolanahi ere, metodo hau ezin balia daitekeela isolaturik diagnostikoa egitean.

Gehiegizko pisutzat hartzen da gorputzeko gantz osoa nahi litzatekeena baino gehiago denean. Formula honetan gantza berariazko parametrotzat jotzen ez denez, beste hainbat baloraziorekin konparatu behar da, pazienteak benetan pisua galdu behar duen (baita zenbat kilo galdu beharko lituzkeen ere) determinatzeko.